Mizenas
Mizenas eta Tirinto Arkeologia Guneak1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | i, ii, iii, iv, vi |
Erreferentzia | 941 |
Kokalekua | Grezia |
Eskualdea2 | Europa eta Ipar Amerika |
Koordenatuak | 37°43′51″N 22°45′22″E / 37.730833°N 22.756111°E |
Izen ematea | 1999 (XXIII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Mizenas[1] (grezieraz Μυκῆναι Mykênai) greziar zibilizazioaren gune nagusienetako bat zen K.a. 2. milurtekoan, Greziako mendebaldearen zati handi bat domeinatzen zuen gotorleku militar bat. K.a. 1600 eta K.a. 1100 artean dagoen greziar historiaren garaiari mizenastarra deritzo, garai horretan Mizenas nagusi izatearen ohoretan. Nabarmendu beharrekoa da garai honetako biztanleek, euren buruari, akaiar deitzen ziotela, eta Greziar Heroikoak dira.
Tokia, gaur egun aztarnategi arkeologikoa, Atenasetik 90 kilometro hego-mendebaldera dago, Peloponeso penintsularen ipar-ekialdean. Garai historiko honetako arrastoak aurkitu dira Tirinto, Pilos, Orkomeno, Iolko eta Glan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mizenasko akropolia edo "hiri garaia", uste denez, gotortua izan zen jada K.a. 1500ean, garai horretan dataturiko korridore hilobiek adierazten duten bezala.
K.a. 1350 inguruan, akropoliko muinoko eta beste hurbileko muino batzuetako gotorlekuak, ziklopearra deritzon estilo batean berreraiki ziren. Estilo honen izenaren zergatia, erabili ziren harri blokeen tamaina zen. Hain handiak ziren, ezen geroagoko garaietan, Ziklope zeritzen begi bakarreko erraldoien lanaren fruitu zirela uste izan zen. Harresien atzean, oraindik horien zatiak ikus daitezkeenak, jauregi monumentalak eraiki ziren.
Geroagoko garaietan, mizenastarrek alde batera utzi zituzten korridore hilobiak eta euren erregeak tholoi deritzen hilobi zirkular handietan lurperatzen hasi ziren, sarri, muinoen magalean. Handiena, Heinrich Schliemann arkeologo alemaniarrak aurkitu zuen, 1876an eginiko indusketetan. Askoz lehenago arpilatua, ez zen hilobia zela ohartu, eta Atreoren altxorra izena jarri zion.
Geroagoko aurkikuntzek, Mizenasen, K.a. 3. milurtekotik jendea bizi zela adierazi dute, zibilizazio aurrehelenikoko jendea.
Mizenastar bizitzan eragin handia zuen erlijioak: geroagoko greziar panteoia, garai hauetan eratzen hasten da, greziarrek ekarritako jainko indoeuroparrekin: Zeus, Hera, Poseidon, Artemisa, Atenea, Hermes, Ares eta Dioniso. Santutasuna eta hildakoekiko beldurra adibideak dira, giza sakrifizioak egiten zizkieten jainkoei, Piloseko taulatxoen arabera, dena dela, dirudienez, errez identifika daiteke zibilizazio minoikoko Jainkosa Ama Handia, Potnian berpiztua, da-pu-ri-ti-jo (Labirintoko dama) tituluarekin.
Lehoien Atea, Mizenasko eraikinik ezagun eta bereizgarriena da, eta K.a. 1250 inguruan eraikia izan zen. 3 metro inguruko garaierako bi lehoi arrapala irudikatzen ditu. Garai horretan, Mizenas hiri oparoa zen, bere botere politiko, militar eta ekonomikoa, Kreta, Pilos (Peloponeso mendebaldean), Atenas eta Tebasera hedatzen zelarik.
Baina, K.a. 1200ean, botere hau beherantz joaten hasi zen, eta, azkenik, deuseztua geratu zen doriarren ustezko inbasio baten ondoren. Tisameno, Mizenasko azken erregea, bere tropen buru hil zen gatazkan zehar. Dena dela, gaur egun, historialari batzuk, zalantzan jartzen dute inbasio hori benetan gertatu izana.
Mizenastar boterearen oroitzapenak, greziarren buruan jarraitu zuen hurrengo mendeetan zehar, eta Aro Iluna bezala ezagutzen zen. Homerori emandako Iliada eta Odisea olerki epikoek, mizenastar garaiaren oroitzapena mantendu zuten. Olerki horietan, Agamemnon, Mizenasko erregea, greziarren buruzagi bezala agertzen da Troiako Gerran.
Garai klasikoaren hasieran, Mizenas berriz populatua izan zen, lehenago izan zuen garrantzia berreskuratu ez zuen arren. Mizenasek, Termopiletako gudua eta Plateako guduan borrokatu zuen Mediar Gerratan.
K.a. 468an, Argoseko tropek Mizenas garaitu eta bere biztanleak kanporatu zituzten.
Heleniar eta erromatar garaian, Mizenasko hondakinak, ikuskizun turistikoa ziren, gaur egun diren bezalaxe, eta herri txiki bat hazi zen "merkataritza turistikoa" probesteko. Baina, Erromatar Inperioaren azken garaietan, tokia utzia izan zen.
Indusketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mizenasen lehen indusketak, Pittakis arkeologo greziarrak egin zituen, 1841ean, Lehoien Atea aurkitu eta berrituz. 1874an, Heinrich Schliemannek, tokira iritsi eta indusketa osoago bat egin zuen. Schliemannek, Homeroren istorioak benetakotzat hartzen zituen, eta, beraz, liburu horietan oinarritu zen bere indusketetarako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ "Mizenas" era arautua Antzinateko hirien euskarazko izenak 147. arauan
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gizateriaren Ondarea Grezian | ||
---|---|---|
Atenasko Akropolia • Vergina • Korfu • Delos • Delfos • Epidauro • Mizenas eta Tirinto • Mistra • Olinpia • San Juan Teologoaren monasterioa eta Apokalipsiaren leizea • Dfniko monasterioa • Hosios Loukas • Nea Moni • Meteora • Athos mendia • Tesalonikako paleokristau eta bizantziar monumentuak • Pitagoreion eta Samosko Heraion • Rodasko hiri zaharra • Bassae |