Manga
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude. Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez. |
Manga (jatorriz 漫画) komikia izendatzeko erabiltzen den japonierazko hitza da. Hitzez hitz, "marrazki xelebreak" edo "zirriborroak" esan nahi du; Japoniatik kanpo, komiki japoniarrez aritzean bakarrik erabiltzen da. Katsushika Hokusai ukiyo-earen egileak honela sortu zuen manga terminoa: informalaren (漫 man) eta marrazkiaren (画 ga) kanjiak batuta. Mangagilea mangaka izenaz ezagutzen da eta irakurle zaletua, akiba-kei edo otaku izenez (azken hori erabiliagoa da, baina esanahi negatiboagoa du). Manga ukiyo-earen eta mendebaldeko marrazki estiloaren arteko nahasketa moduko batetik sortu zen eta Bigarren Mundu Gerratik gerora hasi zen bihurtzen, pixkanaka-pixkanaka, gaur egun den fenomenoa.
Japonian argitaratzen diren manga guztietatik zati txiki bat anime bilakatu da, orokorrean, mangak arrakasta jakina lortzen duenean. Gainera, ohikoena mangatik animera istorioak aldaketa batzuk gertatzea izaten da, komertzialagoa izan dadin edota telebista kateen erregulazio batzuk bete ditzan.
Gaur egun, manga edo komiki japoniarra mundu osoko estilo ezagunena da eta herrialde horretako literatur merkatuaren zati oso handia hartzen du. Genero guztietako mangak argitaratzen dira eta publiko guztientzakoak, beste formatu batzuetarako moldaketak ere bultzatuz: marrazki bizidunen serieak edo animea, irudi errealeko filmak eta bideo-jokoak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manga komikiaren adierazpenetako bat da. Arte japoniarrarekin duen lotura zehaztuta, XI. mendetik aurrerako bilakaera luze baten emaitza da. Hasiera batetik, xehetasunen sinpletasuna eta konposizioaren armonia nabariak dira.
Mangaren aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen arrastoak Chōjugiga eran agertu ziren (animalien marrazki satirikoak), Toba no Sōjōri egotziak (XI-XII. mendeak). Gaur egun zuri-beltzezko ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen.
Edo aroan ukiyo-ea indarrez garatu zen, eta gaur egungo mangaren generoen oso urruneko antza zuten lehen narrazioak sortu zituzten. Gaiak askotarikoak ziren: historia edo erotismotik hasi eta komedia edo kritikaraino.
Hokusaik manga hitza bere liburuetako batean ezarri zuen: Hokusai Manga (XIX. mendea). Beste marrazkilari batzuk ere, Gyonai Kawanabe esaterako, nabarmendu ziren garai artistiko hartan.
Manga modernoaren aitzindariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Meiji garaia hasi zenean artista europarrak liluraturik zeuden ukiyo-eaz, irakurleari transmititzen zion edertasun exotikoaren ondorioz. Beraz, manga modernoaren hastapenak ez ziren Edo aroko artearen estetizismoari esker bakarrik gertatu, baita eragin europarrei eta, geroago, estatubatuarrei esker ere: batez ere, komikiaren teknikak sartzearekin.
XIX. mendean zehar, aro feudaletik industrializaziorako trantsizio bete-betean, Charles Wirgman eta George Bigot-ek (biak ere orduko gizarte japoniarraren kritikatzaileak) ezarri zituzten mangaren ondorengo garapenaren oinarriak. Bi marrazkilariak mangaken artean miretsiak izan ziren eta dira oraindik ere, Japoniako mangan izan duten garrantzia handiagatik.
XX. mendea iristean, gaurko mangaren aitzindari japoniarrak agertu ziren: Ippei Okomoto, Kiyochika Kayashi eta Rakuten Kitazawa, besteak beste. Denak aurrendariak izan ziren, beren obra Tokyo Pucken (1905) antzerako argitalpenetan zabalduz. Dena den, Tagosaku to Mokube na Tokyo Kenbutsu 『田吾作と杢兵衛の東京見物』hartzen da aro modernoko lehendabiziko mangatzat.
Manga 1945era arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Japonian Europaren eragin kulturala handiagotzean, manga modernoa bizia hartuz joan zen marrazketa eta binetatze teknikak sartzen zihoazen heinean. Horren ondorioz produkzio geldo baina etengabea mantendu zen Kitazawa, Ichiro Suzuki edo Takeo Nagamatsu bezalako mangagilei esker.
1920ko eta 1930eko hamarkadak oso onuragarriak izan ziren, genero berrien sorrerarekin: kodomo manga (haurrentzako manga), esaterako. Argitalpenak ere hobetuz joan ziren Nagagatsu no Sanjushi, Speed Taro eta Ogon Baten moduko obretan (azken hori, lehenbiziko superheroia). Garai haietan, 1915az geroztik lehen saiakerak egiten ari ziren manga animaziora eramateko, horrek geroago animearen sorrera ekarriko zuelarik.
Bigarren Mundu Gerra iritsi eta politika militaristen ugaritzea heldu zenean, manga gerrako kontakizunen eragina hartzen hasi zen, pertsonaia perfektu eta garaitezinak erakusten baitzituzten. Manga propaganda helburuekin erabili zen 1945 arte; orduan okupazio indar estatubatuarrek komiki horiek era orokorrean debekatu zituzten.
Manga modernoaren sorrera 1945az geroztik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945eko baldintzarik gabeko errendizioaren ondorioz, Japonia aro berri batean sartu zen. Denbora-pasa izan zena industria bilakatu zen, gerraoste gordinaren ondoren jendeak zuen ihesbide psikologikoaren beharraren ondorioz. Herri xehearen gehiengoak zuen baliabide faltak aisiarako bide merkeren bat izatera behartzen zuen.
Era horretara, aldizkarietan oinarrituriko manga industria tokiotarrari lehiakideak agertu zitzaizkion. Baldintza jakin batzuen ondorioz, Kamishibaia agertu zen, itsu baten elezahar moduko bat, bere ikuskizuna herriz herri eskaintzen zuena gozokien truke. Kamishibaiak ez zuen aldizkariekin lehiatzen, baina bai Osakan finkatu ziren beste bi formatu berriek:
- Alde batetik, ordainketa bidezko liburutegien sistema. Herrialde osoan zabaltzen ziren 30.000 mailegu zentroren sare batekin funtzionatzen zuen, bere manga propioak ekoitziz, aldizkari edo 150 orriko liburuki eran.
- Bestetik, liburu gorriak, berrehun orrialde inguruko eta zuri-beltzeko kalitate baxuko papereko liburukiak. Liburu hauen ezaugarri bereziak gorri koloreko azala eta prezio merkea ziren. Industria honetako egileek jasotzen zituzten soldatak miseriaren parekoak ziren, baina horren ordez sormenerako askatasun handia zuten.
Osamu Tezukak, hogei urte inguruko medikuntzako ikasle eta Fleischer eta Walt Disneyren marrazki bizidunen jarraitzaile batek, komiki japoniarra guztiz aldatu zuen bere lehen liburu gorriarekin. Altxorraren uharte berriak 400.000 eta 800.000 ale bitartean saldu zituen ustekabean. Bere arrakastaren gakoa komikiari estilo zinematografikoa aplikatzea izan zen, mugimenduak hainbat biñetetan zatituz eta dinamismo hori hainbat soinu efekturekin konbinatuz.
Tezukaren arrakastak Tokioko aldizkarietara eraman zuen, zehazki Manga Shonen berrira (1947), mangara soilik emana zegoen umeentzako lehenengo aldizkaria. Bertan argitaratu zuen Tezukak Astroboy. Aldizkari hauetan bere epopeia eskema ezarri zuen kontakizun serieen eran, eta bere produkzioa genero askotan dibertsifikatu zuen. Horien artean nabarmentzekoak dira bere literatur moldaketak eta neskentzako manga edo shōjo manga. 50eko hamarkadaren erdialdera, Tezuka Tokio hiriburuko Tokiwasi izeneko eraikinera joan zen autore berriek egingo zuten bezala, orduan ezezagunak eta gaur egun izarrak direnak. Urtebete geroago, Shonen desagertu egin zen eta liburu gorriak azkenetan zeuden. Bi hauen artean, eta Osamu Tezukari esker, industria honen eta manga garaikidearen oinarriak ezarri zituzten. Bere heriotzatik denbora gutxira, Japoniako egunkari garrantzitsuenetako batzuk Literaturako Nobel Saria eman ziezaioten eskatu zuten, baina eskaera hau ukatua izan zen laster. 1997az geroztik urtero ospatzen da Osamu Tezuka Culture Award izenekoa, Tezukak manga modernoari egindako ekarpenaren ohoretan. Sariketa honetan Tezukaren bidea jarraitzen duten mangakak saritzen dituzte.
Kamishibaiarekin amaitu zen manga aldizkarien garaipena, eta bere autoreetako asko liburutegien sisteman babestu ziren. Manga aldizkari guztiak umeentzakoak zirenez, liburutegiek beren txokoa aurkitu zuten publiko helduago bati zuzenduriko manga mota bat sortuz: gekiga. Disneyren estiloa utzi eta beste bat hartu zuten, errealistagoa eta fotografikoagoa. Horrek bidea ireki zien genero berriei; indarkeriazkoak, eskatologikoak edo pornografikoak: ikara, samuraien istorioak, yakuzari buruzko mangak, erotismoa, etab. Denen artean aipatzekoa da Sanpei Shirato, 1964an mangaren historiako underground aldizkari bakarra babestuko zuena: Garo. Baita Monkey Punch (Kazuhiko Kato marrazkilari japoniarraren goitizena) maisua ere, "garai guztietako mangarik onena" deituriko Lupin III seriearen sortzailea. 70 urte beteak izan arren, egun ere lanean segitzen du. Gekigarekin arlo grafikoan lehiatu beharrak aldizkariak aldarazi zituen: testuaren presentzia gutxitu, orrialde kopurua gehitu eta tamaina handitu behar izan zuten, hobeto ikusi ahal izan zitezen.
Ekonomiaren gorakadarekin, jendea manga gehiago eskatzen hasi zen. Horri erantzuteko, Kodansha —argitaletxe nagusietako bat— aldizkarien merkatuan sartu zen 1959an. Bere Shōnen Magazine aldizkariak hilabetekari bilakatu eta produkzioa biderkatu zitzaion, egileei estajanovismoa inposatuta, soldatak milioi askotakoak baziren ere. Berehala, beste argitaletxe batzuk batu ziren: Shueisha, Shogakukan edo Futabasha. Produkzio sistema horrek koloreari, paperaren kalitateari eta gaien sofistikazioari uko egin zien, hori gutxi balitz, kritika politikoa ere jasan zuen. Kontuak kontu, salmentak ikaragarri emendatu ziren eta, horrekin batera, irabazi enpresarialak ere bai. Manga herrialde osoko ikusentzunezko komunikabiderik garrantzitsuena bilakatu zen Japonian.
Mendebaldera zabalkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1988an, Akiraren zinerako bertsioak ospe handia lortu zuen. Filma Katsuhiro Ōtomo marrazkilariak (Kōdansha argitaletxearen Young Magazine aldizkarian) 1982an eginiko izen bereko mangan oinarritzen zen. Ospe horri esker, manga ordu arte inork amestu ez bezala nazioartean zabaltzen hasi zen. 90eko hamarkadaren azken urteetan, mangak eragina izan zuen Marvel Comics eta DC Comics komiki estatubatuar nagusien argitalpenetan: Kia Asamiya mangagile japoniarra kontratatzera ere iritsi ziren (arrakasta handirik gabe) Uncanny X-Men beren serie mitikorako.
Baina Akira ekoizpenak mendebaldera eraman zuen arrakasta handia ez zen gauetik goizera lortu: 1960ko hamarkadan, Osamu Tezukak bere lehen serie Astroboy telebistan emateko eskubideak saldu zizkion NBC kate estatubatuarrari. Umeen artean ikus-entzulego aski ona lortu zuen, gainera. 70eko hamarkadan, haren ondorengoak Mazinger Z, Great Mazinger eta Grendizer izan ziren (azkena Frantzian benetan ospetsua bihurtu zen, Goldorak izenaz): guztiak Gō Nagai mangagilearen komikietan oinarritzen ziren, egun argitaletxe inperio bateko handikia dena. 80ko hamarkadan beste era bateko serieak azkartzen hasi ziren: adibidez, Macross, mendebaldean Robotech izenaz ezagutu zena: Tezukaren Astroboyren berrikuspena, baina berriz kolorez filmatua eta itxura modernoagoaz. Horri Gundam saga epikoa gehitu zitzaion, mangan oinarritua halaber, eta denboraldi eta atal kopuruan Matt Groeningen The Simpsons serie estatubatuarrak soilik garaitua.
80ko hamarkaren bukaerako eta 90eko hamarkadaren hasierako goren aldian, marrazkilaririk garrantzitsuenetako bat Akira Toriyama mangagilea izan zen, Dragoi Bola ospetsuaren eta Dr. Slump-en sortzailea. Bi serieak bereziak dira beren umore gordin, lotsagabe eta aldrebesagatik. Toriyamaren bi obrek arrakasta itzela lortu zuten; Europako zenbait herrialdetan, komiki salduenen zerrendetan estatubatuarren eta nazionalen gainetik egon ziren zenbait urtetan zehar. Shōnen Jump aldizkaria —une jakin batzuetan, bereziki Dragoi Bola serieko atal erabakiorrekin bat zetozen asteetan— bere ateraldien asteko kopurua 6 milioi aletan handiagotzera ere iritsi izan zen.
Egun, manga generoa erabat sustraituta dago mendebaldean, azken hamarkadetako lorpenen ondorioz, halaber egile europar eta estatubatuarrek imitatzen halaber, haren estetika landua eta ikuste-errekurtsoekin lehiatu nahi baitzuten. Mangaren garrantzia modu esanguratsuan handiagotu da, Mendebaldean gutxiengoen zerbait izatetik fenomeno komertzial eta kultural bilakatu den arte, Estatu Batuetako eta Europako nagusitasun narratiboarekiko lehian.
The Walt Disney Company boteretsuak ere ikusi du produkzio japoniarrak kalitatezko produktu komertzialak izan daitezkeela. Haren banatzaile Buenavistak Ghibli estudioaren filmen zinerako banatze-eskubideak eskuratu zituen. Estudio horrexetatik irten dira Japoniak eman dituen obrarik onenetariko asko, Hayao Miyazakiren eskutik. Haren arrakasta oso handia izan da: hainbesterainokoa, non Chihiroren bidaiak animaziozko film onenaren Oscarra irabazi zuen 2002an, ordu arte animazio film japoniar batek sekula irabazi ez zuen saria.
Mangaren estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manga estilo zabaldu eta ezagunena oso bereizgarria da. Ezaugarri berezienak askotan formaren gaineko lerroa, istorioa kontatzeko era eta mendebaldeko komikitik bereizten duen binetak ezartzeko era dira. Biñetak eta orrialdeak eskuinetik ezkerrera irakurri ohi dira, literatura tradizional japoniarraren antzera. Mangakentzat artea oso erreala izan badaiteke ere, sarritan ikusten dira begi handiak bezalako mendebaldeko arrastoak. Begi handiak mangaren eta animearen berezko ezaugarri bihurtu dira 1960ko hamarkadatik, Osamu Tezuka (Astroboyren egilea eta manga modernoaren aitatzat hartua) hala marrazten hasi zenean. Disneyren Estatu Batuetako komikien estiloa imitatu zuen Tezukak. Artea egiteko modu askotarikoa izan arren, mangagile guztiak ez dira mendebaldean ezagunenak diren estiloekin (Akira, Sailor Moon, Dragoi Bola, Ranma ½...) bat etortzen.
Manga aldizkariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manga aldizkariak asteroko edo hilabeteroko argitalpenak dira, 200 eta 900 oriialde bitartekoak. Aldizkari hauetan serie ezberdin asko etortzen dira, ale batean serie bakoitzak 20tik 40 orrialdera bitartean dituelarik. Aldizkari hauei "manga aldizkariak" edo "aldizkari antologikoak" deitzen zaie eta kalitate baxuan inprimatutako liburukiak izaten dira. Zuri-beltzeko argitalpenak izan ohi dira azala eta, batzuetan, hasierako orrialde batzuk izan ezik. Lau biñetetako komiki batzuk ere izaten dituzte. Manga serieek arrakasta handia lortzen badute, urteak eta urteak igaro ditzakete argitaratuz (horietako batzuk dira Dragoi Bola, One Piece, Naruto edo Shin-chan).
Serie bat denbora batez argitaratu denean, atalak tankōbon izeneko liburukietan biltzen dira (eskuarki 200 bat orrialdekoak eta aldizkarian atera diren 10-11 atal biltzen dituztenak). Papera eta tintak kalitate handiagokoak dira, eta aldizkariko istorio zehatz batek erakarri duen irakurleak tankōbon formatuan ateratzen denean erosiko du. Orain dela gutxi "luxuzko bertsioak" argitaratu izan dira, oraindik kalitate handiagoa eta zerbait berezia nahi duten manga zaleentzat. Adibide bat Dragoi Bolaren azken bertsioa edo Kanzenban dugu.
Gutxi gorabehera, aldizkariek 200 edo 300 yen (2 edo 3 euro baino gutxixeago) balio zuten 2004an eta tankōbon liburukiek 400 bat yeneko (3,50 euro). Europan, ordea, salneurriak asko igotzen dira: ez da harritzekoa izaten manga berak Japonian balio duenaren bikoitza balio izatea.
Internet bidezko artxiboen elkartrukatzearen ugaritzeak beste aldaera bat ere ekarri du, formatu digitala, alegia. Honek manga ordenagailu edo antzekoren batean irakurtzeko aukera ematen du, eta e-komiki deitzen zaio (bere mendebaldeko ahaidea den komikia bezala). Praktika horretarako formatu erabilienak .cbr eta .cbz dira, izatez artxibo konprimatuak direnak (.rar eta .zip-en, hurrenez hurren) eta barnean irudiak formatu arruntetan dituztenak (jpeg eta gif, batez ere). Irudi solte moduan edo .pdf nahiz .lit formatuetan ere banatzen dira.
Manga aldizkari ezagunenetako batzuk hauek dira:
- Big Comic Original
- Shōnen Jump
- Shōnen Magazine
- Shōnen Sunday
- Ribon
- Nakayoshi
- Young Animal
- Shojo beat
Nazioarteko eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mangak komikian eta nazioarteko animazioan eragin azpimarragarria izan du mundu osoan zehar. Frank Miller eta Scott McCloud estatubatuarren moduko artista entzutetsuen lanak dira horren adibide garbi bat.
Beste artista batzuek, Brian Wood (Demo) eta Becky Cloonan estatubatuarrek edota Bryan Lee O'Malley kanadarrak (Lost at Sea) esaterako, manga komertzialaren eragina jaso dute neurri handi batean eta haien lanak mangen edo animeen zaleak ez diren sektoreek goraipatu dituzte.
Artista horiek badituzte beste eragin batzuk halaber eta beren lanak mangaren ohiko irakurleak ez direnei ere gustatzea lortzen dute. Gainera, beren erroak bakoitzaren herrialdeko mangaren azpikulturetan daude.
Paul Pop artista estatubatuarrak Japonian lan egin zuen Kodansharako, Afternoon mangaren antologiarako. Kaleratua izan eta gero (Kodanshan izandako aldaketa bat zela eta), antologiarako ideia batzuk garatzen aritu zen gero Estatu Batuetan plazaratzeko, Heavy Liquid izenarekin. Emaitza gisa, bere lanak mangaren eragin handia du, baina otaku kulturaren nazioarteko eraginik gabea da.
Frantzian "La nouvelle manga" izeneko mugimendua dago, Frédéric Boilet-ek hasia. Mangaren sofistikazio heldua komiki frantziar-belgikarren estilo artistikoarekin konbinatzen saiatzen da. Mugimenduak artista japoniarrak biltzen dituen bitartean, artista frantziar gutxi batzuek Boilet-en ideia jarraitu dute.
Mangaren nazioarteko eraginaren adibiderik argiena amerimanga izenekoan dago: amerimanga, azken batean, Japoniatik kanpoko artistek manga eta animearen eraginpean sortu dituzten komikiak dira. Hori bai, nagusiki ingeles hizkuntzako irakurleentzat egina da.
Horrez gain, zaletu asko daude beren eragin bakarra mangaren estiloa dutenak. Artista haietako asko ezagunak egin dira komiki eta manga argitalpen txikiak eginez; beren lanak ezagutarazteko, batez ere, Internet erabiltzen dute.
Manga Japoniatik kanpo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza askotara eta herrialde anitzetan itzuli da manga; horien artean Peru, Txile, Korea, Txina, Frantzia, Alemania, Italia, Espainia, Mexiko, Argentina eta beste asko daude. Gainera argitaletxe handiak sortu dira Japoniatik kanpo ere, VIZ Media estatubatuarra eta Glénat frantziarra kasu. Lan garrantzitsu asko dituzte: Inuyasha, Ranma, Dragoi Bola, Saint Seiya, Captain Tsubasa, Pokémon, Neon Genesis Evangelion, Slayers, Rurouni Kenshin, Naruto edo Digimon, beste askoren artean. Japoniatik kanpora, mangaren merkaturik handienak Estatu Batuetakoa eta Erresuma Batukoa dira.
Euskal Herrian ez da oraindik euskarazko mangarik argitaratu, Espainian katalanera edo galizierara itzultzen diren arren. Argitaletxeek ematen duten arrazoiaren arabera, ez omen da errentagarria, baina proba egiteko ere ez da ezer atera gaur arte. Hego Euskal Herrian gaztelaniaz eta Ipar Euskal Herrian frantsesez bai, saltzen da manga.
Manga batzuk itzultzen hasi zirenean, artea eta formatua alderantzikatu egiten zituzten flopping deituriko prozesuan: harien helburua mangak Mendebaldeko eran irakurri ahal izatea zen, hots, ezkerretik eskuinera, baina hainbat mangagilek (Akira Toriyama, besteak beste) ez zuten onartu beren lanak era horretan aldatzerik eta jatorrizko formatua manten zezaten eskatu zuten. Laster, bai zaletuen eta bai egileen eskaeraren ondorioz, argitaletxerik gehientsuenak eskuinetik ezkerrerako jatorrizko formatua eskaintzen hasi ziren. Gaur egun, Japoniatik kanpoko manga irakurleentzat ere estandarra bihurtu da berezko formatua.
Mangaren itzulpenek askotan oharrak izaten dituzte Japoniako kulturari buruzko xehetasunekin, atzerriko irakurleek arrotzak zaizkien zenbait gauza hobeto uler ditzaten. Esate baterako, Japoniako elikagai tipikoen izenak edota bertako telebistako programak.
TOKYOPOP konpainia ezaguna egin da Estatu Batuetan, mangaren salmenten gorakadagatik ospea lortuz, bereziki neskato nerabeentzako manga mota. Kritikari askok diotenez, bere argitalpen erasokorrek kantitatea kalitatearen aurretik jartzen dute eta itxuraz kalitate eskasekoak diren itzulpen batzuen erantzuleak dira.
Frantzia merkatu handi eta askotarikoa da mangari dagokionez. Frantzian argitaratutako lan asko Japoniatik kanpo harrera handirik izaten ez duten generoetakoak dira, helduei zuzenduriko manga edota lan esperimental eta alternatiboak, esate baterako. Jiro Taniguchiren moduko mangakek, Mendebaldeko herrialde gehienetan ezezagunak izan arren, Frantzian eskaera handia jaso izan dute. Frantziako mangaren aniztasuna, hein handi batean, herrialde honek duen komiki merkatu garrantzitsuari zor zaio (frantziar-belgikar komikiak deitzen direnak).
Komikien merkatua Alemanian Europako beste herrialde batzuetan baino txikiagoa bada ere, mangak hazkunde berri bat eragin du. Ustekabeko 1990eko hamarkadako hasiera goiztiarraren ondoren, manga mugimenduak abiadura hartu zuen 1997an Dragoi Bola argitaratzearekin. Gaur egun, Alemanian plazaratzen diren komikien % 75etik % 80ra bitartean manga dira. Gainera, irakurleetan, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira.
Chuang Yi konpainiak mangak ingelesez eta txineraz argitaratzen ditu Singapurren; Chuang Yik ateratzen dituen lan batzuk Australiara eta Zeelanda Berrira esportatzen dira, gainera.
Indonesian mangak erritmo bizian aurkitu ditu irakurleak, industria honen hazkunde azkar batekin. Izan ere, Japoniatik kanpoko manga merkaturik handienetako bat bilakatu da herrialde hau. Indonesian, manga argitaratzen dutenak Elex Media Komputindo, Acolyte eta Gramedia dira. Herrialde honetako jatorrizko komikien industrian mangak duen eragina ere nabarmena da.
Japoniatik kanpo, manga banatzeko beste era oso erabili bat Internet bidezkoa da. Ohikoena lagun talde batek bertsio originala digitalizatzea da, testuak aldatu eta beren hizkuntzara itzuliz. Ondoren libreki banatzen da, eskuarki IRC kanalak zein P2P programak erabiliz (BitTorrent edo eMule, adibidez). Zuzeneko deskargan ere jartzen dira. Itzulketa prozesu honek scanlation izena hartu du (hitza ingelesetik dator; scan: eskaneatu, eta translation: itzulpena).
Talde hauetako gehienak fansub izenez dira ezagunak, legea betetzen dute eta beren ekintzak justifikatzen dituzte: fansubaren proiektuak lizentziatzen badira, jendeari beren artxiboak ez zabaltzeko eta kopia originalak erosteko eskatzen diote. Aipagarria da gaur egun manga euskaraz irakurtzeko era bakarra hauxe dela, zenbait manga itzultzen baitira Interneten.
Koreako liburudenda gehienetan aurki daitezke. Hala ere, ohikoa da manga "online" irakurtzea, paperezko bertsioaren aldean, merkeagoa delako. Koreako mangaren zatirik handiena Daiwon eta Seoul Munhwasa argitaletxeek merkaturatzen dute.
Thailandian, 1992-1995 arte manga gehienak oso azkar irteten ziren, lizentziarik gabe eta kalitate eskasean. Azkenaldian, lizentziadun itzulpenak agertzen hasi dira, baina merkeak izaten jarraitzen dute beste herrialde batzuen aldean. Thailandiako manga argitaletxeen artean daude Vibunkij, Siam Inter Comics, Nation Edutainment eta Bongkouh.
Hainbesteko ospea lortu du mangak, ezen Japoniatik kanpoko konpainia askok mangan oinarritutako bere lan propioak "amerimanga" izendatu baititu. Horietako batzuk dira Antarctic Press, Oni Press, Seven Seas Entertainment, TOKYOPOP edota Archie Comics bera, manga komertzial japoniarraren istorio eta estilo berak darabiltzatenak. Lan hauetako lehena 1985ean karrikaratu zen: Benn Dunnek, Antartic Press-en sortzaileak, Magazine eta Ninja High School atera zituenean.
Antarctic Pressek bere lanak "Amerimanga"tzat bazeuzkan ere, mangan inspiratutako lan guzti hauek ez dira estatubatuarrek eginak. Seven Seas Entertainmenten lan egiten duten egile hauetariko asko (Last Hope edo Amazing Agent Luna bezalako serieetan) filipinarrak dira. TOKYOPOPek ere artista korear edo japoniar asko ditu bere lan batzuetan, Warcraften eta Ai Printzesan esaterako.
Mangaren industria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Japonian manga sekulako fenomenoa da. Fenomenoaren garrantzia adierazten duen datu bat: 1989an, Japonian argitaratu ziren liburu eta aldizkari guztien % 38 manga ziren. Kopuru horiek adierazten duten legez, manga ez da gazteen kontua bakarrik: Japonian adin, lanbide eta gizarte-maila guztientzako manga dago, horien artean etxekoandreak, bulegariak, nerabeak, langileak etab. Dena den, manga erotiko eta pornografikoa (hentai) bakarrik salmenta guztien laurdena da.
Aldizkariei dagokienez ere edizio ikusgarriak izaten dituzte: gutxienez, hamar aldizkarik astean milioi bat ale baino gehiago ateratzen dituzte. Shōnen Jump salduena da, asteko 6 milioi alerekin eta hurrengoa, Shōnen Magazine da, 4 milioirekin.
Manga motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irakurlearen arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kodomo manga (umeei zuzendua)
- Shōnen manga (mutiko nerabeei zuzendua)
- Shōjo manga (neskato nerabeei zuzendua)
- Seinen manga (gizon gazte eta helduei zuzendua)
- Josei manga (emakume gazte eta helduei zuzendua)
Generoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alternatiboa
- Gekiga (irudi dramatikoak)
- La nouvelle manga (komiki frantziar-belgikarra manga japoniarrarekin konbinatzen du)
- Erdi-alternatiboa
- Bataila-lagunak (batailarako lagunak dituzten pertsonak)
- Harem manga (mutil bat neska anitzez inguratua)
- Jidaimono (manga historikoa)
- Mahō Shōjo (magical girl, eraldatu eta ahalmen bereziak hartzen dituen neska bat)
- Moé (mahō kanojo edo andregai magikoak)
- Mecha (robot) (robot erraldoiak)
- Dōjinshi (zaletuek eginiko manga)
- Shoujo ai (nesken arteko erlazio eta maitasunak kontatzen dituen istorio arina)
- Shonen ai (mutilen arteko erlazio eta maitasunak kontatzen dituen istorio arina)
- Yuri (nesken arteko maitasun istorioen manga, sexu-eszena esplizitoekin)
- Yaoi (mutilen arteko maitasun istorioen manga, sexu-eszena esplizitoekin)
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Doujinshi
- Japonierazko literatura
- Kaoani
- Mangaka
- Mangaken zerrenda
- Otaku
- Omake
- Oekaki
- Tankōbon
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gravett, Paul. Manga: 60 Years of Japanese Comics. New York: Collins Design, 2004. ISBN 1-85669-391-0.
- Schodt, Frederik L. Dreamland Japan: Writings on Modern Manga. Berkeley, Calif.: Stone Bridge Press, 1996. ISBN 1-880656-23-X.
- Schodt, Frederik L. Manga! Manga!: The World of Japanese Comics. New York: Kodansha International, 1983. ISBN 870117521, ISBN 4-7700-2305-7.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argitaletxeak
- (Gaztelaniaz) Ediciones Glénat Argitaletxe frantziarra.
- (Gaztelaniaz) Mangaline Argitaletxe espainiarra.
- (Gaztelaniaz) Norma Editorial Argitaletxe espainiarra.
- (Gaztelaniaz) Panini Argitaletxe italiarra.
- (Gaztelaniaz) Planeta de Agostini Argitaletxe espainiarra.
Online mangak
Beste batzuk
- Euskal-Encodingsek euskaratutako mangak[Betiko hautsitako esteka]
- (Gaztelaniaz) MARUG.A.M.E., Gipuzkoako Anime ta Manga Elkartea
- (Gaztelaniaz) Manga eta animeari buruzko ikerketa (gaztelaniaz)
- Euskal Herriko manga eta anime zaleei buruzko erreportajea Argia astekarian