Edukira joan

Donibane Lohizune

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donibane Lohizune
 Lapurdi, Euskal Herria
Donibane Lohizune, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusia. Behealdean, ezkerrean, Ziburu ikus daiteke.


Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Lapurdi
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaBaiona
KantonamenduaDonibane Lohizune
Izen ofiziala  Saint-Jean-de-Luz
AuzapezaJean-François Irigoien(2020-2026) ( DVD)
Posta kodea64500
INSEE kodea64483
Herritarradonibandar
Geografia
Azalera19,05 km²
Garaiera0-84 metro
Distantzia22 km (Baionatik)
Demografia
Biztanleria14.198 (2018:  319)
alt_left 7.730 (%52,9) (%43,6) 6.363 alt_right
Dentsitatea680,68 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 33,85
Ugalkortasuna[1]‰ 41,1
Ekonomia
Jarduera[1]% 70,63 (2011)
Desberdintasuna[1]% 6,04 (2011)
Langabezia[1]% 9,11 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 8,38 (2010)
Erabilera% 0,39 (2011)
Datu gehigarriak
SorreraXIII. mendea baino lehenago. urtea
Webguneahttps://www.saintjeandeluz.fr/eu/

Donibane Lohizune[2] Lapurdiko mendebaldeko udalerri bat da, Bizkaiko golkoko itsasertzean eta Donibane Lohizuneko badian kokatua, Donibane Lohizuneko kantonamenduan. Baionatik 23 bat kilometrora dago, probintziako mendebaldean. Udatiarren egonleku ezaguna da.

Donibane Lohizune Urdazuri ibaiaren amaieran dago, Zokoa eta Zibururekin batera Donibane Lohizuneko badia turistiko garrantzitsua osatuz.

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Hiriko auzoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane Lohizuneko herriko etxearen arabera, hiria 5 auzotan banatuta dago:

  • Barra
  • Errepira
  • Erromardia
  • Baionako bidea
  • Urdazuri

Etxeak eta auzoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren historia itsasoari eta Done Jakue bideari lotua izan da. Erdi Aroan Santiago bidea egiten zuten erromesen ospitale zen Donibane Lohizune.

Donibane Lohizune XII. mendearen hasierako dokumentuetan agertzen da. Herrigunearen hastapenak arrantzari lotuak izan zirela uste dute askok, baina garai haietan jarduera nagusi nekazaritza zuten .

Nafarroako erregearen tropek Donibaneko parrokia‑eliza hartu zutenean, 1245ean, nekazaritza soilik aipatu zuten. Etxe dotoreak eta nekazaritza‑etxeak barrual­deko auzoetan zeuden: Akotz, Jalday, Fagonda, Urthaburu, Fagozu. Horrenbestez, itsasoari lotutako jardueren berririk ez dugu.

Itsasoari eta arrantzari lotutako tradizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. menderako hirigune komertzial garrantzitsua zen, bertoko portua kortsario bilgunea zen eta Bizkaiko golkoa ikuskatu eta balearen arrantzan zebiltzan ontziak irteten ziren bertatik. XV. mendean euskal arrantzaleek Ternuko lehen kostaldeak aurkitu zituzten, eta balearen arrantzak izena eta aberastasuna eman zizkion Donibane-Lohizuneri.

Donibane Lohizune Santa Barbara itsasargitik ikusita. Atzealdean, Larrun mendia.

Iparral­deko artxiboetan beti ere zokomiran, Goyenetchek aurkitutako itsasgizon donibandar antzinakoenak 1545ekoak dira: Martin de Barreyne (Sain­tserro baleontziaren armadorea); Johannicot Etchauesten (Saint Joan de Bus baleontziaren patroia; eta Pellento de Reparatse, aurrekoen kidea. Euskal itsasgizonak Mundu Berriaren itsasertzera lehenago iritsi al ziren Kristobal Kolon bera baino? Frogagiririk ez dugu oraingoz, baina ez da harritzekoa baleak harrapatzetik soilik bizi ziren itsasgizon trebe haiek, balea harrapatzearekin itsututa, Atlantikoaren beste ertzeraino iristea, aurkitzaile ofizialari aurrea hartuta.

Ternuako hegoal­deko Saint-Pierre eta Mikeluneko biztanleak Donibane Lohizune inguruko arrantzaleen ondorengoak dira. Garai hartako arrantzaleak baleen bila joan ziren, eta baleak desagertzen ziren heinean, bakailaoak harrapatzeari ekin zioten. Bakailaoa aurkitzean ur handitako arrantza garatu zuten, eta hari eskerrak suteak eta bestelako zoritxarrak gainditu zituen Donibane Lohizunek. 1558an gertatutako lazeriaren ondoren (Ezkerrenea etxea soilik salbatu zen), eraikitzeari ekin zioten: parrokia‑eliza, udaletxea, langile eta marinelen etxe xumeak, eta armadoreen eta kortsarioen etxe dotoreak eraiki zituzten, denetarik baitzegoen hirian.

XVII. mendea urrezko mendea izan sen Donibane Lohizunerentzat, nahiz eta 1636n espainiar armadek (gehienak Bidasoaz mendebaldeko miliziak) hiria hartu zuten, baina Frantziako errege-armadak hurrengo urtean berreskuratu zuen. XVII. mende hasieran, Donibane Lohizune eta Zibururen arteko gatazka piztu zen, bigarren herri hori eta bere portua independente bilakatu eta gero. Urtubiako jauna, errege interesen adierazle, kontra jarri zitzaien ziburutarrei, baita lohizundar burgesia ere. Sorginkeria akusazioak hasi eta jazarpena piztu zen; manera horretan, ordena absolutista baten haziak erein ziren Lapurdin, eta Espainiako muga gotortu. Elite itsastarrek estutu egiten zuten Frantziako koroarekiko harremana, haren aginduak betearaziz eta kanpaina militarretan lagunduz. Hartara nabarmendu zen Haraneder familia, hala nola Jean Peritz de Haraneder merkatari eta kortsarioa (1652–1730).[3] Pirinioetako Itunaren ondoren (1659ko azaroaren 7a), Luis XIV.a hirira iritsi zen Maria Teresa Austriakoa Espainiako infantarekin ezkontzera. Bikotea irten zen elizako atea hiru urtez izan zen itxita, inskripzio batek dioenez.

Donibane Lohizune 1895 inguruan.

Aitzitik, XVIII. mendea aurkakoa izan zen, batez ere itsasgizonentzat. Izan ere, 1708an berebiziko ekaitza pairatu zuten, kronika batzuetan itsasikaratzat jo zutena. Ekaitzak euste‑hormak apurtu zituen, etxeak eraitsi zituen, eta herria urpean gel­ditu zen. Bost urte geroago, 1713ko Utrechteko Itunaren ondorioz, Frantziak Kanada eta Ternua gal­du eta Britainia Handiaren esku gelditu ziren, kolpe latza emanez Donibaneri. Herbeheretarrek eta ingelesek indar handia hartu zuten itsasoan. Gainera lehendik ere balea desagertua zen Bizkaiko golkotik, eta itsasoak apurtuak zituen badia babesten zuten Zokoa eta Santa Barbara barrak, portua eta hiriko zati bat suntsituz. Honen ondoriozko gainbehera izan zela-eta, arrantzale askok herritik alde egin behar izan zuten.

Tarteka tamaina ez oso handiko herri protestak eta altxamenduak gertatzen ziren; adierazgarriak dira 1756ko urtean izandakoak: mugan izan ohi ziren kantonamendu militarrak liskar bide izaten ziren sarritan inguruko herrietan; eta hartan, frantsesez hitz egiten ez zuen bertako zahar baten eta euskararik ez zekien Artilleriako Errege Gorputzeko ingienari baten artean izandako eztabaida hutsal batek, militar horien eta herriaren arteko borroka gogor bat eragin zuen.[4]

Bestalde, mendearen amaieran Frantziako Iraultza hasi zen, eta portua gel­dirik geratu zen. Sardinaren arrantza eta haren kontserbagintza izan ziren salbuespen bakarrak, itsasertzean bertan harrapatzen zituztelako. Hainbeste zoritxarrekin atsekabeturik, familia askok erabaki zuten beste udalerri batera joatea. Hortaz, XVIII. mendean, Donibane Lohizuneko biztanleen kopurua ia erdira jaitsi zen: 4.000 biztanle izatetik 2.440 izatera.

1790ko martxoaren 4ko legeak Frantziako egitura administratibo berria ekarri zuen, Pirinio Behereko departamendua sortuz, Bearno, Gaskonia eta Iparraldeko lurraldeak batuz. Iparraldean hiru barruti sortu ziren: Maule, Donapaleu eta Uztaritze, nahiz eta geroago azken hori Baionara eraman zen. Frantziako Iraultzaren zurrunbiloak bete-betean astindu zuen Donibane Lohizune, Pinet eta Cavaignac herri ordezkari frantses iraultzaileen (populuaren errepresentanten) eraginpean. Herriko etxean udalbatza edo kontseilu iraultzaile frantses bat eratu zen, eta herriari izena aldatu zitzaion (Lapurdi osoan egin bezala): Zibururekin batera, "Chauvin-Dragon" deitu komuna edo udalerria eratu zuten. 1794ko lapurtarren deportazioan harrera zakarra prestatu zuten ilara luze bat Landetara zuzentzen zituzten lapurtarren kontra.

Geroago, Donibane Lohizuneko badia itsasotik babesteko lanei ekin zitzaien, kaiak berreraikiz, baina ez zuten luzaroan iraun. XIX. mendean berreraiki ziren. Gaur egun, hiritarren kopuru handi bat bizkaitarren eta gipuzkoarren ondorengo dira. Haietako batzuk XIX. mendean Karlistadetan hemen babesa aurkitu zuten, eta beste batzuk arrantzale profesionalak ziren. Arrantza oso errotuta dago Donibane Lohizunen, eta artisau‑arrantzaren alorrean Iparral­deko portu nagusia da. Ontzi batzuk Irlandako uretan ahalegintzen dira behin eta berriz denboral­di bakoitzean. Ontziak margotzeko kolorerik kuttunena urdina dute, antza.

Donibane Lohizuneko Herriko Etxea, 1660an Luis XIV.aren egoitza izana.
San Joan Bataiatzailearen eliza.
Jean de Luz elizako organoa
Joanoenia, Haraneder edo Errege-alabaren etxea.
Euskal estiloko etxea.

Urdazuri ibaiaren bokaletik gertu uzten dituzte kirolerako eta aisial­dirako txalupa motordunak, kanoak eta bailandrak. Halaber, portu horretatik itsasoratzen dira udako itsas bidaiak egiten dituzten ontzi txikiak. Zeruertzean Larrun mendiak babesa ematen diola, herri tipiko hori abaroan dago ozeanoaren ertzean.

Nortasun handiko karrikak ditu: Gambetta, Mazarino, Thiers, Sopite, Balearena, Luis XIV.aren plaza, eta arrantza‑portua ere bai. Zurezko habe eta panelak dituzten etxe garbi eta behin eta berriz margotuen ilaran azpimarratzekoa da Lohobiaga jauregia, fatxadaren alboetan bi dorre dituena. Luis XIV.a Frantziakoaren jauregia ere esaten diote, etxe horretan ostatu eman baitzioten. Gaur egun museoa da. Haren ondoan Donibane Lohizuneko Herriko Etxe polita, 1635ean eraikia, ezkila‑hormarekin, ordara jotzeko. Kapitulu‑gelan Pizkundeko Santiago erromesaren irudi baliotsu bat dago, eta Ramiro Arrue margolari bizkaitarraren hiru olio. Sarrerako mailadian, brontzezko Luis XIV.ak zal­di gainean gogora ekartzen digu hemen ezkondu zirela zibilez Eguzki Erregea eta Espainiako Maria Teresa printzesa.

Portuko uren gainean Joanoenia, Haraneder, Infantea edo Errege-alabaren etxea izenez ezagunagoa, fatxada harlanduz egina, harri zuriak eta gorriak nahastuta. Metro gutxitara, Mazarino kaleko 2. zenbakian Granga Baila etxe ederra dago; 1813an Wellingtongo dukeak etxe horretan jarri zuen kuartel nagusia.

Hurrengo kalea bitxia da, plaza eta hondartza el­kartzen ditu eta Errepublikaren kalea izena du, kale horretan dago lehen aipatu dugun Ezkerrenea etxea, hiriko zaharrena. Gambetta kalearen 18. zenbakian, elizaren aurrean, Labrouche etxea dago, Josep Labrouche kortsarioarena, Donibane Lohizuneko al­katea 1808tik 1853ra.

Gainerako kaleak baino altuago propio egindako hiribide batek apaintzen du Donibaneko hondartza. Ozeanoak errespetatu du, gizakien irmotasunari esker, erasoak menderatzeko teknikak lagun. Ibaia bideratu zuten, eta Zokoa, Artha eta Santa Barbara dikeek baretu zuten itsasoaren ol­darra, hartara, gaur egungo bainu‑hiria eraiki ahal izan zuten.

Dukotenia museoa ez da jada existitzen. Hiria bera, ordea, benetako museo bizia da, tradizioaren eta berrikuntza kirrinkarien nahasketa bitxia. Done Jakue bideko erromesek ospitalea zuten Donibanen, eta ibiltari modernoek dozenaka hotel, jatetxe eta kanpin.

Donibane Lohizunetik irtetean, itsasadarraren eskuinaldean Urdazuri bizitegi‑auzoa dago. Zertxobait aurrerago Xantako turismo‑gunea. Xantakoko golfa entzutetsua da, Chanban Delmas frantses politikari ere ohiko bisitaria dute uda‑garaian.

XIX. mendean zehar, nahiz eta goranzko joera txikia izan, aski egonkor mantendu zen Donibane Lohizuneko biztanleria. XX. mendearen lehen erdialdean, aldiz, populazioa bikoiztu egin zen eta 10.000 pertsonen langa gainditu zuen. 1980ko hamarkadatik aurrera eta XXI. mendearen hasieran 13.000 lagunen inguruan egonkortu zen populazioa.


Donibane Lohizuneko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE
Donibane Lohizuneko hondartzaren ikuspegia.
Sakontzeko, irakurri: «Donibane Lohizuneko portua»

Arrantza eta merkataritza-portua dago bertan. Industriak garrantzia badu ere (elikagai-industria eta industria kimikoa), turismoa da udalerriko ekonomi jarduera nagusia.

Donibane Lohitzuneko Héléne Legartoren[5] testigantza. Gerraurreko eskola garaiaz. Euskal Herriko Ahotsak[6][7] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Donibane Lohizuneko gau eskola Ipar Euskal Herriko lehena izan zen. Ofizialki 1980an hasi zen eta hori dela eta 2010ean 30. urteurrena ospatu zuen; aldiz, 1968tik eskolak ematen ibili ziren[8].

Donibane Lohitzuneko euskara nafar-lapurteran[9] kokatzen da, zehatzago esanda, sartaldeko azpieuskalkiari[10] dagokion Kostatar euskara[11] da bertakoa. 2010ean, herritarren %8,55 zen euskaldunak.

Urtero urrian Donibane Lohizuneko Zuzendari Gazteen Zinemaldia egiten dute, gehienez bi film luze egin dituzten mundu osoko zinemagileentzat. Sariak chistera du izena.[12]

Maurice Ravel Kontserbatorioa bertan dago kokatuta, musikagile famatuaren izenarekin, itsasadarraren bestaldean dagoen Ziburun jaio zena.

Musika garaikidean, Lumi talde elektronikoa aipagarria da, 2014an abiatu zena, baita Tristtan Mourguy eta Horeba (folk rock elektro), Beltzez eta Ztah (hardcore) eta Izate (rock) ere.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibandar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri eta hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane Lohizune ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Batzuetan Donibane Lohitzune (t letrarekin) idatzita ageri den arren, euskara batuan Donibane Lohizune da (Euskaltzaindiaren 108. araua, Lapurdiko udal izendegia).
  3. Bilketa. (2022-01-18). «Lau euskal kapitainen espedizioa Ternuara 1694an» Bilketa (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  4. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000ff26d465bca470b8832717fd08b75808. (2011-07-13). «d0201011» www.habe.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  5. «Legarto Jauregiberri, Hélène - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  6. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  7. «Euskarazko klaseak eskolan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
  8. «Donibane-Lohizuneko gau eskolak 30 urte» Argia (2.251) 2010-11-10.
  9. «Nafar-lapurtarra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-08).
  10. «Sartaldekoa (NL) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-08).
  11. «Kostatarra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-08).
  12. Donibane Lohizuneko Zuzendari Gazteen Zinemaldiaren webgune ofiziala
  13. (Ingelesez) Sister Cities International. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Lapurdi