Baioneta
Baioneta arma zuri bat da, oso zorrotza, fusilaren kanoiaren muturrari jartzen zaiona, aurrez aurre borrokatzeko. Honela, larrialdi fusila lantza moduan erabil daiteke, muturreko egoeran bada ere. Kontuan hartzekoa da hasierako fusil eta mosketeak kargatzeko denbora asko behar zela, eta aurrez aurreko borroka ekiditea zaila zela XX. mendea baino lehenago.[1]
XVII. mendetik XIX. mende arteko baionetarik arruntena, kubo erakoa zen, hiruki formako aizto bat zuen zilindro metaliko huts batean zetzana, mosketeetan bereziki erabiltzen zena. XX. mendean, aizto edo sastakai bat izatera pasa zen, armari jarri zekiokeena baioneta bezala erabiltzeko. Kasaka gorriak ziren arma hau erabiltzeko prestaturiko soldadu gutxietako batzuk.
Izena Baiona hiriaren izenetik datorkio, bertan asmatua izan baitzen.[1][2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baionetaren erabilera, jada eztabaidatua izan zen XIX. mendearen bigarren erdialdetik, alferrikakotzat jotzen baitzen, fusilaren su potentzia handiagoa zenez, baita soldadu erabiltzaile berarentzat ere arriskutsua. Lehen Mundu Gerran erabiltzen jarraitu zen arren, bere erabilera bigarrenean oso anekdotikoa izan zen, baina, hori bai, ikuspuntu ezberdinetatik ikusita. Bigarren Mundu Gerran, Europan oso gutxi erabilia izan zen, aldiz, Ozeanian, AEBetan eta Japonian hil arte borrokatu zuten bala eta baionetekin, Ozeano Bareko uharte baliotsuengatik.
Dena dela, bi garai ezberdin alderatuz gero, XIX. mendearen erdialdea eta XX. mendearen erdialdea, argi geratzen da baionetaren erabilerari dagokionez dagoen diferentzia handia. Lehen garaian, hildako guztien erdia gutxienez, arma zuriagatik hiltzen zen. Bigarren garaian, berriz, baionetaz hildakoak, hildako guztien % 5 baino ez ziren.[1] Gaur egun, baioneta borrokako esgrima teknika oraindik gorputz militar askotan irakasten da, estatubatuar marineetan esaterako, borrokarako prestatze psikologiko bikaina delarik, nahiz eta borroka teknika hau erabiltzeko aukera askorik ez dagoen. Edonola ere, oraindik orain oso erabilia da desfile eta zeremonia arma gisa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Baionako baioneta» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
- ↑ (Frantsesez) Larousse, Éditions. «baïonnette de Bayonne ville où cette arme fut d'abord fabriquée - LAROUSSE» www.larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Baionetari buruzko artikulua, Argia astekarian.