Jose Maria Agirre Salaberria
- Artikulu hau Mauthausenen kartzelaratutakoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».
Jose Maria Agirre Salaberria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Etxebarria, 1919ko martxoaren 25a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Palma Mallorcakoa, 2009ko irailaren 6a (90 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | militarra |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Jose Maria Agirre Salaberria (Etxebarria, Bizkaia, 1919ko martxoaren 25a – Palma Mallorcakoa, Balearrak, 2009ko irailaren 6a) milizianoa izan zen, Mauthausengo kontzentrazio esparrutik bizirik atera zelako ezaguna.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxebarrian (Bizkaia) jaioa bazen ere (Egixarre baserrian), hiru urte geroztik Irunen (Gipuzkoa) hazi zen, eta hantxe bizi izan zen 17 urte zituen arte.[2]
Espainiako gerra zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, familia osoa Hendaiara joan zen. Han zela, ama eta anai-arrebengandik banandu eta aita Doroteorekin batera Kataluniara joatera behartu zuten.[3][4]
Han miliziano bilakatu zen, eta San Pedro Martir muinoan eta Sant Feliu de Guíxolsen borrokatu zelarik. 1939an muga zeharkatu zuen Frantziara, garaile zetorren armada frankistarengandik ihesi.[4]
Frantzian erbestealdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian Saint-Cyprien eta Gurs kontzentrazio esparruetan izan zen. Han Marcelino Bilbao ezagutu zuen, koinatua izango zuena.[5]
1939ko urrian Gursetik Septfondseko zelaira eraman zuten. Bertako bizi baldintza krudelek bultzatuta, Compagnies de Travailleurs Étrangers (CTE) delakoetan izen eman zuen, zelai honetatik alde egiteko asmoz. Marcelino eta Jose Mari 26º CTE-ra bidali zituzten eta,[5] konpainia honetan zirelarik, Maginot lerrora lan egitera.[6] 1940ko ekainean naziek harrapatu eta Estrasburgoko Stalag V-D esparrura eraman zuten.[7]
Alemaniara deportatu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte hartako abenduaren 13an Mauthausenera eraman zuten, hiltzeko asmoz. Han 4553 zenbakia eman zioten.[8] Bertan eman zuen urte eta erdian espainiar errepublikazaleek pairatu zuten hilketa sarraskiaren lekuko eta biktima izan zen, aldi berean. Jose Marik Mauthausengo harrobian lan egin behar izan zuen, hilketak burutzen ziren gunean. Isipula ere pasa zuen eta nazien esperimentuen biktima ere izan zen. 1942ko maiatzean bere egonaldiaren atal berri bat hasi zen, Ternberg eta Redl-Zipf azpiesparruetara bidali baitzuten Cesar Kommandoko itzultzaile gixa.[9]
1945eko maiatzaren 2an, naziek Ebenseera zeramatela, aliatuek askatu zuten.
Askatasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ko maiatzean, askatu ostean, Jose Mari Parisa bidali zuten indar aliatuek eta handik Châtelleraulta iristea lortu zuen, erbestean zituen ama eta anai arrebekin bat eginez.[10] 1950eko hamarkadan Mallorcara joan zen bizitzera, bertan hotel bat zuzendu zuelarik.[11] Han hil zen 2009an.
Oroimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mallorca 2018
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Mari Agirre Mallorcan bizi izandako etxearen parean, oroimenezko galtzadarri edo stolperstein bat ezarri zen 2018ko abenduaren 18an, Gunter Demnig artista alemanak egina.[12]
Etxebarria 2022
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Mari Agirreren sorterrian, Etxebarrian, omenaldi bat antolatu zuten, 2022ko martxoaren 26an eta 27an, Ahaztuen Oroimena 1936 - Markinaldeko Frentea elkarteak[13] bultzatuta.[14] Etxahun Galparsoro historialariak hitzaldi bat eman zuen, pilotalekuko kultur aretoan, martxoaren 26an. Agirreren bizialdia izan zuen hitzaldiaren muin, baina, horrekin batera, Lea-Artibai eskualdeko beste deportatu batzuk ere ekarri zituen gogora, besteak beste, Jose Clark (Markina-Xemein), Lucio Vallina (Ziortza-Bolibar), Iñaki Eizagirre (Ondarroa), Aurelio Artola (Lekeitio) eta Cecilio Hidalgo (Berriatua). Hitzaldiaz gain, Galparsorok idatzitako liburuxka bat argitaratu zuten.[15]
Hurrengo egunean, martxoaren 27an, gorazarre ekitaldi bat egin zuten; parte hartu zuten Mikele Sotil margolariak, Lorea Zulaika abeslariak eta Associació Memòria de Mallorca[16] elkarteko kideek besteak beste. Agirreren zenbait senitarteko ere omenaldian izan ziren.[14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bermejo, Benito; Checa, Sandra. (2006). Libro Memorial. Españoles deportados a los campos nazis (1940-1945). Kultura ministerioa ISBN 84-8181-290-0..
- ↑ Juaristi, Patxi. (2011). Markinako frontea. Euskal Herriko Unibertsitatea Argitalpen Zerbitzua, 283 or. ISBN 978-84-9860-583-9..
- ↑ Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 33 or. ISBN 9788491991786..
- ↑ a b Juaristi, Patxi. (2011). Markinako frontea. Euskal Herriko Unibertsitatea Argitalpen Zerbitzua, 281 or. ISBN 978-84-9860-583-9..
- ↑ a b Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 32-33 or. ISBN 9788491991786..
- ↑ alternativa.balearweb.net
- ↑ Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica, 38-43 or. ISBN 9788491991786..
- ↑ (Katalanez) Generalitat de Catalunya, Departament de Relacions Institucionals i Participació: Programa per al Memorial Democràtic
- ↑ Gallart Vivé, Ernet. (2011). El kommando César: los republicanos españoles en el sistema concentracionario del KL Mauthausen. Memoria viva, 184 or. ISBN 9788461483037..
- ↑ Galparsoro, Etxahun. (2020). Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco. Crítica ISBN 223-224..
- ↑ Cordero y buen vino a la salud del preso 4553 (Diario de Mallorca)
- ↑ (Katalanez) «Memòria democràtica. Projecte Stolpersteine / Pedres de la Memòria» www.caib.es (Noiz kontsultatua: 2022-03-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Ahaztuen Oroimena 1936» Ahaztuen Oroimena 1936 (Noiz kontsultatua: 2022-03-27).
- ↑ a b Hermosilla, Gotzon. «Gerraren bide bihurriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-27).
- ↑ Ikus «Egixarretik Mauthausenera. Jose Mari Agirre Salaberria "Egixarre",1919-03-25 | Palma, 2009-09-06».
- ↑ (Katalanez) Pàgina web de l'Associació Memòria de Mallorca per la recuperació de la memòria històrica. (Noiz kontsultatua: 2022-03-27).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Galparsoro, Etxahun 2020: Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco, Bartzelona, Crítica. ISBN 978-84-9199-178-6
- Gallart Vivé, Ernest 2011: El kommando César: los republicanos españoles en el sistema cocentracionario del KL Mauthausen, 978-84-614-8303-7
- Juaristi Larrinaga, Patxi 2011: Markinako Frontea: Markinako eta Xemeingo egoera politikoa eta soziala Bigarren Errepublikan eta Gerra Zibilean (1931-1939), Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua. ISBN 978-84-9860-583-9
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Marcelino Bilbao
- Euskal herritarrak nazien kontzentrazio esparruetan
- Mauthausen-Gusen kontzentrazio-esparrua
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1919ko jaiotzak
- 2009ko heriotzak
- Nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal herritarrak
- Kontzentrazio-esparru nazietatik bizirik ateratako jendea
- Bizkaiko militarrak
- Gipuzkoako militarrak
- Euskal Herriko frankismoaren erbesteratuak
- Irundarrak
- Bigarren Mundu Gerrako militarrak
- Espainiako Gerra Zibileko biografiak
- Etxebarriarrak
- Esperimentazioa gizakietan