Edukira joan

Altsasu

Koordenatuak: 42°54′00″N 2°09′55″W / 42.89999°N 2.16516°W / 42.89999; -2.16516
Wikipedia, Entziklopedia askea
Altsasu
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Altsasuko ikuspegi orokorra Urbasatik.
Altsasuko bandera
Bandera

Altsasuko armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Iruñea
EskualdeaBurunda, Sakana
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Altsasu / Alsasua
AlkateaJavier Ollo (Geroa Bai)
Posta kodea31800
INE kodea31010
Herritarraaltsasuar
Geografia
Koordenatuak42°54′00″N 2°09′55″W / 42.89999°N 2.16516°W / 42.89999; -2.16516
Azalera26,8 km²
Garaiera528 metro
Distantzia50 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria7.590 (2023:  86)
alt_left 3.682 (%48,5)(2019) (%49,6) 3.761 alt_right
Dentsitatea286,98 bizt/km²
Zahartzea[1]% 23,97
Ugalkortasuna[1]‰ 45,06
Ekonomia
Jarduera[1]% 78,14 (2011)
Desberdintasuna[1]% 5,94 (2011)
Langabezia[1]% 17,61 (2013)
Euskara
Euskaldunak[2][3]% 26,90 (2018: %5,33)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.alsasua.net

Altsasu[4] Nafarroa Garaiko mendebaldeko udalerri bat da, Sakana haranekoa, zehazki Euskal Herriaren erdigunean dagoen Burunda bailarakoa, eta bailara horretako hiriburua da. Bidegurutze garrantzitsua da, hala errepidez nola trenbidez, Iruñea (Nafarroa Garaia), Gasteiz (Araba) eta Donostia (Gipuzkoa) Euskal Herriko hiriburuen artean. 7.612 biztanle dituenez, Iruñea eta Gasteiz artean dagoen herririk jendetsuena da.

Udalerriaren izena haltza zuhaitzaren izenetik datorrelako iritzian nolabaiteko adostasuna badago. Hizkuntzalarien ustez, izenak bi osagai ditu: haltza izena, batetik; eta -zu (su), ugaritasuna adierazten duen atzizkia, bestetik.

Izenaren ahoskera [alts̺as̺u] da.

Erdi Aroko testuetan Alssaltssu eta Alsassua formekin agertzen da. Antzinatik jatorrizko izenak ahoskera eraldaketa bat jasan du, lehenbiziko (H)altzazu izenetik gaur egungo Altsasu izenera igaroz. Gaztelaniazko Alsasua izenak jatorrizko izenari amaieran -a itsatsi zion; antzera gertatu da, adibidez, Bizkaiko Ibarrangelu (Ibarrangelua) edo Arratzu (Arrazua) udalerrien izenetan. Gaur egun, Altsasuren bi hizkuntzetako izenak koofizialak dira.

Urdiaingo Javier Goikoetxeak jasotako kondaira herrikoi baten arabera, Burunda haraneko ibai eta erreken ugaritasunaren ondorioz haltza asko zeuden herrixkak Altsa (Haltza) izena jasotzea ekarri omen zuen. Behinola, herrixka hori sute batek erabat kiskaldu eta errautsetatik herri berria sortu omen zuten. Gertaera honek Altsa izenari -su (su) atzizkia gehitu omen zion. Honebestez, Altsasu izenak "Haltza Sutan" edo "Haltzaren Sutea" esan nahiko omen luke.

Altsasu Nafarroa Garaiko mendebaldean dago, Euskal Herriko erdigune geografikotik hurbil, Iruñea eta Gasteiz arteko erdibidean (bietatik 50 kilometrora), eta Donostiatik 69 kilometrora. Itsas mailaz gaindi 528 metrora du udaletxea. Udalerriak 26,8 km² ditu. Altsasuk, Sakanako herri gehienek bezala, dermioak ditu lurralde antolaketa egiteko, eta hiztegi topologiko zabala dago herrian.

Ikus zerrenda: «Altsasuko dermioak»

Altsasu bidegune garrantzitsua da:

  • Errepideak: Altsasutik igarotzen da A-1 autobidea, eta Altsasun du muturretako bat A-10 autobideak (Sakanako autobidea).
  • Trenbideak: Altsasun elkartzen dira Madril-Irun eta Bartzelona-Vigo trenbideak.

Altsasuk honako hauek ditu mugakide:

Bereziki aipagarria da Urdiain herriarekin duen muga, luzera osoan lur-tontor batez markatuta dagoelako. Muga horrek erditik zatitzen du San Pedroko baseliza.

Hegoaldean Urbasa du mugakide, lur horiek komunalak dira. Urbasaz bestaldean, hegoaldean, Ameskoak daude.


Altsasu udalerria Urbasatik ikusia.
Bargagain mendiaren gailurra.

Sakana haranean dagoenez, hegoaldean Urbasa dago. Altsasuko punturik altuena (Bargagain, 1.157 metro) izanik.

Altzaniako mendiak eta Ataungo mendiak ere bertan daude.

Maibeloko dermioan Baso itxia dago.

Altsasun Zirauntza eta Altzania errekak elkartzen dira, Ubarkazuloko uharkatik gertu, Arakil sortzeko. Horrez gain, beste hainbat erreka daude herrian.

Altsasu
Klima-diagrama
UOMAMEUAIUAA
 
 
145
 
 
10
−1
 
 
36
 
 
12
1
 
 
126
 
 
12
6
 
 
136
 
 
14
5
 
 
12
 
 
22
11
 
 
27
 
 
25
14
 
 
20
 
 
27
14
 
 
38
 
 
28
16
 
 
57
 
 
23
12
 
 
18
 
 
23
13
 
 
157
 
 
14
6
 
 
48
 
 
12
5
Tenperatura maximoen eta minimoen batezbestekoak (°C)
Euria litro/m2-tan


Tontorsoro mendia elurtua.

Klimaren ezaugarriak azpiatlantiar motakoak dira, prezipitazio ugari eta negu hotzekin. Hilabete idor bakarra izaten da abuztua, eta aldaketa termikoa ertaina da. Urtarrileko batez besteko tenperatura 4,5 gradukoa da eta abuztukoa 18 gradukoa. Urteko batez besteko prezipitazioak 1.300 eta 1.400mm bitartekoak izaten dira eta egun euritsuak 140 inguru.

Gizakiaren eraginaren aurretik, harizti atlantiarrak udalerriaren beheko guneetan, eta pagadiak mendien tontorretan izaten ziren. Gaur egun, oraindik ere, haritzak eta pagoak dauden arren, euren azalera asko gutxitu da. Aipaturiko zuhaitzez gain, gaztainondo eta birlandaturiko pinuak ere baditugu Altsasu inguruko mendietan.

Estazio meteorologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrigunearen kanpoaldean, itsasoaren mailatik 522 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak 1913an jarritako estazio meteorologikoa dago.[5]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Auzoak eta industrialdeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altsasuk hainbat auzo ditu:

  • San Juan
  • Solana - Iortia
  • Txunkai (Geltokiko auzoa)
  • Ameztia
  • Zuntaipe
  • Alde Zaharra (Santa Kruz)
  • Intxostia

Kalerik luzeena garai bateko 1 Nazionala da eta Zelai kalea du izena San Juan kaletik iparraldera eta Gartzia Ximenez hegoaldera. San Juan kaleak herria mendebalde-ekialde norantzan artikulatzen du. Beste kale garrantzitsu batzuk: Bakea kalea, Ioartia, Isidoro Melero, Ferialeku eta Santa Kruz dira.

Udaletxea Gartzia Ximenez kalean dago.

Industrialdeei dagokienez, 3 daude herrian:

  • Ibarrea: Herriaren mendebaldean.
  • Isasia: Herriaren ipar-mendebaldean.
  • Ondarria: Herriaren hegoaldean.

4. poligonoa egitea aurreikusita dago, Urdiainekin batera egingo omen da eta Zangitu dermioan kokatuko da.

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altsasu eta haren inguruak antzinatik populatu ziren. Urbasan eta inguruetan hainbat aurkikuntza egin dira, batez ere Koskobilon, Ataban eta Oroben. Gainera, Altzanian, Blankaleku eta Munaan I eta II trikuharriak ditugu. Atauneko mugan Saratxakolegi monumentu megalitikoa dago.

Ohiturak dio Altsasuko San Pedro baselizan koroatu zutela Nafarroako lehenengo erregea, Gartzia Semenez. Hori dioen idatzi bat ere bada baselizako sarreran. Hala ere, ez da oso fidagarria, eta badirudi esaera bat baino ez dela. XII. mendean Alssatssu izenarekin ageri da idatzia, Burundako herrietako bat dela. Burundako Unibertsitatearen parte izan zen 1846 arte. XIV. mendeko estura handia zela eta, herriak hainbat herrigune irentsi zituen: Angustina, Argiñano, Elkuren, Saratsua eta Ulaiar.

XV. mendean hiri onaren izendapena eta Erreinuko Gorteetan ordezkapenik lortu ez bazuen ere, haren kokapenak berehala haranaren burua bihurtu zuen. Katalina eta Joanes III.a erregeek Gallurdea deitutako zerga kendu zioten (1498).

Erdi Arora arte Burundako biztanleak 20 herrigunetan bizi ziren. Baina izandako gudek, inbasioek eta abarrek XV. mendean gaur egun dauden sei herriak bakarrik biltzea ekarri zuen: Ziordia, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku.

XVI. mendean Altsasu Burundako Unibertsitatean ordezkatua zegoen eta 1846 arte mankomunitate horrek bere batzarrak Batzarramendi izeneko dermioan egiten zituen. Hori Urdiain eta Altsasu artean dagoen dermioa da eta garai hartan Santa Engrazia baseliza zegoen bertan.

1516. urtean Burundako herriek, batez ere Altsasuk, Batzarramendin Segura, Idiazabal, Zegama eta Zerain gipuzkoarren aldetiko eta Agurain, Egilaz, San Millan eta Araia arabarren aldetiko buruekin hitzarmena lortu zuten. Akordio hura "Altzaniako Partzuergoa" izendatu zuten, eta bertan mugetako baso eta larreen ustiapena erdibanatzea erabaki zuten ordura arte izan ziren arazoak konpontzeko. 1897an arazo horiek behin betiko konpondu ziren, nork bere herriko lurraren eskumena onartu zuenean.

Ez dakigu zehazki Altsasun 1598an Izurri Atlantikoak jo zuen edo ez, baina Burundan kasuak egon zirela jaso zen Bergaran[6].

1607an Altsasuko biztanleen ondasunak 23.516 dukatu eta 9 erreal ziren, egindako zentsoaren arabera[7]. 1646an egindako zentsoaren arabera, Altsasuk eskubidedun 96 biztanle eta bertan bizi ziren beste 16 pertsona zituen, tartean 9 alargun. Fausto Galarza zen epailea garai horretan[8]. 1677an egindako zentso berrian herriko alkateak Miguel de Goikoetxea eta Lope García de Iriarte ziren. 106 etxe eta beste 61 biztanle agertzen dira[9].

1720an Lauko Aliantzaren Gerraren baitan, Altsasu eta Olazti batzen zituen zubietako bat botatzea eskatu zuten ingeniariek, Frantziako tropek hortik Gaztelarako inbasioa egin ez zezaten; 28 urte beranduago altsasuarrak kexu ziren Olaztik ez zuelako zubia berregin eta euren ganadua Urbasara igotzeko bide hori erabiltzeko ohitura zutelako[10].

1745an Altsasuk salaketa jarri zion Bakaikuri, bertakoek txerriak Altsasuren lur komunaletara eraman, zuhaitzak moztu eta etxolak eraiki zituztelako; hori gutxi ez, eta gainera Altsasurenak ziren 30 txerri lapurtu eta Bakaikura erman zituzten. Bi herriak Burundaren parte ziren, eta lur komunalak orokorrak ziren, baina herri bakoitzak bere esparrua zuen gai batzuetarako, tartean egurra eta zerriek ezkurra jateko lekuak[11].

1740an beheko errota hobetzeko bigarren presa bat eraiki behar zela eta, Altsasuk kexa sartu zuen. Badirudi presa horrek arazoak ematen zituela, gaizki eraikia baitzegoen. 1742an, berritu eta gutxira, errekak eraman zuen eta Altsasuk erosi zuen, errotariek ezin baitzuten mantendu. Errotaren erdia Elizarena zen. 1760an beheko errota konpontzeko diru partida bat onartu zen[12].

Aro Modernoaren amaieran, 1796an, 890 biztanle zituen Altsasuk, horietatik 576 aitoren seme edo alaba. 471 emakumezko eta 419 gizonezko zeuden, eta zazpi urtetik beherakoak 50 urtetik gorakoak bezain beste ziren[13].

1798an, Ziordia eta Olaztirekin batera, Urdain, Iturmendi eta Bakaikuri aurre egin zion eskatuz Burundako udaleko bilerak egiteko estalpe bat eraiki behar bazen, ez izateko Batzarramendin, baizik eta Otadiako Kristoaren baselizaren eta Errege Bidean zegoen Zubiberriren arteko lekuren batean, bertan eraikitzea mendiak baino errazagoa baitzen[14].

Aro Garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Altsasu airetik ikusia, 1928an.
Altsasuko plaza, pilotalekua eta eliza, 1942. urtean
Altsasuko plaza, kioskoa eta eliza, 1961. urtean

Altsasun hainbat guda izan dira kokapen estrategikoa dela eta. XVIII. mendean eta XIX. mendearen hasieran batez ere gertatu ziren horiek:

1802. urtean Altsasuk aduana eta tabako administrazioa zeuzkan. 1824an, Burundako beste herriek lur komunaletan egurra ateratzen zutela baina, gero, zuhaitz berriak landatzen ez zituztela argudiatuta, Burundatik bereizteko eskaria egin zuen, herri bakoitzak bere egurra soilik erabili zezan. Eskari hau 1826an ezeztatu zen, sei herrietatik hiruk ez zutelako iritzirik, bi aurka zeudelako eta soilik Altsasuk defendatzen zuelako bereiztea[16]. 1832an Burunda osoa adi jarri zen Parisen aurkitu zen koloraren ondorioz, eta hainbat neurri hartu zituen, tartean ijitoen eta eskaleen mugimendua ekiditeko eta Amezti inguruan lazareto bat eraikitzekoa[17].

1849an irin errota bat eta landatutako 2400 erregu-lur zituen. Iruñeatik zetorren bidea artean gurdi-bidea zen, eta handik Gipuzkoara zihoana, ferra itxurakoa. Bazeukan egurra mozteko eta ehungintza-industria, batez ere armategietarako. 1863. urtean trenbidea Altsasura iritsi zen eta, bi urte geroago, Iruñea-Zaragoza linearekin bat egin zuen. Prozesu honek industrializazioa bultzatu zuen, Altsasu gune industrial garrantzitsu bihurtuz. Jada 1842an txarola egiteko fabrika bat zuen Santiago Nobleak, Zelai auzoan[18].

1907an Alfontso XIII.ak "Hiri Txit Prestua" titulua eman zion,eta harekin batera hazkuntza demografikoa izan zen bertan.

Espainiako Gerra Zibilean (1936ko uztailaren 18tik 1939ko apirilaren 1era) uztailaren 18an bertan Nafarroa Garaia Mola jeneralaren eskuetan erori zen. Altsasun, ordea, tradizio sozialista handia zegoen, batez ere PSOEren eta UGTren eskutik. Tradizio horrek Altsasun erresistentzia biltzea ekarri zuen. Ezkerrak indar handia izan arren, ez zegoen armarik herrian eta uztailaren 20rako, 450-500 bat altsasuar pasatu ziren Gipuzkoara, Errepublikaren alde borrokatzera Eusko Gudarostean sarturik, gehienak gizon gazteak ziren. Hasieran, euskal agintariek altsasuarrekin batailoi bat osatzea pentsatu zuten, baina laster bertan behera utzi zuten ideia, zorte txarrak batailoia suntsitu baitzezakeen, Altsasu gazterik gabe utziz. Hori dela eta, altsasuarrak Eusko Gudarosteko batailoietan sakabanatu ziren. 84 altsasuar gaztek galdu zuten bizia gobernu legalaren alde borrokan. Sakanara bueltan, behin Altsasu galduta, Sakana berriro gune estrategiko bilakatu zen garraiorako. Hori zela eta, faxisten eta Himmlerren arteko bilkura bat egin zen Altsasun. Uztailaren 21ean Guardia Zibilak udala kendu eta haren konfiantzako jendea jarri zuen. Urteak aurrera eginda, batez ere 1950eko hamarkadaz geroztik, Altsasuk garapen industrial handia izan zuen. Horrek migrazio handia eraman zuen, batez ere Extremaduratik. Horren ondorioz, Altsasuko hiritarrak 1850ean ziren 1000 haietatik 1981ean ziren 7.250 horietara pasatu ziren. Hortik aurrera egonkor ibili da biztanleria.

1977an EAE, HASI, LAIA, EIA eta ESB batuta Altsasuko Mahaia sortu zen, eta bertatik, Herri Batasuna.

1980. urtean Altsasun ospatu zen lehenengo Nafarroa Oinez. Horren ondoren, 1993an, 2005ean eta 2018an Nafarroako ikastolen jai nagusia berriro ere ospatu zen Altsasun.

Altsasuk garapen demografiko handia izan zuen trenbidearen iristearen ondorioz. Hala, 1850ean 1.000 biztanle baino ez zituen, eta 1981ean, berriz, 7.250. Gutxi gorabehera, kopuru horretan mantendu da hurrengo urteetan.

Herritarren heren bat (2.291) herrian jaio zen, beste herena Nafarroako Foru Erkidegoko beste herri batzuetan (2.258), eta azken herena Espainiar estatutik kanpo, 40 biztanle atzerrian jaio ziren. Immigrazio handia izateko arrazoi herriak dituen industriagunea eta errepide lokarria aipa daitezke. Esan bezala, herriak ehun urtean populazioa zazpi halako egin zuen, batez ere Extremaduratik joandako jendearekin. Beste asko inguruko herrietatik joan ziren. Azken urte hauetan gainera, 2001eko zentsuan agertzen ez den Hego Amerikako komunitate handi bat sortu da, batez ere Ekuadorretik joan dena. 2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 597 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %7,93 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).

Altsasun, gainera, eskualde buru denez gero, inguruko herrietan zentsaturik dagoen jende asko izaten da egunean zehar.

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.


2001eko zentsuaren arabera 3.543 gizon (%50,59) eta 3.461 (%40,41) emakume zeuden. Adin tarteen taula behean dago.

ADINA 0-4 5-9 10-14 15-19 20-24 25-29 30-34 35-39 40-44 45-49 50-54 50-59 60-64 65-69 70-74 75-79 80-84 85-89 90-94 95+
Emakumeak 145 190 186 244 265 281 302 288 200 183 185 157 208 196 182 102 73 53 19 2
Gizonak 150 183 201 238 280 284 305 317 292 238 185 162 221 181 146 87 50 15 8 0

Udal hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altsasuko udalak 13 zinegotzi ditu osotara. 1999ko hauteskundeetan Euskal Herritarrokek izan zuen alkatetza. Lehenago, 1979tik HB, PSN eta Altsasuko Taldeak (EAJtik hurbileko zerrendak) ere izan dute alkatetza.

2003an Aralar alderdiak izan zuen alkatetza. Orduan Altsasuko Indarra ezker abertzaleko plataforma legez kanpo utzi zuten. PSN, Eusko Alkartasuna, Nafarroako Ezker Batua eta Unión del Pueblo Navarro ere aurkeztu ziren.

Altsasuko alkatea Nafarroa Bai alderdiko Unai Hualde atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko hamahiru zinegotzietatik lau lortu zituen. Baliogabeko botoak 47 izan ziren (emandako guztien %1,24) eta 89 boto zuri izan ziren (botoen %2,38). Abstentzioa %37,38koa izan zen.

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bildu koalizioa izan zen irabazle botoetan, baina zinegotzietan lau eskuratu zituen, Nafarroa Bai koalizioak bezala. Bilduko Garazi Urrestarazu hautatu zuten alkate.

2015eko udal hauteskundeetan Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bilduk zinegotzi bat galdu zuen, eta Nafarroa Bairen ondorengoa zen Geroa Bai koalizioak bat irabazi zuen. Bestalde, indarrez sartu zen Goazen Altsasu herri plataforma udalbatzan, bi zinegotzirekin. PSN eta UPN alderdiek nork bere zinegotziak mantendu zituen, eta PPk eta Ezkerrak beren zinegotziak galdu zituzten. Emaitza horien ondorioz, Geroa Baiko Javier Ollo hautatu zuten alkate.

2019ko hauteskundeetan, Geroa Baik aurrekoetan lortutako emaitza hobetu eta 10 zinegotzi izatera pasa zen, aurreko kopurua bikoiztuz. 2405 boto jaso zituen. EHBilduk botoetan gora egin zuen, 836 boto jasoz eta zituen 3 zinegotziak mantenduz. PSN, Goazen Altsasu eta Navarra Suma koalizioa (UPN, PP eta Ciudadanos alderdien elkartzea) haien zinegotziak galdu eta ordezkaririk gabe gelditu ziren. Lehen aldiz, bi indar bakarrik daude Altsasuko udalean.

Altsasuko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24

2019ko maiatzaren 26

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Geroa Bai (2015) / Nafarroa Bai (NaBai) (2011)
5 / 13
1.405 (% 36,80)
10 / 13
2.467 (% 62,46)
Euskal Herria Bildu
3 / 13
818 (% 21,42)
3 / 13
843 (% 21,34)
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE)
2 / 13
516 (% 13,51)
0 / 13
187 (% 4,73%)
Goazen Altsasu / Ahal Dugu
2 / 13
469 (% 12,28)
0 / 13
124 (% 3,14)
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) / Navarra Suma (NA+)
1 / 13
251 (% 6,57)
0 / 13
212 (% 5,37)
Izquierda-Ezkerra (I-E) / Nafarroako Ezker Batua (NEB)
0 / 13
146 (% 3,82)
0 / 13
50 (% 1,27)
Nafarroako Alderdi Popularra (PPN)
0 / 13
150 (% 3,93)
Vox
0 / 13
15 (% 0,38)
Datuen iturria: 2015eko hauteskundeen emaitzak interior.es webgunean, 2019ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean

Antzina udaletxea Foruen plazan dagoen "Gure Etxea" eraikinean egon zen, gaur egun kultur-etxe moduan erabilitako eraikinean alegia. Gaur egungo udaletxea XIX. mendearen hasieran eraiki zen eta eraikinak gaur egun duen itxura 1943an eginiko eraberritzearen ondorio da. Eraberritzea Casimiro Díaz arkitektoak zuzendu zuen.

Beheko solairuan, idazkaria, udaletxeko bulego nagusiak eta udaltzaingoaren egoitza daude. Lehen solairuan, alkatearen bulegoa, udalbatza-aretoa eta bestelako bilera gelak zeuden. Azken hobetze lanak 1987ko irailaren 14an amaitu ziren, herriko jaien hasierarekin batera. Udala alkateak eta hamahiru zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: García Ximénez kalea, 36

Alkateen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altsasu auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko urriaren 15eko gauean izandako gertakarien soka luzea ekarri zuen prozesu juridiko bat hasi zen, Altsasu auzia bezala ezaguna egin zena. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak zuzendutako auzian bi Guardia Zibil eta euren bikoteen eta herriko hainbat gazteren artean gertatutako liskarra epaitzen zen,[1] eta eraso terrorista bat zela argudiatuta 375 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak.[2]

Tartean egondako hiru gazte 2016ko azaroaren 14tik zeuden kartzelan auzi hau zela eta.[3] Azkenean, nahiz eta ekintza terroristaren izaera bertan behera geratu, 9 urte eta sei hilabete arteko kondenak jaso zituzten.

Azpiegitura eta garraioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Burundesaren Bilbo eta Iruñea bitarteko autobus lineak geltokia dauka Altsasun. Horrez gain, Gasteiz-Iruñea lineak ere tarteko geltokia dauka udalerrian.

Konpainia berdinaren Sakanako herriak elkartzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honakoa da:

Altsasuko Marino Arramendiaren[19] testigantza, Altsasu inguruan euskarak zuen egoeraren ingurukoa, trenak etorkin asko ekarri baitzituen herrira. Euskal Herriko Ahotsak[20][21] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Altsasuko[22] bertako euskalkia Burundako euskara[23] da, hego-sartaldeko[24] nafarreran[25] kokatzen dena. Hizkera berezia da Burundakoa, Nafarroan egon arren, bere kokalekuagatik, asko hartu baitu Burundako hizkerak Arabatik eta Gipuzkoatik. Gainera, Nafarroan edo Sakanan bertan sortu diren gertakari zenbait ez dira zabaldu Burundara. Eta, alderantziz, mendebalean, Gipuzkoan edo Burundan bertan sortutako berrikuntzek ez dute Etxarri Aranatz zeharkatu. Gertakari horrek burundarren arteko batasuna eta gainerako sakandarrekiko haustura erakusten du Koldo Zuazoren arabera. Inguruko euskalkiekin egiten duen loturagatik Burundakoa "tarteko hizkera" dela esan daiteke.

Altsasuko San Pedro baselizan erromeria
Altsasuko momorrotxoak.
  • Urtarrilaren 5a - Zentzerrada. Jai erlijiosoa.
  • Urtarrilaren 6a - Urteko kintoen sorteoa egiten da udaletxean.
  • Otsailaren 4a - Kintak eskatzen ateratzen dira.
  • Otsailaren 5a - Kintoak eskatzen ateratzen dira eta hurrengo egunetan dantzatzen dute plazan. Hurrengo larunbatean herriko kinta guztiek bazkaria egiten dute.
  • Inauteriak - Igandean umeak ateratzen dira. Asteartean Momotxorroen ihauteria da. Hurrengo larunbatean Ihauteri urbanoak dira.
  • Maiatzaren 2aren ondorengo igandea - Maiatzako Gurutzea. Urbasara igoera eta azken urte hauetan Altsasuko Alde Zaharreko jaiak egiten dira.
  • Ekainaren lehen asteburuan - Txuntai (Karbonilla) auzoko jai txikiak.
  • Ekainaren 23 San Juan suak - Suak hainbat lekutan eta bereziki San Juan kalean. Hurrengo egunean afariak.
  • Ekainaren 29 San Pedro - Herriko Patroia. Baselizaren inguruetan erromeria egiten da eta zortzikoa dantzatu.
  • Irailaren 14 - Iraileko Gurutzea. Jai Nagusiak dira. 13tik 17ra
  • Urriaren bigarren hamar egunen lehen igandea: Feriak.

Ezkilen errepika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Altsasuko errepika, 2019ko maiatzaren 5ean, urte horretako lehenengoa.

Eskuzko kanpai-jotzea kanpaiak jotzeko tradizioa Altsasun mantendu da mendeetan gaur egunera arte. Maiatzeko gurutzearen egunetik (maiatzaren 3a) Iraileko gurutzearen egunera (irailaren 14) arte eguerdian ezkilen errepika jotzen da (kanpaien errepiketeoa ere deitua)[26]. Enrike Zelaia musikaria izan da tradizio hori bizirik mantentzeko eragileetako bat. Tradizio hori mundu osoan zehar barreiatuta dago, baina bereziki Iberiar penintsulan, ohitura erlijioso gisa. UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen 2022ko azaroaren 30ean, eskuz jotako kanpai joaldiak izenarekin[27]. Espainian zein Hego Euskal Herrian tradiziozko usadioa izan da, nekazaritzari lotua. Espainiak babestua du kultura ondasun gisa[28]. Nafarroa Garaian bereziki lotuta egon da herri-meteorologiarekin, tentenubloaren kasuan, adibidez. Kanpai-jotze hau Erriberan egin ohi zen[29], baina Nafarroako hegoaldean, gaur egun, Los Arcosen baino ez da gordetzen[30].

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altsasuko sustraiak eskultura Foruen Plazan dago. Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak XVII. mendeko Intxaurrondo zaharraren enborra erabili zuen 1991an hura ihartu zenean.

Altsasun hainbat eliza eta baseliza daude:

Jasokundeko Andre Mariaren eliza.
  • Jasokundeko Andre Mariaren eliza: Plazan dagoen eliza da eta herriko eraikin erlijiosorik handiena.[31]
  • Otadiko Kristoaren baseliza: Otadia dermioan dago eta hilerriaren ondoko baseliza da.
  • San Juan baseliza: San Juan kalearen mendebaldean dago.
  • San Pedro baseliza: Izen bereko basoan dago eta erdia Altsasun dago eta beste erdia Urdiainen.
  • Erkudengo Ama: Ulaiar inguruan dagoen baseliza da, Donostiara bidean.
  • Kaputxinoen komentua

Horretaz gain hainbat komunitate erlijiosok euren lekua dute, Jehovaren lekukoek eta Ebangelistek kasu.

Altsasuar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Zelandi eskola
  • Iñigo Aritza ikastola
  • Sagrado Corazón ikastetxea
  • Aralarko Mikel Donea institutua

Herri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
  3. Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
  4. Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
  5. Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
  6. Azpiazu, José Antonio, 1944-. (2011). Esa enfermedad tan negra : la peste que asoló Euskal Herria (1597-1600). Ttarttalo ISBN 978-84-9843-316-6. PMC 743393897. (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
  7. Carasatorre, Rafael. (2016-03-30). «Textos Históricos Navarros: Alsasua: 1607: valoración de casas, fincas y ganado» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  8. Carasatorre, Rafael. (2016-06-08). «Textos Históricos Navarros: Burunda 1646 casas y vecinos de Bacaicoa Iturmendi Urdiain Alsasua Olazagutia Ziordia» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  9. Carasatorre, Rafael. (2016-05-31). «Textos Históricos Navarros: Alsasua 1677 casas y vecinos» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  10. Carasatorre, Rafael. (2013-10-14). «Textos Históricos Navarros: Alsasua, Olazagutia: 1748: el cerrado de Isasia, y el puente de Zuiberri» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  11. Carasatorre, Rafael. (2015-12-07). «Textos Históricos Navarros: Bacaicoa, Alsasua: 1745: quejas por el pasto para los cerdos» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  12. Carasatorre, Rafael. (2013-09-27). «Textos Históricos Navarros: Alsasua: 1760: renovación del Molino de Abajo» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  13. Carasatorre, Rafael. (2016-04-10). «Textos Históricos Navarros: Burunda: 1796: empadronamiento del Valle de Burunda» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  14. Carasatorre, Rafael. (2016-03-04). «Textos Históricos Navarros: Burunda: 1797: Casa de Juntas y Parada Caballar» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
  15. Carasatorre, Rafael. (2013-07-22). «Textos Históricos Navarros: Alsasua, Urdiain: 1820: despoblado de Zangitu y propiedad de su iglesia de Santa Eulalia» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  16. Carasatorre, Rafael. (2014-03-09). «Textos Históricos Navarros: Urdiain Alsasua 1824 intento de disolución de la Burunda» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  17. Carasatorre, Rafael. (2015-08-03). «Textos Históricos Navarros: Burunda 1831 - 1832 Ayuntamiento y medidas ante el cólera» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  18. Carasatorre, Rafael. (2013-07-23). «Textos Históricos Navarros: Alsasua: 1842 - 1881 Charolería de Santiago Noblea, y Sorozarreta» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  19. «Arramendia Urrestarazu, Marino - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  20. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  21. «Euskara eta gaztelania Altsasu inguruan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  22. «Altsasu - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  23. «Burundakoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  24. «Hego-sartaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  25. «Nafarra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
  26. «Altsasuko 2019ko lehenengo ezkila errepika - Altsasu» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  27. (Gaztelaniaz) «UNESCO - El toque manual de campanas» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  28. «BOE.es - BOE-A-2019-6064 Real Decreto 296/2019, de 22 de abril, por el que se declara el Toque Manual de Campana como Manifestación Representativa del Patrimonio Cultural Inmaterial.» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  29. (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, J. M.. (1976). Ritos mágicos en la merindad de Tudela. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra.
  30. (Gaztelaniaz) ESTELLA, DN. (2011-09-13). «Aumenta a 9 el número de muertos en un accidente ferroviario en Buenos Aires» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  31. «Jasokunde eliza» Altsasuko Udala.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa