Itsaso Gorriko krisia
Itsaso Gorriko krisia | |
---|---|
Mota | fronte interbentzio militar |
Honen parte da | 2023-2024ko Israel-Palestina gerra, ezezaguna, 2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena, 2024ko Iran-Israel gatazka eta 2023-2024ko Israel-Palestina Gerrako huthien inplikazioa |
Denbora-tarte | 2023ko urriaren 19a - |
Data | 2023 |
Kokaleku | Ekialde Ertaina Yemen Itsaso Gorria Adengo golkoa Israel Bab el-Mandeb Arabiako itsasoa |
Parte-hartzaileak | |
Komunikabide | |
Osatuta | |
Itsaso Gorriko krisia da 2023ko azaroan Israel-Palestina gerraren inguruan piztu zen gatazka bat. Yemengo huthien mugimenduak Israelera bidean Itsaso Gorria zeharkatzen zuten zamaontziak atzeman eta eraso egin zien, Gazako palestinarren kontrako gerra eteteko erreklamatuz. Ondorioz, Mendebaldeko Europan krisi bat eragin zuen, eta AEBk buru zuen koalizio bat eratu zen huthiei aurre egiteko. 2024ko otsail arte, zamaontzien ohiko trafikoaren erdia baino gehiago desbideratu zuen Itsaso Gorritik. AEB eta Iranen arteko bitartekoen bidezko gerran kokatzen da.
Huthiek itsas garraioari eraso
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Israel-Palestina gerraren baitan, urriaren 31n, huthiek Israel hegoaldearen kontrako misilak eta dronak jaurti zituzten, eta Yahya Saree huthien bozeramaileak adierazi zuen gehiago jaurtiko zituztela «Israelen erasoa amaitu arte».[1]
Gazako inbasioaren oihartzuna, itsas garraioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]AEBk Itsaso Gorrian gerraontziak zabaltzeari erantzunez,[2] Yemengo matxino huthiek mehatxu hau egin zuten abendu erdialdean: Itsaso Gorria zeharkatuz Israel helmuga duten ontzi guztiei eraso egingo zietela, baldin eta Israelek «berehala» laguntza humanitarioa, hala nola elikagaiak eta osasun baliabideak, Gazara sartzen uzten ez bazuen.[3]
Huthien bozeramaile militar Yahya Sareak eman zuen erabakiaren berri, eta irmo berretsi zuen: «Edozein nazionalitate duen ontziri egingo diogu eraso». Hain justu, azaro hondarrean eta abendu hasieran Itsaso Gorria zeharkatzen ari ziren pare bat ontziri —Israelenak eta AEBenak— egin zieten eraso Yemengo matxino huthiek.[3] Huthiek Iranen babesa dute, eta Itsaso Gorrikoa munduko itsas ibilbide komertzial aktiboenetako bat da.[2]
Itsaso Gorriko garraioaren etena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abenduaren erdialderako, AP Moller-Maersk, bidalketen eta logistiken danimarkar konpainia handiak, eta Hapag-Lloyd-ek, bidalketen eta edukiontzi garraioarenak, erabaki zuten bertan behera uztea Itsaso Gorriko beren ohiko ibilbidea, trukean Afrika ingurukoa hartuz. Ordurako, huthiek zortzi itsasontziri egin zieten eraso Yemengo Bab el-Mandeb itsasartean. Ondorioz, petrolioaren prezioek goranzko joera hartu zuten.[4]
Abenduaren 19an, Estatu Batuetako idazkari Lloyd Austinek nazioarteko koalizio bat eratu zutela iragarri zuen, hamar estatuk osatua, huthien Itsaso Gorriko erasoei aurre egiteko eta itsas trafikoa segurtatzeko, tartean zela Frantzia,[5] baita Espainia ere.[6] Abenduaren 28an, zamaontzien erdiek Itsaso Gorritik igarotzeari utzi zioten, huthien erasoengatik.[7]
Yemen gaineko bonbak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko indarren Yemengo bonbardaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2024ko urtarrilaren 11-12an, AEBk eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatzea erabaki zuten huthien kontra, eta fronte berri bat ireki.[8] Hilaren 13an, AEBk berriz eraso egin zion Yemeni, oraingoan bakarrik.[9] Joe Bidenek huthiak terrorista izendatzeko asmoa agertu zuen, nazioarteko erakundeen ustez, Yemenekiko harremanak moztuko lituzkeena eta krisia areagotu.[10] Huthiek Israelekin lotura zuten itsasontziei soilik eraso egitetik AEBren eta Erresuma Batuaren itsasontziei eraso egitera pasa ziren, herrialde horiek Yemeni eraso egin ondoren.[11]
Otsailaren 3tik 4ra, AEBren eta Erresuma Batuaren indarrek, beste sei herrialde aliatuk babesturik, dozenaka eraso egin zituzten huthien kontrolpeko Yemengo lurraldean, 36 posizio guztira, tartean zela Sana hiriburua. Gerra hegazkinak eta gerraontzietako misilak, Tomahawk motakoak, baliatu zituzten horretarako. Azarotik otsail erdialde arte, Itsaso Gorriko zamaontzien trafikoak % 51,3 behera egin zuen.[12]
Udaberrian, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak hainbat eraso egin zizkieten huthiei eta Yemenen kontra. Hilabeteak geroago, ekainaren 29an, huthiek adierazi zuten lau zamaontziri eraso egin ziotela misilen bidez Itsaso Gorrian eta Mediterraneoan. Euronews albiste agentziak, berriz, auzitan jarri zituen adierazpenok, huthiek lehenago ere beren erasoen emaitzak eta egiletza gehiagotu zituztelakoan.[13]
Yemenen kontrako Israelen aire erasoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uztailaren 19an, huthiek dronez Tel Aviv kolpatzea lortu zuten, hildako bat eta zenbait zauritu utziz. Distantzia luzeko drone batek egin zuen, eta «giza errore» bati egotzi zitzaion Israelen defentsa sistemek, Burdinazko Kupulak, geldiarazi ez izana. Israelgo Defentsa ministro Ioav Gallantek mendekua agindu zuen.[14] Bada, Israelek Yemengo Hodeida portu hiriari gogor eraso egin zion hainbat energia azpiegituraren kontra, petrolio andel handiak sugarretan jarriz, baita hiru hildako eragin, eta 87 pertsona zauritu ere, bozeramaile huthien arabera. Uztailaren 21ean, berriz, Israelgo defentsa indarrek adierazi zutenez, Yemengo huthiek jaurti misil balistiko bat geldiarazi zuten, herrialde horren hegoaldeko Eilat portu hirira zuzendua.[15] Hodeidari eginiko erasoa gerra krimentzat jo izan da, ondorio humanitario larriak izaniko zibilen kontrako eraso neurrigabea eta bereizigabea zelakoan.[16]
Irailaren 29an, Gazaren eta Libanoren kontrako gerraren tentsioa etengabe handitu ahala, huthien misil bat Tel Avivera heldu zen, Israelek zeruan neutralizatu egin bazuen ere. Hari erantzunez, Israelek airetik egin zuen eraso Hodeida eta Ras Isa portu hirien kontra, gatazka osoa Ekialde Hurbilera zabalduko zelako beldurra handituz. Dozenaka gerra hegazkinek parte hartu zuten eraso sorta horretan, eta gogor kolpatu zituzten elektrizitate eta portu instalazioak. Gutxienez lau pertsona hil zituzten, Al Masirah TV hedabidearen arabera,[17] eta 29 zauritu, 40 bonba inguru jaurti eta gero, horietako batzuk bunkerrak birrintzeko bonbak, tona bat ingurukoak[18]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Yemen’s Houthis say they launched ballistic missiles, drones at Israel» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ a b (Ingelesez) Motamedi, Maziar. «Houthis target Israel-linked ships in Red Sea. Here’s what you need to know» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-12).
- ↑ a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
:12
izeneko erreferentziarako - ↑ (Ingelesez) Cafiero, Giorgio. «Will oil prices rise after Red Sea shipping curbs amid Houthi attacks?» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
- ↑ (Ingelesez) «US announces 10-nation force to counter Houthi attacks in Red Sea» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) EFE, NTM /. (2023-12-19). «EE.UU. anuncia una coalición militar de 10 países en el mar Rojo contra los ataques hutíes» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
- ↑ «Zamaontzien erdiek Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote, huthien erasoengati» Berria 2024-01-02 (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- ↑ «AEBk eta Erresuma Batuak Yemenen egindako erasoak beste fronte bat ireki du Ekialde Hurbilean» EITB 2024-01-12 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
- ↑ «AEBk berriro bonbardatu du Yemen, eta tentsioak gora egin du» EITB 2024-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
- ↑ ««Huthiak terrorista izendatzeak ondorioak izango ditu Yemenen»» Berria 2021-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
- ↑ (Ingelesez) «Which Houthi targets were hit by US-UK strikes in Yemen?» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-02-11). «Los ataques hutíes en solidaridad con Gaza reducen a la mitad los buques que pasan por Suez» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ (Ingelesez) «Yemen's Houthi rebels target more ships in Red Sea and Mediterranean» euronews 2024-06-29 (Noiz kontsultatua: 2024-07-02).
- ↑ (Frantsesez) «Israël promet des représailles après une attaque de drone à Tel Aviv revendiquée par les Houthis» France 24 2024-07-19 (Noiz kontsultatua: 2024-07-20).
- ↑ (Ingelesez) Michaelson, Ruth. (2024-07-21). «Israel says it intercepted missile fired by Houthis at port city of Eilat» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-07-21).
- ↑ (Ingelesez) «Israeli strike on Yemen's Hodeidah 'possible war crime': HRW» Middle East Eye (Noiz kontsultatua: 2024-08-19).
- ↑ (Ingelesez) «Israeli army launches air raids on Yemen’s Ras Isa and Hodeidah» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-09-29).
- ↑ «Israel ataca Yemen tras liquidar parte de la cúpula de Hezbolá» El País 2024-10-30.