Edukira joan

Euskal preso politikoak (1978-egun)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal preso politikoak izendapenaren azpian, euren aktibismo politiko abertzalearengatik edo baita ere, euren aktibismoaren baitan terrorismo eta indarkeria ekintzak burutzeagatik, laguntzeagatik, justifikatzeagatik , ekintza hauen alde egoteagatik edo Espainiako epaileentzat ETAren alde egoteagatik preso izandako euskal herritarrak sartzen dira. Oro har, ez dago preso politiko kontzeptuaren gaineko adostasunik[1], eta sektore sozial zein ideologiko bakoitzak bere irizpideak ditu: preso politikoen existentzia ukatzetik, ETA erakundeko kideak diren guztiak barnebildu arte. 1978ko Espainiako trantsizioaren ostetik, ikuspegi hauek ere aldatu dira, frankismoan preso politikoak zeudela onartzen duten askok ez dutelako ondoren preso politikoak onartzen.

Preso politikoen existentzia onartzen duten sektoreek, talde horretan sartu ohi dituzte ETAko kideak, kale borrokan aritutakoak, edo ezker abertzaleko erakundeetako arduradun edo ENAMeko kideak ere, asko Dena da ETA doktrinapean zigortutakoak. Euskal preso horietako batzuk EPPK erakundean antolatu izan dira, zehazki euren preso politiko izaera aitor zedin. EPPKko kide gehienak, baina ez guztiak, ETAko kide izan dira[2].

2019rarte Frantzian eta 2022. urterarte Espainian preso gehienak Euskal Herritik urrun dauden espetxeetan zituzten, Euskal presoen sakabanaketaren ondorioz. Presoen eskubideen aldeko mugimendu ugari egon dira Euskal Herrian, euren amnistia eskatzen duten taldeetatik, herriratzea eskatzen duten sektoreetara. Azken ikuspegi honek babes zabala du Euskal Herriko iritzi publikoan, zein eragile politiko eta sozialean artean[3], eta preso hauen eskubideen aldeko mobilizazioak Euskal Herrian egindako handienak izan dira.

Euskal gatazka dela eta, preso politikoen existentzia XIX. mendetik egiaztatua badago ere (Sabin Arana, esaterako, espetxeratua izan zen 1895 urtean), 1978 urteko erreferentzia garrantzitsua da, frankismoa amaitu eta Espainiar Trantsizioa abiarazi zen garai horretan, 1977ko Espainiako Amnistia Legea dela eta, Espainiako espetxeak euskal preso politikorik gabe geratu baitziren 1977ko abenduan; 1978tik hasita, ordea, euskal gatazkaren ondorioz beste milaka euskal herritar preso izan dira. Preso politiko horien alde, euskal gizartean elkartasun mugimendu zabala izan da, ezker abertzalearen aldetik (presoen eskubideak defendatzeko sortutako Amnistiaren Aldeko Batzordeak nahiz Etxerat izeneko erakundearen bitartez, esaterako) nahiz beste erakunde eta gizarte-sektoreen eskutik. Presoek beraiek Euskal Preso Politikoen Kolektiboa izenekoa ere osatu zuten, euren eskubideen alde eta euren konpromiso politikoarekin aurrera jarraitzeko. Hain zuzen, Espainiar Estatuak, bereziki, euskal presoen aurkako neurri zorrotzak hartzea salatu da, presoen giza eskubideen aurka sarri. Neurri horietan nabarmenena euskal presoen sakabanaketa izan da, presoak Euskal Herritik urruti dauden espetxeetara eramanez; aldi berean, anitz izan dira preso egoeraren ondorioz, bere buruaz beste egin duten presoak edota espetxean gaixotu eta hil direnak.

Euskal preso politikoen izendapena eztabaidatua da eta euskal gatazkaren alderdi garrantzitsua da izan urte horietan. Batzuen ustez, euskal presoak ez dira preso politikoak, terrorismo eta indarkeria ekintzak burutu dituzten gaizkileak baizik eta euren egoera ez da inolaz ere termino politikoetan aztertu eta eztabaidatu behar. Sektore abertzaleen iritziz, ordea, euskal presoen existentzia gatazka politiko baten ondorioa da eta preso horiek euren aktibismoa garatu eta ekintzak burutzeko motibazioa politikoa da argi eta garbi. Aldi berean, euskal preso politikoen gaia, bereziki balizko amnistia bat, ETA eta espainiar gobernuaren arteko negoziazio edo bake-prozesuaren puntu garrantzitsua bilakatu da urte horietan, espainiar sektore nazionalista eta kontserbadoreak aukera horren aurka azaldu izan badira ere.

2014ko azaroaren 1ean jakitera eman zenez, 463 euskal preso zeuden 73 espetxetan; %46 etxetik 400 eta 790 kilometro artean zeuden, eta %39,9, 800-1.000 kilometro artean. Presoen senide guztien artean 352.329 kilometro egiten zituzten astebururo; munduari 8,8 buelta[4].

2020ko maiatzaren 21ean 240 euskal preso zeuden espetxeetan: Euskal Herrikoetan, lau —horietako bat, (Ibon Iparragirre) Aita Menni Ospitalean—; Espainiako Estatuko besteetan, 201; eta Frantziakoetan, 35.[5]

Espetxe politika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal presoen giza eskubideen aldeko manifestazioa (2014)
Sakontzeko, irakurri: «Euskal presoen sakabanaketa»

Espainiako eta Frantziako gobernuak espetxe-politika zehatza definitzen joan dira euskal preso politikoei aurre egiteko, beti ere, horien jatorriko gatazkaren gorabeherei estu lotuta. 2008ko abenduan Espainiako Barne Ministro Rubalcabak berretsi zuen espetxe-politika ETAren aurka Espainiako Estatuaren estrategia dela, eta presoak baliatzen dituztela ekinbide horretan [6]. 2009ko irailean Rodolfo Ares EAEko Barne sailburuak, espetxe politika borroka antiterroristarako tresna bat dela zehaztu zuen. [7].

Bide horretatik, 1983. urtean gizonezko presoak Herrera de la Manchan eta emakumezkoak Yeseriasen bildu zituzten. Hortik abiatuta, 1986an hasi ziren euskal preso politikoak Espainiako beste hainbat espetxetatik sakabanatzen. 1989an, ETA eta espainiar Gobernuaren arteko Aljereko negoziazioek porrot egin ondoren, orokorrean ezarri zen sakabanaketa: preso guztien arteko banaketa eta beren urrunketa Espainiako estatuko geografia osoan barna, Kataluniako Autonomia Erkidegoko espetxeetan izan ezik, espetxe politika gogortzearekin batera: bizi baldintzak minimoen azpitik, murrizketa gogorrak komunikazioetan, baldintzapeko askatasunaren ukapen sistematikoa, agresioak areagotzea espetxeetan eta, batez ere, kondukzioetan...

[8]. 2009ko ekainan, EPPKko 731 presoak 2 estatutako 83 kartzelatan sakabanatuta dituzte. Espainiar Estatuari dagokionean, 529 preso 51 kartzela ezberdinetan sakabanatuta zituzten -kartzela barruan ere modulu ezberdinetan sakabanatzen zituzten elkar ez ikusteko-, batez besteko, Euskal Herritik 630 kilometrora. Euskal Herrian kokatutako espetxeetan Kolektiboko 12 preso zeuden. Frantziar Estatuko 32 kartzelatan, berriz, EPPKko 152 kide zituzten preso, batez besteko, beren etxeetatik 800 kilometrora [9].

Espetxe aldaketak Espetxe Politikaren helburuen zerbitzuan egiten dira [10]. Era berean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Espainiako espetxeetan bakartze politika areagotzeko neurriak hartu zituztela salatu zuen 2010eko martxoaren 2an [11]

Sakabanaketarekin batera, neurri, arau eta lege ugari egokitzen joan dira Kolektiboa desegiteko asmoz: bizi-baldintzak gogortzea, presoen senideak modu batera eta bestera zigortzea, ikasketak debekatzea, komunikazioak murriztea eta, batez ere, espetxe zigorrak luzatzea. Horietan ezagunena, “Parot doktrina” deritzona izan da.

Espainiako Zigor Kodearen aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Zigor Kodeak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei begira hainbat aldaketa izan ditu denboran zehar.

1973ko Zigor Kodea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973ko Zigor Kodearen arabera, preso batek gehienez 30 urte egin zitzakeen kartzelan, eta, hartara, ezarritako zigor guztiak 30 urtean biltzen ziren. Horrezaz batera baziren zigor hori arintzeko neurriak: hiru laurdenak beteta baldintzapean aske irtetea, espetxe onurekin kartzelan denbora gutxiago egitea...

1995eko Zigor Kodea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Terrorismo" delituarekin lotutako zigorrak handitu ziren, beste batzuk murrizten ziren bitartean. Espetxean bete beharreko gehienezko epea 40 urtera luzatu zen. Gainera, desagertu egin ziren espetxe zigorra murrizteko onurak. Baldintzapeko askatasuna lortzeko moduak ere aldatu ziren, eta baldintza berezi berriak ezarri zitzaien "terrorismo" delituarekin lotutako zigorren kasuan: barkamena eskatzea, "terrorismoa" gaitzestea...

2003ko aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko erreforman, hainbat lege aldaketa gehiago egin zituzten; tartean, adingabekoak Auzitegi Nazionalean epaitzea ekarri zuena. Era berean, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako guztien espetxeko baldintzak kontrolatzeko, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala ezarri zuten, ordura arteko Tokiko zaintza epaitegiek aplikatzen zituzten irizpide juridikoen gainetik Gobernuaren Espetxe Politikaren irizpideak gailentzeko.

Auzitegi Gorenaren 197/2006 sententzia («Parot doktrina»)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an Espainiako Gobernuak neurri berriak iragarri zituen Iñaki de Juana kalera ez zedin. "Haren kontrako inputaziorik ez badago, eraiki egingo ditugu" esan zuen Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroak 2006ko urtarrilean. Espetxeko zigorrak murrizteko jasotako onurak ezin izan zizkioten baliogabetu baina, eta inputazio berriak ezarri zizkioten bi iritzi artikuluengatik. Unai Paroten kasuan, De Juanaren auzian jasotako onurak baliogabetu ezin zirela finkatuta gelditu zenez, zigor guztiak 30 urtean batu beharrean bi kondenatan banatzea erabaki zuen administrazioak, horrela espetxe zigorra luzatzeko. Horren kontrako helegitea onartu zuen Auzitegi Gorenak, baina bere ebazpenean erabaki zuen, inork proposatu eta galdetu gabe (auzia 1973ko Zigor Kodeak esaten zuen moduan espetxe zigor guztiak 30 urteko zigor batean batzearen ingurukoa zen), jada onartutako espetxe onurak kentzerik ez zegoela, baina ezarritako zigor bakoitzari aplikatu behar zitzaizkiela. Harrez gero, irizpide hori aplikatzen zitzaien 1973ko Zigor Kodearekin epaitutakoei.

2013ko urriaren 21ean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak doktrina honek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5. eta 7. artikuluak urratzen dituela esan zuen: askatasunerako eskubidea eta segurtasun juridikorakoa.[12] Europar Batasuneko erabaki honen ondorioz, Parot doktrina bertan behera geratu zen.

2015eko aldaketa: betiko kartzela-zigorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta alderdi gehienak aurka egon, Alderdi Popularrak Kode Penalaren erreformaren onarpena aurrera atera zuen 2015ean.[13][14]

Betiko kartzela-zigorra -berrikusteko aukerarekin- indarrean jarri zuen bere gehiengo-absolutua aprobetxatuz. Lege berri hau nagusiki honakoei eragiten die: Sexu eraso larriak egiten dituztenei, Espainiako monarkiaren aurka doanari, ETAkideei eta Dena da ETAren barruan daudenei. Hau da, Euskal Preso Politikoak berrogei urte kartzelan egon eta gero, bere kasua berraztertu eta urte gehiagotan jarraitu ahal dute kartzelan.[15]

2020ko urriaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez zuen onartu lau euskal presoren helegitea, Frantzian emandako espetxe urteak Espainiako kartzelaldian ere kontuan hartu eta indarrean zen legediaren arabera epaituak izan zitezen; aldiz, Espainiako estatua kondenatu zuen Auzitegi Konstituzionalak ez zuelako lau presoen helegitea onartu eta bidezko epaiketa izateko eskubidea urratu zitzaielako.[16]

Frantziako legearen aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985ko legeak politika berezi berri bati estaldura legala ematen dio: jurisdikzio berezi bat ezartzen zaie euskaldunei atxilotzeko, inkulpatzeko, espetxeratzeko eta epaitzeko tenorean. Hortik hasten da sakabanaketa politika eta euskal presoen urrunketa.

1996tik aurrera, frantses Kode Penalaren aldaketa batek "ekintza terrorista"ren definizioa eta bere tipifikazioa ahalbidetu zituen.

Aldaketa honen korolarioa, Dominique Perben ministroak 2002 eta 2004a artean bi fasetan ezarritako erreforma izan zen; espetxe arlorako translazioa 2005ean suertatu zen, Juge d'Application des Peines (JAP) sortuz, espainiar Entzutegi Nazionaleko Zaintza Epaitegi Zentralaren homologoa. Aldaketa hauek zigorrak gogortu eta frantses espetxeetako bizi baldintzak hondatu dituzte [17].

Urte hauetan guztietan, 1978tik hona, alegia, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 28 kide hil dira espetxean bertan edo kartzelak eragindako gaixotasunen ondorioz handik atera ostean.

Jose Ramon Goikoetxea Bilbao: Alcalá Mecoko (Madril) espetxeko dutxan urkatua eta lepoan ebaki sakona zuela agertu zen 1985eko ekainaren 26an. 27 urte zituen.

Joseba Asensio Artaraz: Herrera de la Manchako (Ciudad Real) bere ziegan hil zen 1986ko ekainaren 8an, espetxeko mediku taldeak zuen tuberkulosia katarro soil gisa tratatua izatearen ondorioz. 27 urte zituen.

Josu Retolaza Loidi: 1987ko maiatzaren 19an hil zen bere etxean, minbizi terminala izateagatik kaleratu ondoren. Minbizia garatxo soil gisa diagnostikatu zioten espetxean. 33 urte zituen.

Mikel Lopetegi Larrarte: Herrera de la Manchako bere ziegan urkatua agertu zen 1988ko martxoaren 2ko goizean. 33 urte zituen.

Juan Carlos Alberdi Martiarena: 1988ko ekainaren 15ean hil zen Herrera de la Manchan bihotzekoak jota, medikua zen lagun presoa suspertzen saiatzen zen bitartean. Ez zuen bihotzeko arazorik eta ez zegoen arrisku taldekoen artean. 30 urte zituen.

Migel Zalakain Odriozola: 1990eko azaroaren 30eko gauean hil zen bihotzekoak jota, uztailaren 20an izandako miokardio infartu akutua behar bezala ez zaintzearen ondorioz. 58 urte zituen.

Jean Groix: Euskal errefuxiatuak hartzeagatik Fresnesen (Paris) espetxeratutako bretoia, irain eta difamazio kanpaina baten ostean, urkatua agertu zen bere ziegan 1991ko urtarrilaren 27an. 40 urte zituen.

Pello Mariñelarena Imaz: 1993ko maiatzaren 15ean hil zen Parisko Antoine Beclere Ospitalean Fresneseko Ospitaletik bertara eraman ondoren. La Santeko espetxean izandako mediku asistentzia ezagatik, seropositibo izaerak zaildua, hil zen. 29 urte zituen.

Jabi Gorostiza Lejarriaga: 1995eko ekainaren 17an hil zen Bilboko Basurto Ospitalean. Asistentzia ezagatik areagotutako laringe minbizia larriagotu ondoren ospitaleratu zuten. Urtebete lehenago kaleratua izan zen eritasuna atzeraezina zelako. 55 urte zituen.

Juan Jose Etxabe :1996ko uztailaren 11n hil zen, espetxetik kaleratu eta 18 egunetara, bihotzekoak emanda. Fresneseko kartzelan izan zuten denboran bere osasun egoerak nabarmen egin zuen okerrera, hepatitis C-a kartzelako denboran berriro garatu egin zitzaiolako.

Jean Louis Maitia : 1997ko abuztuak 25ean hil zen, kaleratu eta bi hilabetetara, bihotzekoak eman ostean. La Sante kartzelan egon zen denboran bere osasunak okerrera egin zuen.

Jose Maria Aranzamendi Arbulu: 1997ko otsailaren 7an Alcala Mecoko bere ziegan urkatua agertu zen. 41 urte zituen.

Juan Carlos Hernando Gonzalez: 1997ko uztailaren 20an Albacete espetxeko bere ziegan urkatua agertu zen. 35 urte zituen.

Santiago Diez Uriarte: 1997ko urriaren 27an hil zen Bilboko Basurto Ospitalean. Asistentzia ezagatik areagotutako masailezurpeko minbizia larriagotu ondoren ospitaleratu zuten. Zazpi hilabete lehenago kaleratua izan zen gaixotasuna atzeraezina zelako eta ezinezkoa zelako ebakuntza kirurgikorik egitea. 34 urte zituen

Esteban Esteban Nieto: 1999ko irailean 26an hil zen, Tolosan. Espetxe baldintza oso gogorretan eta asistentzia ezan minbizia larriagotu ondoren 1999ko apirilaren 7an kaleratu zuten. 45 urte zituen.

Ramon Gil Ostoaga: 2002ko urriaren 23an hil zen Legazpian, bere buruari eskopetaz tiro egin ondoren. 15 egun lehenago irten zen kartzelatik, buruko arazoak zituela. 46 urte zituen.

Kepa Miner Aldabalde: 2004 apirilaren 26an hil zen, Donostiako ospitale batean. 19992Ko uztailaren 2an kaleratu zuten 92. artikuluaren aplikazioarekin, gaixotasun sendaezinak zituelako. 70 urte zituen [18].

Oihane Errazkin Galdos: 2004ko uztailaren 7an agertu zen urkatuta Fleury-Merogis espetxean. 31 urte zituen.

Jose Angel Altzuguren Kottorena: 2005eko urriaren 31an urkatuta aurkitu zuten Soriako espetxeko ziegan. Buruko arazoak izan arren, 10 egun lehenago atxilotu zuten gelditzen zitzaion espetxe zigorra betetzeko, eta Soriara bidali zuten, bakartuta. 39 urte zituen [19].

Igor Angulo Iturrate: 2006ko otsailaren 27a urkatuta aurkitu zuten bere ziegan, Cuencako espetxean, eskuak lotuta zituela. 32 urte zituen [20].

Roberto Sainz Olmos: 2006ko martxoaren 3an hil zen Aranjuezeko espetxean, bihotzekoak jota. 41 urte zituen [21].

Mikel Ibañez Oteiza (Elgoibar)[22]. 2011ko apirilaren 7an hil zen bere etxean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen heriotza honen atzean errepresioaren itzala zegoela [23]. 2008ko ekainean espetxetik irten eta etxean egoteko baimena eman zioten. Etxetik irten gabe 2 urte baino gehiago eginda berriro espetxeratu zuten 2010eko abuztuan [24]. 2010eko irailaren 15ean berriro eraman zuten etxera, espetxe arindu egoeran jarraitzeko [25] [26].

Anjel Figueroa Fernandez (Getxo). 2008ko azaroaren 11n etxeratu zuten, gaixorik, espetxe zigorra etxean betetzeko. 2013ko martxoaren 14an hil zen. [27]

Xabier Lopez Peña (Galdakao). 2013ko martxoaren 30ean hil zen, Pariseko espetxeko ospitale batean, oraindik ondo argitu gabe dagoen egoeran.

Arkaitz Bellon Blanco (Elorrio). 2014ko otsailaren 5ean hil zen, Puerto I espetxean [28] .

Kepa del Hoyo (Galdakao). 2017ko uztailaren 31an hil zen Badajozeko espetxean bihotzekoak jota.[29]

Xabier Rey Urmeneta Iruñea. 2018ko martxoa. Puerto de Santamarían hila topatu zuten[30].

Igor Gonzalez Sola Bilbo. 2020ko irailaren 4an hila topatu zuten[31].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Christoph Valentin Steinert, "Who Is a Political Prisoner?", Journal of Global Security Studies, Volume 6, Issue 3, September 2021
  2. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2018-01-12). «Ahora los presos políticos» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  3. «ETAko presoak: gizarteratzea ala amnistia?» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-06-20).
  4. «463», Berria, 2014-11-02
  5. https://www.berria.eus/albisteak/181669/asier-ezeiza-euskal-presoa-aske-geratu-da.htm
  6. Rubalcabak onartu du presoak baliatzen dituztela ETAren aurka[Betiko hautsitako esteka]
  7. Ertzaintza Baionako polizia etxean egongo dela ziurtatu du Aresek[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  8. Dispertsio politika
  9. Sakabanaketa etxerat.info
  10. Interior acerca a Euskadi a varios presos de ETA para avivar las disensiones[Betiko hautsitako esteka] elcorreo.com
  11. Euskal preso politikoak bakartzeari ekin diote espainiar estatuko espetxeetan[Betiko hautsitako esteka] askatu.org
  12. Estrasburgok ebatzi du legez kanpo dutela Del Rio espetxean Berria, 2013/10/21
  13. https://www.justizia.eus/albisteak/ibarrarentzat-betiko-kartzela-zigorra--berrikusteko-aukerarekin--betiko-kartzela-zigorra-da
  14. http://www.rtve.es/noticias/20150326/congreso-aprueba-prision-permanente-revisable-unicos-votos-del-partido-popular/1123040.shtml
  15. http://noticias.juridicas.com/conocimiento/articulos-doctrinales/4914-prision-permanente-revisable/
  16. (Gaztelaniaz) «Nueva condena de Estrasburgo al Estado español por no garantizar un juicio justo a presos vascos» Naiz. https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20201020/nueva-condena-de-estrasburgo-al-estado-espanol-por-no-garantizar-un-juicio-justo-a-presos-vascos.
  17. Dispertsio politika txostena 2010 apirila[Betiko hautsitako esteka] etxerat
  18. Kepa Minerrek agurra jaso zuen atzo[Betiko hautsitako esteka] kronika.net
  19. Jose Angel Altzuguren euskal presoa hilda aurkitu dute Soriako espetxean[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  20. Igor Angulo euskal preso politikoa hilik azaldu da bere ziegan[Betiko hautsitako esteka] gaztesarea.net
  21. Roberto Saiz Olmos euskal hilik agertu da Aranjuezeko espetxean[Betiko hautsitako esteka] gaztesarea.net
  22. Mikel Ibañez Oteiza (Elgoibar)[Betiko hautsitako esteka] etxerat.info
  23. Mikel Ibañezen heriotzaren atzean «errepresioaren itzala» dagoela salatu dute[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  24. Mikel Ibañez berriro espetxeratu dute, gaixo dagoen arren[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  25. Mikel Ibañez espetxetik irten da, gaixorik dagoelako[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  26. Mikel Ibañez-en espetxe arindu egoeraren harira Etxerat elkartearen irakurketa[Betiko hautsitako esteka] etxerat.info
  27. Anjel Figueroa hil egin da[Betiko hautsitako esteka]
  28. Arkaitz Bellon Elorrioko presoa hilik aurkitu dute Puerto I espetxeko ziegan
  29. https://web.archive.org/web/20171025185342/https://www.berria.eus/albisteak/137403/espetxean_hil_da_kepa_del_hoyo_preso_galdakaoztarra.htm
  30. https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2018-03-07/hemeroteca_articles/el-preso-xabier-rey-muere-en-puerto-tras-diez-anos-de-carcel-y-aislamiento
  31. https://web.archive.org/web/20211023034549/https://www.berria.eus/paperekoa/1942/010/001/2020-09-05/igor-gonzalez-sola-euskal-presoa-hilik-agertu-da-bere-ziegan-martutenen.htm

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]