Bizkargiko gudua
Bizkargiko gudua | |||
---|---|---|---|
Espainiako Gerra Zibila | |||
Iparraldeko frontea | |||
Guduzelaia | |||
Data | 1937ko maiatzaren 9tik 16ra | ||
Lekua | Bizkargi mendia | ||
Emaitza | Frankisten garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Bizkargiko Gudua Espainiako Gerra Zibileko gudua izan zen, Bizkargi mendian (Larrabetzutik hurbil, Bizkaian) gertatua, 1937ko maiatzaren 9tik maiatzaren 16ra arte. Aurrez aurre izan zituen Eusko Gudarostea eta Errepublikaren aldeko hainbat kantabriar, batetik; eta Errepublikaren aurka matxinatutako armada frankista (Tertzio nafarrak, espainiarrak eta marokoarrak), bestetik. Frankisten aldeko aire indarrak, (Alemania naziaren Kondor Legioa eta Italia faxistaren Aviazione Legionaria) erabakigarriak izan ziren gudaren emaitzan.
Guztira ehundaka soldadu hil ziren. Frankistek guda hau irabaztearen ondorioz, Bilboko Burdin Hesira heldu ziren.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936-1939ko gerran borroka gogorrak izan ziren. Burdin Hesiarekiko hurbiltasunak, bi kilometro eta erdira zegoenak, balio taktiko handia ematen zion, (behaketa- eta finkapen-postu bikaina baitzen), armada frankistaren artilleriari Gaztelumendiko gotorlekuetan aurre egiteko.
Mendigunearen aurkako erasoa, euskal gudarien esku zegoena, Nafarroa I. Brigadaren esku utzi zen. Brigada horrek 1937ko maiatzaren 9an Muxikaren zati handi bat eta Besangiz auzoa okupatu zituen, eta maiatzaren 10ean 266 eta 312 kotek eta Zarragoikoa baserriak osatutako lerroa. Horrela, ipar-ekialdeko Bizkargiko aldea konkistatua izan zen.
Behin betiko erasoa bigarren egunaren goizaldean gertatu zen. Euskal lubakiak suntsitzen zituen artilleria eta aireko eraso gogorraren ondoren, Nafarroako tertzioen soldaduek mendigunea okupatu zuten Bizkargiko gailurretik Arbururaino eta 466. kotaraino. George Steerrek galera horren erantzukizunaren zati bat Santanderko batailoi batek bere posizioak uztean egotzi zion. Errepublikar Estatu Nagusiak Larrabetzu ebakuatzea eta gudarosteak Aretxabalagaiñako gailurretara atzeratzea agindu zuen. Agindua ez zuen bete Eusko Jaurlaritzak, eta «Gordexola», «Kirikiño» eta «Euzko Indarra» gudarosteak, tropa berriekin indartuta, kontraerasorako prestatu ziren.
Zazpi egun iraun zuen Bizkargiko gudak. Erasoak eta kontraerasoak gertatu ziren. Lur zati bakoitza gogor borrokatu zen. Batzuek diote sei aldiz lortu zutela euskal batailoiek Bizkargi birkonkistatzea, baina beste batzuek ukatu egiten dute baieztapen hori, «etsaiak ezin izan zuela inoiz bere oina jarri zuhaitzik gabeko muino haietan». Agian, desadostasun hori Bizkargiko mendigunearen hedadurari egotzi behar zaio, alderdi bakoitzak zati batean okupatzea ahalbidetzen baitzuen. Azkenean, mendia frankisten esku geratu zen behin betiko, eta etorkizun labur batean gudaroste matxinoek oinarri bikain gisa erabili zuten Bilboko Burdin Hesiko sektorerik ahulenari azken erasoa egiteko[1].
Gerra osoan gertatu zen bezela, Euzko Gudarostearen abiazio falta erabakigarria izan zen. Mendia bera formaz aldatzeak eman dezake borrokaren gogortasunaren ideia bat. «Hegazkinek eta kanoiek jaurtitako milaka bonbek eta granadek itxura ederra txikitu zioten, eta mokoa desegin eta desitxuratu zuten». idatzi zuen George Steerek "El Árbol de Gernika"n (139-140 or).
Omenaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkargiko borrokaren omenez, urtero Bizkargi Eguna ospatzen da maiatzaren lehenengo igandean. Besteak beste 2022an, 85. urteurrenean 1937an hildako sei gudari gabiriarrak oroitu zituzten.
Ehunka lagunek parte hartu zuten igande horretan Bizkargi Egunean, mendi honetako borrokaren 85. urteurrena gogoratzeko. 1937an faxisten kontrako liskarretan hildako Amaiur Batailoiko sei gudari gabiritar oroitu zituzten.
70 bizilagun baino gehiago joan dira Gabiriatik eta horietako 11 bizikletaz joan ziren. Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatuta 1937an hil zituzten Joxe Mari Gabiria Alustiza, Simon Altzueta Ariztimuño, Luis Altzueta Ariztimuño, Joxe Apaolaza Oiarbide, Jexux Izagirre Artsuaga eta Ramon Igartzabal Otegi gabiriarrei omenaldia egin zieten[2][3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/bizkargi/ar-14581/
- ↑ https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220508/bizkargiko-borrokaren-85-urteurrenean-1937an-hildako-sei-gudari-gabiriarrak-oroitu-dituzte
- ↑ https://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/bizkargi-eguna-ospatuko-20220503215139-ntvo.html?ref=https%3A%2F%2Fwww.diariovasco.com%2Ftolosa-goierri%2Fbizkargi-eguna-ospatuko-20220503215139-ntvo.html