Edukira joan

Pistatxondo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pistatxondo
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaSapindales
FamiliaAnacardiaceae
GeneroaPistacia
Espeziea Pistacia vera
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakpistachio nut (en) Itzuli eta pistachio oil (en) Itzuli
Genomaren kokapenaplants.ensembl.org…

Pistatxondoa (Pistacia vera), Anacardiaceae familiako zuhaitz txikia da. Jatorriz, Iran eta Irakeko lurralde menditsuetakoa da, baina, gaur egun, Grezia, Siria, Iran, Kirgizistan, Turkmenistan, Turkia, Pakistan, Afganistan, Egipto eta AEBetako Kalifornian ere landatzen da.

Pistatxondoak 10 m inguruko garaiera izaten du. Hosto pinatuak ditu, 10-20 cm-koak, zeinak askatu egiten baitira adarretatik ondu ondoren. Basamortuko landarea denez, ongi jasaten ditu lurzoru gaziak, eta gauza da muturreko tenperaturetan bizitzeko —neguan, 10 °C zero azpitik, eta, udan, 40 °C—. Eguzkira begira egon behar du, eta lurzoru drainatuan. Izan ere, ez da ongi garatzen hezetasun handiko lekuetan, eta sustraiak usteldu egin daitezke, ur gehiegi izanez gero. Uda luzeak komeni zaizkio, fruituak behar bezala ondu daitezen.

Landareak dioikoak dira, hau da, zuhaitz batzuk arrak dira, eta beste batzuk, emeak. Zuhaitz ar batek polen aski ematen du zortzi-hamabi zuhaitz eme polinizatzeko. Loreak petalogabeak dira, sexubakarrak eta luku-erakoak. Fruitua drupa bat da, zeinak hazi luzexka bat baitu barruan: pistatxoa, jateko fruitua. Fruituaren kanpoko oskola gogorra da, zuri-marroixka. Haziak malba koloreko azal fin bat du; mamia, berriz, berde argia da. Fruitua umotzen denean, oskolak kolore hori-gorrixka hartzen du, eta bat-batean hautsi eta irekitzen da, zati batean. Oskol-hauste horri dehiszentzia deritzo, eta entzuteko moduko soinua egiten du. Pistatxondo bakoitzak, batez beste, 50 kg hazi ematen du bi urtean behin. Zazpi-hamar bat urte behar dira pistatxo-produkzio ederra izateko. Pistatxondoa bi urtez behingoa da; hortaz, uzta hobea izaten da hirugarren urtean. Zuhaitzak 20 urte inguru dituenean lortzen da ekoizpen handiena.

Jateko fruitua da pistatxoa. Bere horretan edo txigortu eta gatzatuta jaten da. Izozkiak, gozokiak —baklava, adibidez— eta hestebeteak egiteko erabiltzen da, besteak beste.

Pistacia generoko beste espezie batzuekin nahasten da maiz Pistacia vera. Beste espezie horien fruituak, ordea, askoz txikiagoak dira, eta trementina-zapore handia eta azal biguna dute.

Landareen sexualitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pistatxondoari esker, Sébastian Vaillant frantses botanikariak aurkikuntza erabakigarriak egin zituen landareen sexualitatea argitzeko.

1702an, Joseph Pitton de Tournefortek zenbait pistatxo ekarri zituen Txinatik, eta Parisko Sendabelarren Errege Lorategiko hazitegian landatu zituen. Pistatxondo ar bat atera zen. Gaur egun, Parisko Landare Lorategiko alpetar landareen atalean dago zuhaitz historiko hori.

Sébastien Vaillant konturatu zen pistatxondoa urtero loratzen zela baina ez zuela fruiturik ematen, eta gauza bera gertatzen zitzaiola Parisko beste auzo batean zegoen eta lore diferenteak zituen beste espezimen bati. Bada, Vaillant botanikariak Errege Lorategiko pistatxondoaren adar loredun bat hartu, eta loretan zegoen beste pistatxondoaren ondoan astindu zuen. Orduan atera ziren fruituak lehenengo aldiz. Hala, esperimentu hori erabakigarria izan zen landare espermafitoen sexualitatea eta polinizazioa ulertzeko.

Esperimentuak arrakasta izan zuen bi arrazoi hauengatik: batetik, Pistacia vera dioikoa delako —hau da, lore ar eta emeak indibiduo desberdinetan dituelako, gorostiak bezala—, eta, beraz, autoernalkuntza ezinezkoa delako; bestetik, pistatxondoak ez zeudelako haien ingurune naturalean eta oso bakanak zirelako modu naturalean ernaldu ahal izateko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]