Edukira joan

Broadway antzerkia

Wikipedia, Entziklopedia askea
John Golden Theatre, Bernard B. Jacobs Theatre, Gerald Schoenfeld Theatre eta Booth Theatre antzokiak, Manhattaneko Antzerki Barrutiko West 45. Street kalean.

Broadway antzokia esaten denean — Broadway izen hutsarekin ere ezagutzen da—, 41 antzoki profesionaletan aurkezten diren antzerki-emanaldiak aipatzen dira; antzokiok Antzokien Barrutian eta Lincoln Center zentroan daude, Broadwayn zehar, Midtown Manhattanen, New York hirian, eta bakoitzak 500 eserleku edo gehiago edukitzen ditu. Broadway inguruko antzokietan eta Londresko West End inguruko antzokietan, biak batera hartuta, herrialde ingelesdunetan inon denik eta zuzeneko antzerki-eskaintza komertzialik handiena dago.

Nahiz eta bideak berak eta barrutiak eta barrutian dauden 41 antzokiez osatutako multzoak izen bera duten, eta nahiz eta lotura estu-estua izan Times Square-rekin, antzokietatik lau baino ez daude Broadwayn bertan ( Broadway Theatre, Palace Theatre, Minskoff Theatre eta Winter Garden Theatre ). Gainerakoak zeharkako kale zenbakidunetan daude kokatuta, zeintzuk Nederlander Theatre antzokitik hasi, West 41st Street kaleko Times Square baino bloke bat hegoalderago, eta iparralderantz hedatzen baitira, Broadway bidearen alde banatara, 53. kaleraino, eta Vivian Beaumont Theater antzokia ere sartzen delarik, Lincoln Center multzoan, West 65th Street kalean. Badira salbuespenak, baina "Broadway Theatre" terminoa, oro har, gutxienez 500 jarleku dauzkaten antzokietarako gordetzen da, eta antzoki txikiagoei off-Broadway (nonahi daudela ere) deitzen zaie, eta oso toki txikiei (100 jarleku baino gutxiagokoei) off-off Broadway, nahiz eta merkatuaz kanpoko antzerkiari edo avant garde antzerkiari ere deitzen zaion horrela, eta usadiozko antzokietatik kanpo antolatzen diren ekoizpenei ere bai.

Antzokien Barrutia turismo-erakargarri handia da New York hirian. The Broadway League-ren arabera, 2018-2019 denboraldian (2019ko maiatzaren 26an amaitu zen), guztira 14.768.254 ikusle izan ziren, eta Broadway-ko ikuskizunek 1.829.312.140 US dolar gordineko mozkina eman zuten, eta, beraz, ikusleak % 9,5 emendatu ziren, irabazi gordinak % 10,3, eta antzerki ikuskizunak izan ziren asteak % 9,3 . [1]

Broadwayko ikuskizun gehienak musikalak dira. Zenbait historialariren ustean, "'Broadwayko musikalek', Richard Rodgers-en eta Oscar Hammerstein-en ekoizpenekin jo zutelarik goia, eragin itzela izan zuten Estatu Batuetako kultura herrikoian, eta New York hiria munduko kultur hiriburu bihurtzen lagundu zuten.  

Hasierako antzerkia New Yorken

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Park Theatre antzokiaren barrualdea, 1798an eraikia

New Yorkek ez zuen antzerki esanguratsurik izan 1750. urtera arte, noiz ere Walter Murray eta Thomas Kean aktore-managerrek antzerki konpainia egoiliar bat sortu baitzuten Nassau kaleko antzokian, 280 inguru ikuslerentzako lekuarekin. Shakespeareren antzezlanak eta balada-operak aurkezten zituzten, hala nola The Beggar's Opera (Eskekoaren opera). 1752an, hamabi aktoreko konpainia bat bidali zuen William Hallamek Britainia Handitik kolonietara, bere anaia Lewis zuzendari zutela. Williamsburg-en (Virginia) antzoki bat sortu zuten eta Veneziako merkataria eta The Anatomist lanak aurkeztuz abiatu ziren. Konpainia New Yorkera joan zen 1753an, eta Damon eta Phillida bezalako balada-operak eta balada-fartsak eman. Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerrarekin, bertan behera utzi zen antzerkia New Yorken, baina, gero, ostera ere hasi zen 1798an, Park Theatre antzokia (2.000 jarlekurekin) Chatham Street kalean (gaurko Park Row) ireki zelarik . Bowery Theatre antzokia 1826an ireki zen, eta ondotik beste batzuk.

1840ko hamartean, PT Barnum-ek entretenimendu-konplexu bat zuzentzen zuen Lower Manhattanen . 1829an, Broadway eta Prince Street kaleetan, Niblo's Garden ireki zen eta laster bihurtu zen New Yorkeko gaueko lokalen artean lehenetakoa. Antzokiak bazeuzkan 3.000 jarleku, eta era guztietako entretenimenduak eskaintzen zituen, musikazkoak eta musikaz bestekoak. 1844an, Palmo`s Opera House ireki zen, eta opera eskaini zuen, baina lau denboralditan bakarrik, gero porrota jo baitzuen eta berritu eta Burton's Theatre izena hartu baitzuen, antzezlanak emateko. Astor Opera House, berriz, 1847an ireki zen. Baina istiluak izan ziren 1849an, Bowery antzokiko behe klaseetako ugazabek esnobismoa leporatu baitzieten Astor Place antzokira joaten ziren ikusleei. "Astor Placeko 1849ko liskarren ondoren, entretenimendua zatitu egin zen New York hirian, klaseen arabera: opera goiko eta erdiko klaseko ikusleentzat bihurtu zen gehienbat, antzerki ibiltarien ikuskizunak eta melodramak, erdiko klasearentzat, eta barietate ikuskizunak kontzertu saloietan, langile klaseko gizonezkoentzat eta erdiko klase hurren behartsuarentzat."

William Shakespeareren antzezlanak maiz antzezten ziren Broadwayko eszenatokian garai hartan, batez ere Edwin Booth aktore estatubatuarraren eskutik, eta ospea bildu zuen nazioartean, Hamlet jokatuta. Booth-ek 100 bider erreskadan jokatu zuen Hamlet 1865ean, Winter Garden antzokian, eta ospea bildu horregatik (Booth-en anaia John Wilkes Booth-ek Abraham Lincoln hil baino hilabete batzuk lehenago amaitu zen emanaldi erreskada hori), eta, geroago ere, Booth's Theater-en ekingo zion berriro pertsonaia jokatzeari (bere anaia Junius Brutus Booth, Jr.-ek kudeaturik aldi batez). Garai hartan New Yorken agertu ziren beste Shakespearetar entzutetsu batzuen artean izan ziren Henry Irving, Tommaso Salvini, Fanny Davenport eta Charles Fechter izan ziren .

Musikalaren sorrera eta Gerra Zibil ostea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia, New Yorken, hirigunetik Manhattan erdialdera aldatu zen pixkanaka, 1850etik aurrera, higiezin merkeagoen bila. XIX. mendearen hasieran, gaur egun Antzokien Barrutia osatzen duen eremua familia gutxi batzuen jabetzakoa zen, eta baziren bertan baserri batzuk. 1836an, Cornelius Lawrence alkateak 42nd Street ireki zuen, eta manhattandarrak "aire garbi aratzaz gozatzera" gonbidatu zituen. Handik abantzu 60 urtera, Oscar Hammerstein I.a antzerki enpresariak Victoria Theater antzoki ikonikoa eraiki zuen West 42nd Street kalean.

Broadwayren lehen musikal luzaroan eskainia The Elves izeneko lan arrakastatsua izan zen, 50 bider eman baitzen, 1857an. Alta, 1870ean, Broadway-ren bihotza Union Square- n zegoen, eta mendearen amaieran, antzoki asko zeuden Madison Square-tik gertu. Antzokiak ez ziren Times Square ingurura iritsi 1900. hamartearen hasierara arte, eta Broadwayko antzokiak ez ziren han finkatu harik eta1920 eta 1930. hamarteetan plazaren inguruan antzoki ugari eraiki ziren arte. New Yorkeko emanaldiak oso urrun geratzen ziren Londreskoen kopuruetatik, baina Laura Keene-ren The Seven Sisters "burletta musikalak" (1860) New Yorkeko aurreko errekor guztiak hautsi zituen 253 emanaldirekin. Keene-ren konpainiak Washington D.C.-n eman zuen Our American Cousin antzezlanaren emanaldi batean jo zuten tiroz eta eho Abraham Lincoln.

The Black Crook (1866), zeina, historialari batzuen arabera, lehenengo musikala izan baitzen. The Kiralfy Brothers- ek 1873an berriro eman zueneko kartela .

The Black Crook jotzen da musikalaren adiera modernoarekin bat datorren lehen antzerki pieza, dantza eta musika jatorrizkoa gehitzen zituena istorioa kontatzen laguntzeko, eta zeinaren lehen estreinaldia New Yorken izan baitzen, 1866ko irailaren 12an. Ekoizpenak bost ordu eta erdiko iraupena zuen, baina luzea izan arren, 474 emanaldi lortu zituen, errekorrak hautsiz. Urte berean, The Black Domino / Between You, Me and the Post izan zen lehen ikuskizuna bere buruari "komedia musikala" deitu ziona. [2]

Tony Pastor- ek ireki zuen lehen vaudeville antzokia Union Square-tik etxe multzo bat ekialdera, 1881ean, Lillian Russell kantari eta antzezleak parte hartu zuelarik. Edward Harrigan eta Tony Hart komedianteek Broadway-ko musikalak ekoitzi eta antzeztu zituzten 1878. ( The Mulligan Guard Picnic ) eta 1890. urteen artean, Harriganen liburu eta letrekin eta David Braham aitaginarrebaren musikarekin. Komedia musikal horietan, New Yorkeko beheko klaseetako eguneroko bizitzatik ateratako pertsonaiak eta egoerak agertzen ziren, eta urrats handia ekarri zuten vaudeville eta burlesketik molde literaturazkoagoetara. Kalitate handiko abeslariek parte hartzen zuten (Lillian Russell, Vivienne Segal eta Fay Templeton), lehenagoko musika moldeetan parte hartu izan zuten ospe zalantzazkodun emakumeen ordez.

Garraioak hobera egin ahala, pobreziak behera egin zuen New Yorken, eta kalean argiak ipiniz geroztik, seguruagoa izanez gauez ibiltzea, itzelez gehitzen ari ziren antzokien balizko bezeroak ere emendatu egin ziren. Antzezlanek luzaroagoan iraun zezaketen eta, artean ere, ikusleak erakarri, eta hartara, irabaziak ere emendatu eta ekoizpenen balioa ere hobetu. Ingalaterran bezala, mendearen azken erdialdean zehar, antzerkien inguruko giro iluna argitzen hasi zen, eta prostituzioa ere gutxitu egin zen, emakumeak gutxiago gibelaraziz antzerkira joatetik. Gilbert eta Sullivan-en familia osoentzako opera komiko arrakastatsuak ekarri ziren atzerritik New Yorkera (idazleek eurek ekarrita, eta are lizentziarik gabeko ekoizpen ugaritan ere), hala nola HMS Pinafore 1878an. Estatubatuar ekoizpenek, New Yorken, imitatu egin zituzten lan horiek, hala nola Reginald Dekovenen Robin Hood (1891) eta John Philip Sousaren El Capitan (1896) , eta orobat operak, balletak eta beste britainiar eta europar lan arrakastatsu batzuk.

1890eko hamartea eta 1900eko hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Goraintziak nire aldetik Broadway-ri" partitura

Charles H. Hoyt- en A Trip to Chinatown (1891) luzaroan izan zen Broadwayn antzezlan nagusia: haren 657 emanaldi eskaini ziren oholtzan. 1919ra arte ez zen marka hori gaindituko, Irene antzezlanarekin. 1896an, Marc Klaw eta AL Erlanger antzerki jabeek Theatrical Syndicate delakoa sortu zuten, eta, hurrengo hamasei urtean, AEBetako ia antzoki guztiak kontrolatu zituzten haren bidez. [3] Hala ere, vaudeville eta barietate etxe txikiagoak ugaritu egin ziren, eta Off-Broadway ongi finkatua zegoen XIX. mendearen amaierarako.

A trip to Coontown (1898) izan zen lehen komedia musikala osoki afroamerikarrek ekoitzia eta antzeztua Broadwayko antzoki batean (inspirazioa, neurri handi batean, minstrel izenekoetako errutinak izan zituzten) eta geroago etorri zen ragtime kutsuko Clorindry: The Origin of the Cakewalk (1898), eta gero In Dahomey (1902) arrakasta handikoa. Ehunka musika komedia taularatu ziren Broadwayn 1890eko hamartean, eta 1900eko hamartearen hasieran, New Yorkeko Tin Pan Alley mugimenduan parte hartu zuten konposatzaileek ondutako kantak izan ziren nagusi; konpositoreen arteko batzuk: Gus Edwards, John Walter Bratton eta George M. Cohan ( Little Johnny Jones (1904), eta lanetako batzuk 45 Minutes From Broadway (1906), eta George Washington Jr. (1906). Hala ere, New Yorkeko ekoizpenak urri samarrak ziren Londreskoen aldean, salbuespenak salbuespen, harik eta Lehen Mundu Gerrara arte. Britainia Handiko musikal arrakastatsu batzuek arrakasta handia bildu zuten artean ere New Yorken, Florodora musikalak, tartean. 1900-01ean.

Victor Herbert

XX. mendearen hasierako urteetan, XIX. mendearen amaierako opereta kontinental ezagunen itzulpenak bildu zituen 1910eko hamarkadako "Princess Theatre" antzokiak bere ikuskizunetan, PG Wodehouse, Guy Bolton eta Harry B. Smith eta bestek idatziak. Victor Herbert ere horien artekoa zen, eta bere lanen artean baziren amodiozko antzezlan modernoki girotu batzuk eta are opereta sorta entzutetsu bat ere, hala nola The Fortune Teller (1898), Babes in Toyland (1903), Mill. Modiste (1905), The Red Mill (1906) eta Naughty Marietta (1910).

The Red Mill ikuskizuna izan zen lehena Broadwayn antzokien kanpoaldean kartel elektrikoak ipintzen. Koloretako bonbilak berehala erretzen zirenez, argi zuriak hasi ziren erabiltzen, eta Broadwayri "Bide Zuri Handia" ezizena jarri zitzaion. 1919ko abuztuan, Actors 'Equity Association elkarteak kontratu estandar bat galdegin zuen ekoizpen profesional guztietarako. Greba baten kausaz antzoki guztiak itxi zirelarik, ekoizleak amore eman behar izan zuten. 1920ko hamarterako, Shubert Anaiek berenganatu zituzten antzokirik gehienak Erlanger sindikatuaren eskutik.

Garai hartan, Winchell Smith-en eta Frank Baconen Lightnin ' antzezlana bihurtu zen lehena 700 emanaldi lortzen. Ondoren ere beste hainbat emanaldi eskaini ziren, harik eta 1.000 emanaldi izatera iritsi zen lehena bilakatu arte. Lightnin ' izan zen emanaldi gehien izan zituen antzezlana Broadwayn, harik eta Abie's Irish Rose- antzezlanak gainditu zuen arte guztirako emanaldien kopuruan, 1925ean.

Filmekin lehian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Broadway iparraldea, New York City 38th St. kaletik begiratuta,, Casino eta Knickerbocker antzokiak ageri direla ("Entzun, Lester", eskuinean beheko aldean ageri dena eman zuen Knickerbocker-ek 1918ko abenduaren 23tik 1919ko abuztuaren 16ra arte), eta kartel bat Maxine Elliott´s Theatre antzokia seinalatuz, zeina 39. St. kalean egonik ez baita ikusten, eta beste kartel bat Winter Garden Theatre antzokia iragarriz, zeina 50. Kalean egonik ez baita ikusten. Guztiak daude eraitsita dagoeneko, Winter Garden Theatre izan ezik. Ezkerraldean, Metropolitan Opera House zaharra eta Times Tower zaharra ageri dira.

Film mugimendudunek erronka ekarri zieten oholtzei. Hasieran, filmak mutuak izan ziren, eta, hala, ekarri zuten lehia ere mugatua izan zen. 1920ko hamartearaen amaierarako, ordea, The Jazz Singer bezalako filmak soinu sinkronizatuarekin aurkeztu ziren, eta kritikariek beren artean pentsatu zuten ez ote zuen zinemak zuzeneko antzerkia guztiz ordeztuko. 1920ko Hamarkada Zoriontsuko musikalek, vaudevillea, music hall-a eta bestelako entretenimendu arin batzuk baliatuz, joera zuten istorioa alde batera utziz garrantzia aktore izarrei, ohiko dantza handiei eta kanta arrakastsuei emateko. Florenz Ziegfeld- ek abesti eta dantza ikuskizun ikusgarriak ekoitzi ohi zituen urtero Broadway-n, dekorazio bitxi eta jantzi oso landuekin, baina hori ez zen aski hurrenez hurren emanaldiak ziurtatzeko. 1920ko hamarkadan ohikoak izan ziren ekoizpen arinak, hala nola Sally, Lady Be Good, Sunny eta beste. Baliteke antzezlen horien liburuxkak erraz ahaztekoak izatea, baina antzezlan ezagun iraunkorrak eman zituzten, egile hauenak, esaterako: George Gershwin, Cole Porter, Jerome Kern, Vincent Youmans eta Rodgers eta Hart, besteak beste; eta, hala, Noël Coward, Sigmund Romberg eta Rudolf Friml eta bestek obra iraunkorrak ekoitzi zituzten aurrerantzean ere, Victor Herbert-en ildotik. Zuzeneko antzerkiak eutsi egin zion zinema izan zen asmakuntza berriari.

Gerren artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aisialdiko lan horiek zeintzuk konparazioan arinak baitira atzean utzi eta drama urrats bat harago eramanik, Show Boat estreinatu zen 1927ko abenduaren 27an, Ziegfeld antzokian. Liburuaren eta partituraren erabateko integrazioa zekarren, gai dramatikoak musikaren, elkarrizketaren, eszenatokien eta mugimenduaren bidez kontatzen zirelarik, aurreko musikaletan baino hobeto josirik. 572 emanaldi izan zituen. Txantiloi:CelebrityCaricatures19251920ko hamarkadan, antzerkigile estatubatuarren aro berri bat sortu zen Eugene O'Neill agertu zelarik. Haren Beyond the Horizon, Anna Christie, The Hairy Ape, Strange Interlude, eta Mourning Becomes Electra antzezlanek frogatu zuten Broadway-n bazela drama serioetarako ikuslerik, eta, hain zuzen, O'Neill-en arrakastak bidea ireki zien beste dramagile handi batzuei, hala nola Elmer Rice, Maxwell Anderson, Robert E. Sherwood, Clifford Odets, Tennessee Williams eta Arthur Miller, eta baita zenbait komediagileri ere, hala nola George S. Kaufman eta Moss Hart. Klasikoen berpizteak ere arrakastatsu gertatu ziren Brodwayko antzerkizaleen artean, batez ere John Barrymore idazlearen Hamlet eta Richard III , John Gielgud-en Hamlet, The Importance of Being Earnest eta Much Ado About Nothing, edota Walter Hampden eta José Ferrer idazleen Cyrano de Bergerac, Paul Robeson eta Ferrer-en Othello, Maurice Evans-en Richard II , edota George Bernard Shaw-en antzezlanak, eta orobat Katharine Cornell- en Romeo eta Julieta, Antony eta Cleopatra eta Candida antzezlanak.

Bigarren Mundu Gerra hurbildu ahala, Broadwayko dozena bat dramek nazismoa hautatu zuen gaitzat, nola ari zen hura gora egiten, eta AEBk ez esku hartzea hartan. Arrakastatsuena Lillian Hellman- en Watch on the Rhine izan zen, 1941eko apirilean abiatu zena.

Depresio Handiko urte urrien ondoren, Broadway antzokia urrezko aro batean sartu zen, Oklahoma arrakasta handiarekin. 1943an, antzezlan horren 2.212 emanaldi eskaini ziren. John Kenrick- ek Broadwayko musikalei buruz idatzitakoaren arabera, "sasoi guztietan gertatzen zen musikal berrietako abestiak arrakasten zerrendetara iristea. Publikoaren eskaria, ekonomia azkarra eta sormenerako talentu ugaria zela bide, Broadway pil-pilean zen. Gaur den egunean, 1950eko ikuskizunetako kantak dira antzerki musikalen kantutegiaren muina.

Ken Bloom-en ustean, "1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Times Square inguruak okerrera egin zuen, eta Broadway-n ekoiztutako ikuskizun legitimoen kopurua jaitsi egin zen. [4]

1980ko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982aren hasieran, Joe Papp-ek, The Public Theatre sortu zuen antzerki ekoizle eta zuzendariak, "Save the Theaters" kanpaina zuzendu zuen [5]. Irabaziak egiteko asmorik gabeko talde bat zen, Actors Equity sindikatuak babestua, eragotzi nahi zuena Manhattan-go urbanizazio-sustatzaile dirudunek antzoki eraikinak eraistea. Papp-ek baliabideak eskaini zituen, publizista eta aktore ospetsuak kontratatu, eta audio, argiztapen eta talde teknikoak eskaini zituen ahalegin hartan.

Papp-ek galdaturik, 1982ko uztailean, lege proposamen bat aurkeztu zen AEBen 97. Kongresuan, goiburutzat zeukana "HR6885, New Yorkeko Broadway / Times Square antzerki barrutia interes historiko nazionaleko gunetzat izendatzea". Legea onartu balitz, AEBetako gobernuaren zenbait baliabide eta laguntza emango zitzaizkiokeen hiriari, barrutia babesten laguntzeko. Ez zen onetsi, ordea. Alabaina, 1983ko abenduan, Save the Theaters-ek "The Broadway Theatre District, a Preservation Development and Management Plan" delakoa prestatu zuen, eta galdatu zuen barrutiko antzoki bakoitzari eman zekiola intereseko gune izendapena.

Covid-19 Pandemia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

COVID-19 pandemiaren ondorioz, Broadwayko antzokiak 2020ko martxoaren 12a itxi ziren, 16 antzezlan utziz bertan behera, dagoeneko ematen ari zirenak edo ematen hastekoak. 2021eko ekainera arte joan da luzatuz itxiera. Alabaina, Andrew Cuomo gobernariak 2021eko maiatzaren 5ean adierazi zuen Broadway irailaren 14an irekiko zela berriro, eta Antzokien Ligak berretsi zuen emankizunak udagoienean hasiko zirela berriz.


Hadestown izango da lehena 2021eko irailaren 2an emanaldiak eskaintzen hasiko dena berriz, Gobernadorearen bulegoaren, Broadway Ligaren eta Walter Kerr Antzokiaren arteko akordio bereziaren bidez . Lehenagotik horrela konpromisoa hartzea beharrezkoa izan zen ekoizleek beren birako ekoizpen nazionala prestatzeko haruta zeuzkaten konpromisoengatik.

Salbuespen batzuk badaude ere, emanaldi kopuru jakinik gabeko ikuskizunek arratsaldeko emanaldiak izaten dituzte asteartetik larunbatera, eta 19:00etan edo 20:00etan amaitzen dira emanaldiak. Arratsaldeko " matinée " emanaldiak 14:00etan izaten dira, asteazken eta larunbatetan, eta arratsaldeko 15:00etan, igandeetan. Horrela, bada, astea zortzi emanaldikoa izaten da. Ordutegi horretan, astelehenetan ez da emankizunik izaten, eta esan ohi da antzokiak eta ikuskizunak "ilunpean" egoten direla egun horretan. Aktoreek eta ikuskizunetako langileek igande arratsaldean hasi eta astelehen arratsaldera arte izaten dute, beraz, beren astegoiena.

Azken urteotan, ikuskizun batzuek aurreratu egin dute beren astearteetako emankizuna eta goizago eskaintzen dute, 19:00etan. Turista gutxiago ibiltzen delako astegunetan. Zenbait ikuskizunek, batez ere Disney-ren ekoizpen direnek, maiz samar aldatzen dituzte ordutegiak, urte sasoiaren arabera. Xede dituzten ikusleen artean albait gehien erakartzeko jokatzen dute horrela.

Ekoizleak eta antzoki jabeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Broadwayko ekoizle eta antzerki jabe gehienak The Broadway League erakundeko kideak dira (lehen "The League of American Theatres and Producers"), Broadwayko antzerkia bere osotasunean sustatzen duen merkataritza-erakunde bat, antzerki-sindikatuekin kontratuak eta gremioekin akordioak negoziatzen dituena. Tony Sariak administratzen ditu American Theatre Wing erakundearekin batera. Liga eta antzerki sindikatuak zenbaitetan ahakar gogorrean izaten badira ere kontratu berriak negoziatzen ari diren bitartean, elkarlanean ere aritzen dira hainbat proiektu eta ekitalditan, New Yorken antzerki profesionala sustatzeko asmoz.

Badira, ordea, Broadwayn antzokiak dauzkaten lau antzerki konpainia-irabaziak egiteko asmorik gabekoak (Lincoln Center Theater, Manhattan Theatre Club, Roundabout Theatre Company eta Second Stage Theatre), eta laurak dira League of Resident Theatres izeneko erakundearenak, eta beren aldetik egiten dituzte kontratuak antzerki-sindikatuekin, Broadwayko gainerako antzoki eta ekoizleetatik bereiz (Disneyk ere bere aldetik negoziatzen ditu, Ligatik kanpo).

Broadwayko antzoki gehienak hiru erakunderen jabetzakoak dira, edo haiek kudeatuak: Shubert Organization, irabazi asmorik gabeko Shubert Fundazioaren adar bat, irabaziak egitekoa eta hamazazpi antzokiren jabea dena; Nederlander Organization , zeinak bederatzi antzoki kudeatzen baititu, eta Jujamcyn, Broadwayko bost antzoki jabetzan dituena.

Hala musikaletan nola antzezlanetan, Broadwayn, antzezle oso ezagunak kontratatzen dira pertsonaia nagusietarako, ahalik eta ikuslerik gehien erakartzearren edo antzerkira ikusle berriak erakartzearren. Zinemako eta telebistako aktoreak maiz izaten dira antzezle Broadwayko ikuskizun ohi berriz eskainietan, edo antzezlan bat utzi duten aktoreak ordezteko ere baliatzen dira. Hala ere, badira antzezleak nagusiki antzokian aritzen direnak, beren denborarik gehiena "oholtzan" ematen dutenak, eta bigarren egiteko moduan edo agertu ohi direnak telebistan eta zinema pantailetan.

Mark Shenton-en arabera, "antzerki-paisaia komertzialaren aldaketarik handienetako bat —Atlantikoaren bi aldeetan— azken hamartean edo horrela, zera izan da, antzezlanetan izen handi ospetsuak maizago ikusten direla, baina emanaldi gutxiagotarako. Garai batean, ekoizle batek bere izarrari gutxienez sei hilabeteko konpromisoa eskatzen zion, eta agian urtebetekoa; orain, ordea, 13 asteko iraupena da ohikoa ".

Broadway orkestraren gutxieneko tamaina, musikarien sindikatuarekin eta The Broadway League-rekin egindako hitzarmen batek arautzen du. Adibidez, hitzarmenak xedatzen du Minskoff Theatre Antzokiko orkestraren gutxieneko tamainak 18 kide izan behar duela, eta Music Box Theatre antzokikoak, berriz, 9. [6]

Broadwayko ikuskizun gehienak ekoizpen komertzialak dira, ekoizle eta inbertitzaileentzat ("babesleak" edo "aingeruak") irabaziak lortzeko xedearekin eginak, eta, beraz, emanaldien kopurua muga jakinik gabea izaten da, eta, hala, ikuskizunak zer erantzun izaten duen kritikaren aldetik, zeinen eraginkorra den haien gaineko publizitatea, zer harrera duen publikoaren artean, eta, gorenean, nola saltzen diren sarrerak, horren guztiaren arabera izaten da iraupena. Ikuskizunek berehala egin behar izaten dute irabazia, hasteko gastuei aurre egingo badiete, edo, irabazirik egin ezean, galerak ekoizleek onartzeko modukoak izan behar dira, eta hala lortzen dute irautea, betiere hondarrean hasierako kostua ordaindu ahal izango dutelako eta etekinak egin ahal izango dituztelako igurikipenarekin. Mugako egoera batzuetan, ekoizleek galda dezakete egile eskubideak merketzeko aldi batez edo salbuesteko ordaintzetik, edota are, antzezleek lansari murriztua jasotzea, sindikatuen baimenarekin, ikuskizun bat bertan behera ez uzteko. Antzokien jabeek, arruntean, ekoizpen gehienetan, ez dute parte hartzen irabazietan, eta gerta liteke haiek errentak murriztea edo are barkatzea ere, edo are ikuskizun bati dirua maileguan uztea, emanaldiak ez bertan behera utzi behar izateko.

Broadwayko zenbait ikuskizun irabaziak egiteko asmorik gabeko erakundeek ekoizten dituzte, harpidetza denboraldi arrunt baterako - Lincoln Center Theater, Roundabout Theatre Company, Manhattan Theatre Club eta Second Stage Theatre dira gaur egun Broadwayn areto iraunkorrak dituzten irabazi asmorik gabeko lau antzerki-konpainiak. Beste zenbait ekoizpen "emanaldi kopuru mugatu" batekin ekoizten dira, zenbait arrazoi tarteko, are diru arrazoiengatik ere, antzezleek lehenagotik zeuzkaten konpromisoengatik, edo antzokia, ekoizpen baten amaieraren eta hurrengo baten hasieraren artean, aldi batez baino ez dagoelako baliagarri. Hala ere, arrakasta badute kritikarien artean, edo leihatilan, luzatu egiten dituzte emanaldi hitz emanak, edo emanaldi kopuru mugaturik gabeko ikuskizun bihurtzen dituzte. Hala gertatu zen 2007an Auguts: Osage County antzezlanarekin, edo 2009an God of Carnage ikuskizunarekin, edo 2012an Newsies ikuskizunarekin.

Historian zehar, musikalek emanaldi gehiago izan dituzte Broadwayn ezen ez ohiko ikuskizunek. 2006ko urtarrilaren 9an, The Phantom of the Opera obra, Majestic Theatre antzokian, Broadwayn inoiz emanaldi gehien izan dituen musikala bihurtu zen: 7.486 emanaldi eskaini zituen, Cats gaindituz.

Broadwayko ikuskizun batera joatea ohikoa da New Yorkera joaten diren turisten artean. TKTS leihatilek egun bereko sarrerak saltzen dituzte (eta kasu batzuetan, hurrengo eguneko goizeko emanaldietarako sarrerak), % 20 eta 50 arteko beherapenarekin Broadway eta Off-Broadway ikuskizun askotarako. TKTS kabinak Times Square-n, Lower Manhattan-en eta Lincoln Center-en daude. Zerbitzu hau Theater Development Fund irabaziak egiteko asmorik gabeko erakundeak darama. Broadwayko antzoki askok ikasleentzako tarifa bereziak eskaintzen dituzte, edo egun bereko "presazko" edo "zotz egindako" sarrerak, edo zutik egoteko gunerako sarrerak ere bai, antzokiak ahal bezainbat betetzeko eta irabaziak ere ahal bezainbeste egiteko. The Broadway League-ren arabera, 2018-2019 denboraldian 14.77 milioi izan ziren ikusleak, eta 2017-2018 denboraldian, berriz, 13,79. Londreseko West End theatre erakundearen antzokietan, esaterako, 15,5 ikusle izan ziren 2018an, Londres erdialdeko antzoki komertzial nagusiak edo diruz lagunduak hartuta.

Off-Broadway eta AEBen zeharreko birak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzokiak Actor's Equity Association elkartearen kontratuetako hizkeraren arabera sailkatzen dira. Tony saria jaso ahal izateko, ekoizpenak 500 eserleku edo gehiago dituen antzoki batean egon behar du, hiriko Antzerki Barrutian, horiek baitira Broadway antzokia definitzen duten irizpideak. Off-Broadway eta Off-Off Broadway ikuskizunek, askotan Broadwayko antzoki handiagoetan posible den baino emanaldi esperimentalagoa, erronkazkoagoa eta intimoagoa eskaintzen dute. Broadwayko zenbait ikuskizunek, hala nola, Hair, Little Shop of Horrors, Spring Awakening, Next to Normal, Rent, Avenue Q, In the Heights, Fun Home, Dear Evan Hansen eta Hamilton musikalek, Off-Broadway hasten dira emanaldiak eskaintzen, eta gero eroaten Broadwayra, hurbilagoko esperientzia hura antzoki handiago batean errepikatzeko asmotan.

Broadwayko zinema-aretoetan arrakasta izan ondoren edo are arrakasta duten bitartean ere, ekoizleek aktore eta talde berriekin atontzen dituzte berriz beren ekoizpenak, herrialdeko hiri nagusietako antzokietara eraman ohi den Broadway bira nazionalerako. Batzuetan, Broadwayn ikuskizun baten emanaldiei amaiera ematen zaienean, ekoizpen osoa, jatorrizko aktore gehienekin edo guztiekin, biran jartzen da birako konpainia gisa, eta hortik datorkio "Broadway national tour" izena. Zenbait ikuskizunek hainbat konpainia izan ditzakete biran aldi berean, ikuskizuna oraindik New Yorken egon ala ez, eta konpainia asko "finkatu" egiten dira beste hiri garrantzitsu batzuetan, beren emanaldi kopuru luzaturako.

Hiri txikiagoek nazio mailako antzerki-konpainiak erakar ditzakete biran daudelarik, baina epe txikiagoetarako bada, "autobus eta kamioi" birak ere baliatu ahal dituzte. Hauek nazio mailako ekoizpen handiagoen bertsio txikiagoak izaten dira, eta izen hori eman zitzaien aktoreak arruntean autobusez bidaiatzen zirelako eta ez hegazkinez, eta agertokiak eta ekipamenduak kamioiz garraiatzen zirelako. Era honetako biretan, ekoizpena murriztua izaten da, areto txikiagoei eta ordutegi estuagoei egokitzearren, eta aste zenbaitetarako emanaldiak eskaintzen dituzte sarri, ez hilabeteetarako. Batzuk "aste zatituak" deritzenetan ere eskaintzen dira, hau da, aste erdia herri batean eta beste erdia beste batean. Batzuetan, "gau baterako" emanaldiak ere izaten da. Ekoizpenaren balioak, normalean, Broadwayko bira nazional ohikoarenak edo birako ekoizpen estandarrarenak baino txikiagoak izaten dira, eta, aktoreak aktoreen batasuneko kideak izaten diren arren, diru gutxiago irabazten dute, bestelako sindikatu-kontratuak sinatuta. Touring Broadway Awards sariak, alta, Broadway ibiltariaren bikaintasuna saritzeko izaten dira, eta The Broadway League merkataritza-erakundeak ematen ditu.

Broadwayko produkzioak eta artistak saritzen dituzte urteko Antoinette Perry sariek (normalean " Tony Awards " edo "Tony" deituak), eta American Theatre Wing-ek eta The Broadway League- k ematen dituzte, eta 1947an banatu ziren lehenengo bider. Tony Broadwayko sari entzutetsuena da, Hollywoodeko zinema ekoizpenetarako Oscar sarien parekoa. Haien garrantzia handitu egin da 1967an sariak banatzeko saioa telebista nazionalean ematen hasi zenetik. Telebistako ikusle kopuruak hobetzeko estrategiak medio, pertsona ospetsuak aukeratu ohi dira ikuskizuna antolatzeko, batzuk antzerkiarekin lotura urria dutenak. [7] Tony sarien azken ekitaldia 2019ko ekainaren 9an egin zen. Broadwayko produkzioei emandako beste sari batzuk honakoak dira: 1Drama Desk Award saria, 955az geroztik ematen dena, New York Drama Critics 'Circle sariak, lehen aldiz 1936an eman zirenak eta Outer Critics Circle Award saria, 1950ean aurkeztua lehen aldiz. 

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "2018 – 2019 Broadway End-of-Season Statistics". Broadway League, May 28, 2019.
  2. Sheridan, Morley. Spread A Little Happiness:the First Hundred Years of the British Musical, New York: Thames and Hudson, 1987, ISBN 0-500-01398-5, p.15
  3. Kenrick, John. "Kenrick's summary of New York theatre from 1865–1900" Musicals101.com, accessed August 26, 2011
  4. Bloom, Ken. "Introduction" Broadway: Its History, People, and Places (2004) (books.google.com) Taylor & Francis, ISBN 0-415-93704-3, p.xvi
  5. Erakundearen izena "Save the Theatres, Inc., zen, auzitegietako agirietan jaso zenez. Supreme Court of New York, Appellate Division, First Department, May 16, 1991, accessed March 10, 2013
  6. "Local 802 Agreement". local802afm.org. p. 10. Retrieved August 10, 2013.
  7. McKinley, Jesse. "Tony Awards Finish Up With a Fuzzy Surprise; Puppet Musical Wins Big, as Does 'My Own Wife'" The New York Times, June 7, 2004

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]