Hugo von Hofmannsthal
Hugo von Hofmannsthal (Viena, Austria, 1874ko otsailaren 1a - Rodaun, Viena ondoan, Austria, 1929ko uztailaren 15a) austriar olerkari eta antzerki-idazlea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzenbide eta literaturako ikasketak amaiturik, Rodaunen erretiratuta bizi izan zen, eta tarteka Frantziara eta Mediterraneoko herrialdeetara bidaiak egiten zituen.
Hasierako olerkiak eta drama poetikoak Vienako dekadentismoaren arauen araberakoak dira: Gestern (1891, Atzo); Der Tod des Tizian (1892, Tizianoren heriotza); Der Tor und der Tod (1893, Eroa eta heriotza). Venezia gertaleku duen Der Abenteurer und die Sängerin (1899, Abenturazalea eta kantaria) izenburuko obran, Hofmannsthalek bere gai kutuna erabili zuen: aldaketaren eta beti bat izateko premia moralaren arteko gatazka.
1901ean poesia idazteari utzi zion, estetizismo subjektiboan ixteko arriskuari ihes egitearren. Teatro klasikoaz interesaturik, moldaerak apailatu zituen: Elektra (1904); Ödipus und die Sphinx (1906, Edipo eta esfingea); Ariadne auf Naxos (1912, Ariadna Naxosen). Richard Straussek bere operetarako hartu zituen haietako batzuk.
Erdi Aroko misterioetan inspiraturiko obra bat ere badu, bereetatik ospetsuena: Jedermann (1911). Urte berean Der Rosenkavalier (Arrosaren zalduna) drama musikalaren libretoa idatzi zuen, R. Straussentzat.
Calderonen antzerkian oinarritu zen beste bi obratan: Das Salzburger grosse Welttheater (1922, Salzburgoko munduko antzoki handia) eta Der Turm (1925, Dorrea).
Prosaz ere badu obrarik: Das Erlebnis des Marschalls von Bassompierre (1900, Bassompierre mariskalaren abentura); Andreas oder die Vereinigten (1932, Andrea edo aliatuak), amaitu gabeko eleberria; Die Frau ohne Schatten (1916, Itzalik gabeko emakumea).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hugo von Hofmannsthal |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.