Liga Katolikoa (1609)
Liga Katolikoa Alemaniako estatu katolikoen koalizio bat izan zen, 1609ko uztailaren 10ean sortua, Bavariako Duke Maximiliano I.aren gidaritzapean, Batasun Protestantea eratu baino urtebete geroago.
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemaniako estatu protestanteek 1608ko maiatzaren 14an eratu zuten Batasun Protestantea, Federiko IV.a Palatinatukoaren gidaritzapean. Liga militar horrek kide bakoitzaren eskubideak, lurrak eta bizitzak defendatzea zuen helburu.
Batasun Protestantearekin orekatzeko Estatu katolikoen batasun bat sortu zuen Bavariako Maximiliano I.ak beste printze katoliko batzuekin negoziaziatuz, halan, 1609ko uztailaren 10, Munichen bilduta, Alemaniako Liga Katolikoa eratu zen "erlijio katolikoa eta inperioan bakea defendatzeko". Bertako presidente bezala Maximiliano I.a aukeratu zen, presidentekide bezala Mainzeko Artzapezpikua izateko baldintzapean.
1610eko otsailaren 10ean, estatu katoliko garrantzitsu guztietako ordezkariak, Wurzburgon bildu ziren Ligaren antolaketa, finantzaketa eta armamentua erabakitzeko. Hau izan zen Ligaren benetako hasiera. Ligako arazo nagusia, ordea, kideen prestaketa falta izan zen. 1610apirilean, oraindik ez ziren ordaindu kide guztien ekarpenak, eta Maximilianok uko egiteko mehatxua egin zuen. Halakorik gerta ez zedin, Espainiak eta Papak ekarpen gehigarri bat agindu zuten. Dena den, kideen eta Austriaren arteko desberdintasunek arriskuan jarri zuten Ligaren existentzia bera.
Hogeita Hamar Urteko Gerraren eztandaren aurrean, enperadorea, laguntza bila, Liga berrezartzen saiatu zen. Elizako printze batzuen bilera batean, 1618ko amaieran, Liga bere jatorrizko oinarrian berreraikitzea erabaki zen. Komandante buru bezala Johann Tserclaes izendatu zen, Tillyko kondea.
Liga katolikoa gudan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tilly jeneralaren agindupean, Liga Katolikoko armadak Austria garaia baketu zuen, enperadorearen indarrek hegoaldeko Austria baketzen zuten bitartean. Behin bi armadak batuta, iparralderantz jo zuten, Bohemia alderantz.
Ligako lehen ekintza militar handia 1620ko azaroak 8an gertatu zen, Praga inguruan, non Mendi Zuriko gudua deitu zen. Guduak, Hogeita Hamar Urteko gerrako Bohemiar aroaren amaiera markatu zuen, tropa inperialak Bohemiako hiriburuan sartu eta protestanteak menderatzean. Bohemia Habsburgotarren esku egongo zen ia 300 urtez.
Porrot honek, praktikan, Batasun Ebanjelikoaren Liga desegitea eta Federiko V.aren jabetzak konfiskatzea eragin zuen, Batasun Protestantearen burua zena bere aitaren oinordekoa izan ondoren. Renaniar Palatinatua noble katolikoei eman zitzaien, Elektore Palatino titulua, berriz, bere lehengusu urrunari eman zitzaion, Maximiliano I.a dukeari.
Bohemiako gerra amaitu ondoren, Ligako armadak Alemania erdialdean borrokatu zuen, baina Mingolsheimeko guduan garaitua izan zen 1622ko apirilean. Honen ondorioz, espainiar tropekin bat egin eta Wimpfenen garaitu zuten maiatzaren 6an. Azkenik, Stadtlohnen Christian de Brunswick printze protestantearen aurkako garaipen katolikoak Alemanian erresistentzia protestante ororen amaiera suposatu zuen. Honek, Danimarkako errege zen Cristian IV.a, luteranoa konbentzitua, Hogeita Hamar Urteko Gerran sartzea eragin zuen 1625an, helburu bikoitzarekin: protestantismoa babestea eta Europa iparraldeko buruzagi nagusi bihurtzen saiatzea.
Hala ere, Danimarkarrak erabat garaitu zituzten tropa inperialek eta Ligakoek Lutterreko guduan. Fernando II.aren eta bere aliatuen garaipenak hasiera tamalgarria suposatu zuen Danimarkako Saxonia Behereko kanpainarentzat, 1629ko maiatzean amaitu zena Lübeckeko bakearekin. Horrela, Lutterreko guduak, danimarkar soldaduen erdien suntsipenarekin eta Alemaniako iparraldeko printzeek Mecklemburgora arte Kristian IV.ari babesa kentzearekin batera, Danimarkaren gainbehera ezarri zuen Europako potentzia handi bat bezala. Liga Katolikoak bere botererik handiena lortzen zuen.
Ligaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Une horretan, Suediako Gustavo II.a Adolfo, Cristian IV.ak aurretik egin zuen bezala, Alemaniako luteranoei laguntzera joan zen, bere herrialdeari balizko eraso katoliko bat prebenitzeko eta Itsaso Baltikoaren inguruan dauden Alemaniako estatuetan eragin ekonomikoa lortzeko. Suediak gatazkan esku hartzeari ekin zion. Aurretik, Fernando II.ak Albrecht von Wallenstein kargutik kendu zuen 1630ean, eta, beraz, soilik Liga Katolikoaren menpe zegoen. Breitenfeldeko guduan, Gustavo II.a Adolfok hau garaitu zuen eta urtebete beranduago, Palatinatuaren suediar inbasioan berriz aurkitzean, Tilly jenerala Lech ibaian hila izan zen (1632). Johann von Aldringenek, tropa katolikoen buru bezala ordezkatu zuen arren, egia esan, Tillyren heriotzak, Ligako botere militarra murrizten joatea eragin zuen, Munich, Bavariako hiriburua, konkistatu zuten arte.
Pragako bakea, 1635eko maiatzak 30ean, Fernando II.a Erromatar Inperio Santuko enperadorearen eta, besteak beste, Augsburgoko bakearen terminoak berrezartzen zituen Inperioko estatu protestante gehienen arteko itun bat izan zen. Gainera, Inperioko estatuen arteko aliantza formalak debekatu ziren. Estatu ezberdinetako armadak, enperadorearenekin bateratuak izango ziren armada bateratu bat eratzeko. Klausula horren emaitza Liga Katolikoaren amaiera izan zen.