F eraztuna (Saturno)
F eraztuna A eraztunagandik kanpora dagoen eraztun bat da. Saturno planetaren erdigunetik 140.210 kilometrora dago eta 30 eta 500 kilometro bitarteko zabalera du. Voyager zundak han ingurutik igaro zirenean oso ezagun egin zen uhindurak eta kiribildurak izateagatik, halakorik ikusten zen lehen aldia izan zelarik. Eraztun hau A eraztunaren kanpoaldeko ertzetik 4.000 kilometrora dago eta bi ilargi artzai ditu: Prometeo eta Pandora.
Ilargi hauek dira eraztuna bere tokian mantentzeaz arduratzen direnak. Pandora eraztunaren kanpoaldetik doa, eta Prometeo barnealdetik, eta beharbada eraztunak dituen eraketa bitxien erantzule dira.
Voyager 1 zundak 1980ko azaroan eginiko argazkietan F eraztunean kiribildurak agertzen dira, baina bederatzi hilabete beranduago Voyager 2a iritsi zenean, kiribildura horiek desagertu egin ziren. 1980ko azaroan hiru zintaz osatua zegoen, horietako bakoitza 30 kilometro inguruko zabalerakoa. Kanpoalderen zeuden bi zintak, zimurrak, korapiloak eta okerdurak erakusten zituztenak, kiribilduta ziruditen. 1981eko abuztuan F eraztunak jada egituraz aldatu zuen. Orduan kiribildu gabeko zinta bat zegoen, eta lagun bezala beste hiru zinta ahulago zituen.
Voyager zundek eginiko argi barreiatze ikerketek diotenez, mikrometro bat inguruko tamaina duten partikulak F eraztuneko partikulen artean oso ugariak dira.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saturno | ||
---|---|---|
Saturnoren sateliteak |