Edukira joan

Zirkulazio atmosferiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zirkulazio atmosferikoaren eskema idealizatua (ekinokzioan).
Epe-luzeko batez besteko prezipitazioak hileka.

Zirkulazio atmosferikoa[1] planetaren eskalako airearen higidura da eta, itsaslasterrekin batera, Lurraren gainazalean beroa banatzen den bitartekoa. Hainbat haize-sistema daude mundu mailan, kokatzen diren latitudeari eta intsolazioari lotuak[2]. Haize planetarioak Lurran nagusitzen diren haizeak dira. Distantzia luzeak ibiltzen dituzte eta gehienean norabide berdinetik jotzen dute[3].

Haize nagusiak egurats presioaren araberakoak dira. Leku batetik bestera izaten diren presio aldeak mugakide diren eskualdeen berotze eta hozte diferentzialaren ondorioz agertzen dira batik bat, baina baita airearen mugimenduaren eraginez ere. Termikoki nahiz dinamikoki sortuak diren presioen arteko alde horiek dira airearen mugimenduen abiapuntu. Hala ere, Lurraren errotazioak sortutako itxurazko desbideratzeagatik, airea ez da zuzen-zuzenean mugitzen presio handietatik presio apaletarantz. Itxurazko desbideratze horizontalak edo Coriolisen indarra deritzanak erloju orratzen arabera desbideratzen ditu haizeak Ipar Hemisferioan, eta kontra Hego Hemisferioan.

Desbideratze hori handiagoa dute lurburuetatik hurbil arin mugitzen diren gorputzek, eta txikiagotu egiten da, berriz, ekuatore aldean eta haizearen lastertasuna gutxitu ahala. Horren guztiaren ondorioz, goiko geruzetako haizeek isobarekiko paraleloak izatera jotzen dute; eta lur azaletik hurbil dabiltzan haizeek, berriz, isobarak angelu txiki bat eratuz zeharkatzen dituzte; angelu hori, nolanahi ere, txikiagoa da ozeanoen gainean lur gainean baino, kontinenteetako erliebearen berezko ezaugarrien eta marruskaduraren ondorioz.

Lur azalaren berotze edo hozte diferentzialaren eta Lurraren errotazioaren ondorioz sortzen den itxurazko desbideratze horizontalaren emaitza isobaren eta haizeen eremu eredu jakin bat da. Eremu antolamendu horren alderdirik garrantzitsuenak Ipar eta Hego Hemisferioetako presio apal subpolarrak eta presio handi subtropikalak dira, eta presio apal ekuatorialak. Presio eraztun horiek Eguzkiarekin batera higitzen dira, eta zelula kontinentaletan eta batez ere ozeanikoetan banatzen dira, itsasoen eta kontinenteen arteko tenperatura aldeak direla-eta. Ozeanoen gaineko haizeen ereduak ondo samar islatzen du presioen egoera: zurrunbilo ziklonikoak presio txikiko haizeen inguruan, mugimendu antizkiklonikoa presio handiko haizeen inguruan.

Zirkulazio atmosferikoa etengabe aldatzen da, baina oinarrizko joera nahiko iraunkorra da. Latitude ertaineko depresioak edo zikloi tropikalak eskualde guztietan garatzen dira, kaosaren teoriatik hurbil dagoen iragarpenen arabera, nahiz eta batez besteko joera egonkorra izan.

Hiru zirkulazio-gune bereizten dira ekuatorearen eta lurburu bakoitzaren artean:

  • Lehenengo gunea Hadley zelularena da, Ekuatorearen eta 30 gradu (I eta H) artean dagoena, non ipar-ekialdeko haize erregularrak aurkitzen diren ipar hemisferioan eta hego-ekialdetik hegoaldekoan: alisioak edo Ekialdeko haizeak. Nabigatzaileek aspalditik erabili izan dute haize egonkorreko eremu hau ozeanoak zeharkatzeko.
  • Bigarren gunea Ferrel zelularen da eta latitude ertainetan dago, 30 eta 60 gradu (I eta H) artean. Depresio-sistema iragankorrak ditu ezaugarri eta Mendebaldeko haizeak dira nagusi.
  • Hirugarren gunea zelula polarrek osatzen dute eta 60 gradutik gora daude (I eta H), lurburuetaraino. Haizeak ekialdetikoak dira.

Hiru eremu horien artean, 6 eta 15 km arteko altitudean, jet stream izeneko haize-lasterrak daude, planetaren inguruan ekialderantz dabiltzanak eta frontogenesiaren eragile nagusi direnak.

Tropiko Arteko Konbergentzia Eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Tropiko Arteko Konbergentzia Eremua»

Eremu hau ekuatoretik 5°ra dago, bai iparralderantz zein hegoalderantz. Eguzkiak bertako airea asko berotzen duenez, azken hau goraka doa. Azalean barealdiak dira nagusi, baina noizbehinka ekaitz bortitzak egoten dira. Garai batean haizeen eta barealdien gerriko ekuatoriala deitua zen.

Sasoiaren arabera, hainbat latitude-graduz mugitu liteke.

Alisioen gerrikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Alisioak»

Alisioak iparralderantz eta hegoalderantz, 5°-tik 20°-ra bitartean kokatzen dira. Airea ibar ekuatorialera desplazatzen da gora igotako aire beroak utzitako hutsunea bete asmoz. Lurraren errotazioa dela eta, ordea, ekialde-mendebalde norabidean desbideratuak dira (Coriolis efektua). Ipar-ekialdeko eta hego-ekialdeko alisioak dira.

Haize korronte hauek oso erregularrak dira. Altuera handian, zirkulazioak kontrako norabidea hartzen du kontralisio izena hartuz. Egoera honek Hadley zelulak deitzen diren konbekzio-zelulak sortzen ditu: hau da, haizeen "zirkuitu itxi" antzeko bat.

Sasoiaren arabera, zenbait latitude-gradu mugitu litezke iparralde/hegoaldera, sistema hauek sortzen dituzten presio-gerrikoak bezala.

Alisioak gehienbat ozeano Atlantikoan eta Barean daude garatuta. Indiako ozeanoan aldiz nahasirik aurkitzen dira Asiar kontinentearen gertutasunaren ondorioz.

Alisioen haize-gerrikoen alde batzuetan, sasoi zehatzetan, ekaitz tropikal handiak gerta daitezke: urakanak edo tifoiak deitzen dira.

Presio handiko gerriko subtropikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-presioen gerriko subtropikala[3] 30° eta 60° arteko latitudeetan kokatzen da, iparraldean zein hegoaldean.

Gerriko hau ez da ez erregularra ez jarraitua: ozeano gainean dauden zelulez osatzen da. Bertako antizikloiek erloju-orratzen araberako mugimendu kiribila dute ipar hemisferioan, eta erloju-orratzen kontrakoa hego hemisferioan. Gisa honetan, haizeak bi norantza ditu: bata, ekuatorerantz, haize alisioen sistema sortuz, eta bigarrena poloetarantz, mendebaldeko haize-sistemak sortuz. Zelula hauek askoz ere garatuagoak daude udan (ikus Azoreetako antizikloia).

Presio altuek airearen beheranzko zirkulazioa eragiten dutenez, eguraldi on eta garbiranzko joera dago gerriko subtropikalean, eta lehorteak sarritan gertatzen dira. Munduko basamortuen gehiengoa leku honetan kokatzen dira, edo haize alisioen gunean bestela.

Mendebaldeko haizeen gerrikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

35° eta 60°-ko latitudeetan kokatzen da, ipar zein hego hemisferioan. Haize hauek presio altuko eremu subtropikaletatik poloetarantz jotzen dute, mendebalde-ekialde norabidean. Haize epel hauek poloetako aire masa hotzago eta dentsoagoak topatzean, "fronte polarrak" deituriko ukipen-planoak sortzen dituzte. Aire beroa hotzaren gainetik jartzen denez, mugimendu zirkular bat hartzen du eta perturbazioak zein irregulartasunak agertzen dira. Egoera honetan, hodeiak eratzen dira ekaitz gogor eta fronte-sistemak eratuz.

Eremu polar antiziklonikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bortize polar»

60°tik 90°-ra doan eremua, bai iparrean eta baita hegoan ere. Hemengo airea hotza eta dentsoa da. Baldintza meteorologikoak antiziklonikoak izaten dira gehienetan, baina prezipitazioak urriak dira (urteko 250 mm baino gutxiago). Antartikan haizea kanpoalderantz doan espiral gisan mugitzen da. Ekialdeko haize polarrak deritze eta abiadura handiak har ditzakete.

Baldintzatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haizeen zirkulazioan, aipaturiko sistemez gain, kontinenteek eta ozeanoek baldintzaturiko haizeak sortzen dira: udako eta neguko montzoiak dira.

Bestalde, ozeanoetako itsaslasterrek kliman duten eragina ere oso garrantzitsua da: adibidez, Europako klima ozeanikoko eremua Golkoko itsaslasterrak leuntzen du. Edo, El Niño bezalako fenomenoak sor litzake: hegoburutik iparralderantz doan itsaslasterra ohi bezain hotza ez bada, Perura heldu eta ez da mendebalderantz desbideratuko, ekialderantz baizik; eta horrek prezipitazioak modu lazgarrian areagotzen ditu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Zirkulazio atmosferikoa ZTH zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoan, Elhuyar, Sinonimoa da 'atmosferako zirkulazioa. (kontsulta: 210208).
  2. [https://www.euskalmet.euskadi.eus/s07-5915/eu/contenidos/informacion/comprender_meteo/eu_9758/r01hRedirectCont/contenidos/informacion/com_circulacion/eu_7735/eu_circulacion.html Atmosferako Zirkulazio Orokorra. ] Euskal Meterorologia Agentziaren Euskalmet webgunean (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  3. a b Klimaren elementu eta faktoreak Nafarroako Gobernuaren Meteorologia zerbitzuan (kontsulta: 2021-2-8)

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]