Mari Kiviniemi
Mari Johanna Kiviniemi (Seinäjoki, 1968ko irailaren 27a - ) Finlandiako Lehen Ministroa izan zen, herrialdeko 63.a. Herrialdeko bigarren emakume lehen ministroa da eta gaztetatik, 1995etik Finlandiar Legebiltzarreko parlamentaria da. Gainera, finlandiar erakunde garrantzitsutako batzordetan izan da; hala nola, SITRAn, Finlandiako Opera Nazionalan, Nuori Suomi, Save the Children eta Ilkka-Yhtymän.
Seinäjoki hirian jaio zen, Hego Ostrobotniaren erdialdean, baina landa-herrian hezi zen gurasoak agronomoak baitzituen. Helsinkiko Unibertsitatean Gizarte-zientzietako masterra egin ondoren, gutxinaka, politikarantz hurbiltzen hasi zen eta Zentroko Ikasle Batasuneko idazkari nagusia izan zen. Eduskunta edo Finlandiar Legebiltzarrean lehenbizikoz 1995. urtean sartu zen eta ordutik, hainbat kargu eskuratu ditu. Matti Vanhanen lehen ministro ohiaren ekonomia aholkularia izan zen eta Kanpo Merkataritza eta Sustapeneko ministroa 2005 eta 2006 artean, Barne ministroa 2007an eta Herri Administrazio eta Toki Gobernuko ministroa (2007 eta 2010 artean) izan zen 2010ean Matti Vanhanenek kargua utzi eta Zentroko Alderdiak Lehen Ministro izendatu zuenean.
Kiviniemiren gobernuak egonkortasuna duen arren, karguaren aurreneko egunetan liskarra izan zuen Suediar Alderdiko Stefan Wallin Kultura eta Koalizio Nazionaleko Henna Virkkunen Hezkuntza ministroekin lehen ministroak proposatutako hizkuntza-politika berria zela-eta.
Haurtzaroa eta Ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kiviniemi 1968ko irailaren 27an jaio zen Seinäjokin, Finlandiako Hego Ostrobotnia eskualdearen erdialdean dagoen hirian. Landa-giroan hezi zen eta aita Antti Toivo Iisakki Kiviniemi eta ama Kaija Maija Vihinen ingeniari agronomoak dira; zehazki, oilo-zaintzan ziharduten alaba jaio zenean. Herrigunetik nahiko urrun bizi ziren arren, Jalasjärvi udalerriko eskolara joan zen eta nerabezaro garaian ere, urtebete pasa zuen Alemanian institutuen arteko ikasle-truke progama batean.
Oinarrizko ikasketak amaitu ostean, Helsinkiko Unibertsitatean matrikulatu zen 1988. urtean eta Ekonomia ikasteari ekin zion. Gizarte-zientzietako masterra egin ondoren, gutxinaka, politikarantz hurbiltzen hasi zen. Norden gazte-elkartean sartu zen, gobernuz kanpoko eta eskandinaviar herrialdeen arteko kooperazio bultzatzen duen elkartean, eta Ostrobotnia aldeko presidenteorde izan zen 1990etik 1992ra [1].
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreneko karguak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kiviniemi ikasle garaian sartu zen Zentroko Alderdian eta 1990 eta 1991 bitartean Zentroko Ikasle Batasuna gazte-erakundeko idazkari nagusia izan zen. Ikasketak amaitu baino lehen, gainera, 1991eko hauteskunde orokorretara aurkeztu zen, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu Vaasako hauteskunde-barrutian. Masterra bukatu eta urtebetera berriz aurkeztu zen, eta oraingoan bai, 1995eko hauteskunde orokorretan eserlekua lortu zuen Eduskunta edo Finlandiar Legebiltzarrean. Urte horretan ere, erakundetan lehenbiziko postuak eskuratzen hasi zen; VR Group erakundearen Zaitza Kontseiluan izan zen 1995etik 1997ra, ondoren, Leonian izan zen hiru urtez, eta milurtea, azkenik, Lännen Tehtaat elikagaigintzan diharduen enpresan bukatu zuen [2][3].

2003an bere ibilbideak gorako jauzia izan zuen. Ikerketa eta Sustapenaren Finlandiar Fondo Nazionaleko edo SITRAko batzordearen kide bihurtu zen (2005 arte) eta ondoren, Zentroko Alderdiaren hiru presidenteordetzatako bat eskuratu zuen. 2004ean, bestalde, Finlandiako Opera Nazionala batzordeko kide bihurtu zen eta aurreneko aldiz gobernuan parte hartu zuen, Matti Vanhanen orduko lehen ministroaren ekonomia aholkularia izan zen bi urtez. Gorako postutarantz igotzen hasi zen eta hurrengo urtean, Helsinkiko Udalbatzan eserlekua lortu eta Paula Lehtomäki alderdikidearen amatasun-baja baten eskutik Kanpo Merkataritza eta Sustapen ministerioko buru bihurtu zen. Postuak eskuratzen hasi zen eta Lehtomäkiren amatasun-baja bukatu zenean, gobernuz kanpoko hiru erakunde garrantzitsutan sartu zen, gazteak mugiaraztea helburu duen Nuori Suomi edo Finlandia Gaztea elkartearen buruzagitzan, Ilkka-Yhtymä aholku-batzordean eta Save the Childrengo finlandiar batzordean [4].
Matti Vanhanenek bere bigarren gobernuan Kiviniemiren aldeko apostua egin eta Herri Administrazio eta Toki Gobernuko ministroa izendatu zuen. Postu hau, 2010eko ekainaren 22an Finlandiako Lehen Ministro izendatu zuten arte mantendu zuen.
Alderdi-buruzagitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010eko urtarrilaren 22an Vanhanen lehen ministroak kargua utziko zuela adierazi zion Zentroko Alderdiari eta Kiviniemik bere hautagaitza aurkeztu zuen apirilean jabe gabeko eserleku hau betetzeko. Honela, Zentroko Alderdiko burua bihurtu zen ekainean egin zen Lahtiko batzarrean eta %57 aldeko botoekin Mauri Pekkarinen kidea garaitu zuen. Ondorioz, Finlandiako Lehen Ministroa bihurtu zen ekainaren 22an, herrialdeko bigarren emakume lehen ministroa Anneli Jäätteenmäki ondoren [5].
Gobernuburua 2010-
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Finlandiako Gobernua | ||
---|---|---|
![]() | ||
██ Kesk. | Mari Kiviniemi | Lehen Ministroa |
██ Kok. | Jyrki Katainen | Finantza eta Lehen Ministro ordea |
██ Kok. | Alexander Stubb | Kanpo Harremanak |
██ Kesk. | Paavo Väyrynen | Kanpo Merkataritza eta Sustapena |
██ Vihr. | Tuija Brax | Justizia |
██ Kok. | Anne Holmlund | Barnea |
██ RKP | Astrid Thors | Inmigrazioa eta Europar Arazoak |
██ Kok. | Jyri Häkämies | Defentsa |
██ Kesk. | Tapani Tölli | Herri Administrazioa eta Toki Gobernua |
██ Kok. | Henna Virkkunen | Hezkuntza |
██ RKP | Stefan Wallin | Kultura eta Kirola |
██ Kesk. | Sirkka-Liisa Anttila | Nekazaritza eta Basogintza |
██ Kesk. | Anu Vehviläinen | Garraioa |
██ Kok. | Suvi Lindén | Komunikazioa |
██ Kesk. | Mauri Pekkarinen | Ekonomia |
██ Vihr. | Anni Sinnemäki | Lana |
██ Kesk. | Juha Rehula | Osasuna eta Gizarte-zerbitzuak |
██ Kok. | Paula Risikko | Gizarte-arazoak |
██ Kesk. | Paula Lehtomäki | Ingurumena |
██ Kok. | Jan Vapaavuori | Etxebizitza |
Gobernuaren buru berri bihurtu zen arren, Vanhanenen bigarren gobernua ia bere osotasunean mantendu zuen. Zentroko Alderdiarekin batera gobernua osatzen duten gainontzeko alderdiek, Koalizio Nazionalak, Suediar Alderdia eta Liga Berdeak, bere izendapena onartu eta babestu zuten. Hala ere, handik gutxira, hainbat arazo izan zituen Kiviniemik egindako proposamen baten kontura Suediar Alderdiko Stefan Wallin Kultura eta Koalizio Nazionaleko Henna Virkkunen Hezkuntza ministroekin.
YLE telebista-kateko saio batean Errusia eta Finlandiaren arteko harremanaren garrantziaz hitz egiten ari zela, errusierak herrialdean geroz eta presentzia handiagoa izan behar zuela aldarrikatu zuen. Horretarako, Ekialdeko Finlandiako eskoletan, alegia, Errusiar mugatik gertu eta ama-hizkuntza suediera duen herritarrik ia ez duten udalerritako eskoletan, suedieraren ordez, zazpigarren mailan errusiera sartzeko edo behintzat gurasoek aukera izateko proposamena egin zuen. Stefan Wallin Kultura eta Henna Virkkunen Hezkuntza ministroek aurka egin zioten eta suediera herrialdeko hizkuntza ofizialetako bat dela eta irakatsia izan behar duela argudiatu zuten. Oposizioko alderdiek ere antzeko jarrera erakutsi zuten eta Tarja Halonen presidenteak errusiera irakastearen alde egin zuen arren, suedierari ikastorduak kentzeko proposamena errotik baztertu zuen. Eztabaida hau alde batera gelditu dela dirudien arren, Ipar eta Hego Kareliako udalerri batzuri interesgarria iruditu zaie proposamena; are gehiago, Tohmajärvi udalerriko alkateak errusierak suediera eskoletan ordezkatzeko esan du [6][7][8].
Kritikak jaso zituen beste proposamen bat pentsioen erreforma izan zen. Finlandia uste baino azkarrago "zahartzen" ari dela esan zuen Kiviniemik eta pentsioen iraunkortasuna bermatzeko presako erreforma bat egin behar zela; horretarako, erretiroa hartzeko urtea igotzeko proposamena egin zuen. Gobernu-kideak bat etorri ziren arren, Alderdi Sozial-Demokrata eta Ezker Elkartasunak 65 urteko adina nahikoa zela adierazi zuten eta Jutta Urpilainenek onartezina zela esan zuen [9][10][11].

Gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helsinkiko Meilahti barrutian dagoen eta lehen ministroarena den Kesäranta jauregian bizi da. Bertan, Juha Mikael Louhivuori senarrarekin eta bere bi seme-alabekin bizi da. Hainbat urtez elkarrekin bizi eta gero, Kiviniemi 1996. urtean ezkondu zen Louhivuori enpresariarekin. 1997. urtean alaba nagusia jaio zen, Hanna, eta 2000. urtean, aldiz, semea, Antti; azken honi Kiviniemi aitonaren omenez jarri zioten izena. Familiak, gainera, uda-etxea dauka Vanajavesi aintziran eta ihesaldiak hara egiten dituzte. Kiviniemiren zaletasun nagusiak, musika klasikoa entzutea, pianoa eta flauta jotzea, korrika egitea, eskiatzea eta patinatzea direla aipatu du eta guztira, lau hizkuntza maisuki menderatzen ditu, herrialdeko hizkuntza koofizialak diren finlandiera eta suediera, ingelesa eta alemana [12].
Ibilbide politikoaren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zentroko Alderdiko kidea: 1988-gaur egun (presidenteordea 2003-2008; burua 2010-gaur egun)
- Zentroko Ikasle Batasuneko idazkari nagusia: 1990-1991
- Eduskuntako parlamentaria: 1995-gaur egun
- SITRAren batzordeko kidea: 2003-2005
- Matti Vanhanenen ekonomia aholkularia: 2004-2005
- Helsinkiko Udalbatzako batzarkidea: 2005-gaur egun
- Kanpo Merkataritza eta Sustapeneko ministroa: 2005-2006
- Barne ministroa: 2007
- Herri-Administrazio eta Toki-Gobernuko ministroa: 2007-2010
- Finlandiako Lehen Ministroa: 2010-gaur egun
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Mari Kiviniemi Tausta. 2011.03.06
- ↑ Mari Kiviniemi Työ. 2011.03.07
- ↑ Mari Kiviniemi CV. 2011.03.07
- ↑ Vanhasen I hallitus[Betiko hautsitako esteka] Valtioneuvosto. 2011.03.07
- ↑ Kiviniemi rikkoo jo elokuussa Jäätteenmäen ennätyksen Uusi Suomi. 2010.06.12
- ↑ Sveskfinland WordPress. 2010.08.04
- ↑ Kiviniemi and Virkkunen clash on language teaching Helsingin Sanomat. 2010.09.21
- ↑ Finland–Russia Society is calling for more people to learn Russian Helsinki Times. 2010.11.25.
- ↑ Kiviniemi kiirehtii eläkeratkaisua YLE. 2010.10.07
- ↑ Kiviniemi uhkaa työeläkejärjestöjä pakkosovulla Talous Sanomat. 2010.10.07
- ↑ Kiviniemi väittää SDP:n vieroksuvan työtä Iltalehti. 2009.03.19
- ↑ Henkilötiedot Eduskunta. 2011.03.07
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mari Kiviniemi ![]() |
- Finlandiako Gobernua (Ingelesez)
- Finlandiako Zentroko Alderdia (Finlandieraz)
- Kiviniemi, Mari Johanna (Finlandieraz)
- Paaministeri (Ingelesez)
Aurrekoa Lehena |
Herri-Administrazio eta Toki-Gobernuko ministroa 2007-2010 |
Ondorengoa Tapani Tölli |
Aurrekoa Paula Lehtomäki |
Kanpo Merkataritza eta Sustapeneko ministroa 2005-2006 |
Ondorengoa Paula Lehtomäki |
Aurrekoa Matti Vanhanen |
![]() 2010-gaur egun |
Ondorengoa Azkena |
![]() |
Finlandiako Gobernuak | ![]() |
---|---|---|
Svinhufvud I • Paasikivi I • Ingman I • Kaarlo Castrén • Vennola I • Erich • Vennola II • Cajander I • Kallio I • Cajander II • Ingman II • Tulenheimo • Kallio II • Tanner • Sunila I • Mantere • Kallio III • Svinhufvud II • Sunila II • Kivimäki • Kallio IV • Cajander III • Ryti I • Ryti II • Rangell • Linkomies • Hackzell • Urho Castrén • Paasikivi II • Paasikivi III • Pekkala • Fagerholm I • Kekkonen I • Kekkonen II • Kekkonen III • Kekkonen IV • Tuomioja • Törngren • Kekkonen V • Fagerholm II • Sukselainen I • von Fieandt • Kuuskoski • Fagerholm III • Sukselainen II • Miettunen I • Karjalainen I • Lehto • Virolainen • Paasio I • Koivisto I • Aura I • Karjalainen II • Aura II • Paasio II • Sorsa I • Liinamaa • Miettunen II • Miettunen III • Sorsa II • Koivisto II • Sorsa III • Sorsa IV • Holkeri • Aho • Lipponen I • Lipponen II • Jäätteenmäki • Vanhanen I • Vanhanen II Oraingoa: Kiviniemi |