Edukira joan

Hantabirus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hantabirus mikroskopio elektronikoan ikusita

Hantabirusak Bunyaviridae familiako birusak dira. Familia honetako birusak artropodoetan eta karraskarietan bizi dira, eta animalia horietatik gizakia infektatzera pasatzen dira. Hantabirusek, zehazki, karraskarien bidez sortzen dituzte infekzioak.

1978an isolatu zuten laborategian talde honetako birus bat lehenbizikoz, eta giza patogenoa zela baieztatu [1]. Hantabirus izena Hantaan ibaitik dator, Hego Koreatik, non XX. mendeko 50eko hamarkadan bere infekzioaren lehenengo kasuak agertu ziren.

Harizpi bakarreko RNA dute birus hauek, polaritate negatibokoa eta 3 zatitan banatua. Mikroskopio elektronikoan ikusita, biribilak dira eta 90-120 nm-etako diametroa dute[2]. Material genetikoa kapside helikoidal baten barruan dago, eta horren gainetik fosfolipidoz osatutako bilgarria dute.

Bi dira mikroorganismo hauek sortzen dituzten patologia garrantzitsuenak: hantabirusek sortutako birika-sindromea (HPS, ingelesez) eta giltzurrun-sindromedun sukar hemorragikoa (HFRS) [3]. Bi gaitz horiek zoonosiak dira, eta gizakia kutsatzen da karraskariekin (arratoiekin, esaterako) edo haien gernu edo gorotzekin harremanetan egon ondoren.

Birika-sindromea (HPS) birusak inhalatzerakoan sortzen da. Gaitz larria da, hilkortasun tasa handia duena. Edemak sortzen ditu biriketan.

Giltzurrun-sindromedun sukar hemorragikoak (HFRS) giltzurrun-gutxiegitasuna eragiten du, odoljarioekin batera. Urtero 200.000 kasu agertzen dira munduan, batez ere Asian [3].

Teknika immunologikoen bidez diagnostikatzen dira gaitz hauek, gaixoaren odolean birusaren aurkako antigorputzak antzematerakoan (serokonbertsioa). PCRaren bidez ere diagnostikatu daitezke, birus patogenoaren material genetikoa gaixoaren odolean detektatzerakoan.

Hantabirusen aurkako txertorik edo tratamendurik ez dago gaur egun.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Johnson KM (2001). "Hantaviruses: history and overview". Current topics in microbiology and immunology. 256 (256): 1–14 PMID https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/11217399
  2. Basaras, Miren; Umaran, Adelaida. Mikrobiologia medikoa. EHU ISBN 84-8373-658-6..
  3. a b Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua: 960 orr.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]