Edukira joan

Koma (puntuazio-zeinua)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Koma ( , ) —batzuetan kakotxa deitua— perpaus batean etenaldi txiki bat adierazten duen puntuazio zeinua da. Adibidez: Etzi etorriko naiz, hau da, ostiralean. Izena grezierazko κόμμα hitzetik dator, hitzez hitz "zatia" edo "pieza", hutsunea edo etenaldia adierazten zuena.

Koma erranaldiko etenaldi txikiak adierazteko erabiltzen da, eta azken helburua testua ulergarriago egitea da. Askotan erabilera estilistikoa du, eta erabilera zehatz batzuen kasuak aztertuak eta finkatuak badira ere, hizkuntza gehienetan arau orokorrak ez dira finkatuak: erabilerak ezberdinak dira batetik bestera. Bestalde, hizkuntza eta idazkeraren arabera, itxura ezberdinak har ditzake.

Erabilera nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen kasuan, Euskaltzaindiak ez du komaren erabilerari buruzko arau zabalik eman[1]. Euskaraz, honako kasuetan erabili ohi da, batez ere[2]:

  • Enumerazioetan, mota bereko bi kontzeptu edo gehiago bereizteko: Joxe, Mikel eta Anek jan, lan eta lo besterik ez dute egiten.
  • "Bai" edo "ez" erabiltzen duten banatzaileetan: Bai ikatza, bai petrolioa, CO2 iturri dira.
  • Aditza elipsian: Zuk Wikipediako bost artikulu hobetu dituzu aste honetan, eta nik, bederatzi.
  • Erranaldi batean, perpausak bereizteko: Bihar berandu helduko zarela uste baldin baduzu, ohartarazi nazazu, otoi.
  • Deikia edo bokatiboa bereizteko: Aizu, Miren, etor zaitez hona.
  • Aposizioetan: Amaiak, taldeko bozeramaileak, eman digu erabakiaren berri.
  • Argipen edo azalpen bat txertatzeko: Idazle hori, Wikipediaren arabera behintzat, irlandarra da.
  • Erranaldi batean ageri diren zenbait lokailu markatzeko: Hori entzun diot; dena dela, Wikipedia begiratzea aholkatzen dizut.

Horrez gain, anglosaxoniarrek ez beste guztiek (euskarak barne[3]) zenbaki osoak dezimaletatik banatzeko ere erabiltzen dute. Adib: 3,141592. Anglosaxoniarrek, ordea, milatik gorako zenbakietan, zifrak hiruko taldeetan banatzeko erabiltzen dituzte komak, eta puntua, dezimalak banatzeko. Adib: euskarazko 2,310 (bi mila hirurehun eta hamar) ingelesez 2.310 idazten da. Zenbait hizkuntzatan, dezimalak adierazteko puntua zein apostrofoa erabiltzen dira: 1.5 zein 1'5: euskaraz, 1,5.

Azkenik, nazioarteko ISO araudiari jarraiki, Euskaltzaindiak zuriunea erabiltzea hobesten du[3]: 2 310 256 (bi miloi hirurehun eta hamar mila berrehun eta berrogeita hamasei).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Zubimendi, Joxe Ramon. Komaren erabilera. (Noiz kontsultatua: 2019ko uztailaren 9a).[Betiko hautsitako esteka]
  2. HABEren azalpena. .
  3. a b Zenbaki kardinalak. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • EIZIEren Senez aldizkariko artikulua, gaiari buruz [1]