Edukira joan

Kala (arrantza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izokin arrantzategia hegoaldeko Alaskan.

Kala edo arrantzategia itsas zabalean arrantzan aritzeko arrantzaleek hautatutako lekua da.[1]

Kala onenak plataforma kontinentaletan daude gehienbat bertan planktona hazten delako. Planktona organismo txikiz osatuta dago, eta arrain askoren elikagaia da. Planktonaren kontzentrazioa eguzki-argiaren, uraren tenperaturaren eta urak dituen gatz mineralen eta materia organikoaren baitan dago. Espezie ugari egoten dira itsaslaster hotzak eta beroak elkartzen diren lekuetan ere.

Arrantzaleek ezin dute edonon arrantzatu. Nazioarteko legeriak aukera ematen die kostaldeko herrialdeei berentzat gordetzeko itsasertzetik 370km-ra arteko itsas eremuan arrantza egiteko eskubidea. Herrialde bateko ontziek beste herrialde batzuen uretan arrantza egiteko, arrantza-hitzarmenak izenpetzen dute.

Gaur egun, neurriz kanpo arrantzatzen da, eskura dauden baliabideak kontuan hartuta. Horrek berekin dakar kalak neurriz kanpo ustiatzea eta, beraz, espezieak agortzea eta desagertzea. Egoera horri aurre egiteko, gobernuek neurri batzuk hartu dituzte, itsas ingurunean modu iraunkorrean ustiatzeko; esaterako, arrantza-tekniko batzuk debekatzea (arraste-arrantza, kasu), harrapaketa-kopurua murriztea, harrapatutako espezien tamaina kontrolatzea, eta atsedenaldi biologikoak ezartzea.

Herrialde batzuetan, aspalditik egiten dute akuikultura. Uretako animaliak eta landare-organismoak leku itxian haztea da akuikultura. Aukera ematen du arrain eta itsaski horiek desagertzea saihesteko, baina zenbait arazo sortzen ditu. Batzuetan, Itsaso zabalean arrantzatutako arrainen irinarekin elikatzen dira arrain-haztegietako espezieak.

Munduko kalarik nagusienak hurrengoak dira: Ozeano Bareko ipar-mendebaldekoa, Ozeano bareko erdi-mendebaldekoa eta Atlantikoko ipar-ekialdekoa.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Ehiza eta Arrantza Hiztegia] [2017]