Edukira joan

Kasko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kasko
buruko osagarria eta babes-ekipamendua

Kaskoa buru-estalki gogorra da, burua kolpeetatik babesteko eta garezurreko traumatismoak saihesteko erabiltzen dena.[1] Eskuarki, kopeta, buru gaina eta belarrondoak babesten ditu. Batzuetan kasko zeremonialak edo sinbolikoak erabiltzen dira, babes-funtziorik gabe.

Kirol anitzetan erabiltzen dira (irristaketa, txirrindularitza, automobilismoa, motoziklismoa, amerikar futbola, beisbola, izotz hockeya, eskalada...) eta baita arriskuko lanbide eta jardueretan (eraikuntzako eta meatzaritzako langileak, poliziak, militarrak, suhiltzaileak...) eta garraioan (motozikletak eta bizikletak gidatzeko) ere.

Borroka-kaskoak, aurpegia partzialki estaltzeko eta maskara ezberdinez apainduak, antzinakoak dira oso. Homerok Iliada-n deskribatu zuen basurde-letaginen kaskoa Mizenastar zibilizazioan erabili zen, K.a. XV. mende aldean.[2] Antzinako Grezian, brontzezko kaskoak garatu zituzten, lepoa ere babesteko. Hopliten eta korintoarren kaskoek irekidura bertikal estua zuten aurpegian, eta beste bi begien parean. Begi-zuloen diseinuak, ikusteko ez ezik, etsaiak larderiatzeko ere balio zezakeen, gerlariari mamu itxura ematen baitzion.[3]

Spangenhelma, V. mendea.

Erromatar legionarioek kasko irekia erabiltzen zuten. Galea izenekoa larruzkoa izaten zen, eta cassis deitutakoa, berriz, metalezkoa. Aldaera ugari izan zen; Inperioaren amaieran, gainalde konikoa zuen, eta masailak, lepoa eta sudurra babesteko piezez horniturik zegoen. Oso antzekoa zen spangenhelma, Goi Erdi Aroan Europan oso erabilia izan zena.[3]

Erdi Aroan zehar, osagarriak gehitu zitzaizkion spangenhelmari. Begi-babesak lehenik, Gjermundbuko kaskoan bezala (Norvegia, IX. mendea), eta sudurreko eta lepoko piezak geroago. Horrela iritsi zen XII. mendeko kasketari, buru osoa babesten zuena. Modelo batzuek gainalde laua zuten, eta beste batzuek konikoa; azken hauek babes hobea ematen zuten. Kasketak are gehiago hobetu ziren bisera jasogarriaren asmaketarekin.[3]

XV. mendean, borroka-kasko arinagoak zabaldu ziren, hala nola barbuta, aurpegian T edo Y formako irekidura zuena, eta zelata. Hurrengo eboluzioa borgoinota izan zen, XVI. eta XVII. mendeetan oso erabilia izan zena; gainalde biribila zuen, altzairuzko gandor zabala eta masailetakoak.[3] Kasko irekia eta gandorduna zen morrioia ere, XVI. eta XVII. mendeetan espainiar tertzioetako soldaduek janzten zutena.[4]

Adrian kaskoa, 1915, Frantzia.

XVII. mendearen amaieratik aurrera, kaskoen erabilera militarra gutxituz joan zen, su-armen kontrako babes handirik ematen ez zutelako. Alabaina, Lehen Mundu Gerran berriz erabiltzen hasi ziren, burua obusen metrailatik babesteko. 1915ean agertu ziren Frantziako Adrian eta Erresuma Batuko Brodie kaskoak,[5] eta 1916an Alemaniako stahlhelm-a.[6]

Segurtasun kaskoei dagokienez, urre meategietako langileek sortu zituzten. Meatzariek feltro gogorreko onddo-kapelak kotoiez betetzen zituzten, beren buruak meategi barruan erotzen ziren harrietatik babesteko. XX. mende hasieran altzairuzko kaskoak erabiltzen hasi ziren. Kasko horiei, barne esekidura sistema bat ere gehitu zitzaien, kolpeak moteltzeko. Beranduago, altzairua alde batera utzi eta termoplastikoz egiten hasi ziren. Era horretan, arinagoak eta erosoagoak bilakatu ziren.[7]

Izan behar duten erabileraren arabera, kaskoen ezaugarriak oso desberdinak dira.

  • Gaur egungo indar armatuek erabiltzen dituzten borroka-kaskoak metrailak garunean kalterik ez egiteko diseinaturik daude, baina ez dute erabat babesten fusil balen inpaktuetatik.[8] Erresistentzia handiko materialez egiten dira (kevlar, twaron).[9][10] Istiluen aurkako polizien kaskoek, militarrenek ez bezala, aurpegi-babes gardena izaten dute.
  • Suhiltzaile-kaskoa norbera babesteko ekipamenduaren parte da, eta bai berotik, bai talketatik gerizatzeko diseinaturik dago. Lehenbizikoak larruzkoak edo metalezkoak baziren ere, gaur egun material plastikoak erabiltzen dira. Kea dela-eta arnastu ezin den lekuetan aritzeko, arnasketa autonomoko ekipo batekin hornitzen da.[11]
Izotz hockeyko kaskoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Kasko. Lur hiztegi entziklopedikoa, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-22).
  2. The Shaft Graves. projectsx.dartmouth.edu (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  3. a b c d McPeak, William J.. Helmet Designs Through the Ages. Warfare History Network, warfarehistorynetwork.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-23).
  4. Morion. 1911 Encyclopædia Britannica, en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  5. Mark I pattern steel helmet, 1916. National Army Museum, collection.nam.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  6. German steel helmet or 'Stahlhelm', 1916 (c). National Army Museum, collection.nam.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  7. Ba al zenekien Franz Kafka-k erabili zuela lehenengo aldiz derrigorrezko segurtasun kaskoa?. segurmaniazurekin.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  8. Wallace, Duncan. Combat Helmets and Blast Traumatic Brain Injury. jmvh.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
  9. Kevlarra, segurtasun handiko arropetan erabilitako materiala, orain egonkorra eguzki-argitan eta tenperatura altuan. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-26).
  10. Twaron. fibrxl.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-26).
  11. Suhiltzaileen ekipamendua. vitoria-gasteiz.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]