Edukira joan

Pragako Udaberria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pragako Udaberria
Irudia
Motagertaera historiko
Honen izena daramaPraga
Honen parte dahistory of Czechoslovakia (en) Itzuli
Data1968
KokalekuTxekoslovakia
AntolatzaileaTxekoslovakiako Alderdi Komunista

Pragako Udaberria (txekieraz: Pražské jaro, eslovakieraz: Pražská jar), Gerra Hotzaren garaian Txekoslovakian erreforma eta liberalizazio politikoa lortzeko saiakera baketsua izan zen. Alexander Dubceken gidaritzapean, 1968ko urtarrilaren 5ean hasi eta abuztuaren 21ean amaitu zen, herrialdea SESBak eta haren aliatuek inbaditu zutenean, Varsoviako Itunean adostutakoari esker.[1][2]

Testuinguru historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pragako Udaberria Gerra Hotzaren barruan (1945-1991) kokatzen da. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Mendebaldeko blokea (AEB buru, kapitalista) eta Ekialdeko blokea (SESBak gidatua, komunista) gerran sartu ziren. Gerra Hotza liskar politiko, ekonomiko, sozial, ideologiko, militar eta informatiboa izan zen. Horren ondorioz, mundua bi bloketan banatua geratu zen: komunista eta kapitalista.

1949an AEBek NATO izeneko aliantza bat eta 1955ean SESBak Varsoviako Ituna deituriko akordioa sortu zuten. Bi potentziak armamentua prestatzen hasi ziren, kontrako blokea erabateko suntsipenarekin mehatxatu ahal izateko. Liskarrak tokiko gatazken bitartez konpondu ziren, potentzien arteko gerra zuzena sahiestuz. Hala ere, gerra hotzak Pragako Udaberrian eragiten duten zenbait ondorio utzi zituen: gerra horren bitartez munduko herrialdeen barne-antolaketa ezarrita geratu zen.[3]

Alexander Dubcekek Txekoslovakiaren autonomia areagotu eta erreforma ekonomiko eta sozial batzuk egin nahi zituen. Gainera, askatasunak ere eman nahi zizkien herritarrei, esaterako adierazpen askatasuna, prentsa askatasuna eta mugikortasun askatasuna. Dubceckek “giza aurpegiko sozialismoa” deritzona lortu nahi zuen, hau da, demokratizazio eta askatasun politiko maila jakin batzuk ezartzea, baina benetako boterea Alderdi Komunistak mantenduta.

Erreforma-prozesu hori bizkortu egin zen Alderdi Komunistak (garai hartan alderdi bakar gisa ziharduen, aniztasun politikoa debekatuta zegoelako) ekintza-programa berri bat onartu zuenean, alderdiko buruzagi ohiek, intelektualek, idazleek eta zentsuratutako kazetariek asko arbuiatu zutena. Gainera, ordu arte agertu ez zen komunismo bortitzaren erakustaldi bat egon zen.[4]

« Jabetza kolektibo horretan oinarriturik, sistema pluralista bat sortu, non alderdi politikoak herritarren era ezberdinetako interesen ordezkariak izango diren. Alderdi Komunistak jarraituko du zuzendaritzan, baina lehiakortasun demokratiko baten barruan. »

[5]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Ekintza Egitasmoa (1968)
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009

Pragako Udaberriko benetako aldaketak martxan jarri zirenean, kanpo-politikari dagokionez, aldaketak ez ziren handiak izan: txekoslovakiar gobernu berriak SESBarekin eta Varsoviako Itunarekin harremanak mantendu zituen. Israelgo estatua onartu zenean etorri zen berrikuntza. Israelgo estatua onartzean sortu zen askatasun giroak txekoslovakiarrak esnatu zituen: elkarteak, egunkariak eta abar sortu ziren, eta herrialdean euforia hedatu.

Dubcekek, orduan, alderdiaren estatutu berriak argitaratu zituen, Komunistentzako iraingarriak ziren hainbat termino aipatzen zituztenak, hala nola "humanitarioa" eta "demokratikoa".

Sobietar Batasunaren erantzuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dresden, Ekialdeko Alemanian, martxoaren 23an egindako bilera batean, "Varsoviako bosten" buruzagiek (Sobietar Batasuna, Hungaria, Polonia, Bulgaria eta Ekialdeko Alemania) Txekoslovakiako ordezkaritza bati planteatutako erreformei buruz galdetu zioten, "Demokratizazioari" buruzko edozein erreferentziek sobietar ereduaren kritika egitea zekarrela iradokiz. Hor gatazka handia zegoen, Dubcekek demokrazia helburutzat baitzuen, baina SESBak ez zuen onartzen.

Uztailean, Sobietar Batasunak Txekoslovakiarekin elkarrizketa egitea onartu zuen: hor, Dubcekek bere proposamenak defendatu zituen. Hala ere, Sobietar Batasuneko buruzagi gehienek erreformistaren aurkako jarrera hartu zuten.

Txekoslovakiako sobietar inbasioaren aurkako manifestazioa Helsinkin, 1968ko abuztuan.

Elkarrizketa horiek ez zuten adostasunik ekarri: hura zela eta, sobietarrak alternatiba militar bat kontsideratzen hasi ziren. 1968ko abuztuaren 20ko gauean, Varsoviako Ituneko lau herrialdetako armadek (Sobietar Batasuna, Bulgaria, Polonia eta Hungaria) Txekoslovakiako Errepublika Sozialista inbaditu zuten.[6]

Inbasioaren ondoren erreforma ekonomikoak bertan behera geratu ziren eta zentsura-baldintzak berrezarri. Gainera, inbasioak 700 zauritu eta 70 hildako inguru utzi zituen eta horrek emigrazioaren sekulako bultzada ekarri zuen, bat-batean 150.000 herritar inguruk Txekoslovakia utzi baitzuten. Hala ere, emigrazio uhin hori segituan gelditu zen.

Horretaz gain, komunisten alderdiko militanteen % 20 baino gehiago kanporatuak izan ziren eta Txekoslovakiar populazioaren artean SESBaren beldurra, mesfidantza eta errespetu galera areagotu zen.[7]

Txekoslovakiar utopia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pragako Udaberria mugimendu utopikotzat hartzen da. Azken finean, mugimendu baketsua zen heinean, Dubcek eta haren jarraitzaileak ez ziren inongo momentuan oposizioari erantzuteko gai izan, SESBak erreprimitu eta inbadituko zituztela hasieratik argi zekiten arren, ez zutelako arma bidezko borrokan sartzeko gaitasunik ezta nahirik ere, haien ideologiak onartzen ez zuelako.[8]

Historian utzitako aztarna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran mugimendu baketsua izan zen arren, hildako batzuk izan ziren, gehienak presidente berriaren alde zeuden ikasle gazteak izanik. Mugimendu horrek munduan aldaketa kulturalak eragin zituen, jendea (batez ere ikasleak eta langileak) egitura diktatorialen aurka altxatzen hasi zelako.

Politikaz denaz bezainbatean, sobietar komunismoa eta txinatar komunismoaren arteko desberdintasunak gero eta nabariagoak izan ziren eta Gerra Hotzari dagokionez, Pragako udaberriak mugarri bat ezarri zuen garai hartan SESBak ezartzen zuen eredu sozialistak funtzionatu ez zuenean, oso behin-behinekoa baitzen. Horrek ikustarazten zuen sistema politiko eta ekonomiko hori ez zela herriarentzat ona.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Saila, Kultur. (2011-07-18). «Pragako Udaberria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  2. Santxo, Joseba et al. (2015). “Gerra hotza”, Joseba Santxo et al. Mundu Garaikidearen Historia. Bilbo: Zubia Santillana. (272-289).
  3. Martínez Rueda, Fernando. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsatatea ISBN 978-84-8438-334-5. PMC 796327169. (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  4. (Ingelesez) «Czech Republic: A Chronology Of Events Leading To The 1968 Invasion» RadioFreeEurope/RadioLiberty (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  5. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
  6. Bezunartea, Mª Josefa et al. (1968). Checoslovaquia Invadida. Zalla: Gran Enciclopedia Vasca.
  7. (Gaztelaniaz) Martínez Hoyos, Francisco. (2019-07-10). «¿Por qué fracasó la Primavera de Praga?» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  8. (Gaztelaniaz) Manethová, Eva. (2010-08-21). «El día en el que se murió la Primavera de Praga» Radio Prague International (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  9. «La Primavera de Praga | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]