Katsushika Hokusai
Katsushika Hokusai | |
---|---|
![]() (1839) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Honjō eta Honjo (en) ![]() |
Herrialdea | ![]() |
Bizilekua | Uraga |
Talde etnikoa | japoniarra |
Heriotza | Asakusa, 1849ko maiatzaren 10a (88 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | ezezaguna 1790(e)ko hamarkada) ezezaguna (1797 - |
Seme-alabak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | japoniera |
Irakaslea(k) | Katsukawa Shunshō |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, xylographer (en) ![]() |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Edo |
Lan nabarmenak | |
Mugimendua | Japonismoa Kasei culture (en) ![]() ukiyo-ea |
Genero artistikoa | ukiyo-ea erretratua |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | |
![]() |
Katsushika Hokusai (japonieraz: 葛飾北斎), Hokusai (japonieraz: 北斎) izenaz ezaguna (Edo, gaur egungo Tokio, 1760ko urriaren 31 - Tokio, 1849ko maiatzaren 10a), margolari, marrazkilari eta grabatzaile japoniar bat izan zen. Ukiyo-e pintura estiloko maisua izan zen. Obrak izen ugariz sinatu ondoren (besteak beste, Katsukawa Shunro, Soshunro, Gumbatei, Gyobutsu, Tawara-ya Sori, Kako, Tatsumasa, Shinsai, Kintaisha, Tamekazu, Raito, Raishin, Gakyojin, Manji-o, Manjirojin, baita Hokusai ere),[1][2] 1797tik aurrera Hokusai izena erabili zuen soilik.
Oso lan zabala eta askotarikoa egin zuen. Adibidez, Hokusai Manga (japonieraz: 北斎まんが, 1814-1849) lanean,[oh 1] zehaztasun eta umore handiz erakusten du bere herriko eguneroko bizitza. Paisaien grabatuak aipatu behar dira, Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi (japonieraz: 富嶽三十六景, Fugaku Sanjūroku-kei) (ca. 1830-1833)[4] eta Fuji mendiaren ehun ikuspegi (1834),[5] neurri batean Fuji mendiarekiko atxikimendu pertsonala islatzen zutenak. Serie honetako lan batzuk, besteak beste, Kanagawako olatu handia (japonieraz: 神奈川沖浪裏, Kanagawa Oki Nami Ura) eta Fuji egun argitsuetan (japonieraz: 凱風快晴, Gai kaze kaisei), izan ziren Hokusairen ospea bermatu zutenak, bai Japonian, bai atzerrian.
Hiroshige margolariarekin batera, eragin handia izan zuen Europako margolaritzan; Degas, Van Gogh, Paul Gauguin, Claude Monet eta Toulouse-Lautrecengan, besteren artean. Izan ere, XIX. mendeko postinpresionismoko artista askok japoniar artisten bildumak egiten zituztenez, Hokusairen obra batzuk margolari horietako askorengan eragina izan zuen. Hala, Richard Lane historialariaren hitzetan, «XIX. mendearen amaieratik, mendebaldeko artistak, kritikariak eta arte zaleak Asiako beste edozein artistak baino askoz gehiago txunditu zituen».[6] Izan ere, Hokusairen izena ezaguna bazen ere lan horren aurretik, harexen ondorioz lortu zuen bere izenaren onarpen zabala.[7]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edo hiriburuko ekialdean jaio zen, 1760ko urriaren 31n. Umetan Tokitaro eta Tetsuzo izena jaso izan zuen. Ez da jakina nor izan ziren haren gurasoak. Oso gazte zela, Edoko artisau famatu batek, Nakajima Ise izenaz ezaguna, etxean hartu zuen. Nakajima, shogunerriko Shogunaren Gortearen ispilugilea zela,[8] Tokitaro ikastun hartu zuen, hura Nakajimaren legezko oinordeko bihurtu zen arte. Beraz, Nakajimaren eta haren ohaidearen seme biologoa ote zen pentsa daiteke. Bost urte bete zituenetik, margolaritzaren eta marrazkiaren aldeko interes handia erakutsi zuen.[9]
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetan, Hokusaik liburu denda ospetsu batean saltzaile gisa lan egitea erabaki zuen, eta, 15 urtetik aurrera, 18 urte bete arte, grabatzaile ikasle gisa sartu zen lantegi batean. Liburuaren, merkataritzaren eta inprimatze tekniken munduko entrenamendu goiztiar horrek Hokusai inprimatzaile gisa garatzen lagundu zuen.[10] 1778an, 18 urte zituela, Katsukawa Shunsho (japonieraz: 勝川春湖) ukiyo-e eskolako maisuaren ikasle bihurtu zen, eta harekin ikasi zuen zurezko xaflen gaineko grabatuaren teknika (xilografia), kabuki aktoreen erretratuan espezializatuz (Yakusha-e (japonieraz: 役者絵, aktore margolanak).[11] Hurrengo urtean, 1779an, Hokusai gazteak bere lehen lanak argitaratu zituen —izatez, kabuki antzerkirako gonbidapen inprimatuak— Shunro (japonieraz: 勝川春朗) izenarekin.[9] Lan haietan, Katsukawa eskolako generoa jada ederki menperatzen zuela erakutsi zuen.[10][11]
Seme-alaben adinean oinarrituta, pentsa daiteke Hokusai 20 bat urte zituela ezkondu zela. Garai hartan, familia bizitzaren eraginez ziurrenik, haren diseinuak ingurune historiko jakin batzuetan eta lorategietan kokatutako aktore eta emakumeen erretratuak izan ziren, oro har. Ukiyo-e teknika erabiltzen zuen paisaia historikoak egiteko, baita umeen estanpak ere, zeinetan perspektibaren mendebaldeko ikuspegia erabiltzen zuen. Artistaren ilustrazio liburuek eta haiei zegozkien testuek gai historikoak eta didaktikoak lantzen zituzten.

Hurrengo hamarkadan zehar, Hokusaik surimono (japonieraz: 摺物; hitzez hitz, «gauza inprimatua») izeneko generoan ekoiztutako lanak izan ziren, zalantza gabe, bere ibilbideko puntu gorenetako bat. Japoniako genero hori erabiltzen zen, batez ere, urteberri eta beste ospakizun handi batzuetan zorion txartelak argitaratzeko. Baita ere, musika programen aurkezpenak, jakinarazpenak eta gisakoak egiteko argitaratu ohi ziren. Edizio mugatuak izaten ziren beti, inprimatze perfektua eta kalitate gorenekoa eskaintzen zutenak. Gehienetan, surimono zorion agurrak poesia elkarteek enkargatzen zituzten, literatura lehiaketa bateko poema irabazlea ilustratzeko asmoz. Gehienetan, grabatu haiek formatu txikikoak izaten ziren, eta kanji karaktereak erliebean emateak trebetasun tekniko handia eskatzen zuen.
Hokusaik surimono lan asko Tawaraya eskolaren babespean egin zituen, Tawaraya Sori (japonieraz: 俵屋宗理) izenpean; surimono eta ehon kyōka (japonieraz: 画本狂歌) edo umore poemen ilustrazio liburuak argitaratu zituen.
Hogeita hamar urte inguru zituela, Hokusai egoera pertsonal larrian egon zen eta bizitzan funtsezko aldaketak egitera behartua egon zen. Haren maisu Katsukawa Shunsho 1793an hil zen eta, gutxi gorabehera garai berean, bere emazte gaztea ere hil zen, seme batekin eta bi alabekin utzita. Urte batzuen buruan, 1797an, berriro ezkondu zen eta Hokusai izen profesionala hartu zuen. Goh edo ezizena aldatzeak hastapena eman zion bere obraren urrezko aroari, mende erdi baino gehiago iraun zuena.[10]
Aro nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aro nagusian, ukiyo-e artearen genero guztietan jardun zuen: txartelak, irudidun liburuak, poema antologien irudiak, liburu erotikoak, margolanak eta zirriborro koadernoak. Landutako gaien artean, gutxitan lehiatu zen Utamarorekin, hura baitzen irudi femenino boluptuosoen grabatzaile onena. Muga hori jakina bazen ere Hokusairentzat, gai anitz jorratu zituen, bereziki paisaia eta eszena historikoak, zeinetan giza irudiak bigarren mailako rola jokatzen baitzuen. Mende amaiera aldera, Mendebaldeko perspektibaren teknika eta koloreen tratamendua sartu zituen bere estiloan. Garai berean, Itakoren abestiak (japonieraz: 忠孝潮来府志, Chūkō itakobu-shi) izeneko emakume erretratuen seriea argitaratu zuen.[12]

XIX. mendearen hasieran, maila handiko XVII. eta XIX. mendeen arteko yomihon (japonieraz: 読本, «liburu irakurketa») eleberrietan irudiak gehitzen hasi zen.[12] Horren ondorioz, estiloa errotik aldatu zuen, 1806 eta 1807 artean bereziki nabaria dena. Haren obrak bainoago, izena gero eta ospetsuago bihurtzen hasi zen, ukiyo-etik aldenduta, bere eszenetan samuraiak, gerlariak eta beste zenbait txinatar gai jorratu baitzituen.[13]
1812 inguruan, beste tragedia batek jo zuen Hokusai, seme nagusia hil baitzitzaion. Heriotza hura ez zen kolpe emozional bat soilik izan, ondorio ekonomiko larriak ere ekarri zizkion, Nakajima familia aberatsaren oinordeko bezala, bere semeak errenta handia jasotzen baitzuen; horrela, ordura arte, Hokusaik ez zuen kezkatu behar bere margo, diseinu eta ilustrazio salmenten truke jaso beharreko dirua era irregularrean eskuratzen bazuen. Arrazoi ekonomikoengatik edo ezagutzen ez zen beste zerbaitengatik, une hartatik aurrera Hokusaik liburuen ilustrazioan jarri zuen arreta guztia, eta bereziki artista amateurrentzat diseinatutako grabatu liburuetan, hala nola Ikasgai azkarrak marrazki sinplifikatuaz (japonieraz: 略画早指南, Ryakuga hayaoshie; 1823). Ekimen horrek balio izan zion bere maisutasunaren inguruan ikasle gehiago erakartzeko.[14]
Bere grabatu eta ilustrazioekin lortutako ospeaz gain, Hokusaik arrakasta handia izan zuen bere pinturaren erakusketa publikoetan ere. Adibidez, 240 m² inguruko margolan erraldoi bat egin zuen, Bodhidharma (japonieraz: 達磨 edo ダルマ) eta beste irudi mitologiko batzuk agertzen ziren obra bat, tenplu baten aginduz.[11]
1828ko udan, bigarren emaztea hil zitzaion. Maisuak 68 urte zituen orduan, atsekabetuta eta bakarrik, aldizkako paralisia zuelarik ezkerreko besoan, eta biloba gatazkatsu bat menderatu ezinik. Egoera horren aurrean, haren alaba Katsushika Ōi (japonieraz: 葛飾応為) artista apal batekin zuen ezkontza bertan behera utzi eta aitaren etxera itzuli zen, hura hil artean aitaren ondoan egoteko.[15]
Azken urteak eta Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hokusaik bere bizitzako azken egunera arte egin zuen lan. Artista kementsua zen, goizean goiz jaiki eta gauera arte margotzen zuena. Horixe izan zen bizitza artistiko osoan zehar jarduteko modua, eta horixe izan zen azken urteetako dinamika ere. Hokusairen milaka liburu eta inpresioetatik, Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi bereziki nabarmena da. 1826 eta 1833 artean argitaratua, serie ospetsu hau, koloretako 46 inpresio barne hartzen zituenak, gehigarriak kontuan hartuta, mugarri bat izan zen Japoniako paisaien inprimaketan. Diseinuaren handitasuna eta gauzatzeko trebetasuna ez zituen beste ezein artista japoniarrek lortu; are gehiago, Hiroshige garaikidearen lana gainditzen du. Guztira, Hokusaik hogeita hamar mila lan inguruko ekoizpen artistiko handia utzi zuen.[16]
Hokusai etengabe aritu zen etxebizitzaz aldatzen, 90 bizileku baino izan zituen. Horrekin batera, izen artistikoaren aldaketak ere artistaren izaeraren osagai garrantzitsuak izan ziren. Izen nagusiaz gain, Hokusaik noizbehinkako beste bi goh erabiltzen zituen, eta hogei izen inguru, bere izen nagusiari eransten zizkionak.[1]
1839. urtean, Hokusairen lana Hiroshigeren itzalpean geratzen hasi zen bitartean, sute bat izan zuen estudioan eta bere lan asko suntsiturik gelditu ziren bertan.[17] Hamarkada bat gehiago bizirik jarraitzeko xedea eta gogoa izan arren, 1849ko laugarren hilabeteko (japoniar egutegian) 18an,[18] «margolaritzarekin haserretutako zaharra», bere burua definitzen zuen bezala, hil zen 89 urte zituela.[17] Pinturaren azken egiari buruzko ikerketa osatu gabe joan zen.[12] Hil baino urte asko lehenago, Fuji mendiaren ehun ikuspegi liburuaren hitzaurrean, honako hau idatzi zuen:
« | Sei urte nituela, era guztietako gauzak marrazteko jaidura nuen. 50 urte nituenean, marrazki asko eginak nituen, baina aurretik egindako ezerk ez zuen benetako merezimendurik, 70 urte bete arte. 73 urterekin, azkenean, zerbait ikasi nuen animalien, intsektuen, arrainen eta landare edo zuhaitzen benetako formaz. Beraz, 80 urterekin, are gehiago hobetuko nintzatekeen, eta 90 urterekin gehiago sartuko nintzatekeen artearen esentzian. 100 urterekin, azkenean, maila bikainera iritsiko nintzatekeen, eta 110 urterekin, nire marrazkietako puntu eta lerro bakoitzak bizitza propioa izango du.[19][20] | » |
-
Fuji gorria
-
Kamakurako itsasertza
-
Tama ibaia Musashin
Fuji mendia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fuji mendia Japoniaren sinbolo bat da; mendi sakratua da VII. mendetik. Bada kondaira sintoista bat, esaten duena enperadoreak hilezkortasunaren elixirra lortzeko mendiaren goiko aldea suntsitzeko agindu zuela; batzuetan bertatik ihes egiten duen kea edandako elixir horretatik omen dator.[oh 2] Bestalde, tradizioaren arabera, Fuji-hime eta Sakuya-hime jainko sintoisten bizilekua da.[21] Jikigyō Miroku (1671-1733) barau eginez bertan hil zen monje budistaren heriotzak ere mendi honen benerazioa bultzatu zuen eta bisitatzea esanahiz beteriko erritual bihurtu zuen.[22]
Mendia inspirazio iturri izan da japoniar poeta askorentzat, eta makina bat margolanetan agertu izan da. Ezagutzen den obrarik zaharrena XI. mendeko ate lerrakor baten paperer gaineko marrazkia da.[23] XIX. mendeko japoniar margolariek oso aintzat hartu zuten eta, Hokusairen lanaz gain,[24] beste artista handi baten inspirazio iturri ere izan zen, Hiroshige (1797-1858), Tokaidoko berrogeita hamahiru urtaroak (1833-1834) argitaratu zuena, 1857ra arte zenbait jatorrizko ediziotan argitaratua; bi serie pertsonal ere margotu zituen Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi izenarekin.[25] Garai bertsuan, Utagawa Kuniyoshi margolariak (1798-1861) Fuji-ren irudikapen ugari egin zituen. Berrikiago, besteak beste, bi lan nabarmentzen dira: Kokei Kobayashiren (1883-1957) Fuji eta Yokoyama Misaoren (1920-1973) Aka-Fuji (Fuji gorria) .[23]
Goh edo izengoitien zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hokusaik erabilitako izen profesionalen (goh) zerrenda zehatza da hau:[26]
- Shunro (1779)
- Zewaisai (1781-1782)
- Gumbatei (1785-1794)
- Sori (1795-1798)
- Hokusai Sori (1797-1798)
- Hokusai (1798-1819)
- Kako (1798-1811)
- Fasenkyo Hokusai (1799)
- Tatsumasa Shinsei (1799)
- Senkozan (1803)
- Kintaisha (1805-1809)
- Gakyojin (1800-1808)
- Kyukyushin (1805)
- Gakyo-rojin (1805-1806)
- Katsushika (1807-1824)
- Taito (1811-1820)
- Kyorian Bainen (1812)
- Raishin (1812-1815)
- Tengudo Nettetsu (1814)
- Iitsu (1820-1834)
- Zen saki no Hokusai Iitsu (1821-1833)
- Fesenkyo Iitsu (1822)
- Manji (1831-1849)
- Tsuchimochi Nisaburo (1834)
- Hyakusho Hachemon (1834-1846)
- Gakyo-rojin (1834-1849)
- Fujiwara Iitsu (1847-1849)
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Margoak eta ilustrazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hokusairen lanen hautapen bat da hau, hurrenkera kronologikoan zerrendatuta. Lan horietako batzuk Hokusairen biografia batzuetan ilustrazio gisa aipatu edo erabili dira, eta Hokusairen lan onenen edo bere artearen garapenaren aldi jakin batzuen adierazgarri dira:
- Etxe berdeen bestak (ca. 1790)
- Hamabi hilabeteetarako jaiak (ca. 1790)
- Atzerritarrak japoniar ohiturak ikusten (1796)
- Chushingura I seriea (ca. 1800)
- Hogeita hamasei emakume poeten brokatu inprimatuak (1801)
- Irudimenezko berrogeita hamar poeta, bakoitza poema batekin (1802)
- Fuji udaberrian (1803)
- Hogeita hamasei estazio Tokaidon (1804)
- Chushingura II seriea (1806)
- Suikoden (1807)
- Sei poetaren erretratuak (can. 1810)
- Hokusairen manga, 1. lib. (1814)
- Hokusaiko Gashiki (1819)
- Hokusaiko Soka (1820)
- Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi (ca. 1830-33)
- Zubi famatuen ikuspegiak (ca. 1827-30)
- Elurra, ilargia eta loreak (ca. 1827-30)
- Loreak eta txoriak (ca. 1827-30)
- Toshi-sensor (1833-36)
- Fuji mendiaren ehun ikuspegi (1834-35)
- Umezainak errezitatutako ehun poema (ca. 1845).
Azterketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hokusairen lana Japoniako garrantzitsuenetakotzat jotzen da paisaiaren pinturari dagokionez. XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, Japoniako burgesia biziki aberastu zenean estanpak seriean egiteko lan emankorraren bultzatzaile nagusi bihurtu zen. Estanpa haiei ukiyo-e edo «mundu flotatzailearen margoak» esaten zaie. Irudi haiek, jatorrizko pintura bat baino merkeago zirenez, burgesiaren eros ahalmenaren esku zeuden. Horrela, ukiyo-e teknika aspaldidanik praktikatua eta ezaguna zen arren —Hishikawa Moronobu eta beste artista batzuk, kasu—, garai honetan ezagunagoak izan ziren. Lanak gereziondo zurezko blokeetan grabatzen ziren nagusiki, eta inprimatzaileak jatorrizkoaren kopiak egin zitzakeen, egurrean grabatutako erliebea desagertzen hasten zen arte. Gai nagusia izaten zen emakumeen irudiak lehen plano batean, antzerki kabuki eta samuraien erretratuak, eszena erotiko zein umoretsuetan agertzen zirenak. Paisaiaz inguratuta ere agertzen ziren, eta espezialitate horretan Hokusaik bere maisutasun osoa erakutsi zuen.[27]
Hokusaik korronte artistiko berriak ikasi eta esperimentatu zituen bere bizitza luzean, horien artean Kano, Tosa eta Korin eskoletakoak nabarmendu behar dira; Txinako pintura tradizionalaren espezialista izateaz gain, mendebaldeko pintura, batez ere Holandako grabatuak, sakonki aztertu zituen.[28] Txinako margolaritzaren eragina gehien jaso zuen garaian,[29] bere estiloaren ezaugarri garrantzitsu bat izan zen paisaiaren elementuak erabiltzea, eta pertsonaien aurpegiak nahiko zabalak egitea, herrialde hartako biztanleenak diren bezala. Ezaugarri horiek aski ongi ikus daitezke 1811ko Tametomo eta deabruak margolanean, Londresko Britainiar Museoan ikusgai dagoena.[30]
-
Hokusai Manga
-
Hokusai Manga
-
Hokusai Manga
-
Hokusai Manga
Hokusai Manga
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hokusairen obrarik handiena Hokusai Manga (japonieraz: 北斎まんが) izenekoa da, 15 liburukiz osatutako bilduma. 4.000 marrazki inguru dituen bilduma da, paisaiak, flora, fauna eta eguneroko bizitzako eszenak biltzen dituena. Hiru koloretan inprimatutako lana da: beltza, grisa eta arrosa argia. Lehen marrazkia 1814an argitaratu zen, artistak 55 urte zituenean; azken hiru liburukiak hil ostean argitaratu ziren, eta horietatik azkena apokrifotzat jotzen da.[31] Batzuetan pentsatu izan da, oker, manga modernoen aurrekari izan zirela Hokusairen marrazki hauek. «Manga» izenak, Hokusairen lanean, adierazten du marrazkiak ez daudela istorio batez elkar loturik; beraz, ez dute komikiaren ikusmolderik, horrexetan oinarritzen baita manga modernoa. Bidezkoa da esatea, hala ere, lan egiteko moduak —paper gardenean eta zenbait fasetan gauzatuz— baduela antzekotasunik komiki edo manga modernoak egiteko moduarekin.
Hokusaik zirriborro soil bat egiten zuen paper gardenean, eta, ondoren, beste paper garden bat jartzen zuen gainean, marrazkia zuzendu, xehetasun gehiagorekin marraztu eta azken konposizioa egiteko. Azkenean, hori zen behin betiko diseinua, grabatua egiten zen egurrezko xaflari lotua. Estanpa egiterakoan, arreta handiz urratu behar ziren marrak, estanparen inpresioa egin ahal izateko gero. Mendebaldean, lan hau Matthew Perry 1854an Japoniara iritsi ondoren hasi zen ezaguna izaten.[32]
Artistak 60-70 bat urte zituenean egindako marrazki hauek bere obrarik onentzat dira. Hokusai izan zen paisaien eta naturaren —txoriak eta loreak— gaineko pintura Japoniako kultura identifikatzeko ikono bihurtzen gehien lagundu zuen margolarietako bat.[12]
Eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Hokusairen Iris obra (1883).
-
Vincent van Goghen Iris margolana (1889)
1854an, Japoniako portuak Europarekiko merkataritzara ireki ziren. Une hartatik aurrera, besteak beste, japoniar estetikaren eragina berehala zabaldu zen Mendebaldean eta, modu berezi batean, Parisera. Henri de Toulouse-Lautrec, Paul Gauguin, Edgar Degas, Vincent Van Gogh eta Claude Monet margolari inpresionistek, besteak beste, eragin hura zuzenki jaso zuten. Arreta piztutako japoniar artisten artean Hokusai nabarmendu zen.[33] Ukiyo-e estiloa hirurehun urte lehenago sortua izan arren, garapen handia XVIII. eta XIX. mendeetan zehar izan zen, baliabide ekonomiko gehiago zituen japoniar gizarte batean xilografiak oso preziatuak baitziren. Aurrerago, baina, Japoniaren eta Mendebaldearen arteko truke komertzialarekin, xilografien ekoizpena jaitsi egin zen. 1868 eta 1912 urteen artean, mendebaldeko ondasunen inportazioak iritsi ziren Japoniara, horien artean argazkilaritza eta inprimatzeko teknika berriak, ukiyo-e estiloa ia desagertzera eraman zuten berrikuntzak.[28]
Vincent van Gogh izan zen Japoniako estanpekiko miresmena adierazi zuen margolarietako bat, eta jakina da bere xilografien zenbait kopia egin zituela. Haien gainean idatzi zuen:
« | Inbidia diet japoniarrei, eta haien lan guztiek duten argitasun sinestezin eta garbiari. Ez dira inoiz aspergarriak izaten, eta ez dute ematen presaka eta korrika egin dituztenik... Haien estiloa arnasa hartzea bezain erraza da. Trazu seguru gutxi batzuekin figura bat egiteko gai dira, eta txalekoaren botoiak lotzea bezain erraza dela ematen du.[34] | » |
Van Goghen lanak Hokusairen eragina jaso zuen bereziki. Mugimendu uhintsuz beteriko azken paisaietan nabaritzen da hori, kolore ezberdinek osatzen dituzten lerroz inguratutako eguzkiak eratzen duen zirkulu handian, bere ingeradetan erabiltzen zuen beltzean eta trazu hautsien erritmoan; bere azken pinturetako batean ere, Iris (1889), oso nabarmena da. Iris egin ondoren, Theo anaiari 1888ko uztailaren 18an idatzitako gutun batean, Van Goghek aipatu zuen bere lanei buruz: «ez dirudite japoniarrak, baina inoiz egin ditudan sorkuntza japoniarrenak dira».[35]
-
Hokusairen Zubia (1832).
-
Claude Moneten Zubia (1889).
Claude Monet, zalantzarik gabe, japoniar artisten eraginpean egon zen, baina bi erreferentzia nagusiak Hokusai eta Hiroshige izan ziren. Moneten Nenúfars seriea Hokusairen loreetan inspiratuta dago, eta Rouengo katedrala obrari buruz egindako serie luze bat, Monetek angelu beretik margotu zuena, Fuji mendiari buruzko seriearekin oso bat dator, nahiz eta Hokusai japoniarrak toki desberdinetatik egin zituen; atmosfera, giroa eta artista irudikatzeko moduak erakusten du eragin hori. Monet bere etxeko lorategian zubi japoniar bat ezartzera iritsi zen, eta paisaia ugari egin zituen bertan, grabatu japoniarren bildumak eragin zion inpresioaren eraginez.[36]
Yanagawa Shigenobu izan zen Hokusairen lehen ikaslea eta ondoren bere suhi bihurtu zen. Hokusaik bezala, ilustrazio lan asko egin zituen, surimono xilografia ugari eta, bere maisuaren pausoei jarraituz, shunga arteari ere ekin zion. Bere ikasleen artean, Shotei Hokuju nabarmendu zen; Hokusairen ikasle guztiak bezala, maisua imitatzen saiatu zen teknikan eta adierazpenean, nahiz eta mendebaldeko pinturarantz gehiago jo zuen, kolore sinpleago eta distiratsuagoarekin, eta bere konposizioek forma geometrikoak dituzte ezaugarri.[37] Uoya Hokkei Hokusairen eskolatik pasa zen, baina txinatar estiloko paisaiak egitea aukeratu zuen, maisuaren lan goiztiar batzuk bezala; Hokusairen poemen oso antzekoak diren umorezko ilustrazio ugari ere gordetzen dira.[38]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Manga obraren VI. liburukia, «Marrazkiak pintzel puntan», Hokusairen lehen estanpa izan zen, Frantziako Liburutegi Nazionalak erosi zuena, Van Overmeer Fisscher, Nagasakin egondako herbeheretar baten bildumakoa. Japoniako grabatuek arrakasta itzela ukan zuten mendebaldeko munduan eta Japoniatik inportatuak ziren bai AEBetara, bai Europara.[3]
- ↑ Jakina, Fuji mendiaren gailurretik kea atera daiteke, sumendi bat baita.
- ↑ Kartutxoan, izenburua taularen goiko ezker aldean ageri da: 冨嶽三十六景 / 神奈川沖 / 浪裏 «Fugaku sanju-rokkei / Kanagawa-oki / nami-ura», hau da, «Fuji mendiaren hogeita hamasei ikuspegi / Kanagawatik / olatuaren gainean». Sinadura kaxaren ezkerreko letraren goiko aldean dago, eta honela dio: 北斎改為一筆, «Hokusai aratame Iitsu hitsu».
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) «Katsushika Hokusai» Royal Academy of Arts (web.archive.org) 2019-08-29 (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
- ↑ Fahr Becker 1994, 195-196. orr. .
- ↑ Lambert & Bouquillard 2008.
- ↑ Nagata 1995.
- ↑ Smith 1988.
- ↑ (Ingelesez) Lane, Richard. (2025). «Hokusai | Japanese Ukiyo-e Artist & Printmaker» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) (Noiz kontsultatua: 2025-04-19).
- ↑ Gardner & Kleiner 2010, 115. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Katsushika Hokusai: Artist of the Ukiyo-e» Museum of Fine Arts Boston (web.archive.org) 2023-03-14 (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
- ↑ a b Weston 2002, 116. orr. .
- ↑ a b c Fahr Becker 1994, 195. orr. .
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Katsushika Hokusai» www.epdlp.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
- ↑ a b c d Fahr Becker 1994, 196. orr. .
- ↑ Fahr Becker 1994, 151. orr. .
- ↑ Weston 2002, 118. orr. .
- ↑ Gans 1976, 178. orr. .
- ↑ Bru 2009, 54-69. orr. .
- ↑ a b Weston 2002, 117. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández,, Tomás; Tamaro, Elena. (2004). «Biografia de Katsushika Hokusai» Biografías y Vidas. La enciclopedia biográfica en línea (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-04-20).
- ↑ Fahr Becker 1994, 155. orr. .
- ↑ Lambert & Bouquillard 2008, 212. orr. .
- ↑ (Frantsesez) «Découvrez le mont Fuji!» Click Japan (web.archive.org) 2011-03-18 (Noiz kontsultatua: 2025-04-22).
- ↑ (Frantsesez) «Jikigyō Miroku and Ichiji fusetsu no maki» Refdoc.fr (web.archive.org) 2014-10-30 (Noiz kontsultatua: 2025-04-22).
- ↑ a b (Frantsesez) «Le Mont Fuji dans l’art» Niponnia (web.archive.org) 35. 2005-12-15 ISSN 1343-120X. (Noiz kontsultatua: 2025-04-26).
- ↑ Forrer & Goncourt 1989.
- ↑ (Frantsesez) Grivel, Marianne. (1984). Hiroshige : un impressionniste japonais. Paris: Albin Michel ISBN 978-2226021724. OCLC .14379231.
- ↑ (Ingelesez) Andacht, Sandra. (2000). Collector's value guide to Japanese woodblock prints. Iola: Krause Publications ISBN 978-1582210056. OCLC .45079034.
- ↑ Gans 1976, 53. orr. .
- ↑ a b Fahr Becker 1994, 21. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Atkison, Daniel; Stewart, Leslie. (2002-11-08). «Katsushika Hokusai (1760-1849). Life and Art of Katsushika Hokusai» From the Floating World (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-05-01).
- ↑ San Miguel, Olmeda & Martínez-Ortiz 1984, 11. lib orr. .
- ↑ Hillier 1980, 100. orr. .
- ↑ Hillier 1980, 107-110. orr. .
- ↑ Fahr Becker 1994, 30. orr. .
- ↑ Walther 2021, 27. orr. .
- ↑ Fahr Becker 1994, 32. orr. .
- ↑ Fahr Becker 1994, 32-33. orr. .
- ↑ Fahr Becker 1994, 156-157. orr. .
- ↑ Fahr Becker 1994, 160. orr. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Katalanez) Bru, Ricard. (2009). «Tentacles d'amor i de mort: de Hokusai a Picasso» Imatges secretes: Picasso i l'estampa eròtica japonesa (Institut de Cultura de Barcelona): 54-69. or. ISBN 978-8498501872. OCLC .733809490.
- (Ingelesez) Fahr Becker, Gabriele. (1994). Japanese Prints. Köln: Benedikt Taschen (archive.org) ISBN 978-3822893258. OCLC .928122129.
- (Italieraz) Forrer, Matthi; Goncourt, Edmond de. (1989). Hokusai, Un maestro dell'arte giapponese. Milano: Jaca Book ISBN 978-8816600942. OCLC .797705282.
- (Ingelesez) Forrer, Matthi; van Gulik, Willem R; Kaempfer, H. M. (1982). Hokusai and his school: paintings, drawings and illustrated books. Haarlem: Frans Halsmuseum ISBN 978-9070216023. OCLC .9537178.
- (Gaztelaniaz) Gans, Raymonde de. (1976). Japón: el Imperio del Sol Naciente. Madrid: Círculo de Amigos de la Historia ISBN 978-8422505976. OCLC .892127041.
- (Ingelesez) Gardner, Helen; Kleiner, Fred S. (2010). Gardner's art through the ages: non-Western perspectives. Boston: Wadsworth/Cengage Learning ISBN 978-0495793434. OCLC .236317620.
- (Ingelesez) Hillier, Jack Ronald. (1980). The art of Hokusai in book illustration. London: Sotheby Parke Bernet (archive.org) ISBN 978-0520041370. OCLC .6424400.
- (Katalanez) Lambert, Gisèle; Bouquillard, Jocelyn. (2008). Ukiyo-e, imatges d'un món efímer: gravats japonesos dels segles XVIII i XIX de la Bibliothèque nationale de France. Barcelona: Fundació Caixa Catalunya ISBN 978-8489860926. OCLC .804345729.
- (Ingelesez) Lane, Richard. (1989). Hokusai, life and work. New York: Dutton ISBN 978-0525244554. OCLC .21595769.
- (Ingelesez) Marks, Andreas. (2023). Hokusai: thirty-six views of Mount Fuji. Köln: Benedikt Taschen ISBN 978-3836575720. OCLC .1452240672.
- (Ingelesez) Michener, James A.. (1958). The Hokusai Sketch-Books: Selections from the 'Manga'. Tokyo: Rutland (archive.org) OCLC .752706683.
- (Ingelesez) Nagata, Seiji. (1995). Hokusai: genius of the Japanese Ukiyo-e. Tokyo: Kodansha ISBN 978-4770024794. OCLC .43556960.
- (Gaztelaniaz) San Miguel, Juan; Olmeda, Fernando; Martínez-Ortiz, Carmen. (1984). Historia universal del arte. Madrid: Sarpe (archive.org) ISBN 978-8472915992. OCLC .851293576.
- (Ingelesez) Smith, Henry D.. (1988). One hundred views of Mt. Fuji. New York: George Braziller ISBN 978-0807611951. OCLC .17299041.
- (Ingelesez) Walther, Ingo F. (2021). Vincent van Gogh: 1853-1890 : the complete paintings. Köln: Taschen ISBN 978-3836572934. OCLC .1402807128.
- (Ingelesez) Weston, Mark. (2002). Giants of Japan : the lives of Japan's greatest men and women. New York: Kodansha International (archive.org) ISBN 978-1568363240. OCLC .51455639.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Hokusai Museoa, Obusen
- (Ingelesez) Hokusairen lanak Tokioko Museo Digitalean (web.archive.org)