Euskaldun
- Artikulu hau herriari nahiz etniari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Euskalduna».
Euskaldunak | |
---|---|
Biztanleak guztira | |
800.000 inguru[1] | |
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak | |
Euskal Herria Euskal Autonomia Erkidegoa: 600.058 Iparralde: 51.100 Nafarroako Foru Erkidegoa: 62.977 | |
Hizkuntza | |
Euskara, pertsona bat euskaldun egiten duena. Gehienek badakite gaztelaniaz edo frantsesez ere. | |
Erlijioa | |
Katolizismoa, protestantismoa, agnostizismoa eta ateismoa.[2] | |
Zerikusia duten beste giza taldeak | |
Ezezagunak. |
Euskaldunak Euskal Herrian bizi den jatorri ez indoeuroparreko Europako herria dira, ezaugarri nagusi gisa euskara duena. Halaber, euskaldun euskal hiztunari deritzo: hain zuzen, euskaldun izenaren adiera arruntena horixe da, «euskaraz dakiena».
Euskal Herriko biztanleei euskal herritar deritze. Basko eta euskotar hitzak ere erabili izan dira inoizka[3].
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etimologiari dagokionez, euskaldun hitzak euskara eta -dun osagaietatik eratorria, «euskaraz badakiena» (euskara duena) esan nahi du. Horren antonimoa erdaldun da, hau da, «erdara (euskara ez den edozein hizkuntza) duena, euskaraz jakin gabe». Euskaldun hitza, baina, euskal herritarra izendatzeko ere erabiltzen da, hain bistan den etimologia oker samar erabilita ere (zentzugabea da «euskaldun horrek ez daki euskaraz» edo «euskaldun hori erdalduna da» esatea, Koldo Mitxelenak ondo adierazi bezala).[4]
Era berean, euskaldundu aditzak «euskara ikasi edo irakatsi» esan nahi du, eta ez «euskal herritar bihurtu»: zentzugabekeria litzateke «euskaldunak euskalduntzea» esatea, «euskal herritarrak euskalduntzea» edo «euskal jatorrikoak euskalduntzea» esan beharrean.
XIX. mendean, abertzaletasun modernoaren sortzaile Sabin Aranak euskotar (euzkotar, bere garaian) neologismoa sortu zuen, "euskal arrazakoak" (nahiz euskalduna, nahiz euskaragabea) izendatzeko.[5] Egun, hala ere, euskotar hitza ia ez da erabiltzen.
Azkenaldian, Euskal Herriko jentilizioa erabiltzen da gizatalde hau definitzeko, eta euskal herritar era gero eta zabalduagoa da.
Beste zenbait hizkuntzatan, honela izendatzen dira euskaraz dakigunok: Basque speakers (ingelesez), euscaldunas, euskaldunes edo vascohablantes (gaztelaniaz; vascoparlante izena gutxiespenezkoa da berez, ikus parlaren definizioak DRAE hiztegian),[6] bascophones (frantsesez).
Euskal herritarrok izendatzeko, berriz, hitz hauek darabiltzate: Basques (ingelesez), vascos (gaztelaniaz), Basques (frantsesez), bascs (katalanez), Basken (alemanez), basgiaid (galesez)...
Jatorriari buruzko teoriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskararen jatorria munduko hizkuntzalari asko kezkatu dituen gaia da. Teoria ugari sortzeko hizpidea jarri du, Europan indoeuropar jatorria ez duen hizkuntza baita, hurbileko seniderik eta inguruko ezein hizkuntzarekin harreman zuzenik gabea. Teoria ugari eta oso ezberdinak proposatu dira azkeneko hamarkadetan, eta mundu mailako hizkuntzalari mordoa batu da hizkuntza berezi honen jatorriaren bilaketara. Une honetaraino, ordea, aurrerapenak egin diren arren, euskararen gurasoaren arrastorik edo jatorriaren inguruko teoria segururik ez da aurkitu.
Euskararen jatorria modu askotara aztertu izan da historia osoan. Hizkuntza baten jatorria aztertzen duen hizkuntzalaritzaren adarra hizkuntzalaritza historikoa da (diakronikoa). Hizkuntzalaritza historikoaren metodoan, toponimia, onomastika, etimologia, morfologia, sintaxia eta arkeologia erabili izan dira eta, azken urteotan, genetika ere sartu da. XVI. mendetik aurrera, ugaldu egin ziren euskararen jatorriari buruzko azalpen mitikoak Euskal Herrian, foruen inguruko eztabaidan kokatuta. Artikulu honetan, gure hizkuntzaren jatorriari erreparatzen zaio. Eztabaida horri lotuta, hizkuntzaren iraupenaren gaia agertzen da maiz.
Hedadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldun gehien-gehienak Euskal Herrian bizi dira, honela banatuta:[1]
- Euskal Autonomia Erkidegoa: 600.058,
- Iparralde: 51.100,
- Nafarroako Foru Erkidegoa: 62.977.
Beraz, Euskal Herrian guztira 714.136 dira euskaldunak. Horiez gain, munduan barna badira beste euskaldun milaka batzuk.
Euskaldun izanik edo ez, euskal jatorria dutenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herrian:
- Euskal Autonomia Erkidegoan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa): 2.123.000[erreferentzia behar],
- Nafarroako Foru Erkidegoan: 600.000[erreferentzia behar],
- Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa): 300.000[erreferentzia behar].
Euskal diaspora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal diaspora, hainbat arrazoi direla eta euren lurraldea utzi duten euskal herritarren sakabanaketari deritzo. Kopuruaren aldetik, euskal diasporako kide gehienak Espainian, Frantzian eta Ameriketako herrialde hauetan bizi dira: Argentinan, Kuban, Txilen, Uruguain, Mexikon, Venezuelan, Kolonbian eta Estatu Batuetan. Horregatik bizi dira herrialde haietan hainbat euskaldun, eta euskaldun izan gabe euskal jatorria duten gizabanako ugari.
- Espainian: 2.359.400,[7]
- Frantzian: 230.200,[7]
- Argentinan: 3,5 milioi,[8][9]
- Txilen: 1,7-4,5 milioi,[10][11][12][13][14]
- Kuban: 1,5 milioi,[15]
- Brasilen: 800.000-1.500.000,[erreferentzia behar]
- Uruguain: 102,200,
- Kolonbian: 60.000,[16]
- Costa Rican: 5.500,[17]
- Venezuelan: 5.500,[18]
- Filipinetan: 5.000.[19]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko edo euskaldunen historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren influentzia jaso du euskaldunen herriak, zeltak, erromatarrak, frankoak, bisigodoak, musulmanak, gaztelarrak, ingelesak. Gaur egun Espainia eta Frantziaren artean kokatuta dago eta bi herri horien historiaren pasarteak jasan ditu. Bitarte horretan euskararen inguruan batzen den herrian Nafarroako Erresuma bezalako egitura politikoak egon ziren eta hainbat gerra, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen konpetentzia gatazkek sortuak.
Herri nekazari eta abeltzaina izatetik, Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da baina, horretarako, antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan zituen.
Jozef Schmidt filosofoaren arabera, euskaldunak Neolitoko ugalketa kulturaren jatorrizko eramaileak dira, Lascauxen edo Altamiran labar-pinturen garaian Frantzian, Iberiar Penintsulan eta Europako hego-mendebaldean sortu baitziren.[20]
Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara euskaldunek hitz egiten duten hizkuntza hizkuntza bakartua da. Gaztelania, frantsesa eta gaskoierarekin batera Euskal Herrian mintzatzen den hizkuntzetako bat da, jatorrizkoa, gaur egun egoera gutxituan dagoena. Euskara ez dago philum indoeuroparraren barruan sailkatuta eta Europako mendebaldean izan zen hizkuntza-familia baten azken agerpentzat hartzen da.
Antzina, Errioxan, Kantabrian, Burgosen, Huescan eta Zaragozan ere hedatuta zegoen, eta Akitanian eta Erdialdeko Pirinioetan ere bai.
Iberiar Penintsulan oraindik bizirik dirauen erromatarren aurreko hizkuntza bakarra da. Gutxitze prozesu gogorra jasan du, etenik gabe lurraldeak eta hiztunak galduz (ez, ordea, beti eta kopuru absolututan). Nafarroa Garaian bereziki, prozesu hori nabarmena da. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, hainbat intelektualen eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabin Arana...) nolabaiteko biziberritzea izan zuen, abertzaletasunarekin estuki loturik. Frankismoan (1936–1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mende erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioari dagokionez batez ere.
1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu zuen, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskadiren berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofiziala egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (Trebiñuko Konderrian eta Turtzioz-Billaberden izan ezik). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (Eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (Eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (Eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herriari dagokionez, euskarak ez du onarpen instituzionalik, frantsesa hizkuntza ofizial bakarra izanik.
XX. mendean euskara batua sortu zen euskalkien arteko aldeak gainditzeko beharrari erantzunez; gaur egun, hizkuntza koofiziala da Euskal Herriko lurralde batzuetan. Komunikabide, ikaskuntza, administrazio eta aisian erabiltzen da, lurralde eta eremuen arabera gorabehera handiak dauden arren.
Etxe eta jarduerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal etxe tradizionalari «baserri» deritzo eta bertan bizi direnei «baserritarrak» deritze. Bertako jarduera nagusiak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza izan dira historian zehar. Gaur egungo aldaketa ekonomikoek baserrien gainbehera ekarri dute. Lehen baserriak XV. mendean eraiki ziren eta gaur egun baserri asko turismo ikusgarriak gisa erabiltzen dira.
Euskal Herriaren ezaugarriak direla eta, euskaldunen ekonomia herrialdez herrialde aldatzen da. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrialdeak nekazaritzari, arrantzari (Lapurdiko kostaldean) eta jarduera horien araberako gizarte molde bati loturik bizi izan dira luzaroan. Hego Euskal Herriko bi herrialde –Bizkaia eta Gipuzkoa– Espainiako estatuko industrializazioaren gune nagusia izan ziren hasieratik bertatik.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertsolaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztietan indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazkek eskaini zuten bertsoetarako gai ugari. Hori dela eta, frantsesen aurkako, karlisten garaiko eta Kubako gerrei buruzko bertso mordoxkak iritsi zaizkigu: ahoz aho banaka batzuk, idatziz gehienak. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, zenbait kasutan orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetakoak izan baitziren.
Mende hartako bertsolari zaharrenen artean, Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bat-bateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet «Etxahun» barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Otsalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruñeko ferietan...).
Euskal dantzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal dantzak euskal kultura eta folklorearen osagai garrantzitsuak dira. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera dantzaak aldatu egiten dira, baita esanahia eta dantza egiteko modua ere (jantziak, partaideak, etab.). Dantza batzuk oso zaharrak dira, ia betidanikoak, baina badago antzinako dantzen bertsio eraberritu ugari ere.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldunen gehiengoa katolikoa da gaur egun. Hala ere, Elizaren eragina ez da antzina bezain handia euskaldunengan, zeinak XIX. mendean katolizismoari erabat lotzen baitziren, euskaldun, fededun esamoldeak dioen moduan.
Euskal mitologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.
Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.
Euskal Herriko kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pilota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pilota —edo, Euskal Herritik kanpo, euskal pilota— Euskal Herriko kirola da. Orokorrean bi edo lau pilotarik (bi taldetan banatuta) txandaka pilota frontis izeneko aurreko hormaren kontra jotzen dute, tantoa lortu nahian. Pilota jotzeko erabiltzen den tresnaren arabera ezberdintzen dira joko motak: eskuz, palaz, xisteraz, xarez, etab.
Pilota joko asko egon arren eta herri askok horrelako jolasak izan arren, euskaldunek beste hainbat gauzarekin bezala ederki jakin dute pilota jokoa egokitzen: beren tokira moldatu dute pilota eta bertako ezaugarriez hornitu: plaza, leku, arau, pilota, jotzeko tresnak, instalazioak, materialak, etab. Horren ondorioz, gaur egungo joko horiei pilota jokoak deritzaie.
Herri kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri kirolak Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolei deitzen zaie normalean. Horietako asko bertan sortutakoak eta bereziak dira. Herri kirolen jatorria garai bateko hainbat lan jarduera aisialdira bideratzean dago. Baserritarrak nahitaez egin behar zituen eguneroko betebeharrak kirol bilakatu ziren denborarekin.
Euskal abertzaletasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldunen gizataldearen edo talde etnokulturalaren aldarrikapen politikoa egiten duen mugimendua da euskal abertzaletasuna eta euskal nazionalismoa. Mugimendu horren arabera, euskaldunen herria, Euskal Herria, errealitate kulturala ez ezik, errealitate politikoa ere bada, eta, hortaz, nazio bat osatzen du.
Historian zehar, hainbat egilek euskal lurraldeen nazio izaera goraipatu bazuten ere, eta historialari batzuek sustraiak askoz lehenago ipintzen badituzte ere, euskaldunen aldarrikapen politiko zehatza egin zuen lehena Sabin Arana izan zen, euskal nazionalismoa eta Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu baitzituen: XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, besteak beste euskalduntasuna arrazan oinarritu zuen. 1959an Euskadi Ta Askatasuna (ETA) sortu zen: oro har, eta aurretik izandako saiakera batzuen erreleboa hartuz, ezkerreko euskal nazionalismo baten oinarriak ezarri baitzituen.
Euskaldun ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Inazio Loiolakoa (1491–1556), Jesusen Lagundiaren sortzailea.
- Juan Sebastian Elkano (1480–1526), esploratzailea.
- Frantzisko Xabierkoa (1506–1552), Jesusen Lagundiaren sortzailea.
- Katalina Erauso (1592–1650).
- Miguel Unamuno (1864–1936), idazle eta filosofoa.
- Sabin Arana 1865-1903, Politikari eta idazlea.
- Jorge Oteiza (1908-2003), eskultorea.
- Eduardo Chillida (1924 - 2002), eskultorea.
- Gabriel Aresti (1933–1975), idazlea.
- Gotzon Garate (1934–2008), josulaguna, idazlea eta filologoa.
- Joxe Azurmendi (1941–), filosofoa.
- Pedro Miguel Etxenike (1950–), fisikaria.
- Bernardo Atxaga (1951–), idazlea.
- Arnaldo Otegi (1958–), politikaria.
- Ainhoa Arteta (1964–), sopranoa.
- Xabier Alonso (1981–), futbolaria.
- Abel Azcona (1988-), artista.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Eusko Jaurlaritza: V. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2011.
- ↑ GIZAKER: Caracterización de los vascos/as ante la fe y religión, EITB, 2006.
- ↑ «basko - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Koldo Mitxelenaren «Los vascos y su nombre» izenburuko artikulua
- ↑ «Aberrijaren bijotzarentzat euzkerea eztakijan euzkotar bakotxa da arantza bat; abertzalia eztan euzkeldun euzkotar bakotxa da arantza bi.» Sabino Arana Goiri: Obras completas de Arana-Goiri’tar Sabin. Buenos Aires, 1965.
- ↑ parla: 1. f. Verbosidad insustancial. Todo cuanto dijo no fue más que parla. 2. f. coloq. labia. 3. f. p. us. Acción de parlar (hablar con desembarazo o expedición).
- ↑ a b IV. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2008, ISBN 978-84-457-2775-1.
- ↑ «Los nuevos vascos (I de II)», Euskonews & Media, 252. zenbakia, 2004-04-30.
- ↑ La inmigración vasca en la Argentina, Juandegaray.org.ar, 2002-07-13.
- ↑ Mikel Soro: «Los jóvenes vasco-chilenos están al día de todo lo que está pasando en Euskadi», Diario Vasco, 1997-12-01.
- ↑ «Entrevista al Presidente de la Cámara vasca», Deia, 2008-05-22.
- ↑ «Presentación del libro Santiago de Chile», 2008-11-19.
- ↑ Pedro Oyanguren: «Txileko euskaldunak eta bertako erakundeak», Euskonews & Media, 72. zenbakia, 200-03-24.
- ↑ Contacto Interlingüístico e intercultural en el mundo hispano, Instituto valenciano de lenguas y culturas, Universitat de Valencia. Aipua: «Un 20% de la población chilena tiene su origen en el País Vasco».
- ↑ «Vascos en Cuba (II): diferentes señales delatan en la isla su presencia histórica, no muy numerosa, pero relevante», Euskalkultura.com, 2008-04-04.
- ↑ "Euskaldunak Kolonbian"
- ↑ Ethnic groups - Costa Rica
- ↑ Ethnic groups - Venezuela
- ↑ Ethnic groups - Philippines
- ↑ Jozef Schmidt. Egilearen artikulua ingelesez WordPressi buruz, Webguneen Filosofia
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herria
- Euskara
- Euskaldun zahar
- Euskaldun berri
- Zerrenda:Hego Euskal Herriko euskaldunen ehunekoak
- Zerrenda:Ipar Euskal Herriko euskaldunen ehunekoak