Edukira joan

Zume negarti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Salix babylonica» orritik birbideratua)
Zume negarti
Iraute egoera

Daturik gabe  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMalpighiales
FamiliaSalicaceae
GeneroaSalix
Espeziea Salix babylonica

Zume negartia edo sahats negartia (Salix babylonica) sahatsen familiako zuhaitza da.

Izen generikoa, Salix, zeltikozko "sal" (hurbil) eta "lis" (ura) hitzetatik omen dator, zona hezeetan hazteko joera baitu. Espezifikoak, babylonica, Babiloniakoa (Mesopotamia) dela adierazten du, bertako zuhaitza zela uste baitzen. Malguak eta zintzilikariak ditu adarrak, eta ia lurra ukitzera iristen dira -hortik datorkio "negarti" adjektiboa-.

Zuhaitz hosto-erorkorra da, 8-12 metroko altuera duena (nahiz eta 26 metrokoak ere ezagutzen diren). Adar meheak ditu, malguak, luzeak eta lurreraino zintzilik luzatzen direnak, berde-hori koloreko milaka hostoz estalirik daudenak. Enborra, bihurria eta zabala da, batzuetan okertua egoten da, eta azal gogorra eta zartatua izaten du, kafe kolorekoa.

Hostoak erorkorrak dira, adartxoetan txandakatuak, sinpleak, lantzeolatuak eta 8-16 cm-koak. Ertz zerraduna dute. Gainaldetik, berde ilunak dira, eta, azpialdean, berde argiak eta glaukoak. Nerbiazio sakona eta argia dute. Kolore berde-horixka ematen diote zuhaitzari urteko adaxka gazteek. Udazkenean horitu egiten dira, sahatsek itxura urreztatua hartzen dutelarik.

Lore arra.

Sahats negartia, sahats guztiak bezala, ||dioiko]]a da, hau da, ale ar eta emeak bereizirik agertzen dira. Sahatsen lore mota amentua da, baina gainontzeko amentuak ez bezala, hauek intsektuen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Amentu motzak dituzte, terminalak, eta hostoen antzeko pedunkulu berdeetatik aurrera garatzen direnak.

Lore estaminatu arrak 1,8-3 x 0,5-1 cm-koak dira, 2-10 estamine dituzte, guruin nektarifero batez lagundurik doazenak. Anterak arroxa kolorekoak dira muturrean baina laranja kolorea hartzen dute lorea irekitzean. Bi gelaxka dituzte, longitudinalki zabaltzen direnak. Filakentuak filiformeak dira, hori argiak eta orokorrean pubeszenteak.

Lore pistilatuak 1,5-2,5 x 0,5 cm-koak dira eta obario bakar batez osaturik daude, nektar guruin txiki batez lagundurik doana. Obarioan bi lobuluko estiloa eta obulu ugari daude.

Fruituak, amentu emea zenetik agertzen dira multzokatuta. Kapsula motakoak dira eta 2- 4 balben bidez irekitzen dira. Hori-marroi kolorekoak dira, estuak eta forma konikokoak, 3-4 cm luze direnak eta orokorrean, glabroak. Hazi txiki asko dituzte barruan, itxura kotoitsukoak.

Sahats negartia jatorriz Asiako espeziea da, eta bertan landare inbaditzailea izatera irits daiteke. Europarantz Erdi Aroan pasa zela uste da eta gure kontinentean lehen aldiz 1692an dago dataturik. Europan, Euskal Herrian barne, ezinbesteko zuhaitz apaingarri bilakatu da, bereziki ibai ertzetan.

Ibaietan, erreketan, urtegietan, eta, orokorrean, maila freatikoa azaletik hurbil duen edozein lurzorutan hazten da zume negartia.

Munduan, gehien zabaldu diren zuhaitzak dira Salix generokoak.

Sahats negartia urte osoan zehar hazten da. Hostoak martxoa hasieran ateratzen hasten dira eta abendu bukaeran erori. Loraketa hostoen agerpenarekin batera edo lehenago gertatzen da, martxoan. Loreak erabateko garapena martxoa bukaera aldera lortzen du eta fruituek apirila bukaeratik maiatza hasierara lortzen dute heldutasuna.

Batez ere bere edertasunagatik erabiltzen da, zuhaitz apaingarri modura. Bere zura ez da oso kalitate onekoa eta kutxak, paper pasta eta pospoloak egiteko erabiltzen da batez ere.

Medikuntzan, besteak beste aspirina bezalako botikak egiteko erabili izan dira sahatsak, Azido azetilsalizilikoa dutela-eta. Substantzia hau enborrean aurki daiteke eta propietate astringente eta antidiarreikoak ditu. Sahats hostoekin egindako infusioak Afrikan asko erabili izan dira erreumatismoen aurka.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]