Edukira joan

Arrantza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Arrantzaleak Donibane Lohizunen (1859-1910. urteen artean eginiko argazkia).

Arrantza ekonomiako lehen sektorean sartutako jarduera bat da, arrainak eta itsasoko beste bizidun batzuk harrapatzea helburu duena. Arrantzaleak dira jarduera honetan diharduten pertsonak.

Itsasbazterreko eta itsas zabaleko arrantza bereizi ohi dira, itsasontziek kostaldetik jarduten duten distantziaren arabera. Beste jarduera batzuk ere badaude. Bestalde, aisialdiko jardueratzat ere egiten da arrantza, itsasoan, ibaietan, aintziretan, urtegietan nahiz urmaeletan.

Gaur egun, ekonomia jardueratzat, arrantza egiteko bi modu nagusi daude: arrantza handi edo industriala, batetik; arrantza txikia edo artisau erara egina, bestetik. Arrantza industriala defizitarioagoa da sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki arrantza txikiaren alboan; arrantza txikiak baino dirulaguntza publiko dezente gehiago jasotzen ditu; eta are, soilik laguntza horiei esker bizirauten du.

Arrantza egiteko modu nagusiak: arrantza handia eta txikia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, jarduera ekonomiko gisa, arrantza egiteko bi modu nagusi daude: arrantza handi edo industriala, batetik; arrantza txikia edo artisau erara egina, bestetik. Frantziako Bloom elkarteak ikerketa bat argitaratu zuen 2025. urtearen hasieran, arrantza modu bi horietako bakoitzaren eraginari, eraginkortasunari eta sostengagarritasunari buruz, ikuspuntu ekologikoa, sozioekonomikoa eta ekonomikoa uztartuta. Frantzian, baina baita haratago ere, itsasoaren eta arrantza artisauaren defentsan dabil gobernuz kanpoko erakunde hori. Bidarteko (Lapurdi) Biharamunen Lantegia ikerketa parte-hartzaileen kooperatibaren laguntza izan zuen ikerlan horretan.[1]

Ingurumen eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arrantza txikiaren eta arrantza handiaren ingurumen aztarna.

Emaitzak oso ezkorrak izan dira industria arrantza handiarentzat eta hondoko arraste-sare ontzientzat: ekologikoki oso suntsikorrak dira, besteren artean, espezie oso ustiatuentzat, ale gazteentzat eta itsas hondoarentzat; bereziki karbono dioxido isurketa ugariren erantzule dira; lanpostu eta balio erantsi gutxi sortzeko gaitasuna daukate, batzuetan defizitarioak izatera iritsi arte; horrenbeste da horrela, ezen ez balitz jasotzen dituzten dirulaguntza publiko ugariei esker, ez lirateke errentagarriak izango.[1]

Arrantza txiki eta artisauak, aitzitik, emaitza onak jaso ditu adierazle horietan guztietan, espezie zaurgarrien (itsas txori eta ugaztunak) harrapatzeetan izan ezik.[1]

Ikerketa teknika eta arrantza eredu bakoitzaren emaitzak aldagaiz aldagai, edota aldagai multzo txikika ematen ditu. Hala, neurriz kanpoko ustiapenean, 12 metro baino gehiagokoak diren eta nagusiki arraste-sarearen teknika erabiltzen duten ontziek dute ardura gehien. Arraste ontzi handiak, arrantzaturiko bolumena kontuan hartuta, harrapatzeen % 62 ordezkatzen dute eta neurriz kanpoko ustiapenaren % 84. Aldiz, arte geldoak praktikatzen dituzten arrantzale txikiek harrapatzeen % 10 ordezkatzen dute eta neurriz kanpoko ustiaketaren %6.[1]

Arrain gazteen arrantzari dagokionez, hondoko arraste-ontziek bakarrik, izan itsas zabal zein industrialak, arrain gazteen harrapatzeen erdia baino gehiagoren ardura dute. Kontrara, aparailu geldoek ale gazteen gaineko aztarnaren % 22 ordezkatzen dute (eta horietako % 9 soilik itsasbazterrekoek).[1]

Itsas hondoen urradura aztarnari dagokionez, ikerketak ondorioztatzen du Atlantikoaren ipar-ekialdean jarduten duten Frantziako flotek 500.000 eta 800.000 km karratu arteko itsas hondoa karrakatzen dutela urtero, batez beste 600.000: hau da, Metropolitar Frantziaren azalera bezainbeste urtero. Horietatik % 90 hondoko arraste-sareen eta senuen erabilerari lotua dago, eta soilik % 6 draga polibalenteei. Hondoko arraste-sareen aztarna, berriz, bereziki handia da itsas zabaleko ontzien eta ontzi industrialen kasuan, % 52 eta % 22, hurrenez hurren.[1]

Espezie zaurgarrien gaineko aztarna da emaitzen joera orokorra hausten duen aldagaia. Txostenak dio horri lotutako estimazioek oraindik ere ziurgabetasun handia dutela, baina litekeena da espezie sentiberen harrapatzeen hiru laurden baino gehiago sare eta amu arrantzarekin lotuta egotea. Ontzien neurria gehituta, badirudi aipatutako harrapatzeen erdia baino gehiago dagokiola itsas bazterreko arte geldoen ontziei. Arte horien artean badira ere diferentziak, itsas ugaztunen harrapatzeak itsasbazterreko arrantzari lotuak baitaude, eta amu arrantzak txori gehiago: arrantzatutako 1.000 tonako 100 eta 200 itsas ugaztun eta 1.000 txori artean, azken teknika horrekin. Kontrara, eta logikoki, nasen kasuan ez da ia halako harrapatzerik.[1]

Azkenik, karbono dioxidoaren (CO2) isurketen neurketek ere noranzko berean egiten dute, industria eta itsas zabaleko hondoko arraste-arrantzak CO2 isurketen zati handienaren iturri baitira: isurketen %57, jakinda arrantzatutakoaren balioaren %34 ordezkatzen dutela, sare mota hauek tiratzeko trakzio potentzia handia behar baitute. Kontrara, aparailu geldoek eta flota pelagikoek isurketen %17 eta %12 ordezkatzen dute, baina arrantza balioaren %34 eta %11 ordezkatzen dute, hurrenez hurren.[1]

Eragin sozioekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arrantza txikiaren eta arrantza handiaren emaitza sozioekonomikoak.

Adierazle sozioekonomikoetara igarota, arrantza txiki eta artisauak aurrea hartzen dio arrantza handi eta industrialari. Hasteko, arrantza artisauak itsas zabaleko eta hondoko arraste-ontzi industrialek baino bi eta hiru arteko enplegu gehiago sortzen du. Jarraitzeko, arrantzatutakoak sortzen duen balio ekonomikoari erreparatuta, itsasbazterreko sareek, amu hariek eta nasek hondoko arraste-ontzi eta senu industrialek baino bi aldiz balio erantsi gehiago sortzen dute. Kapitalaren inbertsioaren errentagarritasunaren ikuspuntutik ere, esplotazioaren soberakin gordinari, kapitalaren irabaziak sortzeko gaitasunari erreparatuta, ikerlariek erakutsi dute inbertitutako kapital unitate bakoitzeko errentagarritasun onena duten flotak direla itsasbazterreko zein industria sare, amu-hari eta nasak, itsasbazterreko arraste-sare pelagiko ttipiak eta draga flotak. Arraste-sare eta senu industrialak baino 3-4 aldiz errentagarriagoak dira. Itsas zabaleko arrantzak dirulaguntzen % 55 eskuratzen ditu; eta, industrialarekin batera, dirulaguntzen % 85 hartzen ditu. Hori horrela da zerga kenkariak dirulaguntzen artean kontuan hartuta.[1]

Arrantza motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
John George Brown margolariaren Arrainek heldu zain margolana.

Kostaldeko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kostaldean egiten den arrantza da. Gehienbat herrialde ez-garatuetan egiten da, eta elikadura-baliabide garrantzitsuenetariko bat da. Harrapatutakoa autokontsumorako eta bertako merkaturako eta salmentarako erabili ohi da. Ontzi txikietan eta artisau-metodoekin egiten da, hola nola, sareak eta kanaberak erabiltzen, normalean eskuz edo tailer berezietan egiten direnak.[2][3]

Itsasbazterreko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Itsasbazterreko arrantza»

Kostaldetik gertu egiten da, ontzi txiki edo ertainetan, hain zuzen. Ontziek aparatu eta makina modernoak eta konkretu batzuek izaten dituzte, espezie konkretuak eta arrainen multzoak non dauden jakiteko lana errazten dutenak. Ontzi askok zamategiak prestatuta izaten dute, harrapatutakoa kontserbatzeko eta ez usteltzeko. Arrantzaldia egun bat iraun ohi du, gehienez.

Itsas zabaleko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Itsas zabaleko arrantza»

Itsas zabalean egiten da, edukiera handiko ontziekin; ontzi horiek aparatu eta makina modernoak eta konkretu batzuek izaten dituzte, arrain-sarda hautemateko eta zer tamaina duten jakiteko. Hainbat arrantza-teknika ezberdinak erabiltzen dira, hala nola, tretza, inguraketa eta arrastea:

  • Tretza: arrantza teknika honetarako soka berezi bat erabiltzen da, subil deitzen dena. Uretan murgildutako subil izeneko soka luze bat da eta bertatik amuak dituzten poterak zintzilikatzen dira. Munduan tretza-arrantza egiteko hainbat modu daude baina normalean tretzariek ezpata-arrain, atun, halibut eta antzeko arrainak harrapatzen dituzte.
  • Inguraketa: inguratze teknika arraina (antxoa, berdela...) inguratzean datzan arrantza mota da. Arrain sarda dagoen lekuraino joaten da sare batekin eta gero motordun txalupa batekin abiadura eta norabidea ondo erregulatuz eta zehaztuz, arrain sarda inguratu, azpitik sarea itxi eta hau biltzen da, sareari zirkunferentzia itxura emanez. 250-1000 metro luze eta 50 metro zabal ere izan daiteke sare mota hau, besteak beste. Sareak uretan igerian egoten da eta bildu egiten da arrain sarda etortzean.

Teknika honen helburua sardan doazen arrainak harrapatzea da, bai ur gainean eta baita ur azpian ere. Hasieran, ezaugarri hauek zeuzkaten espezie gehienak beste arrantza teknika baten bidez arrantzatzen ziren, baina inguratze arrantza eraginkorrena zela ikusirik, erabiltzen hasi ziren, besteak alde batera utzirik.

  • Arrastea: arrastea itsasontzitik arrastatzen doan inbutu formako sare bat erabiltzen duen arrantza teknika da. Arrantza teknika aktiboa da, izan ere, itsasontziak arraste-sarea toki batetik bestera mugiarazten du.

Arraste sareak hondoan edo ur betean erabil daitezke, ontzi batek edo bik traturik. Hondoko arraste-sareek aurkitzen duten guzia harrapatzen dute (algak, arrainak, oskoldunak...). Protesta ugari eragin du arrantza teknika horrek, ekosistemak biziki kaltetzen baititu, habitatak suntsituz eta harrapakinen artean selekzio gutxi eginez. Hain gutxi kontrolatua eta itsasondoentzat hain bortitza denez, herrialde askotan zainduta eta mugatuta dago, baina oso gutxitan dago galarazita. Teknika hau dribarekin batera, selektibotasunik gabekoa da, izan ere bere aurrean harrapatzen duen guztia hausten du, bai algak, bai krustazeoak eta baita arrainak ere.

Ur beteko arrastean, sareak hondoko arrastean baino anitzez handiagoak izaten dira eta ez dute hondoa hunkitzen. Arrainetan egiterakoan, selektiboagoa da, sarda tinkoetan ibiltzen diren arrainak harrapatzen baitira gehienbat. Gainera, hondoa hunkitzen ez dutenez, habitatak ez dituzte suntsitzen. Hala ere, sare horiek zetazeoak harrapa ditzakete, eta beren eraginkortasunarengatik, arrantzatzen dituzten arrain espezieak lanjerrean ezar ditzakete.

Ontzi askok instalazio modernoak dituzte harrapakinak garbitzeko, zatikatzeko, paketatzeko eta izoztuta biltegiratzeko. Ontzi horiei faktoria-ontzi deritze, eta prestatuta daude hainbat astetako eta hilabetetako arrantza-kanpainak egiteko.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko arrantzaren historia»
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko portuak»

Arrantza historikoki oso jarduera garrantzitsua izan da Euskal Herrian, Bizkaiko golkotik kanpo ere bertako arrantzaleak famatu izan dira, bereziki Ternuan eta Islandian.

Gaur egun, Euskal Herrian ere (Europar Batasun osoan bezala) arrantza industrialak jasotzen du laguntza gehien erakunde publikoetatik, arrantza txikiaren kaltetan. 12 Milia elkarteko kide Leo Belaustegik hau adierazi zuen 2025eko urtarrilean:[1]

« Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantza txikiaren egoera oso kaskarra da. Arrantza industrialak gaina hartu dio, izugarrizko txikizioa ekarri du, eta ondorioz, itsasoan dagoen arrain biomasa asko gutxitu da. Gainera, itsasontzi txikietan ez dago belaunaldi berririk, itsasontzi txikiek errentagarritasun gutxi baitaukate horiek erakartzeko. Amaierara doan sektorea da. »

Gaur egun, Euskal Herriko arrantza portu handiena Bermeokoa dugu. Beste portu hauek ere nabarmenak dira: Ondarroakoa, Hondarribikoa, Getarikoa, Lekeitiokoa, Pasaiakoa eta Donibane Lohizunekoa.

Izokin arrantza Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lehenbiziko (izokina)»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]