Edukira joan

Erromatar Errepublika

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Erromatar Errepublika
Ofiziala (monetetan):
Roma
K.a. 100 eta gero:
Senatus Populusque Romanus
("Senatua eta Erromako herria")
K.a. 509 – K.a. 44
Errepublika

Erromatar Errepublikako armarria

Goiburua
Senatus Populusque Romanus (SPQR)
Erromatar Errepublikaren kokapena bukatzear zegoela
Geografia
HiriburuaErroma
Azalera1.950.000 (k.a 50ean) km²
Kultura
Hizkuntza(k)Latina
Historia
Lukreziaren bortxaketaK.a. 509
Zesar Augusto enperadore bihurtzen daK.a. 44
Aurrekoa
Erromatar Monarkia
Ondorengoa
Erromatar Inperioa

Erromatar Errepublika (latinez Res Publica Romanorum) K.a. 510etik Inperio bihurtu zen arteko Erromako eta Erromaren menpeko lurrak gobernatzeko sistema izan zen. Ez dago argi zein den Erromatar Inperioaren lehendabiziko urtea. Nolanahi ere, data ohikoena K.a. 27ko urtarrilaren 16a da, egun hartan Senatuak Octaviori Augusto titulua eman baitzion.

K.a. V. mendean Erromatar Errepublikak bere boterea ezarri zuen Italiako penintsularen erdialdean. K.a. IV eta III. mendeetan italiar penintsula osoko potentzia nagusi bihurtu zen, han bizi ziren beste herriak menperatuz eta hegoaldean zeuden polis greziarrei aurre eginez.[1][2] K.a. III. mende erdialdetik aurrera penintsulatik kanpoko lurraldeak menperatzen hasi zen. Mediterraneo itsasoko beste potentziak (Kartago eta Mazedonia) mendean hartu zituen.

Hurrengo urteetan, Mediterraneoko potentzia handiena bihurtuta, greziar polisak menperatu zituen. Pergamoko erresuma inperioan sartu zuten eta k.a. I. mendean Ekialde Hurbileko kostaldea ere konkistatu zuten, Seleukotar Inperioaren menpe zegoena.

K.a. II. mendearen eta K.a. I. mendearen artean Erromak aldaketa politiko handiak jasan zituen. Izan ere, erromatarrentzat soilik zen egitura politikoa inperio berri batera egokitu behar izan zen. Garai hartan, magistraturak lortzeko konpetentzia handitu zen erromatar aristokraziaren artean. Horrek zatiketa handiak eragin zituen Errepublika barruan, eta hiru gerra zibil eragin zituen. Hauen ondorioz, Errepublika desagertu eta Erromatar Inperioa sortu zen.

K.a. 509an sortu zen errepublika Erroman, Tito Liviok zioenez, Tarkinio Superbo erregea bota zutenean. Junio Brutok, azken erregearen kontrako matxino nagusiak, urtero hautatzekoak ziren magistraturetan oinarritu zuen Errepublika. Magistratu garrantzitsuenak bi kontsulak ziren, zeinek armadaren gaineko boterea zeukaten. Hala ere, legeak eta politika orokorra Senatuarekin adostu behar izaten zituzten kontsulek. Hasiera batean, nobleziak edo patrizioek baino ezin zuten boterea izan, baina pixkana plebeioei edo jende arruntari kargu publikoen ateak zabaldu zitzaizkien.

Italiako penintsulako gainerako herriak menderatu zituen Erromak poliki-poliki. Kolonien bidez, erromatarrek konkistak babesten eta segurtatzen zituzten. III. mendeko bigarren erdian, Kartagoren kontra borrokatu behar izan zuen Erromak, Lehenengo eta Bigarren Gerra Punikoan. Horren ondorioz, Sizilia Erromaren menpe geratu zen, bai eta Hispaniako ekialdeko eta hegoaldeko kostaldea ere. Mazedoniar Inperioa eta Seleukotar Inperioa garaitu ondoren, K.a. II. mendean, Mediterraneo itsasoko jabeak bilakatu ziren erromatarrak.

Mario, Erromako armada eraberritu zuen politikaria eta jenerala.

Garaipenek eta horien aberastasunek aldaketa sakonak eragin zituzten Erromako gizartean barnan. Noblezia aberastu zen probintzien lepotik. Soldadu xumeek, ordea, urte asko eman behar izaten zuten etxetik kanpoko borroketan. Etxaldeak aurrera eraman ezinik, aberatsei gero eta mailegu gehiago eskatzen zieten. Honela, latifundioak eta esklabotza bultzatu zen.

Gerrek, merkatu berriek eta zerga bilketek behe mailako batzuk ere aberastu zituzten. Hauek equites izeneko klasea osatu zuten. Haren dirutza gorabehera, ez zuten inolako ahalmen politikorik, plebeioak ziren eta.

Nahigabea, beraz, nagusitu zen Erromako hainbat gizarte-klasetan barnan. Senatuak, halere, ez zuen inolako erreformarik onartu. K.a. II. mendearen bukaeran, egoera politikoa jasanezina bihurtu zen. Tiberio eta Gaio Grako anaiak patrizioen lursoro erraldoiak txiroen artean banatzen saiatu ziren, baina biak erail zituzten. Aldakuntza horiek bi talde sortu zituzten, aldekoa (Populares) eta kontrakoa (Optimates). Bi talde horiek, Mario eta Sila haien buruan, K.a. I. mendearen hasieran aurrez aurre borrokatu zuten. Silaren diktadura sortu zen honela.

K.a. I. mendearen erdialdean, Julio Zesarrek, Ponpeiok eta Krasok hitzarmen sekretua, Lehen Triunbiratua, osatu zuten, Errepublika haien menpe gera zedin. Nolanahi ere, jelosiak sortu ziren haien artean, eta borrokatzeari eman zioten berriz erromatarrek. Zesar, garaile aterata, diktadore bilakatu zen. Hala ere, K.a. 44an, bere laguntzaile batzuek, Brutok eta Kasiok besteak beste, Zesar hil zuten, Zesarrek monarkia berreskuratu nahi zuelakoan. Hiltzaileen kontra egiteko, Bigarren Triunbiratua osatu zuten zesartar garrantzitsuenek: Oktaviok, Lepidok eta Marko Antoniok. Berriro, nagusitasuna bilatu nahian, haien artean mendeko hirugarren gerra zibila piztu zen. K.a. 31n, Actium batailaren ostean, Oktavio Erromako buru bakarra bihurtu zen.

Gobernu sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Erromako Senatua»
Erromako Senatuaren rola oso garrantzitsua izan zen Erromatar Errepublikan.

Erromatar instituzioen artean, Senatuak eraginik handiena zeukan herritarren eguneroko bizitzaren gainean, dirua, administrazioa eta kanpoko politikarako xehetasunak haren menpe baitzeuden. Senatuari, boterea eta autoritatea aurrekari eta ohituretatik zetozkion, baita senatarien ospe handitik eta haien leinu zaharretik, Errepublikaren sorreraraino atzeratzen ahal baitzen zenbait kasutan (K.a. 506).

Senatuak dekretuak ematen zituen, "senatus consultum" izenekoak. Ofizialki, magistratu bati emandako ahokuak ziren, baina gehienetan aintzat hartzen ziren. Senatuak arreta handiena kanpo harremanei ematen zien, gatazka militarrak eramatea bere eginkizuna ez bazen ere. Orobat, hiriko adminstrazio zibilaz arduratzen zen.

Senatari bihurtzeko betekizunak honakoak ziren: 100.000 denario adinako lurrak izatea, jaiotzez patrizioa izatea eta gutxienez lehengo batean administrazioan aritu izana. Senatariek beraiek ematen zuten balekoa beste senatari bat onartzeko.

Kontsulak goiko magistratuak ziren Erromako hierarkian. Gai zibiletan eta militarretan botere nagusia zuten. Erromako hirian, gobernuburuak ziren. Senatuan eta batzarretan mahaiburu ziren. Hiritik kanpo, kontsulek armada bana zeukaten beren mende. Kanpoan, haien boterea mugarik gabekoa zen ia.

Pretoreek lege zibilak aplikatzen zituzten, eta probintzietako armaden buruak ziren. Zentsoreek errolda egitea zuten betebehar. Edilen ardura Erromako hirian barneko aferak aurrera eramatea zen, hala nola joko publikoak ospatzea. Kuestoreek kontsulei laguntzen zieten Erroman, eta gobernatzaileei probintzietan.

Tribunoak plebeioen ordezkariak izanda, plebeioak babesten zituzten lege kontuetan, eta magistratuek hartutako erabakiak betatzeko eskubidea zeukaten. Tribunoak bereziki babestuak ziren. Botere horiek, halere, Erromako hirian baino ez ziren indarrean.

Gerrak zirela-eta, Erroma kinka benetan larrian zegoelarik, diktadore bat izendatzen ahal zen sei hilabeterako. Gobernu arrunta desegiten zen eta diktadoreak estatu osoa bere menpe izaten zuen. Agintaldi berezi hori bukatutakoan, gobernu arrunta berreskuratzen zen.

Herritarren biltzarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biltzarren bitartez, Erromako herriak zeukan azken hitza bere magistratuak hautatzeari dagokionez, baita legeak indarrean sartzeari, gerra edo bakea egiteari edo heriotza zigorra emateari dagokionez. Bi biltzar mota zeuden, "comitia" zeritzenak (batzarrak), herritar guztiak biltzen zituztenak, eta "concilia" zeritzenak (batzordeak), herritar multzo jakin batzuk biltzen zituztenak.

Herritarrak antolatzen ziren zenturiak eta tribuak oinarri hartuta. Antolaketa mota bakoitzak bere biltzarra zeukan. Comitia Centuriata delakoan, herritarrak zenturien arabera biltzen ziren. Armaden gaineko botereak zituzten magistratuak (kontsulak eta pretoreak) hautatzen ziren haietan, baita zentsoreak ere. Gerra deklaratzea zeukan.

Comitia Tributa delakoan, herritarrak tribuen arabera biltzen ziren. 35 tributan bananduta, kontsul bat zegoen buru. Kuestoreak, edileak eta tribuno militarrak hautatzen zituzten.

Concilium Plebis delakoan, plebeioak biltzen ziren, patrizioak ez zirenak alegia. Bere magistratuak hautatzen zituzten: plebeko tribunoak eta plebeko edileak. Plebeko tribuno bat zen bilkurako burua. Lege ugari onesten zituen, eta apelazio ganbera ere bazen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Italieraz) «La romanizzazione della Penisola italiana» HuffPost Italia 2019-10-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-14).
  2. (Ingelesez) «Italy | ancient Roman territory, Italy | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-14).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]