Lotario I.a
Lotario I.a | |||||
---|---|---|---|---|---|
817 - 855
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Altdorf, 795 | ||||
Herrialdea | Karolingiar Inperioa | ||||
Heriotza | Prüm, 855eko irailaren 29a (59/60 urte) | ||||
Hobiratze lekua | Prümeko abadia | ||||
Familia | |||||
Aita | Luis Errukitsua | ||||
Ama | Ermengarde of Hesbaye | ||||
Ezkontidea(k) | Ermengarde of Tours (en) | ||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Haurrideak | ikusi
| ||||
Leinua | Karolingiar leinua | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | latina | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | monarka eta idazlea |
Lotario I.a[1] (795 – Prümeko abadia, 855eko irailaren 29a) Italiako erregea izan zen 818-855 bitartean, Mendebaldeko enperadorea 840-855 bitartean eta Erdialdeko Frantziako erregea 843-855 bitartean[2].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luis Errukitsua enperadorearen eta Ermengarda Hesbayekoaren seme nagusia zen. 815ean, Bavariako agintari bilakatu zen[3]. Bi urte beranduago, aitak Ordinatio Imperii kapitularra promulgatu zuen, Lotario izendatzen zuena inperioaren oinordeko bakar[4]. 822an Italiako errege izendatua izan zen, eta 823an Paskoal I.a aita santuak enperadore-kide koroatu zuen. 824ko azaroan, Constitutio Romana promulgatu zuen, enperadorearen eta aita santuaren arteko harremanei buruzkoa, aginpide gorena enperadoreari ematen ziona[3].
Begi txarrez ikusi zuen Karlos anaia erdiari aitak eman nahi zion ondarea, eta 833an, Pepin eta Luis anaiekin elkar harturik, aitaren aurkako konplota burutu zuen; baina 834an, aitak koroa berreskuratu zuelarik, Italiara erbesteratu behar izan zuen[5].
Aita 840an hil zenean, inperio osoa bereganatzen saiatu zen, baita enperadore koroa ere, baina Karlos Burusoila eta Luis Germaniarra elkartu ziren haren aurka. Fontenoy-en-Puisayeko gudu erabakigarrian garaitua izan ondoren, Verdungo Hitzarmena onartu behar izan zuen[3]. Lotariok, enperadore tituluaz gain, Erdialdeko Frantzia, jaso zuen: Italiar penintsulako iparraldea eta Frisiatik Proventzarainoko lur zerrenda. Frisian normandiarren aurka borrokatu behar izan zuen, eta Italian sarrazenoen aurka[5]. 855ean, eri zegoela, erresuma semeen artean banatu zuen:
- Luis II.arentzat, Italia eta koroa inperiala.
- Lotario II.arentzat, erresumaren iparraldeko zatia, Frisiatik Suitzaraino, bere heriotzaren ondoren Lotaringia deitua.
- Karlos Proventzakoarentzat, Burgundia Beherea.
Ondoren, Prümeko abadiara erretiratu zen; bertan hil zen, 855eko irailaren 29an[5].
Ezkontza eta seme alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]821ean Ermengarda Toursekoarekin ezkondu zen; zortzi seme alaba izan zituzten:
- Luis (825–875), Italiako erregea eta Mendebaldeko enperadorea. Engelbergarekin ezkondu zen.
- Hiltrude (826–865), Berengario Spoletokoarekin ezkondu zena.
- Ermengarda (825 aldean–849).
- Berta (830 aldean–852).
- Gisela (830 aldean–856), Bresciako San Salvatoreko abadesa.
- Lotario (835–869), Lotaringiako erregea. Teutbergarekin ezkondu zen.
- Rotrude (840 aldean), Lamberto III.a Nanteskoarekin ezkondu zena.
- Karlos (845–863), Burgundia Behereko erregea izan zena.
Sasiko seme bat ere izan zuen:
- Karloman (853 aldean-?).
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ a b c Lothair I.. in: 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 17. en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2016-05-29).
- ↑ Carolingian (Frankish) Empire. historyfiles.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-05-30).
- ↑ a b c Lothaire Ier. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2016-05-29).
Aurrekoa Luis Errukitsua |
Erdialdeko Frantziako erregea 840-855 |
Ondorengoa Lotario II.a eta Karlos Proventzakoa |
Aurrekoa Luis Errukitsua |
Mendebaldeko enperadorea 840-855 |
Ondorengoa Luis II.a Italiakoa |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lotario I.a |