Oxirrinko
Oxirrinko (Ὀξύρυγχος grezieraz) egiptoerazko Per-Medyeden izen greziartua da, Goi Egiptoko XIX. nomoko antzinako hiri bat, egungo البهنسا (El-Bahnasa arabieraz, Minia probintzian), Kairotik 160 kilometro inguru hego-mendebaldera dagoena, Bahr-Yusef edo Joseren Kanalaren ezkerraldeko ertzean.

Inguru horretan, aztarnategi arkeologiko garrantzitsu bat dago, Napoleonekin batera, Egiptora espedizio militar eta zientifikoan joandako aditu Vivant Denonek identifikatua hasieran (1799-1802).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai helenistikoan, eskualde hiriburu garrantzitsu bat zen, Egiptoko hirugarren hiririk handiena. Egipto kristautu ondoren, bere eliza eta monasterio ugariengatik ospetsu izan zen. Hiriak munta mantendu zuen erromatar eta bizantziar garaian, pixkana-pixkana gainbehera joan zen arren. Arabiarrek 641ean Egipto inbaditu ondoren, hiria utzia izan zen, bere beharra zuen kanalaren zaintza faltaren ondorioz.
Aztarnategi arkeologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Vivant Denonek hondakinen marrazkiak argitaratu zituen, ohorezko zutabe baten ikuspegia nabarmenduz (Denon 1802). Aztarnategia ez zen berriz esploratu 1897 arte, S. P. Grenfellek eta S. Huntek papiro bila indusketa kanpaina hasi zuten arte: milaka eta milaka aurkitu zituzten (gehienak grezieraz idatziak) eta Ingalaterrara eraman. Oxyrrinchus Papyri izenaz argitaratu ziren.
Aztarnategia 1920ko hamarkadan induskatu zuen Flinders Petriek, eta antzokia eta hilobi batzuk aurkitu, Fokas bizantziar enperadoreari eskaintza bat zeraman ohorezko zutabe bat eta kolomadi bat dokumentatu zituen. Aztarnategiaren kokapen planoa ere egin zuen.
Oxirrinkoko aztarnategiaren suntsipena gero eta azkarrago zihoan: harriak atera, zatitu eta kare bihurtzen ziren; halaber, papiroak eta balio arkeologikoko beste objektu artistiko batzuk antigoaleko gauzen azokan saltzen ziren (Petrie 1925).
1930eko hamarkadan, Evaristo Brecciak indusketa gehiago egin zituen Alexandriako Museoarentzat. Ondoren, aztarnategi arkeologikoa ia erabat utzia geratu zen, eta urte askotan zehar, legez kanpoko espoliatzaileek eginiko aurkikuntzei buruzko berriak baino ez daude.
1992an, Egiptoko Antigoaleko Gauzen Zerbitzuak eta Bartzelonako Unibertsitateak Oxirrinkon lan arkeologikoak egiteko elkarlanean aritzea adostu zuten, Josep Padrók zuzendurik, Mahmud Hanza elkarzuzendari arituta.
Oxirrinko arraina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egiptoar tradizioaren arabera, oxirrinko arraina hiri horri lotuta zegoen. El-Fayumen animalia sakratutzat hartzen zen. Uste zenez, Osirisen zaurietatik sortu zen. Heliopoliseko teologiaren arabera, oxirrinko arrainak Osirisi zakila jan zion, haren anaia Sethek zakila moztu ondoren. Horrela, grekoerromatar garaian, jainkoarenganako errespetuagatik ez zen arrainik jan behar. Behi adar, uraeusa eta eguzki diska batek osatutako buruko batekin irudikatzen zen.
Dokumentazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Padró, Josep: Excavaciones en Oxirrinco (Oxirrinkoko Kataluniar-Egiptoar misio bateratuaren zuzendaria)