Zeta (gaia)
Zeta zuntz naturala da, gehienbat fibroina proteinaz osatua. Hari jarraia da, oso mehea eta distiratsua. Hainbat artropodok jariatzen dute euren hesteetatik eta airearekin kontaktuan solidotzen da. Bombyx mori sitsaren larbek ekoitzitakoa erabiltzen da ehungintzan.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zetak luzatzeko ahalmena du (hasierako luzeratik % 20 gehiago luza daiteke); bustitzen denean berriro uzkurtu egiten da (% 15-25). Dentsitate txikiagoa du kotoiak, artileak eta rayonak baino, ongi xurgatzen du (bere pisuaren herena duen isurkaria xurga dezake, hezetu gabe) eta oso ongi hartzen ditu tindagaiak. Artileak baino hobeto jasaten du beroa, eta 170 °C-tan desegiten da. Sukoia izan arren, berez itzaltzen da. Luzatzeko ahalmena gal dezake gaizki gordeta edukitzen denean; eguzki argiak luze jotzen badu honda daiteke, baina nekez hartzen du lizunak. Zetazko ehunak eskuz eta ur hotzez garbitu behar dira, lixibak kalte egiten die, eta erraz zimurtzen dira.[1]
Ekoizpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeta-harra, krisalida bihurtzeko prest dagoenean, kuskua egiten hasten da. Horretarako, burua 'zortzi' zenbakiaren itxuran mugitzen du, eta beheko barailatik hurbil dituen bi guruinek likido bat jariatzen dute. Airearekin kontaktuan, likido hori solidotu eta zeta-hari bihurtzen da. Aldi berean, harrak bi harizpiak batzen dituen goma bat jariatzen du. Hiru egunean, duen likido guztia zeta bihurtzen du. Kusku batean, 1.300 metro zeta-hari biltzen da, eta 5.500 zeta-har behar dira kilo bat zeta ekoizteko.[1]
Zeta haria gizakiarentzat erabilgarri bihurtzeko kuskuak labe berezietan uzten dira lehortzen 16-18 ordutan, eta gero beratu egiten dira haria errazago askatzeko. Gero haria matazetan biltzen da. Hari horri zeta gordina esaten zaio, eta hortik aurrera landu egiten da. .
Munduko zeta ekoizlerik handienak – 2019 | |
---|---|
Herrialdea | Ekoizpena (1000 kg)[2] |
Txina | 68.600 |
India | 35.820 |
Uzbekistan | 2.037 |
Vietnam | 795 |
Thailandia | 700 |
Brasil | 469 |
Ipar Korea | 370 |
Iran | 227 |
Bangladesh | 41 |
Japonia | 16 |
Zetaren hasierako historia eta hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasieran, zeta Txinan Neolito garaian egiten zen, bereziki duela 4000 urte inguru Yangshao kulturan. Gaur egungo Zhejiang probintzian, Kristo aurreko 2700 urteko zetaren aztarnak aurkitu dira. Hurrengo mila urteetan, Txinak zetaren ekoizpena bakarrik kontrolatzen jarraitu zuen. K.a. I. mendearen amaieran Zetaren Bidea ireki zenean, zetaren ekoizpena eta merkataritza Txinatik hedatu ziren, Asia eta Europa lotuz.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2021/1/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Galarraga Aiestaran, Ana. Arropa, lehen babesa. Elhuyar, 217. zenbakia, 2006ko otsailak 1, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
- ↑ Global Silk Production (in Metric Tonnes). inserco.org (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
- ↑ (Errusieraz) «Оптовые рынки тканей в Китае» svoivkitae.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-06).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Galarraga Aiestaran, Ana Zeta: leuntasuna eta luxua, zientzia.eus