Edukira joan

Olio-palmondo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Olio-palmondo
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaArecales
FamiliaArecaceae
GeneroaElaeis
Espeziea Elaeis guineensis
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakpalma-olio eta palmiste olio

Olio-palmondoa (Elaeis guineensis) arecaceae familiako landare monokotiledoneoa da. Jatorriz Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikakoa bada ere, mundu osoko eskualde tropikaletan lantzen da palma olioa ekoizteko.

20 eta 25 metro arteko zuhaitza da, baina landutakoak gehienez 15 metrokoak izaten dira. Enborra (estipea) zilindrikoa eta ez adarkatua. Hostoak pinatuak eta 5-7 metro luze dira, txorten sendo eta arantzadunarekin. Estipearen gaineko aldean irteten dira, koroa simetriko bat eratuz ernamuinaren inguruan. Infloreszentziak (espadizeak) hosto-galtzarbeetan ateratzen dira. Zuhaitz monoikoak dira, hots, oin berean infloreszentzia unisexual ar eta emeak izaten dituzte.

Fruitua arrautza-formako drupa mamitsua eta eseria da, 4x2 cmkoa. Mamia edo mesokarpoa, hori laranjakara, ia %50ean lipidoz osaturik dago. Hortik ateratzen da palma olioa. Hezurra edo endokarpoa oso gogorra da. Barneko hazia, palmiste deitua, lipidotan oso aberatsa denez gero, palmiste olioa produzitzeko erabiltzen da.

Fruituak mordotan bildurik egoten dira. Mordo bakoizak 200-2000 drupa izaten ditu eta, batez beste, 23 kgko pisua[1].

Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikan du jatorria: Kamerun, Boli Kosta, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ghana, Ginea, Sierra Leona eta Uganda[1]. Mundu osoko eskualde tropikaletan lantzen da, Hego-ekialdeko Asian batez ere.

Zaila da olio-palmondoaren berezko habitata zein den zehaztea, ez delako oihan primarioetan hazten, bakandutako basoetan baizik. Gehienetan eraldatutako oihanetan eta ibai zein erreka bazterretan hazten da. Espezie kolonizatzailea da eta basoen mozketa eta erreketak mesede egiten diote[1].

Afrikako zenbait eskualdetan oraindik ustiategi tradizionalak dauden arren, olio-palmondoarena, bereziki, esportaziora bideratutako ekoipen industriala da. Munduko ekoizle handienak Indonesia eta Malaysia dira, alde handiz. Hauen ondotik Thailandia, Nigeria, Kolonbia, Papua Ginea Berria, Boli Kosta eta Ekuador daude.

Olio-palmondoaren laborantzak eragin kaltegarri handia du ingurumenean: basogabetzea, emankortzaile eta pestiziden erabilera eta bioaniztasun galera. Bertako biztanleek ere kalteak jasaten dituzte, enpresa handiak beren lurrez jabetzen direlako. Askotan giza eskubideen urraketak gertatzen dira [2].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]