Kontsonante afrikatu
Fonetikan, kontsonante afrikatu bat, bi fasez konposatutako kontsonante bat da. Hasierako fase herskarian, aire emaria ahots-bidean guztiz eragozten da, eta hurrengo fase igurzkarian atxikia den airea irekitze ia hertsi batetik pasatuz askatzen da.
Artikulazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hastapeneko fase herskaria eta ondoko askatze fasea ahoskune berean egin behar dira.
Notazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrikatuak maiz bata bestearen osteko bi kontsonante erabiliz irudikatzen dira (hau da, [kx]). Hala ere, bi faseek fonema bakar bat osatzen dutela erakusteko moduren bat baliatzea hobesten da, hara non bi ikurrak gainetik estaltzen dituen kotura kakoa. Esaterako, euskaraz /t͡ʃ/, /t͡s̺/ eta /t͡s̻/ erabil daitezke. Egungo grafia batuan, hurrenez hurren: <tx>, <ts> eta <tz>.
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz kontsonante afrikatuak hiru ahoskunetan aurki daitezke: /t͡s̺/ hobikari-apikaria (egungo grafia batuan <ts>), /t͡s̻/ hobikari-lepokaria (egungo grafia batuan <tz>) eta /t͡ʃ/ hobiostekoa (egungo grafia batuan <tx>).
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitz hastapenean (/#_)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]/t͡s̺/ eta /t͡s̻/ oso urriak dira hitz hasieran (tsar, tzakur). /s̺/ eta /s̻/, ordea, maiz erabili ohi dira (sagu, zopa). Bestalde, /ʃ/ eta /t͡ʃ/-ren banaketa desberdina da euskalki batetik bestera (xede, txerri).
Bokal artean (/V_V)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bokal artean /s̻/ eta /t͡s̻/, zein /s̺/ eta /t͡s̺/-ren arteko oposizio tinkoa da eta biak agertzen zaizkigu: azal, izan, atzo, etzi, etzan, esan, osaba, atso, otso...
Herskari baten ondotik (/C_)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maileguetan ekialdean, herskari + txistukari → afrikatu bihurtzen dira (etsenplu, atsolutoki).
Ozen baten ondotik (/n, l, r_)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozenen ostean gurzkariak afrikatzen dira: antz, pentsa, beltz, eltze, hartz, ertz.
Aldiz, ozen + igurzkari taldearen ostean herskari bat dagoenean, desafrikazioa dugu: beltz > belztu, hortz > horzkari, mendirantz > mendiranzko.
Kontsonante bat aitzin (/_C)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontsonante aurrean, beraz, igurzkariak baino ez dira agertzen: esne, ahizpa, gaixto, ixtorio.
Konposaketan eta eratorpenean ere desafrikazioa dugu: hotz > hoztu, hitz + tegi > hiztegi, hetsi > hesten, itxi > ixten.
Hitz bukaeran (/_#)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitz amaieran afrikatuak dira ohikoenak (mahats, latz), baina igurzkariak ere posible dira (maiz, arnas).