Inder Kumar Gujral
Inder Kumar Gujral (Jhelum, egun Pakistan, 1919ko abenduaren 4a - Gurgaon, Haryana, 2012ko azaroaren 30a) Indiar politikaria izan zen.
Familia aberats eta ikasi batean hazi zen. Gurasoak, biak, India Britainia Handiaren manupetik askatzeko borrokatu ziren. Kristau eskola batean egin zituen lehen mailako ikasketak, Lahoreko Merkataritza Eskolan gero, Pakistanen, eta Punjabeko Unibertsitatean azkenik. 1930-1931 urteetan eta aurrerago ere, 1942an, kartzelan egon zen Indiaren askapenaren aldeko mugimenduan parte hartzeagatik. Gurasoak ere kartzelan sartu zituzten Bigarren Mundu Gerran, Britainia Handiaren aurkako ekintzetan parte hartzeagatik. 1959-1964 bitarteko urteetan New Delhiko Udal Batzordeko lehendakariorde izan zen. 1964an, Rajya Sabha deritzon Parlamentuko kide izendatu zuten lehen aldiz. Parlamentu horretako kideek 30 urte baino gehiago izan behar dituzte, eta legegintza-batzordeek hautatzen dituzte, ez herritarrek. UNESCOko indiar ordezkaritzaren burua izan zen 1970, 1972 eta 1974 urteetan, eta Nazio Batuen babespean antolatutako konferentzietakoa ere beste askotan, 1970eko hamarraldian. 1967-1976 urte-bitartean Indiako gobernuko ministro-batzordeko kide izan zen, eta bost sail desberdinetan aritu zen. Askotan frogatu zuen berak bere printzipioei begiratzen ziela, politika nagusiaren presioa gorabehera. 1975ean, adibidez, Informazio ministro zela Indira Gandhiren gobernuan, askatasun zibilik gabeko garai batean, kargutik kendu eta Moskura bidali zuten enbaxadore, albiste-buletinak zentsuratzeko aginduari uko egiteagatik. 1989an, Lok Sabha deritzon Parlamentuko kide hautatu zuten lehen aldiz (Lok Sabhako kideak herritarrek hautatzen dituzte zuzenean), eta parlamentari gisa kanpo-arazoez arduratu zen 1989-1991 urte-bitartean. 1992an berriro hautatu zuten Rajya Sabhako kide. 1997ko apirilean lehen ministro hautatu zuten, eta 1998ko martxora arte aritu zen kargu horretan.
1999ko hauteskundeetara ez zuen bere burua aurkeztu, eta politikatik erretiratu egin zen. Club of Madrid-eko kide izan zen; aipatu erakundea herrialde askotako presidente eta lehen ministro ohiak biltzen dituen irabazi-asmorik gabeko talde independentea da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Inder Kumar Gujral |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.