Saguzar
Saguzar | |
---|---|
52 Ma-0 Ma Eozeno goiztiar – gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Superordena | Laurasiatheria |
Ordena | Chiroptera Blumenbach, 1779
|
Azpibanaketa | |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | bat meat (en) |
Luzera | 6 ft eta 1 in |
Entzumen frekuentzia | 2.000 hertz — 110.000 hertz |
Eguneko zikloa | gaueko |
Saguzarrak edo —Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan— gauenarak (Chiroptera) ugaztun hegalariak dira. Saguzarren aurreko besoak hegal gisa garatu dira eta horregatik hegan egiteko gai diren ugaztun bakarrak dira, planeatzeko gai diren beste batzuekin alderatuta. Hegan egiteko modua hegaztiena ez bezalakoa da, ez baitituzte besoak mugitzen, baizik eta hatzak. Hatzen artean mintz fin bat dago, patagio izenekoa. Chiroptera izena grezieratik dator: χείρ, txeir, «esku», eta πτερόν, pteron, «hegal».
Kalkulatzen da saguzarren 1.200 bat espezie daudela mundu osoan, hau da, ugaztun guztien % 20 gutxi gorabehera. Gorputzaren zati handi bat hartzen duen bihotz erraldoia dute, hegan egiteko energia ugari behar baitute. Euskal Herrian 27 espezie daudela estimatzen da.[1] Txikienek 29-33 mm. artean neurtzen dute eta 2 gramoko pisua dute; handienek berriz 1,5 metroko tamaina eta 1,2 kilogramoko pisua.
Landare tropikal batzuek behar-beharrezkoa dituzte saguzarrak, saguzarrak direlako landare horiek beren haziak hedatzeko duten bide bakarra.
Bizitokia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espeziaren arabera hiru portaera nagusitzen dira: urte osoan leizeetan bizi direnak (haitzulotarrak), urteko garai batzuk soilik pasatzen dituztenak (erdi-haitzulotarrak) eta urte osoan zehar kanpoan bizi direnak (kanpozaleak).
Hainbat adibide:
- Haitzulotarrak
- Kobazulo saguzarra (Miniopterus schreibersi)
- Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale)
- Arratoi-belarria (Myotis myotis)
- Tomes saguzarra (Myotis blythi)
- Erdi-haitzulotarrak
- Ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros)
- Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum)
- Bizar-saguzarra edo (Myotis mystacinus)
- Iparraldeko belarrihandi arrea (Plecotus auritus)
- Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii)
- Kanpozaleak
- Saguzar arrunta (Pipistrellus pipistrellus)
- Gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri)
- Baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus)
Anatomia eta fisiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugaztunen artean saguzarrek oso anatomia bereizgarria azaltzen dute, benetan hegan egiteko gai diren talde honetako bakarrak baitira. Eboluzioan zehar gaitasun hau garatzeko aukera eman dieten ezaugarriak ugariak dira.
Eskeletoa eta hortzeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzarren eskeleto eta hortzeriaren forma aldakorra da espezierik espezie. Saguzar handietan mutur handiagoak, begi orbita handiagoak eta belarri txikiagoak dituzte.[2] Bestalde, saguzar txikiek mutur luzeagoak (nektariboroekin asoziatua) garatu dituzte eta banpiro saguzarrek, aldiz, muturra murriztu dute hortzeriara moldatzeko. Hortz kopurua ere aldakorra da saguzarraren elikadura motaren arabera moldatua. Saguzar txikien hozka-indarra abantaila mekanikoen bidez sortzen da, eta intsektuen kutikula gogortuaren edo frutaren azalean zehar hozka egiteko aukera ematen die.[3]
Hegoak eta hegaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegaldiari euts diezaioketen ugaztun bakarrak dira (beste ugaztun batzuek planeatu bakarrik egin dezakete) eta 160 km/h arteko abiadura lor ditzakete.[4][5] Hatzamarretako hezurrak beste ugaztunenak baino malguagoak dira kaltzio kontzentrazio baxuagoak baitituzte eta hatzamar luzangak izatea ezaugarri garrantzitsua da hegoen garapenerako.[6] Hegaldian hezurrak tolestu eta zizailatu egiten dira; flexio-tentsioak txikiagoak dira lurreko ugaztunen kasuan baino; aldiz, zizailatze-tentsioa handiagoa da. Saguzarren hegoko hezurrek haustura-estresa txikiagoa dute hegaztiek baino.[7] Beste ugaztunenak bezala, eta hegaztienak ez bezala, erradioa da besaurreko osagai nagusia. Saguzarrek bost atzamar luze dituzte, eskumuturraren inguruan. Erpuruak aurrerantz egiten du eta hegalaren aurreko ertza bermatzen du; beste digituek, berriz, hegalaren mintzean bermatzen dute tentsio jarraitua. Bigarren eta hirugarren digituak hegalaren puntan zehar doaz eta hegala arraste aerodinamikoaren aurka bultza dadin ahalbidetzen dute. Laugarren eta bostgarren digituak eskumuturretik azken ertzera doaz eta aireak eragindako flexio-indarra aldaratzen dute, mintz zurrunaren kontra gorantz bultzatuz. Bere artikulazio malguen ondorioz, saguzarrak ugaztun planeatzaileak baino maniobragarriagoak eta trebeagoak dira.[8] Saguzarren hegoak askoz meheagoak dira eta hegaztien hegoak baino hezur gehiago dituzte. Horri esker, saguzarrek azken horiek baino zehaztasun handiagoz maniobra dezakete eta igotze eta arraste gutxiagorekin egin dezakete hegan. Igoeran hegoak gorputzerantz tolesten denez, hegaldian energiaren % 35 aurrezten dute.[9] Hegoen gainazalak ukimenarekiko sentikorrak diren zelula-hartzaileak ditu Merkel-en zelula izeneko protuberantzia txikietan eta protuberantzia bakoitzak ile ñimiño bat du erdian. Horri esker, saguzarrak aire aldakorraz hauteman eta egoki daiteke. Hegan egiteko abiadurarik eraginkorrena kalkulatzea da erabilera nagusia. Saguzar intsektiboroek, halaber, ukipen-ileak erabil ditzakete maniobra konplexuetan laguntzeko eta hegaldian harrapakinak harrapatzeko.[10]
Patagioa, hegoa eratzen duen mintza, beso eta atzamarren hezurretara dago moldatua eta hanka eta buztanera luzatzen da. Ehun konektiboz, zuntz elastikoz, nerbioz, muskulu zuntzez eta odol hodiz osatua dago.[11]
Zentzumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ekolokalizazioa: Ultrasoinuak erabiliz intentsitate desberdineko oihartzunak sortzen dituzte. Irten eta sartzen den oihartzunen arteko intentsitate diferentzia antzemanez, saguzarra inguratzen duen eremuaren irudia sortzeko gai da.[12] Horrela iluntasunean mugi daiteke eta harrapakina detekta, lokaliza eta sailka dezakete. Saguzarrek beren deiak bereizi eta oihartzunak itzul ditzakete denboran zehar. Oihartzunak itzuli aurretik, dei laburrak programatu behar dituzte. Saguzarrek erdiko belarriko muskuluak uzkurtzen dituzte deia egiten dutenean, gorreria saihesteko. Deiaren eta oihartzunaren arteko denbora-tarteak muskulu horiek erlaxatzeko aukera ematen die, itzultzen den oihartzuna entzun ahal izateko.[13] Itzulera-oihartzuna atzeratzen denez, saguzarrak bere harrapakinaren irismen maila estimatzen du.[14] Are gehiago, saguzarren belarriak sitsa eta bestelako artropodo lurtarren soinuekiko sentikorrak dira eta erraz antzeman ditzakete.[15]
- Ikusmena: Saguzar txiki gehienen begiak txikiak eta gutxi garatu dira eta, ondorioz, ikusmen urria dute (baina ez dira itsuak). Mesopikoak dira, hau da, maila baxuko argia soilik detekta dezakete eta orientaziorako erabiltzen dute; ekolokalizazioa irismen baxukoa da eta inguruan hurbil dituzten objektuak bakarrik detekta ditzakete.[4] Saguzar handiek, bestalde, ikusmen garatua dute eta egun zein gauean erabiltzen dute; halaber koloreak bereiz ditzakete.[16]
- Termoerregulazioa: Espezie gehienak homeotermoak dira (badira salbuespenak).[17] Hegoak baskularizaturik daudenez, bero galera handiak dituzte irekita dituztenean eta horregatik, atsedenaldian hegoak bildu egiten dira kanpo-azalera murrizteko eta bero galerak minimizatzeko. Metabolismoari dagokionez saguzar txikiek handiek baino tasa-metaboliko altuagoa dute eta hori dela eta proportzionalki janari gehiago irentsi behar dute.[18]
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzarrek habitat guztietan betetzen dituzte nitxo ekologikoak, eskualde polarretan, ozeanoetan eta mendi garaietan izan ezik. Nitxo eta habitat hauek espeziearen eta urte-sasoiaren arabera alda daitezke. Saguzarren elikadurari dagokionez gehienbat intsektiboroak izaten dira, baina bestelako estrategiak ere badituzte. Esate baterako, badira nektariboroak, poliniboroak, hematofagoak, frugiboroak eta bestelako ornodunen harrapakariak diren espezieak. Bestalde, batzuk estenofagoak dira (elikagai gutxi batzuez elikatzen dira) eta beste batzuk, ordea, jaki ugariez elika daitezkeen omniboroak. Oro har, saguzarrak gautarrak izaten dira eta egunez kobazulo, pitzadura, eraikin edota aire zabalean atseden hartzen dute. Espezie batzuk bakartiak izaten dira, baina kolonia handietan ere batzen dira (Handienak 50 milioi banakokoak izaten dira). Saguzarren ugalketari dagokionez bibiparoak dira, ugaztunetan ohikoa izaten den moduan.[19]
Bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzarrek 12 hilabeteekin lortzen dute heldutasun sexuala eta, euren arteko erlazioei dagokienez, batzuk poligamoak dira eta jokabide promiskuoa dute. Beste espezie batzuetan, aldiz, monogamia gailentzen da. Eskualde epeletan bizi diren espezieetan, ernalketa urte-sasoiaren arabera gertatzen da eta gehienetan hibernazioa hasi baino lehen jazotzen da. Eremu tropikaletan bizi diren taldeetan, aldiz, ernalketa ez dator bat sasoiarekin. Eskualde epeletako espezieen jokabide hau baliagaien eskuragarritasunarekin dago lotuta, eta honek jaioberrien biziraupena bermatzea izaten du helburu, euren mantenua ziurtatzen baitu.[20]
Urtean zehar modu honetan garatzen da euren jarduera:
- Udazkena: kiropteroak bitarteko edo aldiuneko biziguneetan hartzen dute aterpe. Hibernazio garairako koipe erreserba ugaria behar dutenez, asko ehizatzen dute. Ugaldu ere udazkenean egiten dira.
- Negua: intsektujaleak diren saguzarrek (Europako guztiek, beraz) hibernazioa egiten dute neguan, janari eskasiak bultzaturik. Hibernazioa azaro erditik goiti hasten da eta beti tenperatura berdina duten toki lasai, heze eta ilunak hautatzen dituzte (lurpeko harrobiak, harpeak, leizeak...). Sabaitik eskegita hibernatzen dute, paretetan finkatuak edo haien gorputza harriarekin kontaktuan egoteko aukera ematen dieten tarte estuetan bestela. Hibernazio edo negutze garaian, bihotzaren taupadak geldotu egiten zaizkie (450 taupadatik 20 taupadara pasatuz), arnasaldiak moteldu egiten dira eta batzuetan ordu bateko arnas gelditzeak gertatzen dira. Horrez gain, gorputzaren tenperatura apaldu egiten da. Espezie batzuetan, indibiduoak batak besteen kontra tinko-tinko jartzen dira berotasun jaitsiera mugatzeko (termo erregulazio soziala esaten zaio) eta multzo bereizgarriak osatzen dituzte. Negutze erdian esnatuz gero, haien bizia arriskutan jartzen dute energia xahutze handia suposatzen duelako horrek. Hori dela eta, esku-argiekin argitzea, mugikorrak erabiltzea, oihukatzea edo mugimendu bortitzak egitea kaltegarria da saguzar koloniarentzat. Bestalde, udazkenetik, emeek arren esperma beren barnean gordea dute.
- Udaberria: martxo aldera, gauenarak ehizan eta aldiuneko aterpeetan bizitzen hasten dira berriz. Ernaldia orduan hasiko da eta 55-75 eguneko iraupena izango du espezieen arabera.
- Uda: ekainetik goiti, emeak erditze-kolonietan biltzen dira (adibidez, Sarako leizeetako gaineko galeria beroetan), arrak bazter utzita. Ekain amaieran eta uztaila hasieran, emeak kume bakar batez erditzen dira (saguzar arruntak eta gau-saguzarrak izan ezik, horiek bikiak izan baititzakete). Sortzean, txikia amaren hegalei atxikia da; amak plazenta jaten du, eta zilbor-hestea mozten. Ondoren, emeak kumea milikatzen du, eta kumeak txilio indartsua botatzen du, etorkizunean ama errazago aurkitzeko. Edoskitzeak hilabete irauten du gutxi gorabehera.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzarrak bibiparoak dira eta euren garapen enbrionarioa motela izaten da (oro har 3-6 hilabetetakoa). Euren ugal-arrakasta areagotzeko, saguzarrek hainbat ezohiko estrategia garatu dituzte. Horien artean honakoak aipatzekoak dira: atzeratutako obulazioa, enbrioiaren sorgorraldia eta espermaren biltegiratzea. Laburbilduz, estrategia hauek guztiek ernaldiaren epeen moldapena ahalbidetzen dute, kumeen jaiotzea ahalik eta momentu aproposenean eman ahal izateko.[20]
Bizi-itxaropena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzarrak tamaina antzeko ugaztunak baino hiru eta erdi aldiz luzeago bizi dira. Espezie batzuk hogeita hamar urtez bizi daitezke aske daudenean. Ezaugarri hau azaltzeko hipotesi batek honakoa dio: saguzarrek hibernazioan zehar euren metabolismoa geldotzen dute eta honi esker lortzen dute bizitza luzatzea. Izan ere, hibernatzen duten saguzarrek hibernatzen ez dutenek baino bizitza luzeagoak dituzte oro har. Beste hipotesi batek dio hegan egiteko ahalmenak euren mortalitatea murrizten duela, hegaztiekin eta ugaztun planeatzaileekin gertatzen den moduan. Bestalde, kume ugari izaten dituzten saguzar-espezieek batezbesteko bizi-itxaropen laburragoa izaten dute, eta kobazuloetan bizi direnek biziraupen luzeagoa dute, bertan predazioa ez baita hain handia.[21][22][23]
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestelako elikadura ereduak badituzte ere, gutxi gorabehera saguzarren % 70 intsektujaleak dira (halakoxeak ditugu Europako espezie guztiak); eta beste gehienak, fruitujaleak. Oso espezie gutxi dira haragijaleak. Intsektujale direnek, harrapakinen alde gogorrak bota egiten dituzte, eta usu saguzar kolonia baten pean horrelako hondakinak ageri dira.
Ehizatzeko eta mugitzeko ekolokazioa edo ekokokapena deitzen den sonar sistema natural bat baliatzen dute. Kiropteroak ultra-soinuak bidaltzen ditu ahotik edo, espezie batzuen kasuan sudurretik (Ferra-saguzar handiak, adibidez). Uhin horiek inguruko objektuetan islatzen dira atzera gauenararen belarrietara itzuliz; honek hiru-dimentsiotako mapa bat sor dezake bere buruan uhinek itzultzeko behar izan duten denbora distantziak neurtzeko erabiliz. Saguzarrek sortutako ultrasoinu horiek ez dira entzungarriak gizakiarentzat, eta espezieen arabera iraupena eta frekuentzia aldatu egiten da. Halere, gai dira gizakiak entzun ditzakeen moduko soinuak eta garrasitxoak sortzeko, baina horien helburua arrunt ezberdina da (kexazko oihu sozialak, plazerezkoak, ama eta umearen artekoak, oldarkorrak, defentsazkoak, limurtzaileak eta abar). Harrapakina ehizatzeko ahoa erabiltzen dute edo, bestela hegoak, salabardoak bezala. Ehiza eremuak 3 kilometrotik 25 km-ra heda daitezke, espeziearen arabera. Saguzar batek 3000 intsektu harrapa ditzake gau bakar batean; arratoi-belarriak kilo 1 intsektu inguru harrapatzen du martxoa eta azaroa artean.
Ehiza moduak espeziearen arabera aldatzen dira:
- Hegaldi zuzen edo zirkular moduko ehiza eta intsektuen harrapaketa 10 m-tik 25 m-ra zuhaitzen adaburuen gainetik.
- Ur gaineko arraseko hegaldi moduko ehiza.
- Intsektuen ehiza lurrean, bazka-pentzeetan (bazka-larreetan).
- Sega-belardietako belar goretako intsektu-bilketa, mendi-labarretan edo karriketako argien inguruan ere egin dezaketena.
Espezie ezberdinek ehiza-eremu eta harrapakin ezberdinak dituztenez, ez dute elkarrekiko lehiarik. Harrapakin mota ugariek erabilitako eremu naturalen aniztasuna erakusten digute: kakalardoak, eltxoak, euliak, gaueko tximeletak, armiarmak, matxinsaltoak...
Hibernazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde epeletan bizi diren saguzar-espezieek neguan hibernatzen dute, tenperatura baxuak eta elikagai eskasia saihesteko. Fase honetan zehar euren gorputz-tenperatura eta tasa metabolikoaren murrizpena ahalbidetzen dizkieten hainbat aldaketa fisiologiko gertatzen dira animalia hauen baitan. Latitudean gora egin ahala hibernazio-egoera hauen luzeera handiagoa izaten da.[24] Egoera honetarako prestatzeko, udazken edo uda bukaeran zehar elikagai kantitate handiak irensten dituzte elikagai-erreserbak sortzeko. Horren ondorioz, euren pisua handitzen da eta azalaren azpian gantz-metaketa handiak garatzen dituzte. Hauek begi bistan ikus daitezke eta animaliaren pisu osoaren herena izan daitezke.[19][24] Behin hibernazio-egoeran sartu direla, saguzarrak tarteka esnatzen dira, hondakinak kanporatzeko eta modu honetan euren gorputzen oreka fisiologikoa berrezartzeko, edota beste toki batera mugitzeko. Oro har, hibernatzeko orduan, saguzarrek leku hezeak aukeratzen dituzte, lurrunketa bidez galtzen duten ur-kopurua murrizteko eta esnaldi bakoitzaren artean igarotzen den tartea ahalik eta gehien luzatzeko. Horrez gain, hibernatzeko gai diren espezieak edozein momentutan sar daitezke antzeko atseden-egoera batean elikagai nahikorik eskuratzen ez dutenean, baina kasu hauetan euren gorputz-tenperatura hibernazioan zehar baino askoz ere altuagoa izaten da.
Arriskuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saguzarrak galzorian daude eta, horregatik, babestutako animaliak dira. Hauek dira kiropteroek izaten dituzten arrisku nagusiak:[1]
- Gai toxikoak: tratamendurako produktuak irensteak norbanako zein kolonia oso batzuen heriotza eragin lezake. Animaliak pestizidek edo/eta ongailu kimikoek intoxikatutako intsektuak jatean, pozoia gantzean edo amaren esnean geratzen da. Hori dela eta, batez ere hibernazio-garaian (haien koipea soilik kontsumitzen dutenean) eta edoskitze-garaian (amaren pozoitutako esnea edaten dutelarik) hiltzen dira gauenarak. Bestalde, behiei ematen zaizkien zizareen aurkako botikak, digestio aparatuan dauden parasitoak akatzen dituztenez, behi kakan aurkitzen da eta saguzarrek jaten dituzten intsektuak kutsa litezke.
- Behar ez denean iratzartzea: neguan edo egunez esnatuz gero, energia xahutzeak kiropteroa asko nekatzen ditu, eta heriotza eragin diezaioke.
- Biziguneetako zuloak ixtea: eraikuntza zaharren berrikuntzak, irekidurarik nahiz sotorik ez duten eraikin modernoak garatzean eta ganbarak edo ganerrak logela bihurtzean saguzarrei usaian erabiltzen dituzten eremuak kendu zaizkie (teilatupeak, eliz dorreak, ganbarak, zubiak...). Meatze eta harrobien lurpeko zatiak segurtasunagatik ixten dituztenean, haitzulotar espezieek bizitokia galtzen dute. Era berean, zuhaitz zaharrak eta basoak mozteak zuhaitzetan bizi diren saguzarrei bizilekua kentzen die.
- Ingurumenaren aldaketa: intsektuentzat lagungarri diren biotopoen desagertzeak (hesiak, eremu hezeak, zuhaiztiak...) saguzarrei beharrezkoa zaien janari iturria murrizten du. Erretxina duten landareak eta zuhaitzak landatzeak eragin bera du.
- Gaixotasunak: kalte gehien sortzen dutenen artean, sudur zuriaren sindromea nabarmentzen da. Gaitz honek milioika saguzar hiltzen ditu urtero Ipar Amerikan eta Pseudogymnoascus destructans onddoarekin dago erlazionaturik.[25][26]
- Harrapariak: etxeko katuak, katajineta arruntak eta hontzak, besteak beste, baina oso gertakari ezohikoa da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) Ana Galarraga: "Nerea Vallejo López, zoologoa: "Saguzarrek berezko balioa dute", Bilbao aldizkaria. 2024/06, 26. or..
- ↑ Fleming, Theodore H.. (2003). A bat man in the tropics : chasing El Duende. Berkeley : University of California Press ISBN 978-0-520-23606-6. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Senawi, Juliana; Schmieder, Daniela; Siemers, Bjorn; Kingston, Tigga. (2015). «Beyond size – morphological predictors of bite force in a diverse insectivorous bat assemblage from Malaysia» Functional Ecology 29 (11): 1411–1420. doi: . ISSN 1365-2435. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ a b «The nature of flight» EMBO reports 8 (9): 811–813. 2007-09-01 doi: . ISSN 1469-221X. PMID 17767190. PMC PMC1973956. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ McCracken, Gary F.; Safi, Kamran; Kunz, Thomas H.; Dechmann, Dina K. N.; Swartz, Sharon M.; Wikelski, Martin. «Airplane tracking documents the fastest flight speeds recorded for bats» Royal Society Open Science 3 (11): 160398. doi: . PMID 28018618. PMC PMC5180116. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Sears, Karen E.; Behringer, Richard R.; Rasweiler, John J.; Niswander, Lee A.. (2006-04-25). «Development of bat flight: Morphologic and molecular evolution of bat wing digits» Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (17): 6581–6586. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 16618938. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Kirkpatrick, S J. (1994-05-01). «Scale effects on the stresses and safety factors in the wing bones of birds and bats.» Journal of Experimental Biology 190 (1): 195–215. doi: . ISSN 0022-0949. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Pennycuick, C. J.. (2008-08-23). Modelling the Flying Bird. Elsevier ISBN 978-0-08-055781-6. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Riskin, Daniel K.; Bergou, Attila; Breuer, Kenneth S.; Swartz, Sharon M.. (2012-08-07). «Upstroke wing flexion and the inertial cost of bat flight» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 279 (1740): 2945–2950. doi: . PMID 22496186. PMC PMC3385481. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Sterbing-D'Angelo, Susanne; Chadha, Mohit; Chiu, Chen; Falk, Ben; Xian, Wei; Barcelo, Janna; Zook, John M.; Moss, Cynthia F.. (2011-07-05). «Bat wing sensors support flight control» Proceedings of the National Academy of Sciences 108 (27): 11291–11296. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 21690408. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Bats (Chiroptera) as vectors of diseases and parasites : facts and myths. 2014 ISBN 978-3-642-39333-4. PMC 862223885. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ SUTHERS, RODERICK A.; FATTU, JAMES M.. (1973-11). «Mechanisms of Sound Production by Echolocating Bats» American Zoologist 13 (4): 1215–1226. doi: . ISSN 0003-1569. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Teeling, Emma C.. (2009-07-01). «Hear, hear: the convergent evolution of echolocation in bats?» Trends in Ecology & Evolution 24 (7): 351–354. doi: . ISSN 0169-5347. PMID 19482373. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Müller, Rolf. (2004-12-01). «A numerical study of the role of the tragus in the big brown bat» The Journal of the Acoustical Society of America 116 (6): 3701–3712. doi: . ISSN 0001-4966. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Pavey, Chris R.; Burwell, Chris J.. (1998). «Bat Predation on Eared Moths: A Test of the Allotonic Frequency Hypothesis» Oikos 81 (1): 143–151. doi: . ISSN 0030-1299. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Wang, D.. (2003-08-29). «Molecular Evolution of Bat Color Vision Genes» Molecular Biology and Evolution 21 (2): 295–302. doi: . ISSN 0737-4038. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Nowack, Julia; Stawski, Clare; Geiser, Fritz. (2017-07-01). «More functions of torpor and their roles in a changing world» Journal of Comparative Physiology B 187 (5): 889–897. doi: . ISSN 1432-136X. PMID 28432393. PMC PMC5486538. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Altringham, John D.. (2011). Bats : from evolution to conservation. (2nd ed. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-154872-7. PMC 834143776. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ a b Natura : enciclopedia de los animales. Orbis 1986-1988 ISBN 84-7634-548-8. PMC 806452728. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ a b (Ingelesez) Wund, Matthew; Myers, Phil. «Chiroptera (bats)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Turbill, Christopher; Bieber, Claudia; Ruf, Thomas. (2011-11-22). «Hibernation is associated with increased survival and the evolution of slow life histories among mammals» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 278 (1723): 3355–3363. doi: . PMID 21450735. PMC PMC3177628. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Wilkinson, Gerald S.; South, Jason M.. (2002). «Life history, ecology and longevity in bats» Aging Cell 1 (2): 124–131. doi: . ISSN 1474-9726. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Gager, Yann; Gimenez, Olivier; O’Mara, M. Teague; Dechmann, Dina K. N.. (2016-01-15). «Group size, survival and surprisingly short lifespan in socially foraging bats» BMC Ecology 16 (1): 2. doi: . ISSN 1472-6785. PMID 26767616. PMC PMC4714502. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ a b Arthur, Laurent. (1999). Les chauves-souris, maîtresses de la nuit : description, biologie, moeurs, observation, protection .... Delachaux et Niestlé ISBN 2-603-01147-2. PMC 43682599. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ «USGS National Wildlife Health Center» web.archive.org 2019-09-30 (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
- ↑ Lorch, Jeffrey M.; Meteyer, Carol U.; Behr, Melissa J.; Boyles, Justin G.; Cryan, Paul M.; Hicks, Alan C.; Ballmann, Anne E.; Coleman, Jeremy T. H. et al.. (2011-10-26). «Experimental infection of bats with Geomyces destructans causes white-nose syndrome» Nature 480 (7377): 376–378. doi: . ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2021-11-02).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- [1] "Nerea Vallejo López, zoologoa: "Saguzarrek berezko balioa dute", Bilbao aldizkaria. 2024/06, 26. or.