Jean-Luc Mélenchon
Jean-Luc Mélenchon (Tanger, Maroko, 1951ko abuztuaren 19a -) frantses politikaria bat da, Frantzia Intsumisoa alderdi ezkertiarraren buruzagia.
Alderdi Sozialistako (PS) kide egin zen 1976 urtean. 1983an Massyko zinegotzi hautatu zuten, 1985ean Essonneko departamenduko kontseilari, eta 1986an senatari. 2000tik 2002ra Lionel Jospinen gobernuko Sustapen profesionalerako ministro-ordea ere izan zen. PSren ezker hegaleko kidea izan zen 2008ko Reimseko Kongresuan alderdia utzi zuen arte. PStik atera ondoren, Ezkerreko Alderdia (PG) sortu zuen, eta alderdi horren presidente izan zen lehenengo, eta kopresidente ondoren, 2014ra arte.
Ezkerreko Fronteko kide bezala (PG eta Frantziako Alderdi Komunista biltzen zituen koalizioa) Europako Parlamentuko diputatu hautatu zuten 2009an, eta berriro 2014an. 2012ko hauteskunde presidentzialetan Ezkerreko Frontearen hautagaia izan zen, eta laugarren izan zen lehen itzulian, botoen %11,10 eskuratuta.
2016an, Frantzia Intsumisoa (LFI) mugimendua sortu zuen, eta 2017ko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen mugimendu horrekin. 2012ko hauteskundeetan bezala, laugarren postuan amaitu zuen, baina botoen %19,58 lortuta. Gainera, PSko hautagaiaren aurretik geratu zen. Ondoren, 2017ko hauteskunde legegileetan Rodanoren Ahoaken 4. hautesbarrutirako diputatu izendatu zuten, eta 2021eko urrira arte LFI talde parlamentarioaren buru izan zen Nazio Biltzarrean.
2022an hirugarren aldiz aurkeztu zen presidentetzarako hauteskundeetara. Aurreko bi hauteskundeetan baino sostengu zabalagoa lortu zuen (botoen %21,95), eta emaitza horiekin ezkerraren lidergoa hartu zuen. Hala ere ez zuen lortu bigarren itzulira iristea, Marine Le Penek baino 1,2 puntu gutxiago lortu zituen-eta. Urte horretako hauteskunde legegileetan ez zen hautagai izan bere hautesbarrutian, eta Manuel Bompardi utzi zion diputatu kargua. Hauteskundeetarako ezker frantsesa haren inguruan batzea lortu zuen, NUPES aliantzari esker, eta frantziarrei hura lehen ministro hautatzea eskatu zien, Nazio Biltzarreko gehiengo absolutua eskuratu nahian. Hala ere, koalizioak ez zituen eserleku nahiko lortu, baina oposizioko lehen indar bihurtu zen, baita Emmanuel Macron presidentearen aliantzak gehiengo absolutua lortzea ekidin zuen.
Hurrengo hauteskunde presidentzialetan aurkeztu egingo ez dela iragarri zuen 2022ko hauteskundeen kanpainan.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean-Luc Mélenchon |