Edukira joan

Bizkargi Eguna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizkargi Eguna 2009an.

Bizkargi Eguna Bizkargiko guduan hildako eusko gudarien omenez, urtero ospatzen den jai eguna da. Maiatzaren 3a eta gero datorren igandean ospatzen den erromeriak, jaia eta oroimen historikoa uztartzen ditu.

Sasoi batean, herrietako eta baso-ermitetako erromeriak garrantzi handikoak izan ziren. Aste barruko errutinatik ihes egiteko modua zen gehienentzat, egunerokotasunetik aldentzekoa; eta kasu batzuetan, urte guztian ikusi gabe albo herritako lagunekin elkartzeko unea. Bizkaian, maiatzaren 3an ospatzen zen Bizkargiko Santa Kurutz egunekoa ospe handienetako bat zen.

XX. mendeko 70eko hamarkadararte iraun zuen erromeria tradizionala. Egun horretan, ohitura zen Etxano, Gorozika, Morga, Muxika eta Larrabetzutik letanian igotea Bizkargira. Bizkargira orduko, baina, goiz-goizetik altxatuta, etxeko beharrak egin behar izaten ziren. Egun hori, esaterako, ona omen zen artoak-eta ereiteko. Beharrak amaitu, etxera joan, aurpegia garbitu eta Bizkargirantza irtetzen ziren.

Letanian, gizon, andra eta ume, denak, joaten ziren, abadea aurrean zihoala; eta handiko eta hemendiko baserrietako jentea batzen joaten zitzaien . Bidean geldialditxoa egin, arnas apur bat hartu eta txartel bana ematen zieten, gero Bizkargin ardo apur bat hartzeko. Ardoa etxetik eroaneko kristalezko ontzira botatzen zieten.

Mezaren ostean, kanpoan, abadeak hodeiak bedeinkatzen zituen ur bedeinkatuakin ermitatik irten eta sakristia aurrean. Etxean ereinotzarekin egindako kurutzetxoak ere bedeinkatzen ziren egun horretan; eta horiek kortan, soloan, etxeko ateetan ipini gero.

Santa Kurutz egunaren hurrengo domekan, berriz, erromeria itzela egiten zen Bizkargin, eta inguruko herrietatik ezeze, urrunagotik ere jende asko joaten zen eguna pasatzen (Bedia, Galdakao, Bilbo, Etxebarri, Busturia, Orozko...); asko eta asko Lezamaraino trenez, eta handik, prozesioan bezala, basorik baso Bizkargiraino. Egun guztirako joaten zirenak bazkaria ere eroaten zuten: batzuek makailaoa aza-orrian batu eta zapata-kajan sartuta; beste batzuek patata-tortilla. Ermita inguruko zelaian edo zuhaitz artean jesarrita bazkaltzen zuten. Tabernak ere ipintzen zituzten, toldo eta guzti, egarria euki ezkero, zeozer hartzeko; eta jente artean aurrera eta atzera ibiltzen zen Bilboko barkillo-saltzailea ere.

Bazkalostean hasten zen erromeria: bi-hiru musikarik joten zuten batera, bakoitza alde baten jarrita eta euren ondoan kobratzailea; izan ere, mutilek txakur handia ordaindu behar izaten zuten dantzan egitearren. Neskak neskatara dantzan hasi, eta mutilek momentu hori aprobetzatzen zuten gustukoenarengana hurbildu eta dantza eskatzeko. Neska-mutilak ados egon ezkero, elkarrekin dantzan egiten zuten.

Eguna ez zen hor amaitzen, izan ere, arrastsaldean, Bizkargitik bajatu eta gero, erromeria itzela egoten zzn Morgako Goikoganen ere. Asko, Bizkargira igon ez, eta bertan geratzen ziren. Gau-iluntzean, denak joaten ziren etxerantza abesten, poz-pozik[1].

1965. urtetik aurrera Bizkargiko erromeriak pixkanaka-pixkanaka aldatzen joan zen. 1936ko Gerrako galtzaileen memoria historikoak gero eta pisu gehiago hartzen joan zen eta honekin batera eragin politikoa gero eta nabarmenagoa bihurtzen hasi zen. Garai hartan ilegalak ziren ikurrinak argindarreko kableetan eskegitzea ohiko bihurtu zen eta bertan dantzatzea ere debekatzen ahalegindu zen frankismoak. Diktaduraren azken urteetan erromeria erlijiosoak indarra galdu eta oroimenerako eta diktaduraren aurkako jai-aldarrikapena bihurtu zen.

Franko hil eta gero, Bizkargi Eguneko jaialdiak indarra galtzen joan zen harik eta 1985ean AEKren laguntzarekin "Bizkargi Euskara Eguna" antolatu zuten arte. Bizkargi Eguna 1987rarte antolatu zuen AEKk. Urte honetan Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren ondorioz Gernikan batzorde bat antolatu zen urteurrena ospatzeko eta baimena eskatu zieten AEKkoei beraiek antola zezaten eguna. Ondorioz, hurrengo bi urteetan beraiek hartu zuten honen ardura.

1989tik aurrera Amnistiaren Aldeko Batzordeak hurbildu ziren esaten beraiek antolatu nahi zutela jaia eta hortik aurrera euskal presoak eta preso ohiak omentzen hasi ziren. Ordutik aurrera ENAMeko talde honek antolatu zituen eta ezker abertzaleak ekitaldia monopolizatzearekin batera, urte hartatik hasita Bizkargiko jaitsiera "ofiziala" Larrabetzura egitea erabaki zuten. Sarritan preso ohi batek hitz egiten zuen ekitaldian. Dena dela bai egun horretan, bai maiatzaren 3an edo hurrengo igandean EAJ alderdiko jarraitzaileak edo beste barik hainbeste pertsona bere kabuz igotzen zen mendira edo jeitsi egiten zen egitaraua kontuan hartu gabe. Izatez, hainbeste jeltzale nahiago zuten maiatzaren 3an egitea Bizkagiko igoera[2].

90. hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997tik aurrera, Zornotzako udalak ardura batzuk hartu zituenː meza antolatu (abadea eroan), sasiak moztu, txistulariak eroan, ardo garrafoi bat eroaten. Hurrengo eguneko garbiketa txandakatzen zen Zornotza eta gainerako mugakideak diren herrien artean (Morga, Larrabetzu eta Muxika). Urte horietan, aurreko urteetan bezala ohikoa zen ezker abertzaleko jendea Larrabetzuko herrian amaitzea eguna, jai giroan.

2011. urtean Eloy Velasco epaileak eta 2013. urtean Espainiako Auzitegi Nazionalak Larrabetzuko Bizkargi Eguna debekatu zuen terrorismoa goratuko zela argudiatuta[3][4][5].

2011tik aurrera (nahiz eta urte hartan debekatuta egon batzuk Bizkargira igo ziren) Bizkargiko mendia Zornotzarena dela adierazteko, era zeremonial batean eta elementu sinboliko moduan txuzoa berrerabiltzen hasi zen[6][7].

Bizkargi Gogoratuz Elkartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015etik hasita, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatzen du Bizkargi Eguna. Elkarte honen helburuak hauek diraː Bizkargiko mendi tontorrean 1937. urtean izandako gertaerak gogoratzea; guda horretan borrokatu zuten eusko gudariak omentzea eta oroitzea; guda horren arrazoien zergatia eztabaidatzea eta informatzea; garai haietako eskubide zibil eta politikoen urraketa gaurko egungo testuinguruan kokatzea; tradizioz Etxanok Bizkargiko santikurtzeetako erromerian zeukan nagusitasuna gogoraraztea; eta "txuzoa" nagusitasun horren ikur gisa lurrean sartzea.

Aurrekoaren ondorioz jai egunak gero eta indar gehiago hartu du Elkarteak oroimen historikoa (historia) eta erromeria (jaia) uztartzen jakin duelako. Honekin lotuta, Aranzadi Elkarteak azken urte hauetan gudan hil ziren hainbat gorpuzkin aurkitu ditu[8].

Omenaldia Amaiur gudarosteari

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an ehunka lagunek parte hartu zuten igande horretan Bizkargi Egunean, mendi honetako borrokaren 85. urteurrena gogoratzeko. 1937an faxisten kontrako liskarretan hildako Amaiur Batailoiko sei gudari gabiritar oroitu zituzten.

70 bizilagun baino gehiago joan ziren Gabiriatik eta horietako 11 bizikletaz joan ziren. Bizkargi Gogoratuz elkarteak antolatuta. 1937an hil zituzten Joxe Mari Gabiria Alustiza (Behekoetxe, 1916-1937), Simon Altzueta Ariztimuño (Irizarrerdikoa, 1912-1937), Luis Altzueta Ariztimuño (Irizarrerdikoa, 1915-1937), Joxe Apaolaza Oiarbide (Olalkiaga, 1913-1937), Jexux Izagirre Artsuaga (Igeribar-Errota, 1910-1937) eta Ramon Igartzabal Otegi (Aranburu, 1912-1937) gabiriarrei omenaldia egin zieten[9][10].

2023an Labayru Fundazioak egindako "Bizkargi Eguna. Atzo eta gaur" dokumentala Youtuben dago ikusgai[11].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kultura Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.