Miloš Forman
Miloš Forman, Jan Tomáš Forman jaioa (Čáslav, Txekia, 1932ko otsailaren 18 – Danbury, Connecticut, AEB, 2018ko apirilaren 13) Txekiako film zuzendaria izan zen. Umezurtz geratu zen oso gazte, gurasoak Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan hil baitziren.
Formanen filmografiak aniztasuna erakusten du: dramak, komediak, musikalak... askotariko gaiak jorratu, eta askotariko moldeekin jantzi zituen kontatu nahi zituen istorioak. Bere film gehienetan bi ezaugarri errepikatzen dira: muturreko pertsonaien gainean eraiki ohi zituela narrazioak, eta boterekeriaren aurkako jarrera antzeman zitekeela sarritan, bere izaeraren isla ere bazena. Narratzaile eta zuzendari aparta izatearen aitortza lortu zuen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekoslovakiako Čáslav herrian sortu zen —gaur egungo Txekian—, 1932an, eta Pragan egin zituen zinema ikasketak. Bere herrialdean ondu zituen lehen filmak. Lehen lanekin jada nazioarteko kritikaren nahiz jaialdien arreta erakarri zuen zinemagileak. Black Peter (1964) izan zuen estreinako film luzea, Txekoslovakiako hiri txiki bateko gazte bat protagonista zuen lana, eta, bere herrialdeko kritikaren saria ez ezik, harrera ona lortu zuen Cannes, New York eta Locarnoko jaialdietan ere —azken horrek sari nagusia eman zion—. Loves of a Blonde aurkeztu zuen hurrengo urtean, ingelesez besteko hizkuntza batean ondutako lanik onenaren Oscar sarirako hautagai izan zena. 1967an, The Firemen's Ball zuzendu zuen, koloretan egin zuen lehena, eta, aurreko lana bezala, Txekoslovakiako Zinema Berriaren Olatuaren ikur nagusietakotzat jotzen dena. Txekoslovakiako herri txiki bateko suhiltzaileen urteko festan girotua, istorioaren atzean ustelkeria, burokrazia eta orduko sistema komunistaren gaineko kritika satiriko gisa ulertu izan da filma. Ordurako, agintarien presioa sumatzen eta zentsura pairatzen hasia zen zinemagilea, gerora azaldu izan zuenez. Suhiltzaileen istorio hura izango zen, denboraldi luze batez behintzat, sorterrian filmatuko zuen azkena.[2]
Sobiet Batasunak 1968ko Pragako Udaberrian herrialde inbaditu zuenean, Forman Parisen zegoen, film baten ekoizpenaren negoziazioan. Hori zela eta, estudioek kaleratu ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen. 1977an hiritartasuna eskuratuko zuen.[3]
Hollywooden zela zuzendu zuen One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975), bere lanik esanguratsuenetako bat, Ken Kesey-en eleberrian oinarriturik. Bost Oscar sari lortu zituen Jack Nicholson protagonista duen film horrekin, baita nazioarteko ospea ere. Urte batzuk geroago, zuzendari onenaren bere bigarren Oscar saria —eta beste zazpi garaikur— lortu zituen Amadeus pelikularekin (1984). Bi horien artean, bere zinemagintzaren aniztasunaren isla den beste lan bat aurkeztu zuen, Hair musikala (1979). Askotariko filmak zuzentzen jarraitu zuen hurrengo urteetan ere: haren filmografiako aleen artean daude, besteak beste, Valmont (1989, Pierre Choderlos de Laclosek 1782an idatzitako Les Liaisons dangereuses nobela oinarri duen drama), The People vs. Larry Flynt (1996, Hustler aldizkariaren jabearen bizitza kontatzen du) eta Man on the Moon (1999, Andy Kaufman umorista estatubatuarraren bizitzan inspiratutako tragikomedia).[1][3]
Forman 86 urterekin hil da, Connecticuteko (AEB) bere etxean.[3]
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | Filma | Antzezleak | Ekoizlea | Hizkuntzak |
---|---|---|---|---|
1958 | Laterna magika II | Irena Kačírková, Sylvie Daníčková | -- | |
1963 | Kdyby ty muziky nebyly | Jan Vostrčil, Vladimír Pucholt | -- | gaztelaniaz: If Only They Ain't Had Them Bands |
1963 | Audition | Jiří Šlitr, Hana Hegerová | -- | gaztelaniaz: Concurso frantsesez: L'Audition |
1964 | Black Peter | Vladimír Pucholt, Pavel Sedláček | -- | gaztelaniaz: Pedro el negro frantsesez: L'As de pique |
1965 | Loves of a Blonde | Vladimír Menšík, Josef Kolb | Barrandov Studios | gaztelaniaz: Los amores de una rubia frantsesez: Les Amours d'une blonde |
1967 | The Fireman's Ball | Josef Šebánek, Jan Vostrčil | Barrandov Studios | gaztelaniaz: ¡Al fuego frantsesez: Au feu, les pompiers ! |
1971 | I Miss Sonja Henie | Sonja Henie, Catherine Rouvel | -- | |
1971 | Taking Off | Lynn Carlin, Buck Henry | Universal Pictures | gaztelaniaz: Juventud sin esperanza |
1973 | Visions of Eight | Mark Spitz, Ludmilla Tourischeva | -- | gaztelaniaz: Olympic Visions frantsesez: Les Huit Visions |
1975 | One Flew Over the Cuckoo's Nest | Jack Nicholson, Louise Fletcher | Fantasy Films Productions | gaztelaniaz: Alguien voló sobre el nido del cuco frantsesez: Vol au-dessus d'un nid de coucou |
1979 | Hair | John Savage, Treat Williams | United Artists Corporation | |
1981 | Ragtime | James Cagney, Brad Dourif | Paramount Pictures | |
1984 | Amadeus | F. Murray Abraham, Tom Hulce | Orion Pictures | |
1989 | Valmont | Colin Firth, Annette Bening | -- | |
1996 | The People vs. Larry Flynt | Woody Harrelson, Courtney Love | Phoenix Pictures | frantsesez: Larry Flynt |
1999 | Man on the Moon | Jim Carrey, Danny DeVito | BBC Film | |
2006 | Goya's Ghosts | Javier Bardem, Natalie Portman | -- | gaztelaniaz: Los fantasmas de Goya frantsesez: Les Fantômes de Goya |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Miloš Forman |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Sarasola, Ainhoa. (2018-04-15). «Boterekeriaren aurkako begirada» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-04).
- ↑ Sarasola, Ainhoa. (2018-04-15). «Boterekeriaren aurkako begirada» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-04).
- ↑ a b c Sarasola, Ainhoa. (2018). «Milos Forman zinemagilea hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1932ko jaiotzak
- 2018ko heriotzak
- Ameriketako Estatu Batuetako zinema zuzendariak
- Txekiako zinema zuzendariak
- Oscar saria irabazi duten zinema zuzendariak
- Txekiar estatubatuarrak
- Estatubatuar juduak
- Txekoslovakiako zinema zuzendariak
- Ohorezko Legioko zaldunak
- Erdialdeko Bohemiako jendea
- Txekiar Errepublikako juduak
- Zuzendari onenaren Urrezko Globo saridunak
- Zuzendari Onenaren BAFTA saridunak