Edukira joan

Mayi Elizaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mayi Elizaga

Bizitza
JaiotzaSara1899ko abenduaren 1a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaBaiona1941eko abuztuaren 19a (41 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Mayi Elizaga (frantsesez Mayi Elissague, izen-deitura ofizialak Marie-Eugénie-Fraçoise Elissague; Sara, 1899ko abenduak 1Baiona, 1941eko abuztuak 19) euskal idazle bat izan zen, nahiz lan gehienak frantsesez argitaratu zituen. Euskal Herriaren, emakumearen eta, oro har, gizartearen kristau ikuspegi tradizionalista izan zuen.

Mayi Elizagaren (edo Elissague, idazleak frantsesezko grafiaz idazten zuen gisan) familiak Saran zituen erroak. Martin Elizaga, Mayiren aitona, Sarako auzapez izan zen 1884-1887 bitarte. Mexikora joan zen, XIX. mendearen azken hamarkadan; han, zilar meategiak ustiatuz aberastuta itzuli zen Euskal Herrira, Pachita Lazcano izeneko mexikar emakume[oh 1] batekin ezkonduta.[1][oh 2] Ezkontza hartatik sortutako sei semeetako bat, Joachim izango zen Mayiren aita. Ameriketan aberastutako lapurtarren gisara, Martin Elizagak etxe handi bat eraikiarazi zuen Zuraiden.

Sarako pilotalekuan errebote partida, 1937ko uztailaren 14an (Argazkia: Jesus Elosegi, GureGipuzkoa).

Joachim Elizagak zuzenbide ikasketak egin ondoren, aitak Mexikon izandako mehatze lanetan jarraitu zuen, eta espainiar jatorriko Marie Diez de Riejarekin ezkondu zen. Bi alaba izan zituzten: Catherine (etxean, Catto), 1891ko abuztuaren 11n jaioa[2], eta Mayi bera. Familiak Sarako pilotalekuaren alboan zuen etxea. Joachim lapurtar amerikano haietako bat zen, hau da, Ameriketan aberastu eta herrian bizimolde arranditsua zeraman; lapurtar elitearen partaide zen.[3] Pentsamoldez frantses eskuindarra eta euskaltzalea izan behar zuen, Eskualduna astekaria argitaratzen zuen enpresaren akzioduna izan baitzen, 1917an.[4] Gogoan ukan behar da euskal astekari horren ildo politikoa oso lotua zegoela Action française eskuin mutur erradikaleko alderdiarekin.[oh 3]

Mende amaieratzat jo ohi den urte zenbakia bukatzeko zorian jaio zen Mayi Elizaga, 1899ko abenduaren 1ean. Hilabete bat geroago izan zen bataiatua, 1900eko urtarrilaren 1ean, Sarako elizan, ziurrenik gurasoek urte zenbaki biribilari atxiki nahirik.[1]

XX. mendearen hasieran, lapurtar familia ukandun eta tradizionalistek kristau giro bipil batean hezi nahi izaten zituzten alabak, ahal zelarik monjek gidatutako barnetegi batean. Elizagatarrek, ordea, nahiago izan zuten etxe-irakasle baten ardurapean uztea Mayi eta Catto ahizpa zaharragoaren heziera.[5] Horrela, Mayik Lapurdiko hiru herritan igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroaren lehen urteak: Saran, familiaren jatorrizko etxean; Donibane Lohizunen, familiak udako etxe bat baitzeukan han; eta, udan batez ere, Zuraiden, aitonak etxalde handi bat eraiki batzuen, Senperetik hurbil, berrehun hektareako belardiz eta basoz inguraturik.[5][oh 4] Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Elizaga 14 urteko neskato bat zelarik, eguneroko bat idazten hasi zen, nahigabetuta ikusirik gerla handiak euskal herri guztietatik gizonak eraman zituela Frantziaren aldeko borrokara.[6] Etxean, Action française elkartearen aldizkaria jasotzen zuten, Frantziako eskuin mutur erradikal nazionalisten eleduna.[6] Euskal herriaren ikuspegi tradizionalistak bat egiten zuen, noski, frantziar abertzaletasun erradikalenarekin, are eta gehiago gerra garaian.[oh 5] Frantziaren egoera estuak eraman zuen, beraz, Elizaga idazten hastera.

Gerraren ondorioz, gainera, etxe-irakaslearen lana bertan behera gelditu zelarik, autoikaskuntzan jardutea erabaki zuen Elizagak, gurasoen oniritziaz. Irakurketan murgildu zen guztiz: Charles Maurras (Action française-ko ideologoa), Léon Daudet, Jules Lemaître,[oh 6] Maurice Barrès, Anatole France eta Pierre Loti izan ziren Elizagaren gaztaroko irakurketa maitatuenak. Horiekin batera, Ernest Psichari[oh 7] eta Anna de Noailles izango zituen eredu eta inspirazio iturri, ordu luzetako irakurketa aldietan murgildurik.[7]

Lehen Mundu Gerraren garaian, Elizagaren bizitzan mugarri bat izango zen txango bat egin zuen, Catto ahizpa zaharragoarekin batera, Espainiara, Valladolidera, amaren gurasoek gonbidaturik. Han, izututa gelditu ziren ikusirik Frantziaren aurka eta alemanen alde mintzatzen zela jende guztia, ezkutuan deus ere gorde gabe. Giro arrotz eta oldarkor hartan, Frantziaren aldeko sentimenduak are eta gehiago sendotu zituen Elizagak.[7][oh 8]

Idazle hastapenetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zuraideko etxe bat (2017).

Gerra amaitu zelarik, berriz, Frantzia osoa années folles edo urte zoroetan murgildu zen. Elizagatarrak Parisen egonaldi luzeak egiten hasi ziren, familia osorik, jauregi handi bat alokaturik. Han, Mayik bertatik bertara ezagutu zuen euforia sozialaren giroa, eta ekarpen sozial, artistiko edo kultural ezin biziagoak. Pariseko giroaren zurrunbiloak idazkuntzara ziztaturik, Euskal Herriaren lasaitasuna hobetsiko zuen idazle lana garatzeko: izan Donibane Lohizuneko etxeko gela tipian, izan Zuraideko etxalde nagusiko egongela handi batean, idazteari lotu zen, sukar batek joa balitz bezala. 1919ko urtarriletik 1921eko apirila bitarte, hiruzpalau eleberri, narrazio multzo bat eta Silhouettes basques bilduma osatuko zuten ipuin ia guztiak idatzi zituen, herrestan; esan nahi baita, bere lan guztien muina.[8] Horietako batzuk ―ziurrenik, aita Joachimen eraginez eta diruz lagundurik― Gure Herria, Le Courrier de Bayonne edo Action française aldizkarietan argitaratu ziren. Jarraian, Cœur et Patrie lehen eleberria argitaratu zuen atalka, Le Courrier de Bayonne egunkarian; gerraren eta Frantziaren garaipenaren oihartzunetan egindako istorio xalo bat, baina, aldi berean, idazleak naturarekin zeukan lotura estuaren adierazpen bat.[9]

Ipuin batetik film galdu batera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urruñako Urtubia jauregiaren sarrera (2010).

Biarritzek 1920ko hamarkadan hartu zuen ospeak erakarrita, zinemagile asko hasi ziren Euskal Herria ezagutzen. Besteak beste, Jean Epstein zinemagilea ibilia zen Urtubia jauregian, Urruñan, L'Homme à l'Hispano filmaren sekuentzia batzuk filmatzen. Gisako lan batean ari zelarik, zinema ekoizle batek Mayi Elizagaren narrazio eta ipuinen berri izan zuelarik, bereziki interesatua gelditu zen «Quand le passée commande» narrazioarekin, Gure Herria aldizkarian 1921ean argitaratua zena.[10]

Idazlearekin harremanetan jarrita eta haren baimena adostuta, Maurice Chaillot zuzendariak 1923ko udan gauzatu zuen Veronica izeneko filma, osorik Euskal Herrian. Filmaren proiektua aise atera zen aurrera, besteak beste Joachim Elizagak finantzaketaren zati bat jarri baitzuen. Mayi Elizagak nahi izan zuen filma osorik Euskal Herrian jokatzea. Gainera, paristar aktoreek bi edo hiru rol nagusietan izan behar zirela albo batera utzirik, lortu zuen, baita ere, bigarren mailako jokatzaile guztiak bertakoak izatea: aitona zaharraren papera, Zuraideko nekazari batek egin zuen; eta Ameriketako lur aginduari begira bizi zen gaztearen rola, berriz, Ramiro Arrue margolari gazteak.[11]

Filma hilabete batzuk geroago estreinatu zen Parisen, eta 1924ko udan erakutsi zen Baionan eta Donibane Lohizunen.[12][oh 9] Dirudienez, filmaren kopia ezagun bakarra Edmond Blazy lapurtar apaizak berarekin eraman zuen, Uztaritzeko Seminario Ttipiaren eraikitzeko diru bilketaren alde txango bat egin zuenean Hego Ameriketara. Filma eramateaz gain, Blazyk testu bat eskatu zion Elizagari, proiekzioaren aurretik irakurria izateko; «La Femme Basque» artikulua idatzi zion Elizagak.[12]

Zernahi gisaz, Veronica filma galdutzat jotzen du Frantziako Centre national du cinéma erakundeak. Jacques Antz saratar historialariak ikerketa sakonak egin zan ditu filmaren bila, Argentinatik Archives françaises du film erakundearen funtsetaraino, baina ez da kopiarik oraino ageri.[13]

Mayi Elizagaren Escualdunac liburuaren azala (1928).

Aita Joachimen aholkuari jarraituta, aldizkarietan argitaratuak zituen narrazio eta ipuin hoberenak hautatu eta bilduma baten elkartu zituen Mayi Elizagak: Silhouettes basques liburua Pariseko Baudinière argitaletxeak kaleratu zuen 1925ean. Jakina, liburuaren lehen orriko eskaintza aitari egin zion.[14] Guztira hogei narrazio eta ipuin dira, istorio apal eta xaloen bitartez Euskal Herriaren eta euskaldunen irudikapen bat emateko xedez eginak.

Hurrengo urtean, 1926an, kaleratu zuen Simple histoire basque (Les Irigoïty), Laurent Apesteguy abadearen hitzaurreaz, Pariseko Baudiniére etxean berriro ere. Irigoititar familia euskaldun arrunt baten istorioa da, Elizagaren ikuspegi tradizionalista hertsiaren eredura josia. Pariseko literatura kritikariek ez zuten batere goretsi liburuaren ez edukia, ez estiloa.[15] Aldiz, Euskal Herrian, Elizagaren liburu landu eta asmo handienekotzat hartu zuten.[16]

Kritikaren zorroztasunak eta bizitza pertsonalean izandako gorabehera batek eraginda, idazkerara jo zuen, berriro, buru-belarri Mayi Elizagak. Handik bi urtera, 1928an, kalera zuen Escualdunac bilduma, Donibane Lohizuneko H. Plataret argitaletxean.[17] Orobat, Gure Herria aldizkarian «Nouvelles Silhouettes basques» sailean argitaratutako narrazioetan oinarritzen da liburua. Istorioetan eta idazkeran deus ere nabaritzen ez bazen ere, dirudienez urte haietan amodio galdu baten etsipen aldi luze eta sakon bat igaro zuen Mayi Elizagak.[18]

Eskualtzaleen Biltzarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eskualtzaleen Biltzarrak 1935an Atharratzen egindako bilkuraren argitalpena.

Bere lehen liburua argitaratu zuenetik, Lapurdiko kultur giroko erakundeetan leku bat irabazten joan zen Mayi Elizaga, apurka-apurka. Besteak beste, Eskualtzaleen Biltzarraren urteko bilkuratan, ohorezko mahaian esertzeko aukera izan zuen emakume bakarra izan zen, luzaroan.[19] Bilkura haietako batean ezagutu zuen Laurent Apesteguy apeza, bigarren liburuaren hitzaurrearen egilea.

Goratutako posizio hartatik, mezenas bat izan zen Mayi Elizaga: urtero, «Mayi Elizaga Kopa» eskaintzen zien Euskal Pilotako Frantziako Federazioko pilotari gazteei;[19] eta Eskualtzaleen Biltzarrak 1925eko irailaren 14an Saran Axularren omenez eratutako euskal jaietan makila bat eskaini zuen, sarien artean ematekoa.[20]

Mayi Elizagaren bizitzan eta, batez ere, ibilbide literarioan, ezkontza mugarri handi bat izan zen.

La Côte basque, 1929-08-04 (iturria: gallica.bnf.fr / BnF).

1929ko uztailaren 28an, Louis Lebrun ingeniariarekin ezkondu zen Mayi Elizaga, Donibane Lohizuneko elizan. Ipar Euskal Herriko eliteen artean, gertakari arranditsu bat izan zen ezkontza; baita gertatu aurretik ere, ezkontzarako konpromisoa egunkarien bitartez jakinarazia izan baitzen, aste batzuk lehenago.[21] Ezkontzak sortu zuen oihartzunaren lekuko, Eskualduna astekariak kronika luze eta xehe bat eskaini zion Elizagaren eta Lebrunen arteko ezkontzaren ospakizunari, azpimarratuta elizkizunaren mintzaldi nagusia euskaraz izan zela.[22][oh 10] Beste horrenbeste adierazi zuen frantsesez, ezkontzaren hurrengo egunean, La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz egunkariak; kronika sozial zabal bat eskaini zuen, gonbidatuen zerrenda zehatz bat eginez, baita oturuntzaren xehetasun guztiak emanez ere.[23]

Familia boteretsu batetik zetorren Louis Lebrun senarra; aita goi mailako militar bat izan zen Frantziako armadan, eta Louis bera Ohorezko Legioko izendatua izan zen 1931n.[24]

Elizkizunaren aurretik, ezkontza zibila egina zuten uztailaren 27an, Donibane Lohizuneko Hiribarren auzapezaren aitzinean. Ekintza erlijiosoa egiteko, ordea, korapilo bat askatu behar izan zuten: Action française-eko kide sutsua zen Mayi Elizaga, «Jeunes filles royalistes» elkarteko kide; Pio XI aita santuak, baina, Action française-ren aurkako adierazpena emana zuen 1926ko abenduaren 29, gehiegizko eragina zuelakoan gazte katolikoen artean. Horren indarrez, eskumiku zigorra eman zien Action française-ren kide guztiei.[25] Donibane Lohizuneko apezak apezpikuaren baimen berezia eskatu behar izan zuen, argudiatuz senarra errepublikazalea zela.[26]

Senar-emazteak Parisen jarri ziren bizi izaten, senarrak han garatua baitzuen lanbidea. Pentsa zitekeen urte haietako Pariseko giro intelektuala lur landu bat izango zela Mayi Elizaga idazlearentzat, baina ez zen halakorik izan: ezkontzetik aitzina, ez zuen ia deus ere gehiago idatzi; idatzi zuen apurra, hori bai, euskaraz egin zuen. Ziurrenik, idazteari uzteko erabakia bat zetorren Elizagak emakumeaz, ezkontzaz eta gizarteaz zeukan ikuspegi hertsiki tradizionalistarekin: haren iritzira, emakume ezkondu baten egitekoa ez zen, inolaz ere, literaturaz arduratzea, baizik senarra, sema-alabak eta etxea zaintzea.

Euskaraz idazten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
«Zorra Ordaindua»-ren hasiera, Gure Herria, 1926-02-01.
«Saldu eta...» narrazioaren lehen atala, Le Courrier de Bayonne, 1938-08-20.

Mayi Elizagari hiru narrazio edo ipuin ezagutzen zaizkio euskaraz, lanen zerrendan ikus daitekeenez.

Luzeena eta landuena, «Zorra Ordaindua», Gure Herria aldizkarian argitaratu zuen, 1926ko otsailaren 1eko alean. Narrazioaren gaia lehenago zirriborratua zuen frantsesez, Action française aldizkarian 1923ko ekainaren 13an «Silhouettes basques. La dette payée» izenburu bereko narrazioan. Alabaina, euskaraz askoz gehiago garatu eta xehatu zuen Mikolas nekazari gaztearen istorioa. Donibane bezperaren ilunabarrean gara, sua pizturik dago, herritarrak arrosarioa otoizten duten bitartean. Mikolas gizon langile eta fededun tinkoa da, baina zorte txarra du. Berrehun libera eskatu zizkion maileguan Betti langileburuari, behi bat erosi behar baitzuen seme-alabak elikatu ahal izateko, baina behia hil egin zen berehala, eta laugarren urtez jarraian dirua ezin itzulirik dago. Nagusiaren mahastietan goizetik gauera lan egiten du Mikolasek, dirua aurreztu nahirik, baina ezin. Arrosarioa noiz bukatuko zain dago, Bettirekin ostera hitz egiteko, baina haren erantzunaren beldur, zuzenean nagusiarengana jotzea erabakitzen du. Nagusia gizon zuzen eta langilea da, baita ere, eta Mikolasen hitzak entzunik, zorra kitatzeko berrehun libera ematea erabakitzen du. Amaieran, Mikolasek beste tradizio bat errepikatzen du: Donibane sutik hartutako errautsak zabaltzen ditu mahastiko lurrean.

Beste bi narrazioak («Artzaina» eta «Saldu eta…») Le Courrier de Bayonne egunkarian argitaratu zituen, 1938ko abuztuan; bigarrena, hiru atal edo zatitan banatuta, abuztuaren 20an eta 27an, eta irailaren 3an. Bi narrazio hauek aurrez, ezkondu baino lehenago, 1920ko hamarkadan frantsesez idatzitakoen bide beretik doaz: euskal bizitzaren eta gizartearen lekukotasuna emateko xedea dute orobat.

Hizkuntzaren eta grafiaren aldetik, lapurtera klasikoaren moldeak erabiltzen ditu, oro har, Elizagak; ahozko hizkeratik gehiegi urrundu gabe, agian, baina hizkera maila goratu batez jantzirik.

Azken urteak eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jende pilaketa Wall Streeten (New York) 1929ko kraxaren ondoren.

Parisen bizi zelarik, udan eta aukera zuen bakoitzean Euskal Herrira etortzeko joera zeukan Mayi Elizagak. Idazketa albo batera utzirik, bere indar guztiak jarriak zituen hiruzpalau urteren buruan etorri ziren Mayita alaba eta Jean-Charles semea zaintzen.[27]

1929ko kraxak kalte ikaragarri bat izan zuen fortuna handienen gainean, ez bakarrik Ameriketan baizik Europan ere. Mayiren aita Joachim Elizagaren ondasunak oso laburtu ziren krisiaren eraginez, gainbehera guztizkoa izan ez bazuen ere.[27]

Udan Euskal Herrira etortzen zen Elizaga, familia osoarekin, baina ez jada Zuraidera edo Donibane Lohizunera, baizik senarraren familiak Lekunberrin zeukan etxalde batera. Urteak horrela iragan ziren Elizagarentzat, noizik eta behin ikustaldi laburrak egiten zituelarik Zuraidera edo Donibane Lohizunera, gurasoen ikustera.[28]

Bigarren Mundu Gerra heldu zen gero, 1940ko porrota eta nazien okupazioa; gainera, bere gaztetako idazletzan lagundu zioten Laurent Apesteguy lehenbizi, Edmond Blazy geroago hil ziren. Kolperik handiena berehala etorriko zitzaion: aita Joachim hil zen, hilabete batzuk paralisiak jota gelditu ondoren.[29]

Etsipen handi eta jarraitu hauek ez zioten onik egin Elizagaren osasunari. Gaixotasun larri bat[oh 11] diagnostikatu ziotelarik, Frantziako medikurik onenen saiakuntzak alferrik izan ziren: 1941eko abuztuaren 19an hil zen Mayi Elizaga, Baionako erietxe batean, 41 urte zituela.[30] Hurrengo egunean, La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz egunkarian argitaratutako heriotza-oharrean argitzen zenez, hileta elizkizunak Zuraiden egin zizkioten, eta Donibane Lohizuneko hilerrian hobiratua izan zen.[31]

Itzulpenak euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jean Elizalde (argazkia: Ricardo Marin, Kutxa Fototeka).

Mayi Elizagak euskaraz idatzi zituen narrazioez gain, frantsesez argitaratutako beste bi narrazio, gutxienez, euskaraz argitaratu ziren, Jean Elizalde Zerbitzari apezak itzulirik: «Pilotari chaharra», Gure Herria aldizkarian argitaratua 1928ko irailaren 1ean, (frantsesez: «Le vieux pilotari» Action Française, 1923-10-30); eta «Bakhotchak bere aldi», baita ere Gure Herria aldizkarian argitaratua, 1929ko maiatzaren 1ean (frantsesez: «À tour de role». Action Française, 1923-08-13).[32]

Gizartea eta emakumea: ikuspegi tradizionalista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxean jasotako hezierak eta garai hartan Sarako edo Zuraideko kaleetan bizi izandako giroak moldatu zuten Mayi Elizagaren pentsamoldea.[5] Euskal Herriaren ikuspegi guztiz tradizionalista izan zuen, herri kirolak (guztien gainetik, pilota), folklorea eta kristautasun hertsia hartzen zituena euskalduntasunaren ikur bakartzat, eta euskara etxean edo herri txikietako lagunarte giroan soilik erabili beharreko hizkuntza menderatutzat zeukana.[oh 12] Eskualdun fededun[33] mito edo estereotipoaren barnean sartzen da, guztiz, Elizagaren pentsamoldea.

Ikuspegi hori ongi laburbildu zuen Mayi Elizagak, Gure Herria aldizkarian 1925ean argitaratutako «La femme au Pays Basque» artikuluan. Edmond Blazy lapurtar apezak eskatuta idatzi zuen artikulua. Blazyk Uztaritzeko Seminario Ttipiaren eraikitzeko diru bilketaren alde txango bat egin nahi zuen Hego Ameriketara. Euskal Herriaren ikusmolde kristau tradizionalistaren lekuko, bi tresna eraman nahi izan zituen txango hartara, biak Elizagari lotuak: alde batetik, Maurice Chaillot zuzendariak 1923ko udan Euskal Herrian egindako Veronica filma, Mayi Elizagaren «Quand le passée commande» narrazioan oinarritua;[13] eta mintzaldi bat, filma erakutsi aurretik irakurtzekoa. Horrela idatz zuen «La femme au Pays Basque» artikulua.[12]

Artikuluak goitik behera erretratatzen du Elizagaren ikusmolde ezin tradizionalistagoa, gizarteaz eta, bereziki, emakumeaz. Lehen orrian esaldi labur batzuetan ematen du euskal emakumearen erretratu hau:

« Ce n'est point parmi les Basquaises qu'il faut chercher les grandes héroïnes, les esprits célèbres, les traits étonnants ou rares. Une vie austère, uniquement emplie par les simples devoirs de l'épouse et de la mère telle est la destinée de la femme Euskarienne.[34][oh 13] »


Emazte eta ama izatea dira, beraz, euskal emakumearen goreneko xedeak, Elizagaren ustez. Hortik uler daiteke, zentzu osoz, ezkontzetik aitzina gehiago ez idazteko Elizagak egindako deliberoa.

Xede idealizatu horiekin batera, emakumeari beste zeregin nagusi bat aitortzen dio Elizagak, baita ere euskal ideologia tradizionalistak sortutako mitoekin guztiz lerratuta: etxearen zaintzaile izanik, euskalduntasunaren euskarri eta gordeleku izatea. Naturarekiko eta lurrarekiko loturak ematen dio emakumeari dohain hori, Elizagaren begietara:

« La terre maternelle a infusé à la Basquaise ces éclatantes vertus. Elle l'a formée à son image tendre, sereine et fière... et l'orgueilleuse splendeur de notre race continuera tant que la femme gardienne du foyer demeurera fidèle à son coin natal.[35][oh 14] »


Itxaro Borda idazle eta kritikariak euskal literatura klerikalean ageri diren emakumeen arketipoak aztertu zituenean, bi sailkapen mota eskaintzen zituen: alde batetik, moral klerikalaren irudiak (emakume birjina eta emakume bekataria); bestetik, kultura klerikalaren irudiak (emakumea, jatorrizko euskararen gordailu; eta emakumea, tradizioaren gordetzaile: etxea, familia, aberria).[36] Bordaren iritziz, sailkapen horren alderdi ia guztiak bildurik erakusten ditu Mayi Elizagak, aipatzen ari garen artikuluan, oro har, eta arestian erakutsitako bi aipuetan, bereziki.[oh 15]

Euskal tradizionalismoak emakumeari egozten zion bigarren mailako rol estu horren aginduetara jokatu zuen beti Mayi Elizagak. Maite Núñez-Betelu irakasleak «emakume idazlearen izatea ukatzen duen tradizioaren defentsa» deitzen zion Elizagak eta bestek landu zuten literaturari.[37] Iparraldeko emakume idazle bakanak erlijioaren eta kleroaren mendeko testuinguru gogor batean bizi zirenez, tradizioa ―emakumearentzat ukapenez beterikoa izan arren― babestea ezinbesteko xedea bihurtzen da.[37] Núñez-Beteluren iritziz, Elizagaren narrazioak ohiturei loturik daude orobat, herriaren usadio eta tradizioen berri emateko idatziak dira, eta erlijiotasunez beterik daude; pertsonaiek Euskal Herriaren ideia horren kultura erkidegoa irudikatzeko osagaiak besterik ez dira. Bide horretan, Elizagak ez du beldurrik istorioetan euskal usadio paganoak ere sartzeko (besteak beste, Donibane sua).[38]

Fikziozko elkarrizketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miel Anjel Elustondo kazetariak Mayi Elizagari egindako fikziozko elkarrizketa bat argitaratu zuen Berria egunkarian, 2023ko abuztuaren 20an.[39] Galde-erantzunen bitartez, idazlearekin mintzatzen ariko balitz bezala, Elizagaren bizialdiaren errepaso bat egin zuen, familiaren jatorrietatik hasi eta idazle aroko eta geroagoko garaietaraino.

Lanen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz argitaratutakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • «Zorra Ordaindua». Gure Herria, 1926-02-01, 95-100. or.[40]
  • «Artzaina». Le Courrier de Bayonne, 1938-08-13.
  • «Saldu eta…». Le Courrier de Bayonne, 1938-08-20  (Gero segida); (segida) 1938-08-27 (Bertze aldian ondarra); 1938-09-03 (Ondarra).

Frantsesez argitaratutakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Silhouettes basques. 1925, Paris, Lib. Baudinière.
  • Simple histoire basque (Les Irigoïty). 1926, Préface de L. Apestéguy. Paris. Lib. Baudiniére.
  • Escualdunac. 1928, Donibane Lohizune, Librarie H. Plataret. [oh 16]

Aldizkarietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • «Silhouettes basques. Une perquisition»[41]. Gure Herria, 1921-04-01, 212-215. or.  Action Française, 1924-05-02.
  • «Quand le passé commande». Gure Herria, 1921-11-01, 648-656. or.[42][43][44]
  • «Silhouettes basques. L'héritage de l'Americain». Gure Herria, 1922-07-01,397-402. or. (à suivre)[45][46][47]
  • «Silhouettes basques. Pour son bonheur». Gure Herria, 1923-01-01, 28-35 (à suivre)[48][49][50][51]
  • «Silhouettes basques. La dette payée». Action Française, 1923-06-13.[oh 17]
  • «Silhouettes basques. À tour de role». Action Française, 1923-08-13.[oh 17]
  • «Silhouettes basques. Terre natale». Action Française, 1923-09-13.[oh 17]
  • «Silhouettes basques. Le vieux pilotari». Action Française, 1923-10-30.
  • «Les Irigoïty. Simple histoire d'une famille basque». Gure Herria, 1924-01-01, 36-44. or.[52]
  • «Silhouettes basques. Un départ». Gure Herria, 1925-02-01, 57-62. or.
  • «Silhouettes basques. L'épreuve». Gure Herria, 1925-06-01, 316-324. or. (à suivre)[53]
  • «Nouvelles Silhouettes basques. La logique de Pettan». Gure Herria, 1926-01-01, 41-45. or.[54]
  • «Nouvelles Silhouettes basques. Pampi et sa carrière». Gure Herria, 1926-06-01, 366-372. or. (à suivre).[55][56][oh 18]
  • «Nouvelles Silhouettes basques. Le plus riche». Gure Herria, 1926-09-01, 556-563. or.[57]
  • «Nouvelles Silhouettes basques. Une brouille». Gure Herria, 1926-12-01, 745-749. or.[58]
  • «Au retour». Gure Herria, 1927-05-01, 275-280. or.[59]
  • «Mikela». Gure Herria, 1927-09-01, 437-440. or.
  • «Au loin». Gure Herria, 1928-03-01, 145-150. or.[60]
  • «Le flair de Guanès», Le Courrier de Bayonne, 1928-05-28.
  • «Le voyage de Mattin». Gure Herria, 1928-07-01, 289-292. or.[61]
  • «L'autre rive». Gure Herria, 1929-01-01, 3-16. or. (à suivre)
  • «Chapitalene». Le Courrier de Bayonne, 1930-01-28.
  • «Garaya». Le Courrier de Bayonne, 1931-09-29, 30
  • «La femme au Pays Basque». Gure Herria, 1925-08-01, 443-451. or.

Itzulpenak euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • «Pilotari chaharra». Gure Herria, 1928-09-01, 422-426. or. (Itzulpena: Jean Elizalde).[62]
  • «Bakhotchak bere aldi». Gure Herria, 1929-05-01, 199-203. or. (Itzulpena: Jean Elizalde).[63]

Itzulpenak gaztelaniaz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • «Pampi el contrabandista». La Voz de Navarra, 1926-10-13.
  • «El corazón de Catalina». Vida vasca, 46. zk.,1969. 97-103. or. (Itzulpena: María Teresa Lanzón de Castro).
  1. Pierre Espilek (1967, 35. or.) dioenez, XIX. mende amaieran zurrumurruak izan ziren, Saran, Pachita Lazcanoren arbasoen artean Moctezuma Xocoyotzin, Tenochtitlángo bederatzigarren tlatoania ote zegoen. Datu hori egiaztatzerik ez dagoen arren, emakumearen deitura kontuan hartuta, ziurrenik euskal jatorrikoa izango zen.
  2. Erreferentzietan behin eta berriro aipatzen da Pierre Espil hazpandarrak 1967an Gure Herria aldizkarian argitaratutako Mayi Elizagaren biografia. Jatorriz hitzaldi bat izan zen, 1966ko maiatzaren 9an Baionako Euskal Museoan emana, Société de Sciences, Lettre et Arts elkarteak antolaturik. Hori da, zalantza gabe, Mayi Elizagaren biografia osatuena.
  3. Eneko Bidegainen aburuz, «Eskualduna-ren ildo politikoa Frantziako L’Action Française eta La Croix egunkarien ildo berekoa zen. Erlijio giristinoak markaturik ibili zen, eta XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako politika bera ere erlijioarekin nahasia izan zela jakinik, ez da dudarik Eskualduna-k erlijioarentzat zuen kezka handiaren ondorioz, politikak leku handia zuela astekarian». Ikus Eneko Bidegain (2012) Lehen Mundu Gerra "Eskualduna" astekarian. Gasteiz, EHU. ISBN: 978-84-8438-511-0. 112. or.
  4. «Artea» izena zuen Martin Elizaga aitonak eraikitako etxaldeak. Ikus Pierre Espil (1967), 38. or.
  5. Pierre Espil kexu ageri zen, Mayi Elizaga ez ote zen zigortua izan, frantziar nortasun irmoagatik, hegoaldean:«Les séparatistes d'aujourd'hui ne sauraient en aucune manière réclamer Mayi Elissague pour l'une de leur et c'est probablement pour cette raison que se livres n'ont pas obtenu dans les provinces basques de l'autre côté des monts la faveur qu'ils eussent mérité». Ikus Pierre Espil (1967), 42. or.
  6. Jules Lemaître (1853-1814) frantses idazle, antzerkigile eta kritikari bat izan zen, Action française-ko kidea.
  7. Ernest Psichari (1883-1914) frantziar militar eta idazle bat izan zen. Ospe handia izan zuen Frantziako eskuin giroetan, Lehen Mundu Gerran hil baitzen borrokan.
  8. Valladolideko eliteentzat antolatutako gau-ekitaldi batean, frantsesez kantu bat eskatu ziotelarik Elizagari, 1794an Étienne Nicolas Méhul-ek idatzitako «le Chant du Départ» kanta iraultzaile errepublikazalea kantatu zuen. Ikus Pierre Espil (1967), 43. or.
  9. Gogoan izan behar da Veronica film mutu bat zela, Europan teknologia ez baitzegoen oraindik behar beste garatuta soinudun zinema ekoizteko.
  10. Honela zioen, besteak beste, Eskualduna astekariaren kronikak, 1929ko abuztuaren 2an: «Jaun andre esposak hain dire eskualdun non ezkontzeko mintzaldia eskuaraz nahi izan baitute gure elizan».
  11. Pierre Espil biografoak ez du argitzen zein gaixotasunek eraman zuen heriotzara Mayi Elizaga.
  12. Jon Casenavek «euskal gaien moda edo arrakasta» aipatzen du, Pierre Lotiren Ramuntcho eleberriaz geroztik frantses letretan Euskal Herria begiratu eta ikusarazteko joera definitzeko. Lerro horren barruan kokatzen ditu zenbait idazle, «izan daitezen Frantzia mailan ezagunak Francis Jammes bezala ala hemen gaindi bakarrik preziatuak Mayi Elissague edo Augustin Fourcade-n gisa». Ikus Jon Casenave (2005) «”Eskualduna” astekariaren gizaldi gaztea (1877-1888)» in Belaunaldi literarioak auzitan, Ur Apalategi Idirin (arg.). Donostia, Utriusque Vasconiae. ISBN: 84-934066-2-7.
  13. «Euskal emakumeen artean ez dago heroina handirik, espiritu bikainik, izaera xelebre edo arrarorik. Bizitza garbia, emaztearen eta etxekoandrearen eginkizunez betea, horixe da euskal emakumearen patua».
  14. «Amen lurrak eman dizkio euskal emakumeari bere bertute miresgarriak. Bere eredura moldatu du, samur, lasai eta sendo, eta gure arrazaren distira harroak bere hartan iraungo du etxea jagoten duen emakumeak bere sorlekuari leial eutsi diezaion bitartean».
  15. Itxaro Bordaren iritziz, inork ere, ezein apaizek, ez luke emakumeari buruzko ideologia klerikala Elizagak baino hobeto azalduko. Ikus Askoren artean (1994) Emakumeak Euskadiko artegintzan. Gasteiz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea. 182-183. or.
  16. Ingelesera egindako itzulpen eskuizkribu bat gordetzen da EMD Antso Jakituna Fundazioan: Escualdunac [Manuscrito] : basque peasant tales / by Mayi Elissague ; [translation of basque, Oswald Allen]. Manuscrito fechado en 1930. Mecanografiado (con correcciones autógrafas). El verso de cada h. en blanco.
  17. a b c Izenpea: «Magi Elissague».
  18. Hastapeneko aipua: «Etche hortan no zen to» Axular.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Pierre Espil (1967), 35. or.
  2. (Frantsesez) politologue.com. «Catherine Françoise Suzanne Josefa Elissague (1891 - 1980), Souraïde» Politologue.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  3. Pierre Espil (1967), 37. or.
  4. Ikus Eneko Bidegain (2012) Lehen Mundu Gerra "Eskualduna" astekarian. Gasteiz, EHU. ISBN: 978-84-8438-511-0. 89. or.
  5. a b c Pierre Espil (1967), 38. or.
  6. a b Pierre Espil (1967), 41. or.
  7. a b Pierre Espil (1967), 42. or.
  8. Pierre Espil (1967), 45. or.
  9. Pierre Espil (1967), 46. or.
  10. Gure Herria, 1921-11-01, 648-656. or.
  11. Pierre Espil (1967), 48. or.
  12. a b c Pierre Espil (1967), 49. or.
  13. a b (Frantsesez) de La Cerda, Alexandre. (2020). «Cinéma basque : de « Ramuntcho » à « Veronica »» BasKulture (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
  14. Pierre Espil (1967), 50. or.
  15. Pierre Espil (1968), 55. or.
  16. Pierre Espil (1967), 54. or.
  17. Edizio digitalizatua: DokuMeta Gipuzkoako Foru Aldundia.
  18. Pierre Espil (1967), 58-59. or.
  19. a b Pierre Espil (1967), 53. or.
  20. «1925-9-14'an, «Eskualzaleen Biltzarra»-k Axular'en omenez eratuta, euskal jaiak ospatu ziran Sara erritxo pertxenta orlegian. J. B. Arrospide'k eskuratu zuen Mayi Elissague Donibanekoak eskeiñitako makilla». Ikus Santiago Onaindia (1974) Euskal literatura (II). Bilbo, Etor. 137. or.
  21. La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz, 1929ko ekainak 4. Iturria: Retronews, Bibliothèque nationale de France.
  22. Eskualduna, 1928ko abuztuak 2. Iturria: Baionako Euskal Museoa.
  23. La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz, 1929ko uztailak 29. Iturria: Retronews, Bibliothèque nationale de France.
  24. La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz, 1931ko abuztuak 17. Iturria: Retronews, Bibliothèque nationale de France.
  25. Ikus Giacomo Martina (1983) La Chiesa nell'età dell'assolutismo, deli liberalismo e del totalitarismo, IV. liburukia. Brescia, Morcelliana. ISBN: 978-8837210076. 103. or.
  26. Pierre Espil (1967), 59-60. or.
  27. a b Pierre Espil (1967), 61. or.
  28. Pierre Espil (1967), 61-62. or.
  29. Pierre Espil (1967), 62. or.
  30. Pierre Espil (1967), 62-63. or.
  31. La Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-Jean-de-Luz, 1941eko abuztuak 20. Iturria: Retronews, Bibliothèque nationale de France.
  32. Ikus Jabier Kaltzakorta (2019) «Jean Elissalderen San Frantses-Xabier» in Karmel, 305. zk., 4. or.: «Mayi Elissague ere tankera horretakoa da. Idazle honek batez ere frantsesez idazten zuen. Hala ere M. Elissagueren testuak inoiz edo behin Jean Elissaldek itzulirik euskaraz eman ziren argitara Gure Herria aldizkarian».
  33. Ikus Belen Altuna (2003) Euskaldun fededun. Irun, Alberdania. ISBN: 978-84-95589-81-8.
  34. Mayi Elizaga «La femme au Pays Basque» in Gure Herria, 1925-08-01, 443. or.
  35. Mayi Elizaga «La femme au Pays Basque» in Gure Herria, 1925-08-01, 451. or.
  36. Ikus Itxaro Borda (1989) «Situación de la mujer en la literatura clerical», in Txoli Mateos, Begoña Sagasti ed. Nosotras también escribimos. Leioa, EHU.
  37. a b Maite Núñez-Betelu (2008), 163. or.
  38. Maite Núñez-Betelu (2008), 165. or.
  39. Elustondo, Miel Anjel. (2023-08-20). ««Koleratua nintzen ikusirik turistek Eskual Herria inbaditzen zutela, entseatzen zirela kolonizatzen» | Bizigiro» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  40. Elissague, Mayi. (1926-02). «Zorra ordaindua» Gure Herria.
  41. Elissague, Mayi. (1921). «Une perquisition - Silhouettes basques» Gure Herria.
  42. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1921-11). «Quand le passé commande... -1» Gure Herria.
  43. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1922-01). «Quand le Passé commande... -2» Gure Herria.
  44. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1922-02). «Quand le Passé commande... -3» Gure Herria.
  45. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1922-07). «L'Héritage de l'américain -1» Gure Herria.
  46. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1922-08). «L'Héritage de l'américain -2» Gure Herria.
  47. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1922-09). «L'Héritage de l'américain -3» Gure Herria.
  48. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1923-01). «Pour son bonheur -1» Gure Herria.
  49. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1923-02). «Pour son bonheur -2» Gure Herria.
  50. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1923-04). «Pour son bonheur -3» Gure Herria.
  51. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1923-06). «Pour son bonheur -4» Gure Herria.
  52. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1924). «Les Irigoïty - simple histoire d'une famille basque» Gure Herria.
  53. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1925-06). «L'épreuve -1» Gure Herria.
  54. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1926-01). «La logique de Pettan» Gure Herria.
  55. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1926-06). Pampi et sa Carrière -1. Gure Herria.
  56. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1926-07). «Pampi et sa Carrière -2» Gure Herria.
  57. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1926-09). «Le plus riche...» Gure Herria.
  58. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1926-12). «Une brouille» Gure Herria.
  59. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1927-05). «Au retour» Gure Herria.
  60. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1928-03). «Au loin» Gure Herria.
  61. (Frantsesez) Elissague, Mayi. (1928-07). «Le voyage de Mattin» Gure Herria.
  62. Elissague, Mayi. (1928-09). «Pilotari Chaharra» Gure Herria.
  63. Elissague, Mayi. (1929-05). «Bakhotchak bere aldi» Gure Herria.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]