Kofi Annan
Kofi Atta Annan (Kumasi, Urre Kosta, 1938ko apirilaren 8a – Berna, Suitza, 2018ko abuztuaren 18a) ghanatar diplomazialaria izan zen, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia 1997tik 2006ra bitartean. 2001. urtean Bakearen Nobel Saria jaso zuen. 2011ko urriaren 17an, Aieteko bake konferentzian parte hartu zuen, Donostian.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kofi Annan Kumasin jaio zen 1938ko apirilaren 8an. Ekonomia-ikasketak egin zituen Ghanan, Suitzan eta Ameriketako Estatu Batuetan. 1962an, Munduko Osasun Erakundeko aurrekontuen bulegoan hasi zen lanean eta, harrezkero, Nazio Batuen Erakundearen funtzionario izan zen.
1974-1976 bitartean, Ghanako Turismo ministerioarentzat lan egin zuen. NBEren barruan organismo batzuetan eta besteetan lan egin ondoren, 1987an idazkari nagusiaren finantza-gaietarako aholkulari eta laguntzaile izatera iritsi zen, bai Javier Pérez de Cuéllarrekin, bai Butros-Galirekin. 1995-1996 bitartean, idazkariorde nagusia zelarik, Butros-Galiren ordez aritu zen Jugoslavia ohian bake-lanetan. 1996an, Batzar Nagusiak NBEko idazkari nagusi aukeratu zuen, Estatu Batuek Butros-Gali berriro hautatzeko ezetza eman baitzuten; bera da orain arte postu horretara iritsi den karrerako funtzionario bakarra.
Bitartekari lanetan aritu zen hainbat prozesu politikotan: 1998an Saddam Hussein presidentearekin elkarrizketatu zen Bagdaden, estatubatuarrek Iraki egin nahi zioten erasoa eragozteko asmoz, irakiarrek ez baitzuten baimenik eman nahi ustez zituzten armategi kimikoa eta biologikoa ikuskatzeko. Negoziazio horietan izan zuen arrakastarekin asko hazi NBEren ospea nazioartean, aurretik porrot ugari izan baitzituen gatazka horretan. Bitartekari izan zen Nigerian ere, gobernu zibilaren aldeko trantsizioari bultzada emanez, eta baita NBEko Segurtasun Batzordearen eta Libiaren arteko harremanak suspertzen ere 1999an.[1] 2001ean, Bakearen Nobel saria jaso zuen, mundu ondo antolatu eta baketsuago baten alde egindako lanagatik.[2]
Haren agintaldian lehentasuneko gai bat HIESaren aurkako borroka izan zen. Pasarte polemikoak ere izan zituen: 2004an, Irakeko egunkari batek salatu zuen hainbat agintarik NBEk sustaturiko Petrolioa Elikagaien Truke programa irabaziak eskuratzeko erabili zutela eta ustelkeria sare horretan Annanen semea zegoela.[3] 2006an, idazkari nagusi izateari utzi zion, eta NBErentzat jarraitu zuen lanean Sirian, ordezkari berezi gisa.[4] 2007an, haren izena daraman fundazioa sortu zuen, bakea eta elkarrizketa sustatzea helburu duena.[3]
2011n, Donostian egon zen Aieteko Adierazpena babesten. Europako beste sei lider politikorekin presiditu zuen mahaia (Jonathan Powell, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe eta Gerry Adams). [5] Bertan, ETAri borroka armatuari bukatzeko eskatu zioten alde bakarreko eta Espainiako eta Frantziako gobernuekin negoziatu gabeko prozesu baten baitan.[6][7] Handik hiru egunera, ETAk borroka armatuari amaiera ematea erabaki zuen.[8]
2012an dimisioa eman zuen, Sirian bere betebeharra lortu ez zuelako, eta NBEan zuen postua utzi zuen.[9] Beti ere, hil arte segitu zuen lanean. 2018ko uztailean, esate baterako, Zimbabwen egon zen hauteskunde-prozesua ikuskatzen.[2] Nelson Mandelaren jaiotzaren urteurrenaren ekitaldietara Hegoafrikara joan zenean gaixoturik, horren ondorioz hil zen Bernan.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Biografia: Kofi Annan, NBEko idazkari izatetik Bakearen Nobel sarira» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ a b Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Kofi Annan, NBEn idazkari nagusi ohi eta Bakearen Nobel sariduna, hil da» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ a b c Berria.eus. «Kofi Annan hil da, Bakearen Nobel saridun eta NBEko idazkari nagusi izandakoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Kofi Annan, Siriarako ordezkari berezi» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ «Kofi Annan etorriko da besteak beste Donostiako Konferentziara» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ Berria.eus. «ETAri armak uzteko, gobernuei negoziatzeko eta alderdiei hitz egiteko eskatu diete Donostian» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ Berria.eus. «Aieteko Adierazpenaren aldeko sostengu kanpaina hasi du Lokarrik» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ «Aieteko Konferentziaren urteurrena: ETAren urratsak ez du erantzunik jaso» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
- ↑ Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Kofi Annanek utzi egingo dio Siriako bitartekari izateari» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-18).
Irakurri gehiago
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bauer, Friederike (2005). Kofi Annan: Ein Leben (in German). S. Fischer. ISBN 978-3-10-009647-0.
- Maurel, Chloé (2019). "ANNAN, Kofi Atta" (PDF). In Bob Reinalda; Kent J. Kille; and Jaci Eisenberg (eds.). IO BIO, Biographical Dictionary of Secretaries-General of International Organizations. Retrieved 2 May 2022.
- Frederic Eckhard (préf. Bernard Kouchner, trad. Annick Stevenson), Kofi Annan, Éditions du Tricorne, 2009 (ISBN 978-2-8293-0293-0)
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Berasain Tristan, Kristina Inspirazioaren arrastoan, Berria, 2018ko abuztuak 19, berria.eus
- (Ingelesez) Kofi Annan Foundation, kofiannanfoundation.org
Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak | ||
---|---|---|
Gladwyn Jebb • Trygve Lie • Dag Hammarskjöld • U Thant • Kurt Waldheim • Javier Pérez de Cuéllar • Boutros Boutros-Ghali • Kofi Annan • Ban Ki-moon |