Edukira joan

Traol

Wikipedia, Entziklopedia askea
Traola

Traola mundu osoan (batez ere ingelesezko testuetan) zenbaki zeinutzat erabiltzen den # ikurraren euskal izena da, forma bera duen arrantza tresnatik datorkiona. Euskaraz beste hainbat izen ere darabiltzagu adiera horretarako (laukitxo, kuxin...), baina egun, usadioko euskal hitz hori (traol) erabiliena da. Antzekoak diren arren, ez da musikako testuinguruetako diese edo sostenituaren ♯ sinboloarekin nahasi behar.

Traola edo traol hitza deitzen zaio ikur hori erabiltzen duen metadatuen etiketari ere, ingeleseko hashtag hitzaren esanahi berarekin. X-ren moduko gizarte sareetan, mezua etiketatzeko erabiltzen da traol (#) ikurraz hasita idazten den karaktere segida. Karaktere segida horretan klik eginez, traol hitz bera duten mezuak berreskura daitezke. Gai zehatz baten inguruan aritzeko erabiltzen da: [1] haietako batzuk kanpaina ere bihurtzen dira, edo mugimendu bat izendatzeraino irits daitezke, hala nola #MeToo kanpainaren kasuan.

Orotariko Euskal Hiztegian, tragol aldaeraren barruan bilduta ageri dira izenaren lau aldaera: tragol, traol, trebol eta treboil.[2] Hala ere, egungo euskal hiztegi nagusietan, traol idatzita ageri da, bai arrantza tresnaren izena, bai ikurrarena.[3][4]

Usadiozko erabileran, hitzak «aparailua biltzeko zurezko laukia»[5] esan nahi du (egun, plastikozkoak ere daude). Arrantzarako tresna horren forma berdina duelako erabiltzen da gaur egun # ikurra izendatzeko ere.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «traol-hitz», Euskalterm. Kontsulta data: 2019-02-20.
  2. «tragol», Orotariko Euskal Hiztegia.
  3. «traol», Elhuyar hiztegiak. Kontsulta data: 2019-02-20.
  4. «traol», Euskalterm terminologia bankua. Kontsulta data: 2019-02-20.
  5. «traol», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]