Lapurtarren deportazioa (1794)
Lapurtarren deportazioa 1794ko martxotik urrira gertatu zen, frantses agintari iraultzaileek Lapurdi hegoaldeko hainbat herritatik Landetara eta Frantziako beste lurralde batzuetara herritarrak trumilka kanporatu zituztenean, Konbentzioaren Gerran. Frantziako Iraultza bete-betean, Mendebaldeko Pirinioetako Armada eratu berriak Lapurdiren kontrola hartu zuen Frantziako Konbentzio berriko mandatarien begirada zorrozpean, Ipar Euskal Herriko foruak legez kendu eta lau urtera. Lapurtarrek gogoz kontra hartu zituzten agintari frantses berriak eta haien aginduak, tartean zirela zerga, militar, erlijio eta kultura arloko hainbat neurri.
Sarako eta bestelako gazte batzuek armadari desertzio egin eta Bortziri eta Baztanera ihes egin izanaren aitzakiatan, Jacques Pinet eta Jean-Baptiste Cavaignac Konbentzioaren herri ordezkariek hainbat herritako biztanle ugariren deportazioa agindu zuten bizilekutik 20 legoatara gutxienez, Landetara, eta urrunago. Bitartean, herri horietan erreketa, lapurreta eta gehiegikeria ugari gertatu ziren. Robespierreren eta Menditarren uztaileko gainbeherak deportazio aldia ere finitu zuen, baina bizirik irtendako askok urri arte itxaron behar izan zuten beren herrietara itzultzeko.
Jean-Martin Mundutegi uztariztar negozio-gizona izan zen deportazio horren antolatzaile eta onuradun nagusietako bat. Deportazioak eta eragindako izuak, tokikoen euskaltasunaren kontrako neurri eta adierazpenen erdian, efektu traumatikoak izan zituen Lapurdiko gizartean eta ekonomian; ondorioz, gazte ugarik Ameriketarako erbeste bidea hartu zuten. Deportazioaren kopuruetan, askotariko estimazioak egin dira, ehunka herritarretik eta 3.000tik gora izateraino; 1.600 bat herritar hilik atera zirela pentsatzen da.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lapurtarren lege eta erakundeen patua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendean, Frantziako (eta Nafarroako) Koroak areagotu egin zuen kontrolpeko euskal lurraldeetan zergen inguruko hertsapena eta bertako erakundeen eskumenak bereganatzeko lehia, zentralismorako joera. Lapurtarrek esperantzaz baina beldurrez ere ikusten zituzten Parisetik zetozen erreformak, erregearen boterea ahuldu zezaketelakoan, baina aldi berean beren erakunde eta lege txikiak kendu ere; izan ere, Lapurtarren Biltzarrean, herritarrek, hirugarren estatuak, baizik ez zuten parte hartzen, erakunde bereziki demokratikoa eginez.[1][2]
Haatik, 1789ko Parisko Nazio Biltzar eratu berriak guztiz baliogabetu zituen Ipar Euskal Herriko berezko jurisdikzioak eta legeak. Lapurtarrek sinesgaitz segitu zituzten iragaten ari ziren aldaketa guztiak. 1790eko otsailetik, Lapurdi Pirinio Apaletan sarturik zen Nafarroa Behere, Zubero eta Biarnorekin batera, euskaldunen atsekaberako: lurralde administratibo berrian, lapurtarrak eta gainerako euskaldunak gutxiengoa ziren Baiona eta Bearnorekin batera elkarturik;[3] hain zuzen, sei urte lehenago, lapurtarrek, Garat anaien bitartez, Baiona Lapurditik bereiztea erdietsi zuten, ez baitzuten elkarrekin egon nahi.
Identitate berri behartua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bada, 1790eko martxoan, frantses agintari berriek Uztaritze eta Baiona bildu zituzten udalerri berean, Biarritz, Lohizune, Senpere, Sara eta beste herri batzuekin batera. Martin Iribarrarte izan zuen auzapez, eta Mundutegi prokuradore. Diseinu instituzional berrian, frantsesa zen nagusi. 1790eko uztailaren 12n, gainera, Elizjendearen Konstituzio Zibila agindu zen erresuma osorako, Ipar Euskal Herrian eta, bereziki, Lapurdin gehienak kontra izan zituena. Elizjendearen kontrako neurriak jarri ziren martxan (serorak, apaizak, etab.).[4]
1790eko abuztuan, dekretu bat eman zen, Uztaritzeko udal barrutiko auzitegia Baionan finkatuz, biak elkartu ondoren. Uztaritzeko udalak irailaren 11n jakin zuen hori. Jean-Martin Mundutegi, Pirinio Apaletako direktorioko kide hautatu berria, horren kontra mintzatu zen, besteak beste, bi herriek hizkuntza desberdina zutelako. Kasu horretan, hautetsiak euskararen defentsa sutsua egin zuen eta, kexuak adierazteko, Nazio Biltzarrera mandatari bat igortzearen alde egin zuen. Alta, ahalegin horrek, haren beste eskaerek bezala (aduanen frankizia, euskal departamentua, zerga araubide berezia), porrot egin zuen: 1791ko urtarrilaren 14an, auzitegia Baionara lekualdatu zen, baita Uztaritzeko artxiboak ere.[4]
Aldi berean, Baionako apezpikuak, Villevieille monsinoreak, uko egin Elizjendearen Konstituzio Zibila zin egiteari, eta ez egiteko deia egin zien elizbarrutiko bere mendekoei. Elizbarrutiaren egoitzatik egotzi zuten 1792ko martxoan; handik gutxira, itzuli egin zen aita santuaren mezua zabaltzera, konstituzio horren kontrakoa. Hala ere, berehala erbesteko bidea hartu zuen, Nafarroa Garaiko Olibako monasteriora.[4]
Apaiz gehienek Elizjendearen Konstituzioa zin egiteari uko egiten zioten bezala, Saran, haatik, Duronea apaiz gazteak zin egin zuen, eta apaiz konstituzional bihurtu. 1847ko lekukotza baten arabera, saratarrek ez zuten hura onartzen, zeregin horretarako behar baldintzak betetzen ez zituelakoan. Ondorioz, Uztaritzeko direktoriotik destakamendu bat igorri zuten postuan indarrez jartzeko; are, eliztarrak mezara behartzen hasi ziren, ikusiz saratarrak Urdazubi eta Zugarramurdira joaten zirela. Berehala hasi ziren saratarren atxiloketak eta "espainiarren lagun" izatearen salaketak, 1793ko udazkenean.[5]
Konbentzioak gidatutako armada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal herri izenen aldaketak (1793ko urria - 1795ko apirila) | ||
---|---|---|
Non | Herria | Izen berria |
LAPURDI | Ahurti | Liberté |
Ainhoa | Mendiarte | |
Arbona | Constante | |
Baiona | Port-de-la-Montagne | |
Beskoitze | Hiriberry | |
Donibane Lohizune | Chauvin Dragon | |
Hiriburu | Tricolor | |
Itsasu | Union | |
Kanbo | La-Montagne | |
Luhuso | Montagne-sur-Mer | |
Sara | La Palombière | |
Senpere | Beaugard | |
Urketa | Laurier | |
Uztaritze | Marat-sur-Nive | |
Zuraide | Mendialde | |
NAFARROA BEHEREA | Arrosa | Grand Pont |
Baigorri | Thermopyles | |
Donamartiri | Nive-Montaigne | |
Donapaleu | Mont Bidouze | |
Donazaharre | Franche | |
Donibane Garazi | Nive Franche |
Parisen, Luis XVI.a erregearen burua moztearekin batera, Konbentzioaren Gerra piztu zen 1793ko martxoan. Berehala Konbentzioak mobilizazio militarrera deitu eta bere baliabide guztiak higiarazi zituen, 300.000 pertsonako errekrutamendua lortzeko. Horretan arrakasta erdiesteko, Konbentzioak Pariseko Auzitegi Iraultzailea eta, armadari atxikirik, probintzietako misiorako ordezkariak ("errepresentantak") sortu zituen, eta ahalorde mugagabeak zituzten.[6] Pentsatzen da 100.000 soldadu mobilizatu zirela Ipar Euskal Herrira, bertako biztanleria orotara 125.000koa zenean.[7] Espainiar monarkiarekin Konbentzioak hasitako gatazkaren tentsio guztia Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugetara bideratu zen Euskal Herrian. Konbentzioaren Gerra zela eta, zerga karga eta hertsapen berriak ezarri zitzaizkien lapurtarrei. Uztaritzen, adibidez, udalak Guardia Nazionalerako hamabi "boluntario" izendatu behar zituen, eta haiei 135 libera bana eman. Inor ez aurkeztuz gero, neurri gogorragoak ezarriko ziren.[4]
Jacques Pinet Konbentzioaren mandataria haren aldeko "elkarte herrikoiak" (societées populaires direlakoak) sortzen saiatu zen herrietan; hori, ordea, ez zuen erdietsi Uztaritzen, baina Uztaritze Jatsu eta Larresororekin elkartu zituen komuna berean.[4] Konbentzioko mandatariek aldekoak ez zituzten herrietako ordezkariak kargugabetu eta herriko etxeak desegin zituzten. 1793ko ekainean Kanboko herriko etxea (udala) desegin zuten, eta uztailean, berriz, Uztaritzen txanda heldu zen. Pinetek Mundutegi izendatu zuen komuna berriko bake epaile, eta Jean Marithurri prokuradore, lehenik, eta auzapez, gero, Uhalde epela kendurik. Aldi berean, bahimenduak hasi ziren: garia, irina, eta zaldiak, batzuk aipatzearren.[4] Marithurriren ekimenez, Uztaritze Marat-sur-Nive deitzera pasa zen, eta bertako eliza bihi biltegi bihurtu zuten; Larresoroko apaiztegia, berriz, ospitale militar.[4]
1793ko ekainaren 24an, jakobinoek ondutako konstituzioa onartu zen: "I. urteko konstituzioa". Alta, hura onartzeko, agintariek erreferendum bat deitu zuten Frantzian, zabal onartua, baina ez zen berdin gertatu Uztaritzen. Ihabe prokuradoreak erreferendumari boikot egitea gomendatu zien herritarrei, harik eta testu hori euskarara itzuli eta hura inprimatzen zen arte. Horrek barruti horretako Sans-culottesen eta agintarien haserrea piztu zuen. Ondorioz, prokuradorea eta Uhalde auzapeza kargugabetu eta atxilotu zituzten. 1794ko urrian, artean, giltzapeturik ziren.[4]
Herritarren deportazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deportazio agindua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konbentzioak (Convention, Montagnards, alegia, Menditarrak) Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet bere mandatariak bidali zituen Baionara (Représentants en mission). 1793ko azaroaren 25ean, Donibane Lohizuneko udalbatza Sararen kontra agertu zen, errepublikazale epelak eta "espainiarren lagun" zirelakoan.[oh 1] II. urteko eurikorraren 8an (1794ko urtarrilaren 27an), Bertrand Barère de Vieuzacek sinaturiko Salbamen Publikoko Komitearen txostenean, euskara "fanatismoaren mintzairatzat" jo zen,[8] baita aurrerabidearen eta Argien kontrakotzat ere, eta debekatu egin ziren frantsesez bestela idatzitako agiriak.[9]
« | Federalismoak eta sineskeriak behe bretoiz hitz egiten dute, emigrazioak eta Errepublikaren gorrotoak alemana, kontrairaultzak italiera, eta fanatismoak euskara. Hauts ditzagun kaltearen eta errorearen bitarteko horiek. | » |
— Salbamen Publikoko Komitearen mintzairei buruzko txostena, "Rapport Barère", 1794[10] |
Harrotzen ari zen suminaren adierazgarri, haizekorraren hasieran (otsail amaieran), bertso batzuk kantatu (eta dantzatu) zituzten gazte batzuek Ezpeletako plazan, Elizjendearen Konstituzio Zibila zin egindako apaizen kontra. Bertsook agintari iraultzaileen haserrea gogotik piztu zuten; ondorioz, agintari horiek Duhalde herriko auzapeza eta Gorostarzu jujea atxilotu eta Baionara eraman zituzten, eta preso sartu.[11] Haizekorraren 13an (1794ko martxoaren 3an), mandatari iraultzaileek ("populuaren errepresentantak") ignoble ("doilor") izendatu zituzten Sara, Itsasu eta Azkaine, baita agindu ere 3 eta 88 urte arteko herritar guztiak bertatik gutxienez "20 legoara" (80 kilometrora) kanporatu zitzatela, tokiko 47 gaztek beren gerrako postuak utzi eta Berara alde egin zutenean.[12][13][oh 2] Haizekorraren 13ko dekretuaren arabera, Batzorde Berezia sortu zen, eta Pinetek Mundutegi hautatu zuen bertako buru.[4]
Sarako herrian, eliza barnera behartu eta gero, 2.400 saratar Ziburu eta Donibane Lohizunera zuzendu zituzten (garai horretan "Chauvin-Dragon" izen berriaz deituak), 150 gurditan ilara luze batean. Konbentzioko iraultzaileek beste hainbeste egin zuten Lapurdiko herri askotan: Senpere, Ezpeleta, Azkaine, Kanbo, Makea, Lekorne, Luhuso, etab.[14][oh 3] Beste herri batzuetan ere, elizetan bildu zituzten biztanleak, gizon zein emakume, gazte zein zahar, 3.000 inguru;[4][15] 4.000 ere, Eukeni Goihenetxeren arabera.[16] Kopuruei buruz, hala ere, askotariko estimazioak eman dira, gutxiago ere izan zirelakoan, orduko biztanleria kopuruaren arabera.[oh 4] 1996an, Xipri Arbelbidek 1.000 deportatu inguru izan daitezkeela aipatu du Euskal Herrian Frantziako Iraultzak utzi zuen aztarnari buruzko bibliografiaren azterlan batean.[7]
Agintari berriek, artean negua izanik ere, bidean janaria eta berokiak eramateko debekua ezarri zieten hertsatutako lapurtarrei.[16] Itsasun, 211 agertzen dira deportazioko izenetan, hainbat lanbidetakoak: laborari, zapatagile, dendari, hargin edo teilagile. Horiek ere, lehen egunetan elizan izan zituzten preso; gero, berriz, Frantzia hego-mendebaldeko departamentuetara bideratu zituzten.[17] Azkaineko 162 deportaturen izenak heldu dira guregana, eta herriak 1.000 biztanle inguru zituen une horretan.[7] Baionan, bestalde, epaitegi iraultzaile batek Ezpeletako Duhalde eta Gorostarzu jujatu zituen ataka horretan; biak ere errudun jo zituzten, eta Baionako Gramont plazan aizkoraz moztu zieten burua haizekorraren 24an (martxoaren 11n).[11]
Baionatik iparraldera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donibane Lohizunen eta Ziburun, Societé Révolutionnaire sortu berriko kideek irainka eta harrika hartu zituzten ilaran heldutakoak. Iparraldera bidean, herritar gehiago bildu zitzaizkien. 1794koa negu hotza izan zen, eta deportatuak ugari hil ziren bidean, bereziki zahar eta gazteenak.[14] Deportazio ilarako herritarrak hainbat departamendutan banatu zituzten Landetan, Bearnon, Pirinio Garaietan, Gers eta Lot eta Garonan. Hor, agintari iraultzaileen maiatzaren 24ko agindu batek hala ezarri baitzuen, erabilera publiko eta pribatuko lanetan jarri zituzten lanean. Elizetan pilatzen zituzten (229 Capbretonekoan), hotzez, janaririk gabe, arrotzen artean, eta agintari etsaiek zelataturik; handik irteteko debekua zuten.[14] Bideko pairamenen lekuko izan zuten Pierra Hariztoi abadea, Aiherrakoa.
Landetara heldutakoan, ilara luzera behartutakoak sexuaren arabera banatu zituzten,[13] eta familiak zatituak izan ziren. Capbrutus berrizendatutako Capbretongo eliza euskal herritarren espetxe bihurtu zen haizekorraren 24ko aginduz. Asko hil ziren bertan, egoera latzean giltzapetuak. Hariztoi abadeak ohartarazi zuen San Bisentseko elizan 300 euskal herritar emakume zeudela giltzapetuta. Herrietako agintariek estu eta larri ikusten zuten beren burua deportatuoi janari pixka bat helarazteko eta mantenurako.[18] Agintari berriek deportatuen jabetzak enkantean saldu, etxeak eta aziendak (10.000 abelburutik gora) desjabetu, eta altzariak inguruko herrietara eraman zituzten, edo/eta erre,[13] edo (frantses) "abertzaleei" eman.[15][19][oh 5]
Bitartean, 1794ko negua ezurtea izan zen, elikagaien eskasia handia zen, eta horri, alde batetik, Konbentzioak benetako balioaz oso behera ezarritako prezioak jarri zituela gehitu behar zitzaion (benetako balioa baino % 50 apalagotzat jotzen zen); bestetik, armada iraultzaileak zuzendurik, legezko arpilatzeak gertatzen ziren, edo Konbentzioko mandatariek aginduriko bahimenduak. Konbentzioko agintariek, bitartean, "anti-iraultzaile egoista eta biltzaileen" artean bilatu zituzten eskasiaren hobendunak (errudunak). Ataka horretan, apirilaren 15ean, Uztaritzeko komunak Monestier eta Pineti eskatu zien Sarako hainbat etxetan biltegiraturiko bihiak (aleak) Uztaritzera igortzeko, haietako egoiliarrak deportaturik baitzeuden.[4]
Bitartean, Marithurrik Iraultzaren kontrakotzat jotzen zituenen difamazio kanpaina eta benetako jazarpen ideologikoa hasi zuen: Uztaritzeko elizako ezkila urtu eta gurutze guztiak kentzeko agindu zuen. Legez, fraide eta serorak komentuetatik kanporatuak izan ziren, baina gero ere, Marithurrik haiek kanpoan izatea arriskutsua zela iritzita, Uztaritze eta Mont-Bidouzeko (Donapaleuko) serora guztiak atxilotzeko agindu zuen maiatzaren 3an, tartean zela Marie-Theodose Garat, Dominique-Joseph Garaten arreba. Eliztar eta herritar askok Urdazubira ihes egin zuten.[4] 1794ko sapadunaren 27an (apirilaren 16an), Konbentzioak probintzietako komite eta epaitegi iraultzaileak indargabetu zituen, Pinet eta Cavaignacen iritziaren kontra.[oh 6] Probintzietako komite horiek Parisera zentralizatu ziren; alta, gutun batean Konbentzioaren bi mandatariek hasitako "aristokraten kontrako izu eta justizia gogor" lana osoki bete ahal izatea eskatzen zuten. Artean ere, handik gutxira, Pierre-Laurent Monestierren agindu batek aristokratekin talde berean sartzen zituen "fanatikoak", eta izuaren bertuteak goratzen;[20] lehen artikuluan, honela zioen:
« | 1. artikulua. Izua eta heriotza zigorra indarrean ditugu egun, eta mehatxatzen dituzte, gehiago existitzen ez diren arte, azpikari eta Iraultzaren arerio eta aurkari guztiak.[20] | » |
Zigorraren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deportatuek (tartean zela Martin Ithurbide, Sarako auzapeza) protestak eta eskaerak zuzendu zizkieten askotariko agintariei egoeraren bidegabeaz gogoraraziz; haatik, gehienetan, ez zuten erantzunik izan.[21] Alta, uda amaierarako atzeraezina zen jada deportatuen itzulera: III. urteko berolisaren 10ean (1794ko uztailaren 28an), Robespierre, Saint-Just, Couthon eta Konbentzio Nazionaleko haien beste hemeretzi aliatu politiko exekutatu zituzten, eta hurrengo egunetan beste hamarka batzuk.
Baionan, Monestier eta Izoardek hartu zuten Pinet eta Cavaignacen lekua, moderatuagoak. Gainera, Monestierrek garbiketa bat hasi zuen aurreko herri administrazioetan, aurreko etapan izandako arau urraketak zirela eta. Lapurdin, Baudot eta Garrau herri ordezkariek III. urteko mahaxtearen 8 eta 10ean (irailaren 30ean eta urriaren 2an) agindu bana eman zuten, Uztaritze udal barrutiko herritarrak (beraz, baita Sara eta Azkaineko herritarrak ere) itzultzeko eta haien ondasunen salerosketa gelditzeko; ordurako, ordea, txikizioa handia zen.[22] Besteak ere etxeratu ahal izan ziren.[17] 1.600 lapurtar hil ziren deportazioan, gehienak Sarakoak.[13]
Erantzukizunen bila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gauzak bere onera ekartzeko bidean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]III. urteko eurikorraren 28an (1795eko otsailaren 27an), Monestierrek agindu zuen Uztaritze barrutian desjabetutako herritar guztiei ondasunak itzultzea, ondasunak bahitzen eta saltzen aritutako funtzionarioek kontuak ematea, eta ondasunak bidegabe saldu zituztenak auzitegiei salatzea. 1795eko martxoaren 4an, deportazio agindu suntsigarritik urtebetera, ikerketa batzorde bat eratu zen, hauexek osaturik: Dominique Garat Hiriarte, Dominique Halsouet zaharra, Courtelarre eta Etxegoien. Galdekatu zituzten hala arpilatzeetan parte hartu zuten pertsonak nola arpilatuak izan zirenak.[23]
Martin Ithurbide Sarako auzapezak, ia aldi berean, beste 33 pertsonaia garrantzitsuren babesaz, gutun bat bidali zien agintariei deportazio aldian herritarrek izandako pairamenak azalduz: produktuen bahimenduak, gosetea, neskatilen prostituzioa, gaitzak, altzariak eta gauzaki higigarriak erregistrorik gabe Saratik aldameneko herrietara eramanak, etab. Eskaerak zuzenean aipatzen ditu arpilatzeen onuraduntzat Pinet eta Monestier.
Txostenak mendekua eskatzen du, "egarriz eta gosetez hildako guztien izenean".[23] Pierre-Étienne Cabarrus Baionako armadoreak, Parisen Baionako udalaren ordezkaria baitzen, bat egin zuen Jean-Lambert Tallien lehengusu politikoak aurkezturiko erreparazio-eskaerekin, III. urteko sapadunaren 29an aurkezturikoa (1795eko apirilaren 18an); izan ere, Tallienek txosten luze bat irakurri zuen Konbentzioaren aurrean "euskaldunen hertsapen neurriei eta deportazioari" buruz. Aldiz, bertan esandakoak ez ziren entzunak izan.[23]
Errudunen identifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]III. urteko belardunaren 13an (1795eko ekainaren 1ean), bestalde, Chaudron-Rousseau herri ordezkariak gutun batean galdegin zuen gipuzkoarrei buruz Salbamen Publikoko Komiteak lilidunaren 4an emandako "agindua euskaldun frantsesei" ere aplikatzeko. Hala ere, deportazioaren unean Sararen kontra oldartu ziren Hiriarte, Agerrezar, Mundutegi eta Oihanbeherek administrazioan jarraitzen zuten eta, Izua amaitu bazen ere, inpunitateak jarraitzen zuen. Bestetik, deportaturiko herrietako agintariek ez zituzten behar bitartekoak jartzen euskaldunak etxera itzultzeko.[23]
Urte bereko belardunaren 15ean, Chaudron-Rousseau herri ordezkariaren Donibane Lohizuneko ebazpen batek herri horretako auzapez ohi Alexis Pàges, sei zinegotzi eta Azkaineko bi herritar errudun epaitu zituen bilkura batean Sarako herritarren kontrako erabaki "ikaragarriak" "legez kanpo" hartzeagatik. Ondorioz, armak kendu zizkieten haiei guztiei, beren postu publikoak galdu, eta gutxira Baionako zitadelan giltzaperatu zituzten. Monestierrek, akusatua izan zela ikusirik, Euskal Herritik alde egin zuen belardunaren 13an bertan.[24]
Azken zigorrak, kalteak eta kalte ordainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cavaignaci salaketak jarri zitzaizkion Konbentzioko auzitegiaren aurrean krudelkeriagatik. Alta, salaketak horiek ez ziren urrun joan, eta ibilbide oparo bat izan zuen Frantziako Errepublikaren eta Inperioko postu desberdinetan. Antzeko bidetik, Jacques Pineti Landetako hilketen erantzule izatea eta "terrorismoa" leporatu zioten, eta Menditarrak berriz agintari jartzeko konplot bat bultzatzea kondenaturik giltzapetu zuten, belardunaren 1ean; ez luzerako, ordea. IV. urteko lainotearen 4ko amnistiak aske utzi zuen; are, Pinet Dordoina departamenduko administratzaile hautatu zuten aldi batez. Bukatzeko, 1795eko urriaren 26an, Direktorioaren hasieran, amnistia eman zitzaien Iraultzan egindako delituei; ez, ordea, deportatuei eta erbesteratuei.[24]
Inpunitateak amorrua piztu zuen euskaldun lapurtarren artean. Salvat Monhok damu zuen talioaren legea indarrean ez egotea, bere Orhoitzapenak idazlanean. Alta, Mundutegi ez zen onik atera. II. urteko berolisaren 9ko erreakzioan, mendekarien talde ibiltari bat sortu zen, "Karrozaren Batailoia" deitua, terrorismoaren askotariko biktimek eta kaltetuek osatua; Duvoisinek kontatzen duenez, talde horretako partaideek Mundutegi jipoitu, arrastatu, eta erdi hilik utzi zuten haren etxe aurrean. Artean bizirik zela, taldeko partaide bat itzuli eta tiro bat eman zion.[24]
« |
|
» |
Bertso horretako esanak esan, Tallienen txostenean, Saran eragindako galera ekonomikoak 782.000 liberaraino heltzen ziren, baina horiek eskuratzea, haatik, zailagoa izan zen: erreklamazioak behin eta berriz jarri zituzten saratarrek, kalte ordainak erdiesteko. Behin eta berriz saiatu ondoren, azkenean 1.400,26 libera eskuratu zituzten 1817an: 10 libera pertsona bakoitzeko.[24] Mixel Duhart historialariaren arabera, Frantziako Iraultzak ekarri kanporaketen eta emigrazioen ondorioz, aditzera emanez lapurtarren deportazioaren kasua ere, hutsik geratu ziren etxe ugari, eta horiek Lehen Karlistaldi amaierako nafar iheslariei esker bete eta biziberritu ahal izan ziren, nafarrak Lapurdiko herri horietako bizi ohituretan integratuz.[26]
Liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2022an, Adur Larreak datu askorekin eta xeheki kontatu zuen "Lubinttoko ohoinak" komikian, gehienbat lapurteraz idatzita dagoena[27].
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Azken agurraren negarra (Gorka Knörr), Lapurdiko deportazioari buruzko abestia.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Marithurrik begitan hartu zituen Pierre eta André "Amerikanua" Haitze anaiak, nobleak eta armadako ofizial izandakoak, Guardia Nazionaleko kide ziren arren; izan ere, bere iritziz, armada iraultzaileak armadarako gazteak errekrutatzen huts egin izanaren arrazoia hauxe zen: anai horiek eta beste pertsona aberats eta heziek eragin handia zutela Uztaritzeko barrutian eta Saran; beste arrazoi bat zen lapurtar horien artean espainiarrek aldeko asko omen zituztela eta, horregatik, bi mila nekazari onek "Espainiara" ihes egin zutela.
- ↑ De la Cerdak euskal herritarren kontrako iraultzaileen jarrera oldarkorraren aitzakiatzat jotzen du desertzioa; ikus 102. or.; izan ere, Garmendiatar Iñaki delako batek, "Saratik Buchenwalderat" artikuluan zioen bezala (1946), Donibane Lohizuneko Iraultzaren aldeko elkarteak ("kontseiluak") hiru hilabete lehenago emana zuen Sararen kontrako irizpena; ikus Zavala, A. 1989, 97. or.
- ↑ Jean-Martin Mundutegik, Pinet eta Cavaignacen ordezkariak, koordinatu zituen deportazio lan guztiak, irmo eta gogor jokatuz, horretarako berariaz sortutako Komite Berezian; gainera, Lapurdiko herri izenak aldatu zituen iraultzaileen taldean parte hartu zuen; ikus Chico Comeróna, Cirilo. 2011, 66-67. or.
- ↑ C. Watsonek 3.000 aipatzen ditu; L.M. Martinez Garatek ere gutxienez 3.000 aipatzen ditu. Xamarrek ez du kopuru zehatz bat ematen.
- ↑ "Les biens de internés seront donnés à titre de colons partiaires, aux patriotes qui sont restés et aux patriotes de Biriatou, Hendaye, Urrugne et Subernoa"; ikus De la Cerda, Alexandre. 2016, 87. or.
- ↑ Pierre-Laurent Monestier haien kideak Baionako Salbamen Publikoko Komiteak hartutako neurriak zuritu zituen, eta salatu bertako biztanleak "egoistak, fanatikoak, azpijanera eroriak eta aristokratak" zirela; ikus De la Cerda, Alexandre. 2016, 104. or.
- ↑ Lekornen aurkitutako bertso baten azken hiru ahapaldiak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Watson, C. 2003, 58-59. or.
- ↑ Bolinaga, I. 2012, 30. or.
- ↑ Watson, C. 2003, 46-59. or.
- ↑ a b c d e f g h i j k l Martinez Garate, L.M. 2019, 48-67. or.
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 75-78. or.
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 51-62. or.
- ↑ a b c Arbelbide, Xipri. (1996). «Iraultzaren bibliografia» RIEV. Eusko Ikaskuntza, 213-234 or..
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 56-57. or.
- ↑ (Gaztelaniaz) Torrealdai, Joan Mari. (2009). El Libro Negro del Euskera. Ttarttalo, 20-28 or. ISBN 978-84-8091-395-9..
- ↑ (Gaztelaniaz) Torrealdai, Joan Mari. (2009). El Libro Negro del Euskera. Ttarttalo, 20 or. ISBN 978-84-8091-395-9..
- ↑ a b Zabala, A. 1989, 85-88. or.
- ↑ (Frantsesez) De la Cerda, Alexandre. (2016). La Déportation des Basques. Éditions Cairn, 39 or. ISBN 978-2-35068-355-3..
- ↑ a b c d Etxegoien (Xamar), Juan Carlos. (2009). The Country of Basque. Pamiela, 23 or. ISBN 978-84-7681-478-9..
- ↑ a b c De la Cerda, Alexandre. 2016, 39-41
- ↑ a b Watson, C. 2003, 56-57. or.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2020). Protocolos sobre la independencia del Reino de Navarra y sus relaciones con Francia. Nabarralde, 35-36 or. ISBN 978-84-09-20464-9..
- ↑ a b Goienetxe, M. 1989, 55-67. or.
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 90-100
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 85-87
- ↑ a b De la Cerda, Alexandre. 2016, 100-106
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 101. or.
- ↑ De la Cerda, Alexandre. 2016, 107-109. or.
- ↑ a b c d De la Cerda, Alexandre. 2016, 108-114. or.
- ↑ a b c d De la Cerda, Alexandre. 2016, 111-117. or.
- ↑ Zavala, A. 1989, 112. or.
- ↑ Madariaga, Ainize. ««Gainbehera ekarri zuen iraultzak; izugarria izan da euskaldunendako»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-09).
- ↑ https://www.txalaparta.eus/eu/liburuak/lurbinttoko-ohoinak
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bolinaga, I. (2012), La alternativa Garat. El proyecto napoleónico de crear un estado vasco, Donostia, Txertoa. ISBN 978-84-7148-530-4
- De la Cerda, Alexandre. (2016). La Déportation des Basques. Éditions Cairn ISBN 978-2-35068-355-3..
- Goienetxe, Manex. Frantziako iraultza eta Euskal Herria, kronologiaren harian. Jakin 51, 1989ko martxoa-apirila, 55-67. orrialdeak, jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-9).
- Martinez Garate, Luis Maria. (2019). Ustaritz 1789; Lapurdi en la Revolución francesa. Nabarralde ISBN 978-84-09-10179-5..
- Watson, Cameron. (2003). Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present. University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6..
- Zavala, Antonio. (1989). Frantziako Iraultza eta Konbentzioko Gerra bertsotan. Donostia: Etor ISBN 84-85527-62-3..
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Castaingts-Beretervide, M.. (1994). La Revolution en Pays Basque. La Terreur et la Deportation des Basques du Labourd - 1793-1794. Ikuska.
- Haristoy, (Abbé). (1895). Les Paroisses du Pays Basque pendant La Periode Revolutionnaire. Imprimerie Vignancour - s. Dupau, Imprimeur.
- Arrieta Sagasti, Jesus Mari (1989). Landetaratuak. Auskalo saila, EREIN.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Frantziako Iraultza Euskal Herrian
- Vendéeko gerra
- Gipuzkoako Errepublika (1794)
- Frantses nazionalismo
- Lurbinttoko ohoinak
- Azken agurraren negarra
- Jean Baptiste Cavaignac
- Jacques Pinet
- Perkain pilotaria, Xan Inda
- Azantza zahar pilotaria, Piarres Sohrondo
- Azantza gazte pilotaria, Peio Sohrondo
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 24 mai 1794, les révolutionnaires ordonnent la déportation des Basques. Vendéens & Chouans. Noiz kontsultatua: 2020/09/11
- 1793-1794: Frantziak lapurtarren kontra bultzatutako genozidioa. Nabarralde. Noiz kontsultatua: 2020/09/11
- Joseba Aurkenerena: Jean-Martin Mundutegi, Iraultzaren borrero gupidagabea. [1]