Edukira joan

Labayru Fundazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Labayru Fundazioa
Dakigunetik ez dakigunera, Bizkaieratik batura eta Hizketa bizitik hizkuntza idatzira
Datuak
Motaargitaletxea, fundazioa eta ikertaldea
HerrialdeaEspainia
Jarduera
KidetzaEuskal Editoreen Elkartea
Erabilitako hizkuntzaeuskara
Agintea
Egoitza nagusi
  • Colon de Larreategi 14, 2. eskuma, 48001. Bilbo
  • Bilbo
Legezko formafundazioa
Historia
Sorrera1977
Jasotako sariak
Fair Saturday  (2023)
webgune ofiziala
Inguma: labayru-ikastegia

Labayru Fundazioa, lehenago Labayru Ikastegia, 1977an sortu zen irabazirik gabeko fundazioa da. Hainbat arlo lantzen ditu: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabileraren normalizazio-planak, etnografia, lexikografia[1][2][3][4]

Horrez gain, Derioko bere Euskal Bibliotekan Euskal Herriari eta hizkuntzari dagozkion gaien ondare aberatsa gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, argazki-artxiboa, ikus-entzunezkoak, kartelak eta papergintza mota guztiak (liburuxkak, pegatinak, egutegiak…).[2][5]

Labayru Fundazioa bizkaiera idatziaren arautze-, ikertze- eta bultzatze-lanetan erreferentziazko erakundea da: corpusak batzen eta lantzen, jarraibideak ematen, lan didaktikoak sortzen eta irakasten. Euskara tituluetarako zentro homologatua da.[2]

Hauek dira Labayru Fundazioaren esloganak: "Dakigunetik ez dakigunera", "Bizkaieratik batura" eta "Hizketa bizitik hizkuntza idatzira". Ander Manterola eta Mikel Zarateren artean asmatu zuten ikasketaren progresioa definitzeko.[6]

Labayru Fundazioaren sorreran bi jazoerak egin zuten bat: batetik, Derioko seminarioan euskara-ikastaroak abian jartzea, eta, bestetik, Elhuyar Patronatua sortzea.

1970ean jarri ziren martxan udako euskara-ikastaroak, Derioko Udako Euskal Ikastaroak izenez ezagunak, eta harrezkero hutsik egin gabe antolatzen dira, urtez urte. Ander Manterola, Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate izan ziren eskola horien bultzatzaileak.

Handik zapi urtera ─1977an, hain zuzen ere─, fundazioaren parte izatera pasatu ziren, bai euskara-ikastaroak, bai ordura arte egindako etnografia-ikerketak, bai itxura hartzen zihoan Euskal Biblioteka.

Sortzaileak honako hauek izan ziren: Jon Arrieta, Juan José Aspuru, Javier Astorki, Mª Concepción Barrutia, Juan Beitia, Luis Benito del Valle, Txomin Bereziartua, Bernabé Jauregi, Nikola Madariaga, Jon Malaxetxebarria, Ander Manterola, José Mª Mugica, Teresa Rotaetxe, Mikel Sáenz de Cabezón, Juan Mª Uriarte, Ignacio Uribarri, Juan Luis Villota, Begoña Zearra eta Sabin Zubiri.

Hastapenetan, Fundazioak langile gutxi izan zituen. Apurka-apurka, beharrizanak eraginda, Fundazioaren arlo desberdinetan irakasle eta ikerlariak sartuz joan dira. Gaur egun 40 langile inguru daude lanean bertan.

2014an, Plan Estrategiko bat prestatu zuen Labayru Fundazioak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Fundazioak hiru zuzendari izan ditu: Gaspar Martínez (1977-1985), Ander Manterola (1986-2009), Adolfo Arejita (2009-2021) eta Igone Etxebarria (2021etik gaur egunera arte).[3]

Fundazioak jarduera-eremua asko zabaldu du azken urteetan. Besteak beste hauek dira fundazioaren jarduerak:

  • Labayru hiztegia, erdian.
    Labayru Hiztegia da Labayru Fundazioaren lanik handienetariko bat. Hiztegi elebiduna da, euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara bideak jorratu baititu; 100.000 berba eta esamolde baino gehiago batzen ditu. Horrez gain, Bizkaiko euskaren lexikorik handiena zehaztu du Labayru Hiztegiak, euskara batuarekiko lokarriak ugarituz eta estutuz bide batez.[7]
  • Euskara-ikastaroak eta itzulpen-ikastaroak ere eskaintzen ditu, bizkaieraz zein euskara batuan. Goi-mailako ikastaroak ere ematen dira Labayrun: itzulpen-ikastaroak eta euskara-teknikaria izateko ikastaroak. Horrez gain, erakunde, enpresa nahiz norbanakoei itzulpenak egiteko eskaintza dauka Labayruk. Euskarara itzulpenak, bai batuaz bai bizkaieraz egiten ditu. Testuak zuzentzea da beste zeregin bat.[1]
  • Euskal literaturako idazlan klasiko zein berriak landu, gaurko irakurleen hizkuntza-irizpideetara ekarri eta argitaratu ditu Labayru Fundazioak. Hainbat bilduma edo liburu sorta hornitu ditu: Idatz & Mintz eta Litterae Vasconicae.[8]
  • Labayru Fundazioaren Euskal Biblioteka.
    Labayru Fundazioaren Euskal Biblioteka (XX. mende hasierako aldizkariak)
    Labayru Fundazioaren Euskal Biblioteka dokumentazio-zentro integrala da; euskarri mota guztietako dokumentuak gordetzen ditu. Liburuetan 55.000 monografia inguru ditu; 5.000 aldizkari; liburuxkak, kartelak, mapak; argazki-artxiboa ere badauka, bai argazki zaharrak, bai berriak. Ikus-entzunezkoen artean, audio- eta bideo-grabazio asko gordetzen ditu, ondarea eta etnografiarekin lotutakoak asko, herri literatura batzeko ahaleginetakoak beste asko, eta osterantzekoak (ekitaldiak, gizarteko ekintzak…).[9] Fundazioak berak bildumatan publikatutako 500 argitalpen baino gehiagoko katalogoa dauka. Lankidetza estuan aritzen da Lazkaoko Beneditarren Fundazioarekin eta Antso Jakituna Fundazioarekin.[5]
  • Etnografia-arloan ikerkuntza handitu egin da Herri Ondarea Saila sortzearekin batera. Eguneroko bizimoduaren berri ematen duen materiala sortzen du Labayru Fundazioak: unitate didaktikoak, bideoak, sarerako material didaktikoa edo entretenigarriak. Berbak, esamoldeak, ipuinak, kantuak, ohiturak, bizimoduak… dira oinarria.
  • Euskal Herriko Atlas Etnografikoa (Atlas Etnográfico de Vasconia) kudeatzeaz eta idazteaz ere arduratzen da Etnografia Saila. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa Jose Migel Barandiaranek emandako irizpideetan oinarrituriko lana da, eta lurraldeetako ikertzaileek galdetegi bera erabilita egindako ikerketekin osatuta dago. Etnografia-lanak Etniker Bizkaia aldizkarian argitaratzen dira.
  • Onomastika aztertzen ere aspalditik dihardu Labayru Fundazioak. Artxibo-mota guztiak arakatu eta lekukoei ahoz batuta, datu-base handiak ondu ditu hainbat herritan. Ikerketetako datuak gehienetan argitaratu ere egin dira bai liburu moduan, bai mapa moduan, bai unitate didaktiko moduan.
  • Euskara erabiltzeko normalizazio-planak ere egiten ditu Labayru Fundazioak enpresetan eta administrazioan. Zerbitzu osoa eskaintzen du: planaren diseinua, formazioa, itzulpen-zerbitzua, argitalpen-zerbitzua...
  • Eleketan programa 2016n jarri zuen abian, bestalde, euskal kultura gazteen artean hedatzeko asmoz. Tailerren bitartez lantzen da, eta 3 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Egitasmo honekin euskal kultura modu ludikoan ezagutarazi eta transmititu nahi da.
  • Lankidetzan aritzen da herri-, probintzia-, autonomia- eta estatu-erakundeekin hainbat modutara: ikastaroak antolatu, jardunaldietan parte hartu, liburuak editatu… Horrez gain, beka-epaimahaietan eta patronatuetan parte hartzen du eta hedabideentzako gidoiak egiten ditu. Hauek dira horietariko batzuk: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, BBK Fundazioa, Etnografia museoak eta Arte Ederren museoa, Euskaltzaindia, EITB eta Bizkaia Irratia.
« Ondare zabala utzi du Labayru Ikastegiak: 17.000 ikasletik gora alfabetatu edo euskaldundu dira Ikastegiko eskoletan; hamaika Etniker talde zuzendu dira bertatik; 150 lagun baino gehiago ibili dira beharrean Ikastegian bertan edo bere proiektuetan; euskal bibliotekan, 67.000 aletik gora daude batuta; 90.000 sarrera dituen hiztegia argitaratu du, esakuneekin eta adibideekin hornituta; argitalpenak, 400dik gora, euskal arlokoak denak (gramatikak, literatura-sorkuntza, klasikoak, ondarea eta etnografia, ikasteko metodoak, ariketa-koadernoak eta abar); argazkien eta kartelen bilduma handia... »

—Jokin Gorozika (Deia, 2016-04-15)[3]


Egitura eta gobernu-organoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Barandiaranen obra guztien liburu sorta (Labayru Fundazioa, Derio)

Artezkaritza

  • Presidentea: Adolfo Arejita
  • Presidenteordea: Asier Bidart
  • Idazkaria: Akaitze Kamiruaga
  • Diruzaina: Gabin Azaola
  • Gainerako kideak: Miren Josune Ariztondo, Gaspar Martinez de Larrinoa, Xabier Manterola, Ane Ortega, Amaia Arregi, Sebas Gartzia Trujillo, Javier Arrieta, Ander Ezkurra.

Zuzendaritza-taldea

  • Zuzendariordea: Akaitze Kamiruaga
  • Kideak: Gorka Ensunza, Josemi Vidales, Biosne Zarandona

Batzar Nagusia 300 laguntzaile inguruk osatzen dute, eta urtean baten elkartzen dira. Artezkaritza-kontseiluak aukeratzen ditu Ohorezko Kideak, betiere kontuan izanda zein ekarpen egin dizkion euskal kulturari edo fundazioari.

Sariak eta aitormenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sari edo aitormen hauek jaso ditu fundazioak:

Labayruren argitalpenek ere hainbat sari jaso dituzte:

  • Etniker Bizkaia aldizkariari Argitalpenik Onenaren Saria (Bizkaiko Foru Aldundia, 1985),
  • Ipuinen Tailerra liburuari Ohorezko Aitamena (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, 2000),
  • Bilboko Liburu Azokan Urrezko Luma (2015)

Labayru Fundazioaren argitalpen guztiak (130 baino gehiago) webgunean daude ikusgai.[11][12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Jainaga Larrinaga, Zihara. (2019-11-02). «Euskaraz zekitenen euskaltegia» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  2. a b c Labayru Fundazioa. 2015-03-05 (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  3. a b c Gorozika, Jokin. (2015-04-16). «‘Labayru Ikastegia’tik, ‘Labayru Fundazioa’ra» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  4. «Labayru ikastetxeak 'Labayru ikastegia eta euskal kultura' izeneko (...)» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  5. a b «Labayru Fundazioaren liburutegian, Igone Etxebarriarekin» EITB 2023-09-16 (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  6. Ander Manterola Mikel Zarate gogoratzen. (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).
  7. «Labayru Hiztegia» Labayru Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  8. «Ibiñagabeitia Proiektua» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  9. «DERIOKO HIRU ABADEK PIZTUTAKO SUA» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  10. Fair Saturday Fundazinoaren saria Labayruri | Labayru Fundazioa. 2023-09-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  11. Labayru Fundazioa. «Argitalpenak» Argitalpenak (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  12. Labayru Fundazioa denda | Labayru Fundazioa. (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]