Rosaceae
Rosaceae | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae de Jussieu eta Jussieu, 1789 |
Banaketa mapa | |
Rosaceae edo errosazeoak landare loredunen familia bat da (Rosales ordena). 90 genero baino gehiagotan banatuta dauden 2.500 espezie biltzen ditu.[1] Rosaceae familiako landareak kosmopolitak izanik [1], mundu osoan zehar zabalduta daude, baina Ipar Hemisferioko eskualde epeletan ugariagoak dira.[2]
Rosaceae-ko kideak normalean landare zurkarak izaten dira, eta tamainari dagokionez zuhaixkak, zuhaitz txikiak edota ertainak izan daitezke. Landare batzuek belarjaleak uxatzeko adaptazioak dituzte, arantzak, adibidez. Familiako espezie gehienek hosto txandakatuez gain, estipulak ere badituzte hosto-zurtoinen oinarrian.[1]
Arrosen familiako landareen loreak deigarri bezala deskribatzen dira.[3] Simetria erradiala dute, eta gehienak hermafroditak dira. Errosazeoek, oro har, bost sepalo, bost petalo eta espiralki antolatutako estamine asko izaten dituzte. Sepaloen, petaloen eta estamineen oinarriek bat egiten dute katilu antzeko egitura bat eratuta. Egitura horrek hipanto izena du. Errosazeon petaloek kolore ugari izaten dituzte, gorria eta larrosa gehienbat.[4]
Familia hau oso ezaguna da ekonomiari eta gizakien elikadurari egiten dion ekarpenagatik.[5] Familiak zuhaitz apaingarri gisa erabiltzen diren hainbat zuhaitz eta zuhaixka ditu, esaterako, arrosak, nasai loreak, otsalizarrak eta su-elorriak. Rosaceaetatik lor daitezkeen askotariko produktuen artean fruituak nabarmentzen dira, adibidez, sagarrak, udareak, kinkeak, abrikotak, aranak, gereziak, melokotoiak, mugurdiak, masustak, marrubiak eta almendrak.[6] Rosaceae familia Angiospermae dibisioko talde nabarmen bat da. Bere taxonomia eztabaidagarria bada ere, fruta motaren arabera hiru azpifamiliatan banatu ohi da: Rosoideaen, drupeola zein akenio motako fruitudunak; Amygdaloideaen, pomo motako fruitudunak[7]; eta Dryadoideae, akenio zein akenio agregatu motako fruitudunak.[8]
Deskripzio morfologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosaceae familiako kideen hostoak gehienetan erorkorrak eta peziolodunak dira. Bi texturatakoak daude: koriazeoak edo belarkarak. Hostoen artean zorrodunak edo zorrogabeak aurkitzen dira. Hosto bakunak zein konposatuak dituzten espezieak daude, eta hosto konposatuak dauzkaten horiek trifoliatuetan, pinnatuetan eta palmatuetan sailkatzen dira. Gainera, duten nerbiazioaren arabera bi taldetan sailkatzen dira: pinnatudunak eta palmatudunak. Hostoak txandakatuta zein espiralean kokatzen dira, eta, halaber, estipuladunak (gehienak) ala estipulagabeak (Spiraea, esaterako) daude. Hostoaren ertzak oxkardunak, serrulatuak, hortzdunak edo leunak dira. Begi begetatiboaren katafiloak ezkatakarak dira.[9]
Zuhaitz espezie gehienek hosto bakunak dituzte, baina otsalizarrak hosto konposatuak ditu, bost-zazpi folioloetan banatuta. Bestalde, zuhaixka zein landare belarkarek hosto konposatuak dituzte, hiru-hamaika foliolodunak hain zuzen. Horretaz gain, zuhaitzetan eta zuhaixketan arantzak eta eztenak ohikoak dira. Adibidez, Crataegus generoko zuhaitzek eta Coleogyne ramosissima espezieak arantza luzeak dituzte eta gainera, C. ramosisima arantzetan loreak garatzen ditu.[10]
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosaceae familiako loreek simetria erradiala (aktinomorfoak) dute, eta hermafroditak dira, hau da, gameto ar zein emeak ekoizteko gai dira. Obulutegia sepaloen eta petaloen azpian (behe obulutegia) edo gainetik (goi obulutegia) egon daiteke. Beheko obulutegia duten loreetan, karpeloak errezeptakulu huts batez daude inguratuta.
Loreek bost sepalo, bost petalo eta estamine ugari izaten dituzte, eta karpeloen kopurua batetik berrogeita hamarrera bitartera doa. Karpeloak aske egoteko joera dute, ganbara ezberdinez osatutako karpelo bakarra osatu ordez. Anterek bi ganbara dituzte, lokulu deritzonak. Horiek, luzetara zatitzen dira milaka polen ale askatzeko. Familia honetako loreek duten bereizgarritasuna kalikulu izeneko egituraren presentzia da. Kalikulua sepalo itxura duten bost egiturez dago osatuta, eta kalizaren azpian kokatzen da. Espezie gehienek intsektu polinizatzaileak erakartzeko diseinatutako petalo zuri, gorri edo arrosak dituzte. Lore zuri eta arrosa argi askok ester lurrunkorrak sortzen dituzte, usain atsegintzat hartzen ditugun produktu kimikoak, eta intsektuak erakartzeko sortzen dira. Rosaceae loreen polinizatzaile nagusiak erleak dira; Augochlora generoko erle berde metaliko txikiak, Apis generoko benetako erle eztigileak eta Bombus generoko erle handiak, besteak beste. Polinizatzaile horiek ez dira oso espezializatuak, eta lore aktinomorfoak dituzten beste espezie asko ere polinizatzen dituzte.[11]
Haziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosaceae familiako haziak gehienetan ez-endospermikoak dira, baina endospermikoak ere badaude, Physocarpus generoan esaterako. Horretaz gain, hegodunak eta hego gabekoak daude dena den, guztiek bi kotiledoi zapal izango dituzte. Are gehiago, hazietan kokatzen diren enbrioiak klorofilarik gabekoak edo klorofiladunak; zuzenak, kurbatuak edo okertuak dira.[12]
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosaceae familia barnean aniztasun handia dago ekoizten diren fruitu motei dagokienez. Alde batetik, jendeak asko kontsumitzen dituen melokotoia, sagarra edo marrubia bezalako fruitu mamitsuak daude. Bestetik, hazien sakabanaketa errazten duten fruituak aurkitzen dira, akenio lehorrak eta folikuluak, besteak beste.[13]
Rosaceae familiako kide askok akenio eta folikuluak bezalako fruitu ez-haragitsuak dituzte. Akenioek hazi bakarra daukate, eta beraien horma gogorra izateaz gain ez da heldutasunean irekitzen. Folikuluak, berriz, hazi bat baino gehiago daukate eta heldutasunean irekitzen dira.
Bestalde, fruitu mamitsu gehienak drupak edo pomoak dira. Drupek hazi bakarra daukate eta fruitu hormaren barnealdea (hezurra) gogorra da baina fruituaren kanpoko horma, ordea, mamitsua izan ohi da. Gainera, batzuetan kanpoko horma gogorra da, almendretan esaterako. Melokotoiak, aranak eta gereziak drupa mamitsuen adibideak dira.[14] Pomoek hazi ugari dituzte, eta fruituaren erdialdea nahiko biguna daukate. Pomoen adibiderik ezagunenak sagarrak zein madariak dira.[13]
Are gehiago, espezie batzuek eterioak sortzen dituzte, drupetum-a (egitura zentral bati lotutako drupeola taldea, mugurdian bezala, esaterako), akenetum-a (lore bakarretik garatutako akenio ugari) batzuetan errezeptakulu mamitsu luzangarekin (marrubiaren kasuan) edo hipanto inguratzailearekin (arrosan gertatzen den bezalako sepalo, petalo eta estamineen beheko guneen fusioa), eta foliketum-a (lore bakarretik garatutako leka itxurako egitura, hazi bakar edo gehiagoduna).[13]
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosaceae familiako kideek banaketa kosmopolita dute, hots, ia edozein eskualdetan aurkitzen dira, Antartikan izan ezik. Ipar Hemisferioan kontzentratzen dira, nagusiki, basamortua edo oihan tropikala ez diren eskualdeetan. Gainera, familia honen taxoiak habitat ezberdinetan aurkitzen dira: sastrakadietan, hezeguneetan, horma lehorretan, harkaitzetan eta gutxi batzuk kultiboetan.[15]
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta Rosaceae familiako kideak oinarrizko elikagaiak ez izan, jende askoren dieta aberasten dute, fruituekin batez ere; adibidez, gereziekin, melokotoiekin eta masustekin.
Horretaz gain, landare apaingarri asko Rosaceae familiakoak dira, dituzten lore zein fruitu erakargarriengatik. Horretarako, erabili ohi diren zuhaitz eta zuhaixken artean, Spiraea generoa, Filipendula generoa, Exochorda generoa, Rhodotypos scandens, Malus generoa (sagarra esaterako), Prunus generoa (gereziondoa adibidez), Amelanchier generoa, Cotoneaster generoa, Pyracantha generoa, Sorbus aucuparia (otsalizarra) eta Heteromeles generoak daude.
Bereziki, arrosa landatuak (Rosa generoa) zabalduenak eta baloratuenak dira, aspalditik lurralde eta kultura askotako herrien lorerik gogokoenetakoa izan dira. Bestetik, espezie batzuen zura kalitate handiko altzariak egiteko erabiltzen da. Horien artean, Prunus serotina (gereziondo beltza), Prunus avium (basagerezia) eta Pyrus communis (udarea) aurki daitezke. Gereziondo beltzaren egurrak, kolore gorri-marroixka du, eta distira epela bernizatzean. Basagereziaren zura, marroia da, urre-koloreko distirarekin. Udareondoaren egurrak kolore gorri-arrosa du, eta leuna da horregatik, katiluak eta zurezko beste mahai-tresnak egiteko erabiltzen da.[16]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosaceae familiak barne hartzen dituen generoen antolaketa eztabaida handiak sortu ditu botanika alorrean. Dena den, hauek dira familiaren sistematikarako kontuan hartzen diren ezaugarriak:
- Errezeptakuluaren forma.
- Karpeloen konkreszentzia-mota eta kokapena.
- Karpeloko hazi-hasikinen kopurua zein kokapena.
- Dehiszentzia-mota eta fruituen histologia.
- Kromosomen oinarrizko kopurua.
- Metabolito sekundarioen banaketa.
Rosaceae familia hiru azpifamiliatan bereizten da. Horietako bi nahiko handiak dira: Rosoideae eta Amygdaloideae, 2000 eta 1000 espeziedunak, hurrenez hurren, eta txiki bat, Dryadoideae, hegeita hamar espezie baino gutxiagorekin.[17]
- Rosoideae azpifamilia: drupeolaz zein akenio txikiz osatutako eteriodun generoez osatuta dago. Normalean, fruitu hauek errezeptakulu mamitsua dute. Azpifamilia txikiagotzen ari da, baina oraindik ere, bospasei tribu eta hogei genero edo gehiago biltzen ditu, arrosa, Rubus (masusta, mugurdia), Fragaria (marrubia), Potentilla eta Geum barne.
- Amygdaloideae azpifamila: talde honen barruan pomo frutadun kladoa mantentzen da. Klado hau Maloideae azpifamilia esan ohi zen, eta zenbait genero biltzen zituen: Malus, Cotonesater eta Crataegus. Gaur egun, Spiraeoideae and Amygdaloideae barne hartzen ditu.
- Dryadoideae azpifamilia: fruituak iletsuak diren akenioak dira, eta bost genero biltzen ditu (Dryas, Cercocarpus, Chamaebatia, Cowania eta Purshia). Espezie gehienak sustrai noduluak sortzen dituzte, Frankia generoko bakterio nitrogeno finkatzaileekin egiten sinbiosiaren ondorioz.
Euskal Herriko genero ohikoenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorbus generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurbeak zuhaitz txiki eta hostogalkorrak dira, hamar-hogei m-ko altuera dutenak. Gutxi batzuk zuhaixkak eta landare zurkarak ere dira. Hostoak txandakatuak eta pinnatuak dira, hamaika-hogeita hamabost foliolodunak. Loreak panikula motako influoreszentzian antolatzen dira, eta hauen petaloak krema kolorea hartzen dute heldutasunean.
Rosa generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosa generoko zuhaixka gehienak arantzatsuak eta loretsuak dira. Hostoak txandakatuak eta pinnatuak dira. Loreek arrosa izena dute, eta handiak eta deigarriak izaten dira, zurixka, horixka eta gorrixka koloreekin. Matsalko erako influoreszentzian antolatzen dira, eta gehienak usaintsuak dira. Fruituari basarrosa esaten zaio, eta kolore gorrixka ikusgarria dauka heldutasunean.
Prunus generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Prunus generoko espezieak zuhaitz edo zuhaixka hostogalkorrak edo iraunkorrak dira, gehienetan arantzarik gabeak. Hostoak txandakatuak edo faszikulatuak dira. Gainera, bakunak dira, eta gehienetan ertz serrulatuak dituzte. Loreak hostoak atera aurretik loratzen dira askotan. Bakartiak izan daitezke edo talde txikietan agertu, eta adar motzetan edo infloreszentzia axilarretan kokatzen dira. Fruitua drupa bat izanik, barruan egurrezko hezur bat du, eta iletsua edo leuna izan daitekeen azal mehe bat dauka. Mesokarpoa mamitsua izaten da. Talde honetan aranak, gereziak, melokotoiak, nektarinak, abrikotak eta almendrak aurkitzen dira.[18][19]
Cydonia generoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cydonia generoak espezie bakar bat barneratzen du: Cydonia oblonga. Zuhaitz hostogalkorra da, eta bere hostoak txandakatuak eta bakunak dira. Gainera, bere azala ile zuri mehez estalita dago. Loreak udaberrian agertzen dira, hostoen ostean. Horiek bost petalo dituzte, eta kolore zuria edo larrosa daukate. Fruitua esanguratsuena menbrilloa da, hori koloreko fruitu azido, usaingarria eta gogorra. Fruitu hori marmelada edo menbrillo-gazta egiteko erabiltzen da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) «Rosaceae | Flowering shrubs, trees, herbs | Britannica» www.britannica.com 2024-10-08 (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ Aizpuru, Iñaki. (1996). Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida. Servicio Central de Publicaciones del Gobierno vasco ISBN 978-84-457-1117-0..
- ↑ Folta, Kevin M., ed. (2009). Genetics and genomics of the Rosaceae. Springer ISBN 978-0-387-77490-9. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ Heywood, Vernon H.; Brummitt, Richard K.; Culham, Alastair; Seberg, Ole; Heywood, Vernon H.. (2007). Flowering plant families of the world. Firefly Books ISBN 978-1-55407-206-4. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) Ali, Shujat. (2023-01-16). «A study on different plant species of the Rosaceae family and their ethnobotanical uses among the local communities at Swat district, Pakistan» Ethnobotany Research and Applications 25: 1–16. doi: . ISSN 1547-3465. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Angiosperm Families - Rosaceae L.» web.archive.org 2011-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) «Apple | Description, Cultivation, Domestication, Varieties, Uses, Nutrition, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-10-17 (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) Potter, D.; Eriksson, T.; Evans, R. C.; Oh, S.; Smedmark, J. E. E.; Morgan, D. R.; Kerr, M.; Robertson, K. R. et al.. (2007-07). «Phylogeny and classification of Rosaceae» Plant Systematics and Evolution 266 (1-2): 5–43. doi: . ISSN 0378-2697. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Angiosperm Families - Rosaceae L.» web.archive.org 2011-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Rose Family (Rosaceae) | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Rose Family (Rosaceae) | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Angiosperm Families - Rosaceae L.» web.archive.org 2011-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ a b c (Ingelesez) Xiang, Yezi; Huang, Chien-Hsun; Hu, Yi; Wen, Jun; Li, Shisheng; Yi, Tingshuang; Chen, Hongyi; Xiang, Jun et al.. (2016-11-17). «Evolution of Rosaceae Fruit Types Based on Nuclear Phylogeny in the Context of Geological Times and Genome Duplication» Molecular Biology and Evolution: msw242. doi: . ISSN 0737-4038. PMID 27856652. PMC PMC5400374. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Rosaceae | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ «Angiosperm Phylogeny Website» www.mobot.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) «Rosales - Edible, Medicinal, Ornamental | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ (Ingelesez) Xiang, Yezi; Huang, Chien-Hsun; Hu, Yi; Wen, Jun; Li, Shisheng; Yi, Tingshuang; Chen, Hongyi; Xiang, Jun et al.. (2016-11-17). «Evolution of Rosaceae Fruit Types Based on Nuclear Phylogeny in the Context of Geological Times and Genome Duplication» Molecular Biology and Evolution: msw242. doi: . ISSN 0737-4038. PMID 27856652. PMC PMC5400374. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ Abad, Francisco. (2012-01-01). «RESEÑA de: Hoz, Javier de. Historia lingüística de la Península Ibérica en la Antigüedad. I. Preliminares y mundo meridional prerromano ; Historia lingüística de la Península Ibérica en la Antigüedad. II. El mundo ibérico prerromano y la indoeuropeización. Madrid : CSIC , 2010 ; 2011.» Epos : Revista de filología (28): 474. doi: . ISSN 2255-3495. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
- ↑ [https://www.floravascular.com/index.php?genero=Prunus «Flora Vascular - Toda la informaci�n detallada sobre la Flora Vascular | BioScripts.net»] www.floravascular.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]