Edukira joan

Where the Crawdads Sing

Wikipedia, Entziklopedia askea
Where the Crawdads Sing
Datuak
IdazleaDelia Owens
Argitaratze-data2018ko abuztuaren 14a
GeneroaFikzioa
Jatorrizko izenburuaWhere the Crawdads Sing
HizkuntzaIngelesa
ArgitaletxeaG. P. Putnam's Sons
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Orrialdeak368
ISBN978-0-7352-1911-3

Where the Crawdads Sing Delia Owens zoologo estatubatuarrak 2018an argitaratutako misteriozko hilketa baten inguruko iniziazio-eleberria[1][2] da.[3] Istorioak pixkanaka elkarlotzen doazen bi denbora-lerro aurkezten ditu. Lehenak Kya izeneko neska gazte baten bizitza eta abenturak kontatzen ditu, Ipar Carolinako paduretan bakartuta hazten den bitartean. Bigarren denbora-lerroaren muina Chase Andrews-en ustezko erailketari buruzko ikerketa da. Andrews pertsona ospetsua zen Barkley Cove-n, Ipar Carolinako kostaldean kokatuta dagoen fikziozko herrian.[4][3][5]

Argitalpenetik 2022ko uztailera bitarte, 15 milioi ale saldu zituen liburuak, eta hilabete horretan aurkeztu zen hartan oinarritutako filma.

1. atala: Padura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1952. urtea da. Catherine Danielle Clark-ek (ezizenez, «Kya») sei urte ditu ama alde egiten ikusten duenean, senarrak, hau da, Kyaren aitak, bere aurka erabiltzen duen indarkeriazko jazarpenetik ihesi. Kyak alferrik itxaroten du ama itzul dadin eta, bitartean, Missy, Murph, Mandy eta Jodie anai-arreba zaharragoek ere alde egiten dute, aitaren alkoholismoaren eta jazarpen fisikoaren ondorioz.

Aitak edateari uzten dio tarte batez. Harekin bakarrik dagoela, Kyak arrantzan ikasten du. Artean irakurtzen jakin gabe, Kyak maskor eta luma horiek margotzen ditu, eta baita padurako izaki eta urertzak ere, amak utzitako akuarelak erabiliz.

Egun batean, Kyak eskutitz bat aurkitzen du postontzian. Korrika egiten du postontzitik bueltako bidea, azkenean amaren eskutitza jaso dutelako pozarren, baina aitak eskutik kentzen dio gutuna. Irakurri ostean, zeharo sumintzen da gizona, eta eskutitza erretzen du, amaren mihiseekin eta arropa gehienekin batera. Edaten hasten da berriz, eta maiz ateratzen da etxetik denbora luzean jokoan aritzeko. Halako batean, aita ez da itzultzen, eta Kyak hil egin dela ondorioztatzen du. Hala, hura da azkena Kya paduran bakarrik uzten. Dirurik eta familiarik gabe, baratzea zaintzeari esker eta muskuilu freskoak eta arrain ketua diruarekin eta erregaiarekin trukatzeari esker bizirauten du. Jumpin’ izeneko gizon beltzarekin egiten du trukea, hark gasolindegi bat baitauka portuan. Kyarekiko laguntasun-harreman oparoa sortzen dute hark eta Mabel emazteak, eta Mabelek dohaintzan jasotako arropak gordetzen dizkio Kyari.

Kya hazten doa, eta, bitartean, Barkley Coveko herritarren aurreiritziei egin behar die aurre: «Padurako Neska» ezizena ematen diote Ipar Carolinako herrixkako biztanleek. Eskolara doan egun bakarrean, ikasleek barre egiten diote, eta artzainaren emazteak «zikina» eta «koipetsua» dela esaten dio. Bestalde, Tate Walker-en lagun egiten da. Jodieren aspaldiko laguna da Tate, eta padurara joaten da arrantzan aritzera tarteka. Kya galtzen den batean, Tatek etxera eramaten du bere txalupan. Urte batzuk beranduago, hegazti arraroen lumak ematen dizkio, eta idazten eta irakurtzen irakasten dio. Maitasun-harremana mantentzen dute Tatek unibertsitatera alde egiten duen arte, Ipar Carolinako Chapel Hilleko Unibertsitatera. Zin egiten du itzuliko dela, baina gerora ohartzen da Kyak, hain basatia eta independentea izanik, ez duela lekurik Tateren mundu zibilizatuagoan. Hala, agur esan gabe egiten du alde.

2. atala: Zingira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1965ean, Kyak 19 urte ditu. Chase Andrewsek, Barkley Coveko futbol amerikarreko erdilari eta playboyak, piknik batera gonbidatzen du eta bertan harekin sexu-harremanak izaten saiatzen da. Gero barkamena eskatzen dio, eta maitasun-harremana osatzen dute biek. Chasek suteen aurkako zaintza-dorre abandonatu bat erakusten dio, eta Kyak larruzko lepoko bat ematen dio, han zuzen ere, Chasek piknikean aurkitu zuen itsas maskorrarekin egindakoa. Chasek harekin ezkonduko dela hitz ematen dio Kyari, eta hark sinesten dio, kontrako susmoak izan arren. Amodioa egiten dute Ipar Carolinako Asheville hiriko motel merke batean. Egun batean, Kya janari-dendatik irteten ari dela, Chaserekin eta haren emaztegaiarekin egiten du topo, eta ohartzen da haren ezkontzeko promesa sexua izateko azpijokoa besterik ez zela. Orduan, bien arteko harremana amaitzen du Kyak.

Tatek, jada unibertsitatean graduatuta, Kya bisitatzen du. Abandonatzeagatik barkamena eskatzen saiatzen da eta bere maitasuna aitortzen dio. Kya minduta dago oraindik traizioaren ondorioz, eta ezetz esaten dio. Hala ere, txabolan sartzen uzten dio, eta Tate liluratuta gelditzen da Kyaren itsas maskor bilduma handiarekin. Itsas maskorren gidaliburu bat argitaratzera bultzatzen du, eta horixe egiten du Kyak. Itsas hegaztiei buruzkoa ere argitaratzen du. Aparteko diruari esker, etxea zaharberritzen du. Urte berean, Jodie ere, Armadan egonik, Kyarengana itzultzen da. Bakarrik uzteagatik damutzen dela adierazten dio, eta kontatzen dio beren amak buruko gaitz bat pairatu zuela eta duela bi urte leuzemiaz hil zela. Kyak amari barkatzen dio alde egin izana, baina oraindik ezin du ulertu zergatik ez zen inoiz itzuli. Jodiek Kyari aholkatzen dio Tateri bigarren aukera bat emateko. Ondoren, ohar batean idatzita uzten dio bere telefono zenbakia eta helbidea, eta Georgiarantz abiatzen da.

Handik denbora batera, Kya senadi batean atseden hartzen dagoela, aldarte gatazkatsuan gerturatzen zaio Chase. Jarraian, eztabaidatzen hasten dira, eta Chasek eraso egiten dio Kyari; hura jo eta bortxatzen saiatzen da. Kyak bere burua defendatzen du, eta bakean ez uztekotan hura hiltzearekin mehatxatzen du ozenki. Inguruko bi arrantzale gertatutakoaren lekuko dira. Txabolara itzulita, Kya beldur da erasoa salatzea alferrikakoa izango ote den, herriko jendeak «lizuna» izatea leporatuko baitio. Hurrengo astean, Kyak Chase ikusten du txabolan ontzia uzten, eta bertan ezkutatzen da hark alde egin arte. Aitaren abusuak gogoan, Kya Chasen errepresalien beldur da; izan ere, badaki «horrelako gizonek azken kolpea eman behar dutela».

Argitaratzaile batek Ipar Carolinako Greenville hirian elkartzea proposatzen dio Kyari eta autobusez joaten da hara. Hurrengo egunean, Kya etxera itzuli ondoren, mutil batzuek Chase hilda aurkitzen dute, suteen aurkako zaintza-dorrearen behealdean. Ed Jackson sheriffak hilketa izan den ustea dauka, dorrearen inguruan ez baitago ez aztarnarik ez hatz-markarik, ezta Chaserenik ere. Informazio-iturrietara jotzen du eta adierazpen kontraesankorrak jasotzen ditu. Konturatzen da, gorpua aurkitu zutenean, Kyak Chaseri emandako itsas maskorraren lepokoa falta zela, nahiz eta hil zen gauean gainean zeraman. Batzuek Kya Barkley Covetik alde egiten ikusi zuten hilketa baino lehen, eta Chase hil eta ondorengo egunean itzultzen. Gainera, Chaseren jakak artile-zuntz gorriak zituen, eta zuntzok Tatek Kyari emandako kapela batekoak ziren. Chase hiltzearen erruduna Kya delako uste osoa du sheriffak, eta Jumpin’en kaitik gertu atxilotu, lehen graduko hilketaz akusatu eta bi hilabetez fidantzarik gabe espetxeratzen du.

1970ean, Kyaren epaiketan, frogak kontraesankorrak eta unean unekoak dira. Kyaren abokatuak, Tom Milton-ek, akusatzailearen argumentuak gezurtatu zituen, ez baitzegoen Chase hildako gauean Kya zaintza-dorrean egon zen frogarik. Epaimahaiak errugabetzat jotzen du. Etxera itzultzen da eta Taterekin bakeak egiten ditu. Elkarrekin bizi dira Kyaren txabolan, 64 urte dituela emakumea ontzian bakean hiltzen den arte. Geroago, Kyaren testamentua eta bestelako dokumentu batzuk bilatzen ari denean, Tatek ezkututako kaxa bat topatzen du. Kaxa horretan Kyaren ondasun zaharrak daude, eta konturatzen da Kyak Amanda Hamilton izenpean poemak idatzi zituela; alegia, liburuan zehar maiz aipatzen den poetarenean. Horrez gain, Chaseren erailketa deskribatzen duen poema bat aurkitzen du, argi eta garbi hiltzailearen ikuspuntutik idatzitakoa. Orduan, poemen azpian, Chasek hildako egunera arte zeraman itsas maskorraren lepokoa topatzen du. Argi dago, beraz, Kyak hil zuela Chase. Jarraian, Tatek larruzko soka erre eta maskorra hondartzan botatzen du. Kyaren irudiak orbainik gabe iraun dezan, haren sekretua betiko gordetzea erabakitzen du.

Liburua etologiaz mintzo zaigu, hau da,  animalien portaera ikertzen duen zientziaz. Kyak etologiaren inguruan irakurtzen du, baita «Sneaky Fuckers» izeneko artikulu bat ere. Hala jakiten du ipurtargi emeek beren kodetutako argi keinukariak erabiltzen dituztela beste espezietako arrak heriotzera erakartzeko, edota marisorgin emeek arra erakarri eta haren burua eta toraxa jaten dituztela, arraren sabelaldea oraindik emearekin kopulatzen ari dela.[6]

Ipurtargi emeek arrak engainatzeko seinaleak egiten dituzte haiek erakarri eta jateko; marisorgin emeek arrak irensten dituzte. Intsektu emeek, pentsatu zuen Kyak, badakite beren maitaleak nola tratatu.[7]

Izenburuaren esanahia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argot estatubatuarrean, crawdad hitzak ibai-karramarro esan nahi du. Espezie horretako krustazeoek ezin dute abestu, baina Kyaren amak padura esploratzera animatzen zuenean, zera esan ohi zuen: «Joan zaitez ahal bezain urrun, karramarroek kantatzen duten lekura». Tatek esaldi bera erabili zuenean, Kyak zer esan nahi zuen galdetu zion, eta hark erantzun zuen: «Mendian urrun esan nahi du: animaliak basatiak diren lekuan, basapiztien moduan jokatzen duten horretan». Delia Owensek esaldi hori erabiltzea erabaki zuen bere amak hala zioelako txikia zenean.[8]

2018ko irailean, Reese Witherspoon-ek liburua bere Hello Sunshine Book Club-eko zerrendara gehitu zuen. 2018an ere, Barnes & Noble liburu-denda ospetsuaren Libururik Onenen artean egon zen.[9]

2019ko abendurako, liburuaren 4,5 milioi ale baino gehiago saldu ziren; eta urte horretan, helduentzako liburuen artean (fikziozkoak zein ez-fikziozkoak) ale gehien saldu zituen lana izan zen.[9][10] 2019an ere, Amazon.com webguneko Libururik Salduenen zerrendan lehena izan zen, fikziozko kategorian.[11][12] The New York Times hedabidearen fikziozko lan salduenen zerrendan ere lehena izan zen 2019an eta 2020an. 2020ko abenduaren amaieran, The New York Timesek urte horretako seigarren postuan kokatu zuen, azal gogorreko bestsellerrei dagokienez. 2022an, Publishers Weekly astekariak 2021eko liburu salduenen zerrendan 14. postuan kokatu zuen, 625.599 ale saldu baitzituen; eta 2022ko otsailera arte 150 astez egon zen salduenen zerrendan. 2022ko apirilerako, liburuaren 12 milioi ale saldu ziren. 2022ko uztailerako, liburuaren 15 milioi ale saldu ziren, eta horrela historiako libururik salduenetako bat izatera pasa zen.

Crawdad termino erregional bat denez, liburuaren ospearen ondorioz, hitzaren esanahiari buruz sarean egindako kontsultak ugaritu ziren.

Dirudienez, Kyaren bizitzako eta eleberriaren narrazio-hautuetako zenbait alderdik, hala nola pertsonaia beltzekiko jarrerak, Owens Zambian egondako garaia ekartzen dute gogora. Bertan, bera, bere orduko senarra eta haren semea galdekatu nahi dituzte oraindik, 1996an ABC News-en erreportaje batean grabatutako isileko ehiztari baten erailketa dela eta.

Owens ez da susmagarria, baina bai lekuko potentziala.

Zinemarako egokitzapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sony Pictures Releasing-ek liburuaren eskubide zinematografikoak erosi zituen, eta Reese Witherspoonen Hello Sunshine produkzio-etxeak ekoitzi zuen, Witherspoon bera eta Lauren Neustadter produktore zirela. Lucy Alibar-ek liburua film-gidoira egokitu zuen. Daisy Edgar-Jones-ek Kyaren papera egiten du, eta Taylor John Smith-ek eta Harris Dickinson-ek Tate Walkerena eta Chase Andrewsena, hurrenez hurren. Filmazioa 2021eko apirilaren erdialdetik ekainaren bigarren hamabostaldira bitarte iraun zuen, New Orleansen eta Houman bertan eta inguruetan (Louisiana). 2021eko uztailaren 5ean, Cosmopolitan hedabideak filmazioa jada burutu zutela jakinarazi zuen. Filma 2022ko uztailaren 15ean estreinatu zen.

Mychael Danna konpositore kanadiarrak sortu zuen soinu-bandaren albuma. Taylor Swift-ek ere bere ekarpena egin zion soinu-bandari, Carolina jatorrizko abestiaren bidez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Alter, Alexandra. (2019-12-21). «The Long Tail of ‘Where the Crawdads Sing’» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  2. (Ingelesez) «LitCharts» LitCharts (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  3. a b (Ingelesez) Grey, Tobias. «With ‘Where the Crawdads Sing,’ a Debut Novel Goes Big» WSJ (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  4. (Ingelesez) Jordan, Tina. (2019-03-29). «The Debut Novel That Rules the Best-Seller List» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  5. «Where the Crawdads Sing by Delia Owens review – in the swamps of North Carolina | Books | The Guardian» web.archive.org 2019-04-05 (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  6. (Ingelesez) Lawson, Mark. (2019-01-12). «Where the Crawdads Sing by Delia Owens review – in the swamps of North Carolina» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  7. (Ingelesez) Delia Owens. 2023-04-21 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  8. (Ingelesez) «Where the Crawdads Sing honours author's mother's phrase with childhood link» HITC 2022-07-19 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  9. a b (Ingelesez) Noble, Barnes &. «Barnes & Noble's Best Books of 2018, Best Books of the Year 2018, Books» Barnes & Noble (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  10. (Ingelesez) Reid |, Calvin. «'Crawdads,' 'Becoming' Top Amazon 2019 Lists» PublishersWeekly.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  11. (Ingelesez) «Combined Print & E-Book Fiction - Best Sellers - Books - The New York Times» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  12. (Ingelesez) «Combined Print & E-Book Fiction - Best Sellers - Books - Jan. 5, 2020 - The New York Times» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]