Artista
Artista artelanak sortzen, garatzen edo ekoizten dituen pertsona da, bereziki ogibidez aritzen den pertsona.[1] Subjektu berean bat etor daitezke egilearen eta artistaren gaitasunak. Margolariek edo idazleek ezaugarri biak dituzte. Artista hitzak arte familia lexikotik dator ( latineko ars-artis, eta hau grezieratik τέχνη (téchne)).[2]
Horregatik dira artistak Altamirako kobazuloko pintoreak, antzinako marrazkilari txinatarrak, musikariak, zinemagileak, eskultoreak, arkitekto greziarrak, Erdi Aroko artisauak, Errenazimentuko grabatzaileak, Barrokoko margolariak, XX. mendeko abangoardistak, egungo instalazioen sortzaileak, komikien marrazkilariak, hau da, zerbait perfekzioz egiten duten pertsonak, arte ederretako baterako beharrezko gaitasuna edo trebetasuna duten pertsonak, etab.
Pizkundean, XV. mendearen bukaeran, artearen eta artisautzaren arteko bereizketa ezarri zen: artisauak obra errepikagarriak ekoizten ditu, eta artistak, aldiz, obra bakarrak.
Gaur egungo kontzeptua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artista termino deskribatzaile bat da, artetzat hartzen den jarduera batean aritzen den pertsona bati aplikatua. Artista bat honela ere defini daiteke: "bitarteko baten bidez bere burua adierazten duen pertsona". Hitza zentzu kualitatiboan ere erabiltzen da: pertsona sortzaile bat, berritzailea dela praktika artistiko batean adierazteko.
Terminoa zehaztasunik gabe edo metaforikoki ere erabil daiteke "artea" ez den edozein jardueratan, kualifikazio handiko pertsonak adierazteko, hala nola zuzenbidean, medikuntzan, mekanikan edo matematikan. Adibidez, mekaniko bat oso ona dela esateko "artista" bat dela esan dezakegu.