Edukira joan

Lord Byron

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Lord Byron

Lorden Ganberako kidea

ezezaguna
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGeorge Gordon Byron
JaiotzaWestminster Hiria1788ko urtarrilaren 22a
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma  1801eko urtarrilaren 1a)
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua  (1801eko urtarrilaren 1a -
HeriotzaMissolonghi (en) Itzuli1824ko apirilaren 19a (36 urte)
Hobiratze lekuaNottinghamshire
Heriotza modua: septizemia
Familia
AitaJohn Byron
AmaCatherine Gordon Byron
Ezkontidea(k)Claire Clairmont (en) Itzuli
Anne Isabella Noel Byron  (1815eko urtarrilaren 2a -  1816)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaAberdeen Grammar School (en) Itzuli
Cambridgeko Unibertsitatea
Trinity College
Harrow School
(1801eko apirila -
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Harutyun Avgeryan (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpoeta, kanta-idazlea, politikaria, antzerkigilea, autobiografialaria, itzultzailea, militarra, eguneroko-idazlea, idazlea, libretista, aristokrata eta philhellene (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakGiovanni Battista Casti, Luigi Pulci eta William Wordsworth
KidetzaRoyal Society
Errege Literatura Elkartea
Mugimenduaerromantizismoa
Genero artistikoanarraziozko poesia
Gothic literature (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakGreziako Independentzia Gerra

IMDB: nm0126406 IBDB: 7363
Facebook: LordByron.AcademyofArtsandPhilosophy iTunes: 359267995 Musicbrainz: 63224112-15ae-409d-a072-1528422e6b0a Songkick: 374707 Discogs: 1010134 IMSLP: Category:Byron,_George_Gordon Find a Grave: 9794095 Edit the value on Wikidata

George Gordon Byron FRS (Londres, 1788ko urtarrilaren 22aMissolonghi, Grezia, 1824ko apirilaren 19a), Byrongo seigarren baroia, Lord Byron izenez ezaguna, ingeles politikari eta poeta bat izan zen,[1][2]erromantizismoko idazle moldakor eta garrantzitsuenetako bat.[3][4][5] Beraren lanik ezagunenak dira Childe Harold's Pilgrimage eta Don Juan poema narratiboak, azken hori osatu gabe geratu zen hil zenean. Ada Lovelace matematikari eta programazio informatikoaren aitzindariaren aita izan zen.

Lord Byronen ospea ez zen eratu soilik bere obraren inguruan, baizik ere, aldi berean, bitxikeriaz eta eskandaluz beteriko bizitza bat eraman zuelako, maitale, zor, banantze, eta intzestu edo sodomia salaketaz betea. Gehien nabarmentzen diren gertakarien artean, Italian eta Grezian iraultzetan izandako parte hartze pertsonala dago. Greziako Independentzia Gerran parte hartu zuen, greziarrekin batera borrokatuz, eta herrialde hartan hil zen, ustez malariaz.

Caroline Lamb eleberrigile eta Byronen maitaleak berari buruz idatzi zuen: «Eroa, gaiztoa, eta arriskutsua hura ezagutzea».[6]

Byronek bere abokatu eta agente John Hansoni eskuz idatzitako gutun bat (Fondazione BEIC).

George Byronen aita John Mad Byron kapitaina izan zen, Byrongo bosgarren baroia, eta ama Catherine Gordon, baroiaren bigarren emaztea. Bere aitona John Byron izan zen, Foulweather goitizenekoa, mundu osoan zehar nabigatu zuen britainiar almirante bat. Aitaren aldeko familiaren noblezia Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren erregealditik zetorren.

George Byronen aita John Mad Byron kapitaina izan zen, Byrongo bosgarren baroia, eta ama Catherine Gordon, baroiaren bigarren emaztea. Bere aitona John Byron izan zen, Foulweather goitizenekoa, mundu osoan zehar nabigatu zuen britainiar almirante bat. Aitaren aldeko familiaren noblezia Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren erregealditik zetorren.[7]

Aita 1791n hil zitzaion, berak hiru urte zituela, Valenciennesen (Frantzia), arrebaren egoitza txiki batean. Han babestua zegoen, emaztearen izaera beldurgarritik eta hartzekodunengandik. Frantzian, aitak maitale ugari izan zituen, eta familiaren diruetatik geratzen zen guztia alferrik eralgi zuen. Horrela, hiru urte zituela, Aberdeenen amarekin batera, Georgek aitarengandik zorrak eta hileta gastuak besterik ez zituen jaso oinordetzan.[8]

Aitaren herentzia alderdi materialean atsekabe bat izan bazen, ezin da gauza bera esan alderdi espiritualaz. Byron gazteak bere aitarengandik edertasunaren maitasuna, galaitasunaren gurtza eta bizitza lizun baten joera gordeko zituen. Amagandik, berriz, maitasuna jaso zuen, gozotasuna, baina baita haren izaera ankerra ere.

Catherine Gordon, Byronen ama

Eskuineko oinean deformazio txiki bat zuela jaio zen George, behatzak barrurantz biratuta zituela. Berak beti uste izan zuen deformazioa amaren burugogorkeriaren ondorioa zela, erditzean laguntza medikoa errefusatu baitzuen. Arazo horregatik, aitak uste izan zuen ez zela inoiz ibiltzera iritsiko, baina Byron txikia, haurtzaro osoan oinetako ortopedikoa janztera behartuta, aitaren ustearen aurka altxatu zen, eta ibiltzen baino lehenago korrika egiten ikasi zuen, eta herrenka ibili zen arren, beste asko baino azkarrago ibil zitekeela frogatu nah izan zuen beti. Gaztetan, keinuek herrena disimulatzeko balioko zioten, ibilera xelebre eta dotore baten itxurak eginez.[9]

Itxurakeria horrek eragindako iseka eta arbuio asko jasan behar izan zituen, baina denborarekin bere burua defendatzen ikasi zuen, «gorputz atal bat ahultzen denean, beste batek berdintzen du oreka beti». Herrenaz gain, asko sufritu zuen hotzagatik. Hezur hauskorrak izan zituen beti, eta horrek ezinegon handia sortu zion.

Gurasoen arteko harremanak asko markatu zuen Byronen haurtzaroa, gorabeheraz beterikoa izan baitzen. Byronek ez zuen inoiz aita amaren benetako maitaletzat ikusi, baina ama, senarrak egindako bidegabekeria guztiengatik arranguraz bizi izan arren, lur jota geratu zen senarra hil zitzaionean. Byronek lady Catharine amarekin izandako harremana deskribatu zuen kolpe eta musu abentura gisa. Umetan amak askotan deitzen zion «herren madarikatu» edo «deabru txiki», eta berak, berriz, «atsoa» edo «alarguna» esaten zion. Maitasun-gorroto harreman hura gorabehera, Byronek geroago esango zuen ama izan zela bera ulertu zuen pertsona bakarra.

Idazlea «George Gordon Byron» izen-deituraz bataiatu zuten Londresen. «Gordon» bataio izena da, ez leinua, amaren aldeko aitonaren omenez. Eskozian bere emaztearen herentzia erreklamatzeko, Byronen aitak «Gordon» abizen gehigarria hartu zuen, «John Byron Gordon» bihurtuz. Idazleak abizen hori erabili zuen denbora batez eta Aberdeeneko eskolan «George Byron Gordon» izenaz erregistratu zen. 10 urterekin, Byronen ingeles baronia heredatu zuen, «lord Byron» bihurtuz, eta, azkenean, abizen bikoitza murriztu zuen, nahiz eta une hartatik aurrera bigarren abizena nobleziagatik ezkutatzen den, edonola ere.

Byronen amaginarreba hil zenean, «Noel» abizena hartu nahi izan zuen, herentziaren erdia bereganatzeko, eta, horrela, errege agindu bat lortu zuen «Noel abizena bakarrik eduki eta erabiltzeko» baimena ematen ziona. Oso salbuespenez, errege aginduak «ohorezko titulu guztien aurretik Noel leinu hori aipatzeko» baimena ere eman zionez, handik aitzina berak «Noel Byron» sinatzen zuen. Batzuetan, «Noel Byron jauna» ere deitu zioten, «Noel» bere tituluaren zati bat balitz bezala. Azkenean, Byron andreak Wentworthen baoir titulua hartu zuelarik, «lady Wentworth» bihurtu zen, ezkondu aurretik «Milbanke» izan zen bezala.[10]

Aberdeenen (Eskozia), latina eta historia ikasten hasi zen, irakasle presbiteriano baten laguntzaz, Aberdeen Grammar Schoolen sartu zen arte. Eskola historiko hartan ikasten ari zela, Ingalaterrara joan behar izan zuen, bere osaba aitona William Byron, bosgarren lord Byron, hil baitzen.[11]

Handik aurrera, titulu aristokratikoa aitortu zioten. Inoiz ez zuen aristokraziarekiko begikotasun handirik izan, baina esperientziak bide berriak zabalarazi zizkion. Bat-batean hazi zela uste izan zuen, etorkizunean Lorden Ganberan bere burua irudikatuz. Byron gaztea, ama eta etxe-andereño bat elkarrekin bizi izan ziren heredatu berri Newsteadeko abadian (Nottinghamshire). Jabego berriarekin hartutako poza zapuztu zitzaion, ohartu zenean zorrez zamatuta eta oso egoera txarrean zegoela.[12]

Amak Londreseko Hanson abokatua kontratatu zuen familiako aferak administratzeko, Georgek adin nahikoa izan arte. Byronek atseginez gogoratuko zuen huraxe izan zela inoiz izan zuen egoitzarik onena. Han ezagutu zuen Mary Duff lehengusina, guztiz maitemindu baitzen harekin. Hark, baina, baztertu egin zuen, bera gazteegia zelako, eta errefusaren minak inspiratu zizkion Byroni lehen poemak.[13]

Newsteadeko abadia.

Dirudienez, hildako osaba aitona hura azken urteetan ia eremutar bat bezala bizi izan zen, ordura arte bizi izan zuenaren guztiz bestelako jarrera batez. Izan ere, jendeak «Gaiztoa» deitzen zion, bizimodu lizun bat eraman baitzuen beti. Emaztea hiltzen saiatu zen, laku batera jaurtita, eztabaida baten ondoren, eta dueluan William Charworth izeneko bat hil zuen, ehizari buruzko eztabaida baten ostean. Halako gizaseme batengandik heredatu zituen Georgek familiaren titulua, zor guztiak eta arerioa hiltzeko erabili zuen ezpata bera.

Orduan, Glennie doktorearen eskolara bidali zuten Byron, Dulwichera. Han, bere ikasketak maiz eten behar izan zituen ama setatiaren burutazio eta ateraldiengatik, berarengana eramaten baitzuen denbora luzez. Garai hartan, Byronek bere lan kutunetako bat irakurri du, Mila gau eta bat gehiago. 1801ean, amak jasotako hirurehun liberako pentsio erreal bati esker, Byron Harrowen onartua izan zen, non lehen ikasketak burutu baitzituen.[14]

Poeta eta abenturazalea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
George Gordon Byron, seigarren lord Byron, Thomas Phillipsek 1813an margotutako koadro bat.

1802an, Byronek lehen maitasun tragedia bat bizi izan zuen, bere lehengusina Margaret Parker hil zenean, zeinaz ere maiteminduta baitzegoen.[15]

1805ean Cambridgeko Unibertsitatera joan zen. Han, ikasle bikaina izateaz gain, nabarmendu zen janzteko xelebrekeriagatik eta bizimodu lizun eta xahutzailea eramateagatik. Hala eta guztiz ere, mutil onaren ezizena irabazi zuen, eta lagun handiak izan zituen; adibidez, Lord Broghton eta John Hobhouse, Alderdi liberaleko buruzagia izango zena. Garai hartan, oso gogoko izan zuen poemak idaztea, eta lagunei esker, boxeoan eta esgriman gailendu zen.[16]

Unibertsitatea utzi behar izan zuen dirua amaitu zitzaionean, eta Londresko Picadilly kalera joan zen bizi izatera, prostituta baten maitale izan zelarik. Gero, dirurik gabe, Southwellera itzuli zen amarekin, eta buru-belarri ekin zion poesiari. Elisabeth Pigot lagunari esker argitaratu zuen bere lehen poesia liburua, Fugitive Pieces (Konposizio iheskorrak),[17] hark garbira pasatu eta editatu baitzizkion. Hala eta guztiz ere, kaleratu bezain laster, ale guztiak berriro bildu eta erre zituzten, Byronen adiskide baten gomendioz, bereziki «To Mary» poemagatik.[18]

1807an Edinburgh Review aldizkariak Hours of Idleness (Aisi orduak) poema liburua argitaratu zionean, iritzi kontrajarriak piztu zituen. Kritiken aurrean, beti modu borrokalarian erantzuten zuen, edo lan berri bat idatziz. 1809an, Lorden Ganberako eserleku bat eskuratu zuen, English Bards and Scotch Reviewers (Ingeles bardoak eta eskoziar kritikariak) satira idatzi zuen, eta bi urteko bidaia batera abiatu zen Portugalen eta Espainian zehar, non Castaños jeneralarekin elkarrizketa bat izan baitzuen Independentzia Gerra betean. Handik, Albania, Malta eta Grezia bisitatu zituen, Dardaneloak igerian zeharkatu zituen, beste lagun batekin, eta The Curse of Minerva (Minervaren madarikazioa) satira idatzi zuen bertan. Turkian ere izan zen, eta Troia aurkitzen saiatu zen. Bidaia hartan zenbait harreman izan zituen, bai emakumeekin, bai gizonekin. 1811. urtean ama eta bi lagun hil zitzaizkion hilabete bakar batean, eta horrek eragin handia izan zuen bere animoan, heriotzarekin obsesionatu baitzen. Garai hartan, Augusta Leigh arrebaordearenean babestu zen, eta harekin harreman bat izan zuen, intzestu zurrumurruak zabaldu ziren behintzat.[19]

1812an, Childe Harold's Pilgrimage (Childe Harolden erromesaldia) lanaren lehen bi kantuak argitaratu zituen, Europan zehar egindako bidaiak kontatzen dituzten poemak, eta horrek ospea ekarri zion. Horrez gain, The Giaour, The Bride of Abydos (1813), Parisina eta The Siege of Corinth (1815) poemak argitaratu zituen, non finkatuko baitzuen «heroi byrondar» deituko zenaren irudia. Garai hartan ezagutu zuen Thomas Moore, bere biografoa izango zena, eta, esamesen arabera, harekin ere sexu harremanak izan zituen. Sonatua izan zen, baita ere, Caroline Lamb aristokratarekin izan zuen harremana.[20]

Nobleziako beste kideek ez zuten oso maitatua izan bere affaire etengabeengatik eta Wellingtongo dukeari egindako kritikengatik. Areago, Lorden Ganberan publikoki iraindu zuten, luddismoa eta katolikoak defendatu zituelako. Berari, ordea, bost axola zitzaion, are eta gehiago, gorrotatua izatea maite zuen, zeren eta, haren iritziz, horrek ere esan nahi baitzuen beldur ziotela. 1815ean, Hebrew Melodies (Hebrear aireak) lana argitaratu zuelarik, Anna Isabella Milbanke andrearekin ezkondu zen. Byron leiala ez zitzaiola jakin ondoren, Milbankek utzi egin zuen 1816an, poetaren alaba legitimo bakarra, Ada Lovelace, erditu ondoren. Byronek Augusta arrebaordearekin zituen harreman intzestuosoei buruzko zurrumurruek, poema antipatriotikoek, sodomia akusazioak eta bere zentzutasunaren egoerari buruzko zalantzek ostrazismo soziala eragin zioten. Saminduta, Byronek Ingalaterra utzi zuen 1816an eta ez zen sekula gehiago itzuli.[21]

Behin betiko erbestea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1816tik aurrera, bidaiak egiten hasi zen ia Europa osoan zehar, hil arte inoiz bukatuko ez zirenak. 1816an Waterloo bisitatzera iritsi zen, garai hartan leku turistiko nagusia baitzen, gudua gertatu zenetik urtebete besterik igaro ez zenean.

Urte hartan bertan, Suitzara joan zen eta han gelditu zen bizi izaten denboraldi batez, Percy Shelley, Mary Shelley eta John William Polidori bere medikuarekin batera. Byronek osasun hauskorra zuen, bere depresioetan ere eragin bortitza zuena. Ekaitz gau batean, Byronen Diodati etxean bildu ziren laurak, eta beldurrezko kontakizunak idaztea erabaki zuten, gau goibel haren adinakoak. Byronen nortasunean inspiratuta, Mary Shelleyk Frankenstein eta Polidorik Banpiroa kontakizuna idatzi zuten. Suitzan, Byronek The Prisoner of Chillon, The Dream, Prometheus eta Darkness idatzi zituen.

1817tik 1822ra Italian barrena ibili zen, Pisan, Genovan, Ravennan, Venezian eta Erroman, besteak beste. Margarida Cogni andrearekin abentura bat izan zuen eta, Venezian, Nani-Mocenigo jauregian[22] bizi izan zen, ia harem bat izan zen egoitza berarentzat, Benzoni eta Albrizzi kondesen tertulietara joaten zen bitartean. 1821ean, Ravennako Ikazkinen erreboltan parte hartu zuen eta aita santuaren eta Austriaren aurkako mugimenduetan parte hartu zuen. Une hartan, Danten profezia lan kritikoa argitaratu zuen. Une hartan, The Prophecy of Dante lan kritikoa argitaratu zuen. Venezian,Teresa Guiccioli kondesarekin bizi izan zen, hura senar zaharrarengandik banandu berria zelarik. Johan Wolfgang von Goetheren Fausto antzezlanaren irakurketarekin grinatu zen, miresten baitzuen idazlea eta harekin gutunak trukatu baitzituen. Mirespen hori elkarrekikoa zen, gainera, Goethek idatzi baitzuen Byron «orainaren poeta» zela. Byronek Manfred idatzi zuen, Goetheren eraginez; bere Don Juan liburuaren zenbait kantu amaitu zituen, eta aldizkari bat sortu zuen, The Liberal izenekoa,[23] Percy Shelley eta Leigh Hunt idazleekin batera.

1822ko apirilean hil zen Allegra sasiko alaba (Mary Shelleyren ahizpaorde Claire Clairmontekin izandako harremanetik jaioa), bost urte besterik egin ez zituenean.[24] Byronek estimu handitan omen zeukan. Gainera, Percy Shelley lagunarekin batera goleta batean bidaiatzen ari zela, Shelley hil egin zen, uztailaren 8an itsasontzia hondoratu zenean.[25] Irailean, Genovan jarri zen bizi izaten, eta politikan aritu nahi izan zuen, arrakastarik gabe, baina.

Lord Byron hil ohean, olio mihisea, 166 x 234,5 cm, Joseph Denis Odevaerek margotua 1826an (Groeningemuseum, Brujas).

1823ko martxoan, Greziaren independentziarako Londresko Batzordeko kide izendatu zuten, eta 1824an Hercules goletan joan zen Greziarantz, herrialdearen independentziaren alde borrokatzeko asmoz, garai hartan Otomandar Inperioaren parte baitzen. Han idatzi zuen bere azken konposizioa, On This Day I Complete My Thirty-Sixth Year;[26] 4.000 libera eman zituen erregimentu bat eratzeko, gaizkile souliotaz osatua, eta haien ondoan borrokatu zen. Greziarrek heroi gisa hartu zuten, komandante egin nahi baitzuten, eta Alexandros Mavrocordatos printzearekin batera eraso bat prestatu zuen, baina epilepsia krisi bat izan zuen eta malariaz gaixotu zen.[27]

Medikuek odoluste batzuk agindu zizkioten, baina uko egin zion. Handik egun batzuetara, gaixotasunak jota eta hiltzailetzat jo arren, medikuei baimena eman zien nahi zuten odol guztia atera ziezaioten. Apirilaren 16an egin zioten lehen odolustea, emaitza onik gabe. Hurrengo egunean beste bi egin zizkioten. Apirilaren 19an hil zen Mesolongin, Greziaren independentziaren ametsa beterik ikusi gabe. Lekukoen arabera, guztira bi litro odol atera zizkioten, gutxi gorabehera. Byron guztiak bezala hil zen, 36 urterekin, haien gainean zegoen ustezko madarikazioaren arauz [28]

Alfred Tennyson poetak gogoan gorde zuen Britainia Handian izandako harridura erreakzioa, Byronen heriotzaren albistea jakin zenean.[29] Greziarrek negar egin zuten, eta heroi bihurtu zuten.[30][31] Dionysos Solomos greziar poeta nazionalak ustekabeko galerari buruzko poema bat idatzi zuen, Lord Byronen heriotzan izenekoa.[32]Byronen grezierazko forma, Βύρων (Výron), ohiko izen maskulino bat da Grezian, eta Atenasko auzo bat, haren omenez, Βύρωνας (Výronas) deitzen da.[33]

Byronen gorpua hilondu egin zuten, eta haren gorpuzkiak Ingalaterrara bidali zituzten, Westminster abadian lurperatua izateko, baina abadiak uko egin zion, «jokabide moral zalantzagarriagatik».[29][34] Hala ere, greziarrek bere heroiaren zati bat gorde nahi izan zuten, eta, iturri batzuen arabera, bihotza Mesolongin geratu zen.[35]

Londresen, jendetza handi batek omendu zituen haren gorpuzkiak bi egunez.[29] Santa Maria Magdalena elizan dago lurperatuta, amaren ondoan, Hucknallen (Nottinghamshire), Newstead abadiatik gertu.

Lord Byronek bere zakurrari idatzitako epitafioa: «Hemen datza hutsaltasunik gabe eder, lotsagabekeriarik gabe indartsu, basakeriarik gabe ausart izan zen eta gizakiaren dohain guztiak baina akats bakar bat izan ez zuen izakia».

Ada Lovelace Byronek inoiz ezagutu ez zuen alabak hala eskatuta, aitaren ondoan lurperatu zuten. Urte asko geroago, abadiak baimena eman zuen Greziako erregeak emandako haitzurdinezko lauza baten bikoizketa bat jartzeko Byronen hilobian. Byronen lagunek 1.000 libera eman zituzten idazlearen estatua bat eraikitzeko; Bertel Thorvaldsen eskultoreak bere burua eskaini zuen diru kopuru horren truke estatu bat zizelkatzeko.[36] Hala ere, estatua amaitu eta hamar urtera, 1834an, britainiar erakunde gehienek errefusatu egin zuten, eta gordeta mantendu zen. Britainiar Museoak, Saint Paul katedralak, Westminster abadiak eta National Galleryk uko egin zioten estatua jasotzeari. Azkenik, Cambridgeko Trinity Collegek jarri zuen liburutegian.[29]

1969an, Byron hil eta 145 urtera, monumentu bat jarri zioten Westminster abadian.[37] The New York Times egunkariak 1907az geroztik eskatzen zuen monumentua: «Jendea galdezka hasi da ea Byron guztiz baztertuta edukitzea ez ote den Ingalaterra lotsarazi behar lukeen gertaera bat... busto bat edo plaka bat jar zitekeen Poeten Txokoari, eta Ingalaterrak bertan behera utzi beharko luke bere seme benetan handienetako batenganako esker txar hori».[38]

Robert Ripley estatubatuar kazetari eta grafistak koadro bat marraztu zuen Epitaph to a dog izenburuaz,[39] legenda hau zeramana: «Lord Byronen txakurrak hilobi bikain bat du, Byronek berak, ordea, ez du bat ere». Oiartzun handia ukan zuen Ingalaterran, batez ere mundu akademikoan, non dirua bildu baitzuten poetari monumentu egoki bat eskaintzeko.[40]

Atenasko erdigunean, Lorategi Nazionalaren ondoan, Grezia irudikatzen duen estatua bat dago, Byronek koroatzen duen emakume baten itxurakoa. Henri-Michel Chapu eta Alexandre Falguière frantziar eskultoreek egin zuten estatua.[41]

Goethek, Byronen heriotzaren berri izan zuenean, hauxe idatzi zuen: «Lasai, adiskide, zure bihotza eta bizitza handiak eta ederrak izan dira».[42]

Lord Byron, Élisabeth Vigée Le Brunen margolan batean (1803).

Byron idazle emankorra izan zen. 1833an, hau da, Byron hil eta bederatzi urtera, John Murray bere editoreak 17 liburuki argitaratu zituen haren lan osoekin, Thomas Mooreren biografia barne. Haren lan handia, Don Juan, 17 kantuko poema, Ingalaterran argitaratutako poema luze garrantzitsuenetako bat izan zen, John Miltonen Paradisu galdua poema narratiboaz geroztik. Don Juan poema satirikoaren eragina arlo sozialean, politikoan, literarioan eta ideologikoan nabaritu zen. Ingalaterran inspiratu zituen autore viktoriarrak. XIX. mendeko autore erromantikoengan eragina izan zuen, batez ere bere heroi edo antiheroiengatik, arketipo erromantikoa eraiki baitzuen, idealizatua baina ez perfektua, baizik, aldi berean, akastuna: talentu handikoa, pasio erakustaldi bizikoa, gizartearekiko eta gizarte erakundeekiko herra ageri duena, ezinezko maitasunen frustraziopean ―gizarteak edo heriotzak ezarritako mugen ondorioz―, menderakaitza, maiz erbestea pairatu behar duena, iragan ilunekoa, portaera autosuntsitzailekoa...[43]

Alderdi autobiografikoa oso nabarmena da Childe Harold's Pilgrimage (1812), Lara (1814), Manfred (1817) eta Don Juan (1910-1824) poemetan.[44]

Europan osoan bezala, emantzipazioaren alde borrokatzen ari zen Hego Amerikan, Byronen bizitzak eta obrak eragin handia izan zuten eta erromantizismoaren poeten inspirazio iturri emankor izan ziren. Bere garaikide askok miretsitako autorea izan zen, hala nola, Goethe, Alphonse de Lamartine, Jan Potocki eta ondorengo belaunaldietako beste batzuk, hala nola, Edgar Allan Poe, Mikhaïl Lérmontov, Aleksandr Puxkin, Charles Nodier, Alexandre Dumas edo Victor Hugo.[45]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Byron, George Gordon Noel, sixth Baron Byron (1788–1824), poet» Oxford Dictionary of National Biography (Oxford: Oxford University Press)  doi:10.1093/ref:odnb/4279. ISBN 978-0199671540. OCLC .820779250 (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  2. (Ingelesez) «Lord Byron – author of Don Juan» The British Library (web.archive.org) 2014-07-15 (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  3. (Ingelesez) «George Byron, 6th Baron Byron» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  4. (Ingelesez) Morrison, Robert. (2016). «Byron and Scotland» 19th-century British literature (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  5. (Ingelesez) «Lord Byron (George Gordon)» The Poetry Foundation (web.archive.org) 2017 (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  6. (Ingelesez) «Lord Byron, 19th-century bad boy» The British Library (web.archive.org) 2024-05-24 (Noiz kontsultatua: 2024-11-17).
  7. Boase & Courtney 1874, 792. orr. .
  8. Brand 2021, 254. orr. .
  9. Galt 1830, 5-14. orr. .
  10. (Ingelesez) «George Gordon Byron's Poems with Analysis» KeyToPoetry (web.archive.org) 2024-03-26 (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
  11. (Ingelesez) Gross, Jonathan. (2019). Tuite, Clara ed. «Early Years» Byron in Context (Cambridge: Cambridge University Press): 15-22..  doi:10.1017/9781316850435.002. ISBN 978-1107181465. OCLC .1135188114 (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
  12. Grosskurth 1997, 34. orr. .
  13. (Ingelesez) Moore, Thomas. (1838). Life, letters, and journals of Lord Byron: complete in one volume. London: J. Murray OCLC .12442467.
  14. (Ingelesez) «A Short Biographical Dictionary of English Literature/Byron, George Gordon, 6th Lord Byron» Wikisource (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  15. (Ingelesez) Hoeper, Jeffrey D.. (2002). «The Sodomizing Biographer: Leslie Marchand's Portrait of Byron» Arkansas State University (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  16. (Ingelesez) «Lord Byron - Poems, Quotes & Books» Biography (web.archive.org) 2022-06-20 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  17. (Ingelesez) Byron, George Gordon. (1973). Fugitive pieces. Folcroft Library Editions ISBN 978-0841432437. OCLC .698806.
  18. (Ingelesez) «To Mary Poem by George Gordon Byron» internetpoem.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  19. (Ingelesez) Byron, George Gordon Byron Baron. (1825). Anecdotes of Lord Byron: From Authentic Sources; with Remarks Illustrative of His Connection with the Literary Characters of the Present Day. Knight and Lacey, Pasternoster Row : Aberdeen, W. Gordon; a.Stevenson; D. Wylie; and L. Smith OCLC .830975321 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  20. (Ingelesez) Wong, Ling-Mei. (2004-10-14). «Professor to speak about his book, 'Lady Caroline Lamb'» Spartan Daily (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  21. (Ingelesez) Goldman, Lawrence. (2013). «Byron, George Gordon Noel, sixth Baron Byron (1788–1824), poet» Oxford Dictionary of National Biography (Oxford: Oxford University Press)  doi:10.1093/ref:odnb/4279. ISBN 978-0199671540. OCLC .820779250 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  22. (Italieraz) Brusegan, Marcello. (2005). La grande guida dei monumenti di Venezia: storia, arte, segreti, leggende, curiosità. Roma: Newton & Compton ISBN 978-8854104754. OCLC .62780616.
  23. (Ingelesez) «The Liberal: Back Issues» web.archive.org 2022-06-18 (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).
  24. (Ingelesez) Rubin, Merle. (1989-09-10). «A Hero to His Physician : Lord Byron's Doctor by Paul West (Doubleday: $19.95; 352 pp.; 0-385-26129-2)» Los Angeles Times (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).
  25. (Ingelesez) Trelawny, Edward John. (2011). Recollections of the Last Days of Shelley and Byron. Cambridge: Cambridge University Press, 88. or. ISBN 978-1108034050. OCLC .889960196.
  26. (Ingelesez) «On This Day I Complete My Thirty-Sixth Year by George Gordon Byron» All Poetry (web.archive.org) 2024-11-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).
  27. (Ingelesez) Tsiamis, Costas; Kalantzis, G.; Tompros, N.; Poulakou-Rebelakou, E.. (2011-08). «Lord Byron's first voyage in Greece (1810) and the neglected case of malaria» Journal of the Royal Society of Medicine 104 (8): 316-320..  doi:10.1258/jrsm.2011.100309. ISSN 1758-1095. PMID 21816929. PMC 3150098. (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).
  28. (Ingelesez) Tsiamis, Costas; Piperaki, Evangelia Theophano; Kalantzis, George; Poulakou Rebelakou, Effie; Tompros, Nikolaos; Thalassinou, Eleni; Spilipoulou, Chara; Tsakris, Athanassios. (2015-09). «Lord Byron's death: a case of late malarial relapse?» Le Infezioni in Medicina 23 (3): 288–295. ISSN 2532-8689. PMID 26397304. (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).
  29. a b c d (Ingelesez) Bostridge, Mark. (2002-11-04). «On the trail of the real Lord Byron» The Independent (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  30. (Ingelesez) Edgcumbe, Richard. (1909). Byron, the last phase. London: J. Murray, 185-190. or. OCLC .457525425.
  31. (Ingelesez) Murray, John. (1825). A narrative of Lord Byrons last journey to Greece. Extracted from the journal of Count Peter Gamba, who attended his Lordship on that expedition. London: Thomas Davison OCLC .956921678.
  32. «Διονύσιος Σολωμός - Εις τον θάνατον του Λόρδου Μπάϋρον» web.archive.org 2010-11-30 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  33. (Grezieraz) Βύρωνας.gr - Νέα και ειδήσεις για τον Δήμο Βύρωνα. 2024-11-23 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  34. (Ingelesez) «Lord Byron» Neurotic Poets (web.archive.org) 2024-06-12 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  35. (Ingelesez) «Science: Heart Burial» Time (web.archive.org) 2013-08-08 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  36. (Ingelesez) Elze, Karl. (1872). Lord Byron: A Biography with a Critical Essay on His Place in Literature. J. Murray OCLC .1063135054 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  37. (Ingelesez) «Poets’ Corner» Westminster Abbey (web.archive.org) 2023-10-08 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  38. (Ingelesez) «Byron Monument for the Abbey: Movement to Get Memorial in Poets' Corner Is Begun» The New York Times 1907-07-13.
  39. Izenburua Byronen poema batena da, 1808an idatzia, Boatswain bere zakurra hil zenean. Zakurraren hilobian dago idatzirik, Newstead abadian. Ikus (Ingelesez) Eisle, Benita. (2000). Byron: child of passion, fool of fame. New York: Vintage Books, 161. or. ISBN 978-0679412991. OCLC .469894531.
  40. (Ingelesez) «Lord Byron's statue, Co-operative House» web.archive.org 2024-11-23 (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  41. (Grezieraz) «Λόρδος Βύρων» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  42. (Gaztelaniaz) Pujol, Elena. (2024-05-03). «Lord Byron, el poeta del romanticismo que quiso liberar Grecia» National Geographic (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  43. (Ingelesez) Clancy, Charles J.. (1979). «Aurora Raby in "Don Juan": A Byronic Heroine» Keats-Shelley Journal 28. zk.: 28-34.. ISSN 0453-4387. (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).
  44. (Ingelesez) Payte, Louise. (1943). The Autobiographical Elements of Lord Byron's Poetry. Texas: Southwest Texas State University OCLC .29993742 (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).
  45. (Ingelesez) «Lord Byron (George Gordon)» The Poetry Foundation (web.archive.org) 2024-11-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-24).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lord Byron Aldatu lotura Wikidatan