Edukira joan

Saturraran

Koordenatuak: 43°19′17″N 2°24′38″W / 43.32139°N 2.41056°W / 43.32139; -2.41056
Wikipedia, Entziklopedia askea
43°19′17″N 2°24′38″W / 43.32139°N 2.41056°W / 43.32139; -2.41056
Saturraran hondartza
Irudia: Saturraran
Bandera urdina Sorosleak Elbarrientzat prestatuta Eremu babestua
Ezaugarri orokorrak:
 - Kokalekua Mutriku
 - Luzera 300 m
 - Batez besteko zabalera 90 m
 - Betetasun maila Handia
 - Urbanizatze maila Handia
 - Pasealekua Bai
Hondartza mota:
 - Hondar mota Horia, fina
 - Bainuaren egoera Olatu neurritsuak, haizetsua
 - Hondartza nudista Bai
Kirolak:
 - Surfa egiteko
 - Urpekaritza Bai
 - Besterik {{{beste kirolik}}}
Ingurumena:
 - Landaredia Bai
 - Eremu babestua Bai ([[{{{babestua}}}]])
 - Bandera urdina Bai
Segurtasuna:
 - Arrisku seinaleak Bai
 - Hondartzaina Bai
 - Udaltzaingoa Bai
 - Sorosle taldea Bai
Sarbideak:
 - Elbarrientzat Bai
 - Sarbide mota Erraz, oinez
 - Sarbide seinaleztatua Bai
Bestelako informazioa:
 - Taberna kopurua
 - Kanpina Bai
 - Herrigunerako distantzia


Saturraran Gipuzkoako hondartza bat da, Mutrikuko udalerrian kokatua, nahiz eta Ondarroako hirigunetik hurbil. Saturraran errekaren bukaeran dago, Ondarroako badiaren eskuinaldean, Bizkaiarekiko mugan. Hondartza txikia da, 300 metro luze eta 90 metro zabal baino ez. Saturrarango hondartzaren bereizgarri dira hango haitzak. Kretazeokoak dira, eta Eskilantzarri deritze («ezkila antzeko harri» omen da etimologia).

Saturrarango hondartzan jende ugari biltzen da, uda garaian. Besteak beste, piraguismoan eta windsurfean aritzen dira. Pasieran ibiltzeko ere toki paregabea da, itsasertzetik zein Saturraran eta Ondarroako hondartza lotzen dituen bidean zehar. Lurmuturretik ekialdera dauden senaietara joan ohi dira nudistak.

Zituen balio ekologiko garrantzitsuenak galdu ditu azken urteetan, gizakiaren esku hartzearen eraginez. Errekaren bokalea kanalizatzean, hango padura txikia suntsitu zuten. Bestalde, hondartzaren atzealdean egindako eraikuntzek, hondartzaren antzinako dunak aztarna txiki batzuetara mugatu ditu. Ondarroako portuaren eraikitzeak ere eragina izan du hondartzan: korronteen aldaketak direla eta, hartxintxarrak azaltzen dira hondartzaren behealdean.

Giza eraikinak eta jabetzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Michel Falmouth arraste ontzia, haizeteak eta itsaso zakarrak Ondarroako portutik ekarria; ezkerraldean, Saturraran Zahar baserria (2006‑12‑16)

Lurmuturraren hasieran, Saturraran Zahar baserria dago, XVIII. mendeko oinetxea, Gipuzkoako itsas baserri bakarra. Oso konpondua dago, eta Areiltzatarren eta Txurrukatarren armak dituen armarria du. Inspirazio iturri izan da hainbat eleberri eta kontakizunetan, hala nola Pio Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia eleberrian. Gaur egun, baserria Mutrikuko kondearen oinordekoena da, inguruko lurrak bezalaxe. Mutriku Natur Taldearen ekimenak eraginda, Espainiako Ingurumen Ministerioko Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzua lur horiek jabetza publikora ekartzen saiatu da, baina ez du lortu, jabeek dirutza handia eskatu dutelako eta lur horien mugak zehazteko zailtasunak daudelako.[1][2]

Saturrarango haitzen kondaira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairak dioenez, nomada talde batek Saturraranen gelditzea erabaki zuen aspaldi. Talde hartan ba omen ziren Satur eta Aran izeneko bi gazte. Txikitatik ezagutzen zuten elkar, eta leku hartako sorginkeria batek eraginda-edo maitemindu egin ziren. Satur arrantzara ateratzen zen egunero-egunero, eta Aran hondartzan gelditzen zen haren zain, bueltatu arte. Baina, egun batean, galerna sartu eta Satur ez zen itzuli. Aran hondartzan egon zen, eguna joan eta eguna etorri, haren zain; baina ez zen inoiz itzuli.

Hala, bada, esperantza guztiak galduta, Aranek txilioka itsasoari bera ere eraman zezan eskatu zion. Eta halaxe gertatu zen. Gau hartan izugarrizko zarata entzun zen, eta han zeudenek, begiratzean, hondartzako haitzak itxuraldatuta ikusi zituzten! Bi pertsonaren irudiak ageri ziren. Bata, Satur zen; eta bestea, Aran.

Saturraran hondartzaren ikuspegia (Bizkaiko golkoa, Debabarreneko kostaldea).

Saturrarango bainuetxe, apaizgaitegi eta espetxea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saturrarango bainuetxea izan zen erregimen frankistak Euskal Herrian eta Espainiako iparraldean emakumeentzat izan zuen espetxe nagusia, 1938-1944 urte bitartean. 1987an eraitsi zituzten bainuetxeko eraikin guztiak.

XIX. mendean, Saturraranen hotel eta bainuetxe gunea eraiki zuten. Jabeek, 1921ean, negozioa gainbehera zetorkiela ikusita, Gasteizko elizbarrutiari eman zizkioten eraikinak. Halaxe, udako apaizgaitegi eta bainuetxetzat erabili zen eraikin multzo hura. Espainiako Gerra Zibila hastean, 1936an, Eusko Gudarostearen koartel bilakatu zen.

Gero, eraikin multzoa espetxe bihurtu zuten frankistek 1937tik 1944ra bitartean, eta 4000tik gora emakume eta haur preso izan zituzten, oso baldintza gogorretan.[3][4][5] Saturrarango Emakumeen Espetxean 1.600 emakume preso batera izatera iritsi ziren; preso bakoitzari lo egiteko 45 zentimetroko zoru zatia zegokiola kalkulatu da. Kartzelazainak mesedetako ordenako 25 moja, apaiz bat, espetxeetako funtzionario bat eta 50 militar ziren. Presoentzat eta haurrentzat zen jana lapurtu ohi zuten mojek, espetxeko ekonomatoan bertan edo espetxetik kanpora saltzeko; eta presoentzat familiengandik zetozen elikagaiak ere konfiskatzen zituzten. Zenbait mojek presoak sexu harreman homosexualak izatera behartu zituzten, haien gainean zuten agintea baliatuz.[6] Presoei ezarritako ohiko zigorretako bat zen zigor gelan sartzea: gela hura Saturraran errekako hazbete bat urez estalita egoten zen beti, eta, marea igotzean, ia metro bat ur izatera iristen zen. Gehiegikeria horiengatik, Maria Aranzazu Velez de Mendizabal ama nagusia, Pantera Zuria ezizenaz ezaguna, kargutik kendu zuten geroago.[7] Dena dela, gehiegikeria horien guztien berri ez zen gizartean zabalduko XXI. menderaino.

Inguruko herritarrek —Ondarroakoek, Debakoek eta Mutrikukoek— asko lagundu zieten presoei, jana eta arropa emanez. Behin, Ondarroako arrantzaleek jakin zuten presoek hamabost egun zeramatzatela kafea eta ogia besterik jan gabe. Ekaitza zen arren, itsasora irten ziren, eta harrapatutako guztia eraman zieten presoei.[6]

Aranzadi Zientzia Elkartearen datuen arabera, espetxean 107 emakume eta 48 ume hil ziren, espetxeko zaindari ziren mojek emandako tratu txarrengatik, gosearengatik, tifusarengatik eta tuberkulosiarengatik.[8][9] Ehun bat haur desagerrarazi ere egin zituzten.[10]

1943an, espetxea itxi baino urtebete lehenago, 1.050 emakumezko zituen preso, Estatu osoan zirenen erdiak.[9]

1944an, berriz ere bihurtu zen apaizgaitegi, harik eta 1987an Mutrikuko Udalak Gipuzkoako eliz barrutiari lurrak eta eraikinak erosi zizkion arte. Eraikuntza haietatik guztietatik ez da arrastorik ere geratu.

Filma eta dokumentalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxe hari buruz, 2010ean, Izarren argia filma plazaratu zuen Mikel Rueda zuzendariak, eta Prohibido recordar dokumentala Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariek.[11] Euskal Herriko Ahotsak ekimenak, Saturrarango kartzelari buruzko testigantzak biltzen dituzten bideoak dauzka. 2018an, gerraren eta bereziki espetxeen gaia lantzeko asmoz, baita emakumeen egoeraz hausnartzeko ere, aurkeztutako Saturrarango kartzela bideoa kasu.

Saturrarango kartzelari buruzko bideoa

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Garbiñe Garagarza: «Kondearen Saturrarango lursailen desjabetze akordioa atzera bota dute»,[Betiko hautsitako esteka] Mutrikuko Hitza, 2009-05-07.
  2. Jabi Leon: «El desacuerdo entre Costas y la familia del conde de Mutriku llega a los tribunales»,[Betiko hautsitako esteka] Noticias de Gipuzkoa, 2009-12-15
  3. Xole Aramendi: «Saturrarango kartzela: Bost mila emakume eta haurren zorigaiztoko gau eta egunak». 2007-04-13.
  4. (Gaztelaniaz) Jon A. Larreategi: «Cárcel de Saturrarán, prisión franquista», Gara, 2007-03-19.
  5. Saturrarango espetxearen argazkiak, eta emakume errepresaliatuei eginiko omenaldikoak (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren webgunea).
  6. a b Txaber Larreategi eta Josu Martinez: Prohibido recordar, Moztu Filmak, 2010. Dokumentala. Iraupena: 57' 37''.
  7. (Gaztelaniaz) Alejandro Torrús: «El "almacén de mujeres" y madres de Saturraran», Público, 2013-05-05.
  8. Saturrarango espetxeko emakume errepresaliatuei eginiko omenaldia (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren webgunea).
  9. a b (Gaztelaniaz) Miguel Cifuentes: «Destino, el infierno», Diario de Noticias, 2009-02-03.
  10. Hona hemen Baltasar Garzon epaileak jasotako lekukotasun bat:
    (Gaztelaniaz) «un día cuando las madres salieron al patio con sus hijos, las monjas les dijeron que los niños tenían que quedarse dentro, que iban a pasar un reconocimiento médico. Eran un centenar de niños. Cuando las madres volvieron los niños ya no estaban. Concepción que no tenía hijos quedó impresionada por las escenas de dolor y por los gritos de las madres que reclamaban a sus hijos. Amenazaron a las madres diciéndoles que callaran si querían conservar la vida. Una mujer de Oviedo que salió poco después de estos hechos encontró a su hija en casa de unos militares en Valencia, pero no sabía si la pudo recuperar o no.»
    (Audientzia Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegi Nagusiaren autoa, 2008ko azaroaren 18koa)
  11. Ariane Kamio: «Saturrarango emakumezkoen espetxeko bizipenak, fikzioan eta dokumentalean»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2010-09-19.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa