Edukira joan

Su-arma

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

12,7 mm kalibreko metrailadorea.

Su-arma edo suzko arma da konbustio batek sorturiko gasen presioa erabiliz jaurtigai bat urrutira bidaltzeko gai den arma. Su-arma izateko, konbustio edo leherketa bidez bultzaturiko jaurtigai batek egon behar du tarteko. Hau dela eta, ezin daitezke su armatzat sailkatu airea edota CO2 presioan gordeta baliatuz jaurtigaiak botatzen dituzten armak.

Armek abantaila mekanikoak erabiltzen dituzte indarrak sendotzeko. Batzuk sinpleak izan daitezke, baina ez dira beti su-armak kontsideratzen, mutur zorrozdun makila bat adibidez.

Ehiza edo gerra jardueretan erabiltzen dira, orokorki, baina baita kirol jardueretan ere. Tiro distantzia jakin batetik bakarrik egin daiteke, arma motaren eta inguruko egoeraren arabera (haizea, hezetasuna, etab.). 

Arma batzuk hilgarriak ez izateko sorturikoak izan dira, istiluei aurre egiteko adibidez. Beste batzuk, aldiz, bereziki hilgarriak izateko ekoizten dira, ehizarako, gerrarako edota heriotza zigorra betetzeko asmoz.

Antzinatean, bolbora beltza zen nagusi; gaur egun, berriz, kerik gabeko bolbora edo kortatxoa erabiltzen da.

Su-arma luzeei (errifleak, adibidez), baioneta bat gehitu ohi zaie. Baioneta hori oso arma zuri zorrotza da, eta, balarik ez duenez, buruz buru borrokatzeko erabiltzen da. Horrek balen arriskugarritasuna areagotzen du. Tresna horiek erabiltzeko, lizentzia berezi bat beharrezkoa da, eta, horretarako, azterketa teoriko bat egitea ezinbestekoa da gai hori jorratzen duen liburu baten bidez.[1]

Su-arma baten ezaugarri garrantzitsu bat arima mota ere bada, kanoiaren barrualdea. Arma batek arima leun edo marraduna duen, ezaugarri garrantzitsu asko aldatzen dira.

Suzko arma helburuei kalte egiten dien urrutiko kanoi-arma bat da, propultsatzaile kimiko baten errekuntza exotermikoak (deflagrazioa) sortutako eta azkar hedatzen den goi-presioko gas batek bultzatutako jaurtigai bat edo gehiago jaurtitzean, historikoki bolbora beltza, gaur egun kerik gabeko bolbora[2][3][4].

Munduko arma-fabrikatzaileen artean, hauek dira su-armen fabrikatzaile nagusiak: Browning, Remington, Colt, Ruger, Smith & Wesson, Savage, Mossberg (Estatu Batuak), Heckler & Koch, SIG Sauer, Walther (Alemania), ČZUB (Txekia), Glock, Steyr-Mannlicher (Austria), FN Herstal (Belgika), Beretta (Italia), Norinco (Txinako Herri Errepublika), Tula Arms eta Kalashnikov (Errusia); ekoizle nagusi izandakoak, halaber, Mauser, Springfield Armory eta Rock Island Armory (Filipinak) haien artean sartu zituzten.

2018an, Small Arms Survey-k jakinarazi zuen mila milioi su-arma baino gehiago zeudela globalki banatuta; horietatik, 857 milioi (% 85) zibilen esku zeuden[5][6].​​ AEBko zibilak, eurak bakarrik, zibilen esku dauden suzko armen munduko kopuru osoaren 393 milioi dira (% 46 inguru)[6].​ Horrek esan nahi du «100 biztanleko 120,5 su-arma daudela»[6].​ Munduko indar armatuek arma txikien munduko guztizkoaren 133 milioi inguru (% 13 inguru) kontrolatzen dituzte; horietatik, % 43 baino gehiago bi herrialdetakoak dira: Errusiako Federazioa (30,3 milioi) eta Txina (27,5 milioi)[5]. Legea betearazteko ardura duten erakundeek arma txikien 23 milioi inguru (% 2 inguru) kontrolatzen dituzte mundu osoan[5].

Goitik behera: M16A1, M16A2, M4A1 eta M16A4.

Armadan, suzko armak arma astun eta arin gisa sailkatzen dira, infanteriako soldaduek eraman dezaketen edo ez. Su-arma arinak infanteriako soldadu batek erraz garraia ditzaketenak dira (hau da, eramangarriak); hala ere, hainbat soldadu ere (tripulazioak zerbitzatuta) behar ditzakete eragiketa-gaitasun optimoa lortzeko. Su-arma astunak oinez garraiatzeko handiegiak eta astunegiak direnak dira, edo ezegonkorregiak dira atzerakadaren aurka, eta, beraz, arma-plataforma baten laguntza behar dute (adibidez, euskarri finko bat, gurpil-gurdi bat, ibilgailu bat, hegazkin bat edo ur-ontzi bat) taktikoki mugikorra edo erabilgarria izateko.

Errifleak, upel luzeagoekin, zehaztasun handiagoa eskaintzen dute, eta ehizari eta aplikazio militarrei ematen diete lehentasuna. Hauen adibide batzuk dira: Ruger M77, Remington 700...

Eskopetak, pelletak sakabanatzeko ezagunak, erabilgarriak dira ehiza eta ehiza kirolean. Adibidez, Ruger M97, Spas-12...

Metrailadoreak, tiro automatiko azkar baterako diseinatuak, historikoki, gertuko borroketan erabili izan dira. Horiek, su automatikoari eusteko gai direnak, konfigurazio militarretan zabaltzen dira. Bereizketa horiek ulertzea funtsezkoa da arma erabiltzeko eta doitzeko. Hauen adibide batzuk M-16 eta AK47 dira.

Eskuzko pistolak, bere diseinu trinkoak ezaugarritzen dituztenak, pistoletan eta errebolberretan banatu ohi dira. Adibide ezagunak hauek izan daitezke: Glock17, FiveSeven, errebolberrak...

[7][8]

XI. mendean, bolbora edo sutautsa erabiltzen zuten txinatarrek, bai suziriak egiteko, baina baita gerra jardueretan ere. XIII. mendeko zenbait lekukotasunek bolbora jaurtigaiak botatzeko erabiltzen zela erakusten dute.

Su-armak urrutitik heriotza eragiteko sortu ziren tresnak dira, bai erasoan edo defentsan, bai ehizarako tresna hilgarri gisa. Bolbora eta bere erabilera leherkor edo propultsatzaileei buruzko ezagutza zientzialari arabiarren eskutik iritsi zen Europara XIII. mendearen amaiera eta XIV. mendearen hasiera bitartean, non erreferentziarik zaharrena Zezenaren gerrilari izeneko tratatuan aurkitzen den, bolbora beltzaren konposizioa deskribatzen duena.

Europako kanoi baten lehen irudia, De nobilitatibus sapientii et prudentiis regum lanean. Egilea: Walter de Milemete, 1326

Erreferentzia zehatzagoak daude Walter de Milemeteren eskuizkribu batean. Walter de Milemete Ingalaterrako Eduardo III.aren kaperaua zen, eta 1326ko eskuizkribuan, zalantzarik gabe antzinako kanoi bat den marrazkia agertzen da. Halaber, Florentziako agiri bat ere gorde da, 1326ko otsailaren 11koa, non metalezko kanoiak eta jaurtigaiak eskuratzeari buruz aipatzen den: pilas seu palloctas ferreas et canones de metallo[9]. Turinetik hurbil dagoen Gassinoko gazteluaren kontabilitate-erregistro batetik, badakigu gaztelua kanoiz hornituta zegoela 1327an[10]. Hala ere, XIV. mendearen bigarren erditik aurrera hasi ziren su-armen erabilera belikoari buruzko erreferentzia ugari eta zabalagoak. Arma horien artean, arma eramangarriak izan ziren lehenak, pertsona bakar batek erabili eta garraia zitzakeen armak, alegia.

Kanoiak artilleria pieza astunak ziren, baina, denborarekin, mugikortasun gehiago eman, eta infanteriak erabiltzeko moduko erreminta bihurtu zituzten. XV. mendetik aurrera arkabuzak eta mosketeak agertu ziren.

Hasierako su-arma horiek ez ziren oso fidagarriak, eta diseinua aski oinarrizkoa zen. Kargatzeko, lehenik sutautsa eta ondoren jaurtigaia ezartzen ziren kanoiaren ahotik barrena. Ondoren, metxa baten bidez leherrarazten zen bolbora. Su-arma modernoak ez dira kanoiaren ahotik kargatzen, atzealdetik baizik, eta bolbora jaurtigaiarekin batera sartu ohi da.

Leherketa ere, askoz kontrolatuagoa da su-arma modernoetan. Bolbora bereziak erabiltzen dira, eta kanoia ere moldatua da istripuak ekidin eta jaurtigaia zehatzago zuzentzeko. Bestalde, leherketa ez da metxa bidez eragiten, konpresio edo txinparta bidez baizik.

Gurpil horzduna, metxaren ondorengoa, hobekuntza esanguratsua izan zen metxaren ondoan, erosotasunari eta segurtasunari dagokionez. Suharri baten kontra biratzean funtzionatzen du, eta txinpartak sortzen ditu. Ustez, Leonardo da Vincik asmatu zuen, baina ez zen erabat onartu erloju-mekanismoaren kostu handia zela eta.

Euskal Herrian, suzko armekiko bi legedi daude, Frantziakoa eta Espainiakoa hain zuzen.

Iparraldeko lurraldeek Frantziako legedia jarraitu beharra dute, non zorrotza den. Armak edukitzeko eta eramateko lizentziak eskatzen ditu. Armak hainbat kategoriatan sailkatzen ditu arriskutsutasunaren arabera; arma guztien erregistroa eskatzen du, eta salmentak zorrotz kontrolatzen ditu. Horrez gain, debekatuta dago munizioa aurrekaria duten pertsonei saltzea.

Frantzian, armen legeak hausteagatik izan daitezkeen ondorio juridiko batzuk izan daitezke: isun handiak, espetxe zigorrak, arma konfiskatzea eta kasu larriagoetan, akusazio penalak.

Zigorren tamaina faktoreen araberakoa izango da: legez kanpoko armak edukitzea, armen erabilera okerra, su armei lotutako jarduera kriminaletan parte hartzea, besteak beste[1].

Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokienez legedia desberdina da. Espainian pistolen, errebolberren edota eskopeten lizentzia eduki ahal izateko, ezinbestekoa da adin nagusikoa izatea. Horrez gain, beharrezkoa da baliozko aurrekari penalen ziurtagiria eta gaitasun psikofisikoei buruzko txostena aurkeztea.

Naiz eta suzkoak ez izan, Espainian badaude lizentziarik gabe erabil daitezken armak, airezko pistolak, ahozko armak eta defentsa pertsonalekoak hain zuzen. Legedia haustean, hiru zigor desberdin daude emandako larritasunaren arabera.

Hauste oso larria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deliturik ez bada, arau-hauste oso larritzat hartuko ditu erakundeak sortutako eta zigortutako arriskuaren arabera 30.050,61 eta 300.506,05€ bitarteko zigorra ezarriz.

Hauste larria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deliturik ez bada, honako hauek izango dira arau-hauste larritzat eta zigortuko dira 300,51€ eta 30.050,61€ bitarteko zigorra ezarriz.

Hauste leunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deliturik ez bada, arau-hauste arintzat hartuko dira eta zigortuak izango dira 150,25€ eta 300,51€ bitartean. [2]

1791ko abenduaren 12an Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioan proposatutakoak, amerikar herriak armak edukitzeko duen eskubidea babesten du. Estatu Batuak su-armak eskuratzeko eta eramateko muga gutxien dituen herrialdeetako bat da.

Aita fundatzaileetako birentzat, James Madison eta Alexander Hamiltonentzat, eskubide honen helburua, hain zuzen, herritarrari bere defentsa bermatzea zen Estatuak bere mugak gainditzen bazituen. Thomas Jeffersonek, Amerikako Konstituzioaren beste egile nagusietako batek ere, honako hau esan zuen: «inoiz ez zaio eragotziko gizon askerik bere lurretan armak erabiltzea». Horrela, herritarren zaintza armatuak botereen oreka ekartzea nahi zuen.  

Herrialde horretan debekaturiko armak aire-neurgailuko labanak, munizioa gezi-dardoekin eta aizto balistikoak dira. Legez kanpoko armen delitu batek urtebeteko kartzela zigorra eta 4.000 dolar arteko isuna dakar.[3]

Lehen su-armak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkabuza: asmakizunik garrantzitsuena izan zen; XIII. mendean agertu zen, eta infanteriaren arma nagusia bilakatu zen.

Mosketea: espainiarrek sortutako arma, eskuko eta metxadun kanoi txiki bat zen, 2,24 cm-ko kalibrekoa. Astuna zenez, tiro egin ahal izateko, urkila baten gainean jarrita egon behar zuen, eta hiru minutu behar zituen berriro kargatzeko.

Pedreinala: eskopeta motz baten itxura zuen; XVI. eta XVII. mendeen artean erabili zen, batez ere Espainian. Bidelapurren arma gustukoena izan zen potentzia txikia izan arren, laburra baitzen, eta erraz ezkuta zezaketen eta, hala, biktimengana hurbildu haiek armaz ohartu gabe.

Esku-kanoia txinatarra, Yuan dinastia, XIII. mendea

XV. mendean zehar, metxa sortu zen, suzko arma eramangarriak asmatzea ahalbidetu zuena. Errekuntzarekin, karga piztu eta bala leherraraz zitekeen. Arma hori erabiltzerakoan, laguntzaile bat alde batera uztea ere ahalbidetu zuen.[11]

Alemanian, suzko armen hobekuntza handia lortu zen, eta horrek errotik aldatuko zuen bere historia. Pistolaren kanoiaren barruan, aldaketa bat egin zen jaurtigaia irtetean biratu ahal izateko, non ez zuen bere norabidea galtzen bere ibilbidean.

XVII. mendean, aldaketa berri bat iritsi zen: kargatzeko gaitasuna. Horri esker, minutu batean, hiru tiro ere egin zitezkeen, lehen ezinezkoa zena.[12]

Aurrerapen horiek guztiek gaur egun suzko armek osatzen duten teknologiaren oinarriak ezarri zituzten. Ondoren, hainbat arma-mota sortu ziren, hala nola eskopeta, metrailadorea, erriflea eta errebolberra, besteak beste. Gaur arte, arma-ekoizpenaren garapenak ez du etenik izan; urtez urte hazten eta berritzen jarraitzen duen industria da.[13]

  • Erabilera zibila:

Autodefentsa: su-armek zibilentzako defentsa pertsonalean eta etxean duten papera aztertzen du.

Erabilera kriminala: Kasu askotan, zibilak legez kanpokoa den erabilera egiten dute su-armekin.

  • Erabilera poliziala

Polizia: segurtasun publikoa mantentzeko, autodefentsarako eta larrialdiei erantzuteko.

Polizia talde espezializatuak: talde horiek (GEO, SWAT…) arrisku handiko larrialdietan eta egoeretan egoten dira armamentu militar batekin. Suzko armen erabilerak operazio horietarako beharrezkoak izaten dira kasu askotan.

  • Erabilera kiroletan:

Helburua: su armak hainbat kirolen protagonista izaten dira, hainbat diziplina barne: bullseye, plater tiroketa, tranpa eta tiro praktikoa (adibidez, IPSC - International Practical Shooting Confederation).[14]

  • Erabilera ehizan:

Ehiza: su armen erabilera ehizaren zati handi bat dira. Horiek ehiza mota askotan erabiltzen dira; kirol ehiza, janariarentzako ehiza…

  • Erabilera entretenimenduan eta median:

Filma eta Telebista: su armak beti izan dute presentzia handia pantailan. Akzioa, drama, eta tentsio handia sortu daitezken objektuak dira, eta pelikula mota guztietan agertzen dira.

Bideo-jokoak: joko askotako mekanika nagusia su armen erabilera da. Suzko armen irudikapena aztertzen du bideo-jokoetan, euren benetako eta fikziozko irudiak kontuan hartuta. [15]

Arma modernoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologia modernoari esker, suzko armen ekoizpenak eta erabilerak bilakaera handia izan du azken hamarkadetan, batez ere, XIX. mendearen erdia baino lehen metalezko kartutxoen sistema benetan eraginkorrak asmatu zirenetik. Sistema horiei esker, atzerakarga sistemako arma seguruak eta eraginkorrak lortu ziren, errekamaran gasak ondo buxatzen baitziren, azkar birkargatzen (baita linea jarritakoan ere) eta munizioa erraz ezar zitezkeen; munizioen erabileran ere, hainbat hobekuntza ere nabarmentzen dira, hala nola merkurioz betetako munizio zulatzaile eta leherkorrak (horiek soldatapeko hiltzaileek eta mertzenarioek erabiltzen dituzte bereziki), trazatzaileak, buru hutsekoak eta zatikatzekoak.

Arma horien pixkanakako hobekuntza etorri da gerra-teknikaren aurrerapenek eta errepikapen-sistemen, automatismoen, kerik gabeko bolboraren eta gure arbasoek uste ez zuten zehaztasunaren eta irismenaren mugetaraino igotzearen aplikazioei esker. Horiek eman dute gaur egun duten aniztasun eta espezializazio zabala, armen sektorea gure garaietako garatuenetako bat bihurtu duena; diru-iturri handia sortu, eta sektorea nabarmen agertzen da ekonomia globalean.

Su-armek hainbat sistema dituzte fabrikazioaren arabera: banakako tirokoak, tiro bakoitzaren ondoren arma eskuz kargatu behar dena; tiro automatikokoak, tiragailua sakatzean bala-sorta bat ateratzeko aukera ematen duena; tiro erdi automatikokoa, non tiro egin nahi den bakoitzean edo bala kanoitik ateratzen den bakoitzean tiragailua sakatu behar den, eta errepikapenekoa, tiro egin ondoren kargatzean datzana.

Estatu gehienetan, arma bakoitza, erabiltzen edo zerbitzatzen hasi aurretik, erraz identifikatzeko moduko serie-zenbaki batekin identifikatu eta dokumentatu behar da. Upelaren sinaduran, armaren eramailea erregistratuta geratzen da auzitegiko medikuek hala eskatuta.

Errealitatean, erregistratu gabeko arma kopuru handiak daude. Legez kanpoko armen merkatu garrantzitsuak ere badaude, eta hori mehatxua da Munduko segurtasunerako. NBEren arabera, arma txikien legez kanpoko salerosketa urtean 1000 milioi dolarrera iritsiko zen 2018an, eta kalkulatu du zibilen eskutan dauden erregistratutako arma guztien % 15 baino gutxiago dela.

Arriskuak osasunarentzat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suzko armen arriskua oso nabarmena da, osasun sisteman eragin nabarmena duena. 2001ean, su-armek eragindako heriotzen eta lesioen kostua AEBn 100.000 milioi dolarrekoa izan zela kalkulatu zen (300 estatubatuar bakoitzeko)[16].

Armekin lotutako homizidio eta suizidio-tasak diru-sarrera altuko ELGAko herrialdeetan, 2010, grafikoko herrialdeak heriotza-tasa totalaren arabera sailkatuta (homizidio gehi suizidioa gehi su-armekin lotutako beste heriotza batzuk)[17]

Diru-sarrera handiak eta ertainak dituzten 52 herrialdeetan, zeinak 1400 milioi biztanle dituzten eta gatazka zibiletan sartuta ez dauden, 1990eko hamarkadan, urtero 115.000 pertsona hil ziren suzko armen ondorioz[16].

2015ean, mundu osoan, 173.000 pertsona hil ziren suzko arma batekin egindako erasoaren ondorioz; 1990ean, 128.000 heriotza izan ziren[18][19];​​ hala ere, horrek adierazten du 1990ean 2,41/100.000 izatetik 2015ean 2,35/00.000 izatera jaitsi dela tasa, munduko populazioa bi mila milioi baino gehiago handitu baita[20]. Horrez gain, su-armek nahigabe eragindako 32.000 heriotza egon ziren mundu osoan 2015ean[18].

2017an, Estatu Batuetan armekin erlazionatutako 39.773 heriotza izan ziren; % 60 baino gehiago suizidioak izan ziren su-armak erabiliz[21]. Suzko armak bigarren heriotza-mekanismo nagusia dira auto-istripuen ondoren[22][23].​

52 herrialde horietan, su-arma da giza hilketa egiteko lehen metodoa (bi heren), baina suizidiorako bigarren metodoa baino ez (% 20)[16].

Nahi gabeko lesioak saihesteko, su-armen biltegiratze egokiari buruzko eta su-armak erabiltzeko prozedurei buruzko hezkuntza ere sartzen da armen segurtasunari buruzko trebakuntzan[24][25].​

AEBko datuen arabera kalkulatzen da su-armak erabiliz hiltzen den pertsona bakoitzeko su-armak erabiliz hiru pertsona zauritzen direla[16].

Suzko armak behin eta berriz erabiltzearen ohiko arrisku bat zaratak eragindako entzumen-galera da (NIHL, Noise Induced Hearing Loss). NIHLa zaratarekiko esposizio luzearen edo intentsitate handiko talka-hotsen (tiroak, adibidez) ondorio izan daiteke[26][27].​​ Armak tirokatzen dituzten pertsonek, askotan, entzumen-galeraren eredu bereizgarri bat izaten dute: «tiratzailearen belarria» izenez ezagutzen dena. Frekuentzia altuen galera izaten dute maiz, eta entzumen hobea dute frekuentzia baxuetan, eta belarri bat bestea baino okerragoa izan ohi da. Tiratzaileak arma eusten duen aldeko belarriak sorbaldako soinu-uhinaren aurkako babesa izango du; beste belarria, berriz, babesik gabe egongo da, eta soinu-uhinak osorik jotzeko arrisku handiagoa izango du[27][28].

Tiro baten intentsitatea aldatu egiten da; kalibre txikiagoko pistolak leunagoak izaten dira, eta kalibre handiagokoak, berriz, zaratatsuagoak. Hala ere, tiro baten intentsitatea 140 dB eta 175 dB artekoa izan ohi da. Barrualdeetako tiroek ere erreberberazio gogorrak eragiten dituzte, eta, horiek ere, tiroa bera bezain kaltegarriak izan daitezke[27][28].​​ Gorren eta Komunikazioaren Beste Nahaste Batzuen Institutu Nazionalaren arabera, 85 dB baino gehiagoko zaratak entzumena galtzea eragin dezake[26]. Soinu askok denborarekin kaltea eragiten badute ere, tiro baten intentsitate-mailan (140 dB edo gehiago), belarriko kaltea berehala gerta daiteke[26][28].

Entzumena babestea da belarriak tiroetatik babesteko modu bakarra, izan ere, ez dago aukerarik tiratzailea soinu-iturritik urrunago egoteko edo intentsitatea maila seguru batera murrizteko. Ahal bada, behatzaileek urruntzen saiatu behar dute, baina, askotan, entzumen-babesa beharrezkoa izaten jarraitzen du[26][27]. Tiratzaile mota ezberdinek onura atera dezakete entzumen-babes mota ezberdinetatik. Helburuarekin jarduten denean, tapoi txertatua erabiltzea gomendatzen da, baita belarri-babes bat ere[27]. Ehiztariei, entzumen-babes elektronikoa erabiltzea gomendatzen zaie, soinu leunak anplifikatu baititzake (hostoen kirrinka, adibidez) eta, aldi berean, tiro-intentsitatea murriztu[27][28].​​ Entzumen-babes pertsonalizatua ere eraginkorra izan daiteke[27][28], eta, normalean, plater-tiroa praktikatzen duten pertsonentzat gomendatzen da[27]. Hala ere, entzumen-babesak mugak ditu, eta, armen intentsitate handia dela eta, baliteke tiratzaileek oraindik entzumena galtzea. Hala ere, entzumen-babesak, oro har, murriztu egiten du entzumenak jasaten duen kaltearen kantitatea, erabat babestu ezin badu ere[27].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Arma de fuego. 2023-11-18 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  2. Cole, Suzanne N. (November 19, 2016). «Association of Firearm Instructors – Glossary of Firearm Terms». Association of Firearm Instructors. Suzanne N. 129 pag. ISBN 979-8594160996
  3. Merriam-Webster Dictionary, «Firearm». 2012
  4. American Heritage Dictionary of the English Language. 2000. Houghton Mifflin Company
  5. a b c «Small Arms Survey reveals: More than one billion firearms in the world» Small Arms Survey 2018 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-11-12) (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  6. a b c Aaron Karp. (2018-06). Estimating Global Civilian-Held Firearms Numbers. Small Arms Survey jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-03-22) (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
  7. (Ingelesez) KKIENERM. «Firearms Module 2 Key Issues: Common firearms types» www.unodc.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  8. (Ingelesez) «This Guide Will Answer All the Questions You Have About Guns—From Types to How They Work» Popular Mechanics 2023-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  9. Cipolla 1999, 95, 144-145 orr. .
  10. https://www.academia.edu/33931785/The_Spread_of_Firearms_in_the_Viscontis_Lordship_14th_Century_-_La_diffusione_delle_armi_da_fuoco_nel_dominio_visconteo_secolo_XIV_
  11. (Gaztelaniaz) «¿Cuál es el origen de las armas de fuego?» www.desenfunda.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  12. (Gaztelaniaz) Uniformes, Mac. (2022-11-19). «El nacimiento de las armas de fuego» MAC UNIFORMES (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  13. (Gaztelaniaz) Historia, CurioSfera. (2023-02-08). «Origen de las armas de fuego y su evolución en la Historia |» CurioSfera Historia (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  14. «About Shooting Sports» www.topendsports.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  15. (Ingelesez) Mitchell, Travis. (2017-06-22). «2. Guns and daily life: Identity, experiences, activities and involvement» Pew Research Center’s Social & Demographic Trends Project (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  16. a b c d http://whqlibdoc.who.int/hq/2001/WHO_NMH_VIP_01.1.pdf?ua=1
  17. Grinshteyn, Erin; Hemenway, David. (2016-03). «Violent Death Rates: The US Compared with Other High-income OECD Countries, 2010» The American Journal of Medicine 129 (3): 266–273.  doi:10.1016/j.amjmed.2015.10.025. PMID 26551975.. (Table 4). (PDF).
  18. a b Wang, Haidong; Naghavi, MohsenA. (2016-10). «Global, regional, and national life expectancy, all-cause mortality, and cause-specific mortality for 249 causes of death, 1980–2015: a systematic analysis for the Global Burden of Disease Study 2015» The Lancet 388 (10053): 1459–1544.  doi:10.1016/S0140-6736(16)31012-1. PMID 27733281..
  19. GBD 2013 Mortality and Causes of Death, Collaborators. (2014-12-17). «Global, regional, and national age-sex specific all-cause and cause-specific mortality for 240 causes of death, 1990–2013: a systematic analysis for the Global Burden of Disease Study 2013.» Lancet 385 (9963): 117–71.  doi:10.1016/S0140-6736(14)61682-2. PMID 25530442..
  20. World Population Prospects: The 2015 Revision. UN Population Division jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-12-22) (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).. Linked to at Download Files, where it states that the figures are for July 1 of the given year.
  21. «Firearms» Injury Facts (Noiz kontsultatua: 2019-01-31).
  22. Anderson, RN; Miniño, AM; Fingerhut, LA; Warner, M; Heinen, MA. (2004-06-02). «Deaths: injuries, 2001» National Vital Statistics System 5221: 1–86. PMID 15222463..
  23. Miniño, AM; Anderson, RN; Fingerhut, LA; Boudreault, MA; Warner, M. (2006-01-31). «Deaths: injuries, 2002» National Vital Statistics System 5410: 1–124. PMID 16485447..
  24. United States Government Accountability Office. (2017-09). Personal Firearms Programs that Promote Safe Storage and Research on Their Effectiveness. .
  25. Aero Precision. Gun Safety and Instruction Manual. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-04-01) (Noiz kontsultatua: 2018-04-01).
  26. a b c d (Ingelesez) «Noise-Induced Hearing Loss» NIDCD 2015-08-18 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  27. a b c d e f g h i (Ingelesez) «Gunshots and hearing loss -- why hearing protection is vital» Healthy Hearing 2007-12-10 (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).
  28. a b c d e (Ingelesez) «Recreational Firearm Noise Exposure» American Speech-Language-Hearing Association (Noiz kontsultatua: 2019-10-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]