Garraztarro
Garraztarro | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Turdidae |
Generoa | Turdus |
Espeziea | Turdus viscivorus Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 0,44 m |
Kumaldiaren tamaina | 3,9 |
Errute denbora | 15 egun |
Garraztarroa (Turdus viscivorus) turdidae familiako hegazti paseriformea da, ia Eurasia osoan bizi dena[1]. Ezaugarri fisikoei dagokionez, bizkarraldea grisa izaten du eta papar-sabelak zuriak, orban ilunez tantatuak. 25 cm inguru luze da eta hegotik hegora 45 bat cm ditu. Fruituak, haziak (mihurarenak bereziki), intsektuak eta barraskilo txikiak janez elikatzen da.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere kolorea eta diseinua birigarroaren oso antzekoak dira, baina handixeagoa da; 27 cm-ra iristen da, ia usapal baten tamainakoa. Gure Zorzal-en artean handiena da.
Bizkarraldea eta gainontzeko goiko aldeak arrexkak ditu, baina arre-grisaxkak, ez birigarro arruntak bezala arre-oliba antzeko koloreak. Azpian, hondoko kolorea zuriagoa da, tonu okre antzeko leunarekin soilik, baina hori bezain marratua, marroi ilun eta ia beltz koloreko orbanekin. Hegoen azpian, axila-eremua oso argia du, hegaldian ondo ikusten den xehetasuna, baina buztanaren alde banatan dauden bi orban zuriak ere bai.
Moko zuzena eta sendoa, arre iluna eta hankak horixkak. Lumajea berdina da bi sexuetan eta tonu-desberdintasun txikiak baino ez daude gaztetxoetan, zertxobait arrexkagoak gainean, ez hain grisaxkak.[2]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garraztarroak izaera zakarra eta mesfidatia du; beti adi, zaila da gerturatzea eta hurbiletik begiratzea. Urtearen zatirik handiena talde txikietan bizi dira, alarmarik txikienean, hegan alde egiten dute “karrkarr” abisu indartsu bat jaurtiz eta beste guztiei abisatuz..
Lurrean zein zuhaitz eta zuhaixketan jaten du, landare eta animalia jatorriko dieta mistoa jarraitzen du. Lurrean ondo aritzen da. Arintasunez eta jauzika ibiltzen da, normalean zelaietan eta larreetan, barraskiloak, harrak, armiarmak eta intsektu asko eta haien larbak bilatzen. Mihuraren fruitu eta baiak, otsalizarrenak, elorrienak, ipuruarenak, haginenak, intsusarenak, etab., baita gereziek, sagarrek eta landutako beste batzuek ere proportzio onean laguntzen dute beren dietan.
Oraindik tarteka, baina jada neguaren erdian, haien kantua entzuten hasten da, txistu baxua, oso ozen eta soinuduna, zozoaren antzekoa baina monotonoagoa, hainbat aldiz errepikatzen duen ahapaldien errepertorio labur bat.
Martxotik aurrera, baita otsailean ere, habia egiten hasten da, ugalketa goiztiarrari hasiera emanez, hostozabalak oraindik biluzik daudenean, horregatik batzuetan hosto iraunkorrak dituzten zuhaitzetan ezkutatzen du, haginetan, gorostietan, arteetan, pinudietan edo enbor eta adar lodietara igotzen duten huntz artean. Normalagoa da enborraren ondoan egitea, adar bat jaiotzen den tokian edo adarren urkila lodietan eta pagoetan, haritzetan eta beste hostoerorkor batzuetan, ia beti goialdean. Belar, lasto eta adarrez osatutako katilu handi bat eraikitzen du, goroldioz eta likenez, eta lokatzekin finkatzen du.
Erruten dituen 3 edo 4 arrautzak urdinxkak dira eta orban ilunak edo gorrixkak dituzte. Inkubazio epea 13-15 egunekoa da eta txiten egonaldia habian beste 15-16 egunez luzatzen da. Normalean beste txitaldi bat egiten du.
Ugaldu ondoren, normalean talde txikitan mugitzen dira, ziurrenik familia taldeetan, uda-udazkenean zehar. Geroago neguko talde handiagoetan biltzen dira, batzuetan iparraldeagotik etorritako beste batzuekin, izan ere hemen sedentarioak izan arren, latitude altuagoetakoak migratu egiten dute urtaro hotza mediterraneoan igarotzeko.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garraztarroa Europan, mendebaldeko Asian eta mendebaldeko Afrikan ugaltzen da, klima borealetik mediterraneokoraino eta menditarreraino. Europa osoan banatuta dago, Islandian izan ezik, Eskandinavia erdialdetik Mediterraneoko eremuraino. Iberian batez ere espezie menditarra da.
Euskal Herrian ere banaketa orokorra du, hemen ere batez ere menditarra da, nahiz eta Kantauri isurialdeko muino basotsuetan eta Arabako Kantauri azpiko eremu lauetan aurkitzen den, baina gutxiago.
Baso eta zuhaizti ertzetan ugaltzen da, belardietan, larreetan eta belar baxuko eta txilardegietako soroen inguruetan. Populaziorik handiena pagadi menditsuetan dago, baina hariztietan, erkameztietan etab. ere aurkitzen da. Arabako hego-mendebaldean pinu gorriak okupatzen ditu.
Beharbada zuhaitz faltagatik edo mendirako joera duelako, oso arraroa da Ebro Haranean, badirudi mediterraneoko laboreak eta makal zuhaitzen pasaia ez duela gustuko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |