Giovanni Pierluigi da Palestrina
Giovanni Pierluigi da Palestrina | |||
---|---|---|---|
![]() | |||
1561eko martxoaren 1a - | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Palestrina, 1525eko irailaren 30a | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Heriotza | Erroma, 1594ko otsailaren 2a (68 urte) (68/69 urte) | ||
Hobiratze lekua | San Petri basilika | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Lucrezia Gori (en) ![]() Virginia Dormoli (en) ![]() | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | italiera | ||
Irakaslea(k) | Robin Mallapert Firmin Lebel (en) ![]() Giacomo Coppola (en) ![]() Giovanni Animuccia Claude Goudimel Robert de Févin (en) ![]() | ||
Ikaslea(k) | |||
Jarduerak | |||
Jarduerak | musikagilea, kapera-maisua, musika-irakaslea, organista, abesbatza-zuzendaria eta abeslaria | ||
Genero artistikoa | Pizkundeko musika erlijio-musika meza moteta church music (en) ![]() | ||
Musika instrumentua | organoa | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijio-ordena | Frantziskotarren Ordena | ||
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |

Giovanni Pierluigi da Palestrina (Palestrina, Erroma inguruan, 1525eko irailaren 30a - Erroma, 1594ko otsailaren 2a) italiar musikagilea izan zen. Pizkundeko musikari garrantzitsuenetakotzat jotzen da.[1] XVI. mendeko musika konposizioko Erromatar Eskolaren ordezkari ezagunena da. Eragin iraunkorra izan zuen Europan eliza zein musika profanoaren garapenean, bereziki kontrapuntuaren garapenean. Bere obra polifonia errenazentistaren gailurtzat jotzen da.[2][3]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giovanni Pierluigi Palestrina hiribilduan jaio zen,[4] Erromatik gertu, orduan Aita Santuen Estatuen zati bat zena. Aita, Santo Pierluigi, napolitarren semea zen, eta amak Palma zuen izena.[5] Ziur aski, 1525eko otsailaren 3an jaio zen. Bere ama 1536ko urtarrilaren 16an hil zen, Palestrina gazteak 10 urte zituenean.
Dokumentuek iradokitzen dute 1537an bisitatu zuela lehen aldiz Erroma. Robin Mallapert eta Firmin Lebel maisu frantsesekin egin zituen musikako ikasketak. 1537. urtean, Erromako Santa Maria Maggioreko koru-mutila izan zen, eta, horri esker, musika eta literatura ikasi ahal izan zuen. 1540an, berriro ere, Erromara joan zen, Claude Goudimelen eskolan ikasteko. Baita ere Robin Mallapert eta Firmin Lebelekin ikasi zuen.
Palestrinak, ipar Europako polifonia-estiloaren eraginpean, adin-nagusitasuna lortu zuen musikari gisa. Estilo horrek Italian zuen nagusitasuna, batez ere, Guillaume Dufay eta Josquin des Prez Herbehereetako bi konpositore eraginkorrei zor zien, beren karreren zati esanguratsu bat bertan igaro baitzuten. Italiak berak polifonian antzeko trebetasuna zuen norbait sortu behar zuen oraindik, Orlando di Lasso, Palestrinari bere lehen urteetan lagundu ziona. Lassok ere paper garrantzitsua izan zuen kontseilari gisa bere estiloaren eraketan.[6]
Santa Maria Nagusiko abesbatza-umea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1536ko urtarrilean ama hil zitzaion, Giovannik hamar edo hamaika urte zituela. Agian, haurra oraindik Palestrinan dago, edo, dagoeneko, Erroman dago, Santa Maria Nagusiaren basilikako ume-abeslari gisa[7]. Bi istorio daude Giovanniren musika-gaitasunak nola aurkitu zirenari buruz; batek dio Santa Maria Maggiorreko koru-maisuak Palestrinatik Erromara joateko egiten zuen bidean sarritan entzun zuela abesten eta kantuan trebatzea erabaki zuela bere ahotsak liluratuta. Bigarrena, kontzertu batean, abesbatza-zuzendariak haurrak melodiaren kadentzia buruarekin batera laguntzen zuen zehaztasunaz ohartu eta gero, ikasteko berarengana etortzea agindu ziola «halako onuraz, ezen laster bihurtu zen Giovanni guztientzako adibide»[8]. Hirugarren istorio batek, mitikoagoa dena, dio Palestrinatik pasatzen ari zen espainiar aberats bat Giovanniren musika dohainek harritu zutela eta berehala bere gurasoak ohartarazi zituela[8].
Baliteke Giovannik aukera izatea Palestrinan musika ezagutzeko, eta han izen bat egitea, nahiz eta Palestrinako katedralean liturgia musikalaren presentzia gutxienera murriztu eta abesbatza profesional baten presentzia baztertua dirudien[9]. Nolanahi ere, 1537ko urriaren 25ean Santa Maria Maggiore sakristian sinatutako kontratu batek, elizako ordezkarien eta Giacomo Coppola koru-maisuaren artean (Paulo III.a hiru urte zeraman Aita Santu gisa) zehazten zuen ostatua, janaria eta arropa emango zitzaizkiela sei haur kantariri, non zerrendatutako seietatik bigarrena, antzinatasun-ordenan izendatuta, Ioannem de Pelestrina baitzen[8]. Ez dokumentu horrek, ezta gerokoek ere, ez dute adierazten noiz egon zen Giovanni ikasten elizako korista gazteen eskolan, baina litekeena da 1533 inguruan sartu izana, bada, haurrak, orokorrean, sei eta zortzi urte bitartean sartzen baitziren, ahotsaren aldaketara arte, hamalau eta hamasei urte bitartean gertatzen zena[8]. 1795ean anale moduan argitaratutako Palestrinako artxiboetan, Pietroantonio Petrini baten memoria bitxi batzuek adierazten dute: «1540 inguruan, gure erkide bat, Giovanni Pierluigi izenekoa, Erromara joan zen musika ikastera». Urte hartan, Giovannik hamabost bat urte izango zituen, eta ordurako ikasketak amaituak zituen Santa Maria Maggioren[10].
Santa Maria Maggioren hartutako hezkuntzaren izaera dokumentatuta dago zazpi edo zortzi urteko Pompeo izeneko ume baten aitaren, eta basilikaren arteko kontratu batean; aitak onartzen du bere semea sei urtez bikario nagusiaren zaintzapean eta basilikaren zerbitzura uztea, zeina, haur guztiek bezala, parte hartuko duen liturgia osoan[11]. Bertan ondo tratatu, elikatu, jantzi, zapata eta gramatika eta kantua emango diote[11]. Haurra ezin da itzuliko bere mantenuari eta hezkuntzari dagozkion gastu guztiak elizari ordaindu gabe[11]. Musika ikasketak barne hartzen dute: kantu gregorianoa eta polifonikoa eta haien praktikarako beharrezkoak diren ezagutza teorikoak, kontrapuntua, konposizioa eta organoa, zeinaren ikasketa derrigorrezkoa baita[11]10. Giovanni beste bost umerekin bizi da Giacomo Coppola musika irakasle eta abesbatza-maisua bizi den elizaren antolamenduetan (arrazoi ezezagun batengatik haurren «laguntzaile» titulu soila duelarik[10])), ohi zen moduan[11]. Zuzen abesten eta bere zatia irakurtzen zekien mutil gazte bat zuzenean sartzen zen kaperako abesbatzan, helduen baxu, tenore, kontralto eta sopranoz osatua[11], eta salmodi gregorianoan ere parte hartzen zuen jai solemneetan, kalonjeek abesten zituzten ofizioko atal ezberdinei lotuta[10]. Giovanniren maisuen artean, ziurrenik, Firmin Lebel zegoen, geroago Saint Louis des Français-eko kapera zuzenduko zuena[12].
San-Agapiton kapera-maisu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1544. urtean, Palestrinako San Agapito katedraleko, bere jaioterriko eliza nagusia, koru-maisu eta organo-jotzaile izan zen, 1544ko urriaren 28an datatutako kontratu baten arabera[13]. 1547ko ekainaren 12an, Lucrecia Gorirekin ezkondu zen Palestrina[13] 1550ean, Palestrinako gotzaina, Giovanni Maria Ciocchi del Monte, Julio III.a izenarekin Aita Santu izendatu zuten, eta, hurrengo urtean, San Petri basilikako Cappella Giuliako[13][14], kalonjeen kapituluko koruko, kapera-maisu izendatu zuten. 1554. urtean, Palestrinak Julio III.ari eskaini zizkion 1554an argitaratutako lehen konposizioak, meza-liburu bat. Bertako konpositore baten lehen meza-liburuetako bat izan zen, bada, Palestrinaren garaiko Italiako estatuetan, eliza musikako konpositore gehienak Herbehereetakoak, Frantziakoak edo Espainiakoak baitziren[15]. Izan ere, Cristobal de Moralesen liburu batean inspiratu zen hura: fronteko zurean egindako grabatua espainiar konpositorearen liburuan agertzen denaren kopia zehatza da ia[16].

1555ean, Paulo IV.a Aita Santuak agindu zuen Aita Santuaren koruko guztiak klerikalak izatea. Palestrina goiz ezkondu zenez eta lau seme-alaba izan zituenez, ezin izan zuen kaperan jarraitu laiko gisa. Beste batzuen arabera, berriz, kargugabetzearen arrazoia madrigalak, izaera profanoko piezak, idatzi izana izan omen zen. Palestrinak kargua utzi behar izan zuen, eta, Laterango San Joan kaperan, kapera-maisu izan zen, Lassoren ordez. 1560. urtean, Santa Maria Maggiorreko kapera-maisu izan zen, eta, 1566etik 1571ra, erromatar mintegien musika-maisu; aldi berean, Ippolito d´Este kardinalaren kontzertuak antolatu zituen Tivolin. 1571. urtean, Giulia kaperaren zuzendaritzaren ardura hartu zuen berriro, eta Erroman geratu zen bizitzen.
Hurrengo hamarkadan, Palestrinak Capella Giulian izandako antzeko karguak izan zituen Erromako beste kapera eta eliza batzuetan, bereziki San Joan Laterangoaren basilikan (1555-1560, Lassok betetzen zuen postua), non 1560an bere Erostak idatzi zituen, eta Santa Maria Maggiorreko (1561-1566). 1571n, Cappella Giuliara itzuli zen, eta, han, «Aita Santuaren Kaperako konpositore» karguan amaitu zituen bere egunak.
1563an, bere lehen motete liburua argitaratu zuen. 1570eko hamarkada zaila izan zen berarentzat: anaia, bi seme eta emaztea galdu zituen izurritearen ondorioz, hiru agerraldi berezietan (1572, 1575 eta 1580, hurrenez hurren). Garai hartan, apaiz bihurtu pentsa omen zuen, baina, 1581ean, berriro ezkondu zen, Virginia Dormoli alargun dirudunarekin. Horrek, azkenean, independentzia finantzarioa eman zion (koru-zuzendari gisa ez zegoen ondo ordainduta), eta hil arte oparoki konposatu ahal izan zuen.
Palestrina italiar Pizkundeko musikagile emankorrenetako bat izan zen. 105 meza inguru idatzi zituen, lau-zortzi ahotsez abestekoak; 250 motete; 35 magnificat; salmoak; letaniak, baita madrigalak ere, erlijiozkoak eta bestelakoak. Polifoniaren maisu handia zenez, ahots soiletarako kontrapuntuaren musikagile ospetsuena izan zen bere garaian. Palestrinak ez zuen berrikuntzarik sortu musikagintzan, baina ezin hobeki erabili zituen musikagintzaren ohiko baliabideak.
Palestrina ez zen beti ados egon Trentoko kontzilioak emandako liturgia sakratuaren berrikuntzekin, haiek bere meza batzuk eta beste obra goiztiar batzuk ez-kanoniko bihurtu baitzituzten, testu ofizialetik kanpoko elementu profanoez zipriztinduak. Horregatik, kargua utzi, eta Hipolito II.a del Este kardinalaren zerbitzura jarri zen, hark bere kapera propioa mantentzen zuelarik. Azkenik, Cappella Giuliaren zuzendaritzara itzuli zen.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroman hil zen pleuresiaz, 1594ko otsailaren 2an. Palestrina 69 urte bete baino egun bat lehenago hil omen zen. Ohikoa zenez, Palestrina hil zen egun berean eta Libera me Domine esaldia zuen berunezko plaka bat zuen zerraldo sinple batean lurperatu zuten. Hiletetan, hiru korurentzako bost zatiko salmoa kantatu zuten[17]. Palestrinaren hileta San Petri basilikan egin zen, eta bertako zoruaren azpian lurperatu zuten. Bere hilobia beranduago eraikuntza berri batek estali zuen, eta lekua aurkitzeko saiakerek ez dute arrakastarik izan.
Bere lanak Giovanni Maria Nanino eta Gregorio Allegri dizipuluek jarraitu zituzten.[18]
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontrarreformaren eskakizun berrietara egokitutako lan polifonikoen egilerik adierazgarriena Palestrina. Urte horietako bere lanak lortutako argitasunagatik nabarmentzen dira, melodia goiko ahotsaren eskuetan utziz eta diskurtsoaren erritmoa zehaztasunez egokituz.
Konposizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere musika-ekoizpen ia osoa liturgia katolikoari laguntzera bideratutako pieza polifonikoek eta sakratuek osatzen dute. Salbuespena madrigal profano batzuk dira.
Idatzi zituen 105 mezetatik 70 baino gehiago melodia gregorianoen cantus firmus delakoaren gainean konposatuta daude, horietatik 51 parodia mezak dira, eta 31 parafrasi mezak. Aipagarrienen artean, Martzelo Aita Santuaren Meza dugu, Julio III.aren ondorengoa izan zen Martzelo II.ari eskainia; lan horretan bere aurrekoen eta garaikideen estiloaren sintesia egiten du, eta L'homme armé meza. Bere moteteetatik, Improperiak gain, aipagarriak dira Salomonen Abestiaren 29 piezak. Musika erlijiosoaren egile ospetsuenetakotzat jotzen da.
Gainera, 500 bat motete konposatu zituen (ezin da ziur jakin zenbat), Stabat Mater famatu bat eta, gutxienez, 72 ereserki, bi kantu sakratu (Cantiones sacrae), hamaika letania, 35 magnificat, 68 ofertorio, 49 madrigal sakro, 94 madrigal profano eta lauzpabost kexu-multzo[19] Palestrinaren Magnificat Tertii Toniren (1591) «Gloria» melodia, asko erabiltzen da gaur egun Victory (The Strife Is O'er) Piztueraren ereserkiaren doinuan[20].
Enigmatikoa izan zen madrigalekin izan zuen jarrera: Bere Canticum canticorum (Kantuen kanta, 1584) motete bildumaren hitzaurrean, uko egin zion testu profanoak girotzeari, bi urte geroago, ordea, berriro inprimatu zituen bere madrigal sekularren II. liburuarekin. (horietako batzuk mota horretako konposizio onenen artean daude)[21]. Bi madrigal bilduma baino ez zituen argitaratu testu profanoekin, bata 1555ean eta bestea 1586an[21]. Beste bi bildumak madrigal espiritualak ziren, Kontrarreformaren aldekoek maite zuten generoa[21].
Palestrinaren mezek bere konposizio-estiloa denborarekin nola garatu zen erakusten dute[21]. Badirudi Missa sine nomine bereziki erakargarria izan dela Johann Sebastian Bachentzat, Meza Si minorean idazten ari zela aztertu eta interpretatu baitzuen[22]. Palestrinaren meza gehienak 1554 eta 1601 artean inprimatutako hamahiru liburukitan agertu ziren, azken zazpiak hil ondoren argitaratuak[21][23].
Estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Palestrinaren musikaren bereizgarrietako bat da disonantziak konposizioen pultsu «ahuletara» baztertzen direla[24]. Horrek polifonia mota leunagoa eta kontsonanteagoa sortzen du, gaur egun Pizkundeko musika berantiarraren ezaugarritzat hartzen dena Josquin des Prézen urratsak jarraitu zituzten Europako musikagileen artean Palestrinak hartutako posizio nagusiaren ondorioz, Orlando di Lassorekin eta Tomás Luis de Victoriarekin batera.
Gaur egun, Palestrinaren estiloa da kontserbatorioetan ematen den kontrapuntu errenazentistaren oinarria, batez ere Johann Joseph Fux konpositore eta XVIII. mendeko teorialariaren ahaleginei esker, zeinak Gradus ad Parnassum (1725) izeneko liburuan Palestrinaren konposizio-teknikak konposizio-ikasleentzako tresna pedagogiko gisa kodetu baitzituen. Palestrina bere eredutzat aipatuz, Fuxek kontrapuntua bost espezietan banatu zuen (hortik «kontrapuntu-espezie» terminoa), non urrats batzuk ezartzen dituen ikasleek gero eta ahots landuagoen konbinazioak landu ditzaketen arau jakin batzuk betez, baldintza harmoniko eta melodiko zorrotzei atxikiz. Metodoa guztiz onartua izan zen, eta kontrapuntuaren ikaskuntzaren oinarri nagusia izan zen XIX. mendean, baina Fuxek Palestrinaren estiloari zenbait sinplifikazio sartu zituen, bereziki cantus firmus bat nahitaez erabiltzea erdi-laburrean; ondorengo autoreek, hala nola Knud Jeppesen eta Reginald Owen Morris-ek zuzendu zuten hori. Palestrinaren musika, alderdi askotan, Fuxen arauetara egokitzen da, bereziki bosgarren espeziean, baina ez da bere formatu pedagogikora egokitzen.
Ideia nagusia justifikatuta zegoen, hau da, Palestrinak lortutako polifonia-estilo hutsak estilo- eta konbinazio-baldintza aldaezinei jarraitzen ziela. Fuxen eskuliburua bere garaikide Johann Sebastian Bachek babestu zuen, eta Palestrinaren mezen arteko bi antolatu zituen interpretaziorako.
Fux-en arabera, Palestrinak oinarrizko lau printzipio ezarri eta jarraitu zituen:
- Musikaren jarioa dinamikoa da, ez zurruna, ez estatikoa.
- Doinuak noten arteko jauzi gutxi izan behar ditu[Oh 1].
- Jauzi bat gertatzen bada, txikia izan behar du, eta, berehala, kontrako norabidean mailakatutako mugimendu batek kontrajarria.
- Disonantziak esekidura, nota iragankor eta denbora ahuletara mugatu behar dira. Kolpe handi batean eroriz gero (esekidura batean), berehala konpondu behar da.
Fuxek aipatu gabe utzi zuen nola Palestrinaren fraseo musikalak jarraitu zion berak musikan jartzen ari zen otoitzen sintaxiari, aurreko konpositoreek kontuan izaten ez zutena. Palestrinan, figuralismo ugari ere nabarmentzen da. Horren adibide dira, besteak beste, beheranzko musika-mugimendua hitz latinoekin, hala nola descenditekin edo musika-une estatiko edo kadentzial bat coelisen hitzekin[25].
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Palestrina oso ospetsua izan zen bere bizitzan, eta bere ospea eta eragina nabarmen hazi ziren hil ondoren. Johann Sebastian Bachek Palestrinaren Mezaken lehen liburua aztertu eta eskuz kopiatu zuen, eta, 1742an, Missa sine nomineren «Kyrie» eta «Aintza»ren moldaketa propioa idatzi zuen[26]. Felix Mendelssohnek musikari handienen panteoian jarri zuen, eta idatzi zuen: «Beti haserretzen naiz batzuek Beethoven bakarrik goraipatzen dutenean, beste batzuek, berriz, Palestrina bakarrik, eta beste batzuek Mozart edo Bach bakarrik. Laurak, diot, edo bat ere ez»[27].
Erromatar Eskolako musikarik kontserbadoreenak bere erara konposatzen jarraitu zuen (XVII. mendean prima pratica gisa ezagutua)[28], Asprilio Pacelli, Annibale Stabile[29], Giovanni Maria Nanino, Ruggiero Giovanelli, Alessandro Gregorio, Arcangelo Acribille, Teofilo Legaliano, Francesali eta beste hainbat ikasleren eskutik[17]. Era berean, Salvatore Sacco Palestrinaren ikasle izan zitekeela uste izan da, baita Giovanni Dragoni ere, gerora Laterango San Joan elizako kapera-maisu izan zena[17]. Oraindik 1750eko hamarkadan, Palestrinaren estiloa erreferentzia zen oraindik motete forman lan egiten zuten konpositoreentzat, Francesco Barsantiren Sei Antifones lanean ikus daitekeenez (c. 1750; Peter Welcker-ek argitaratua, c. 1762).
Palestrinari buruzko ikerketaren zati handi bat XIX. mendean egin zen, Giuseppe Bainiren eskutik. Horrek, monografia bat argitaratu zuen 1828an, Palestrina berriro musikaren historiako pertsonaia nabarmen bat bihurtu zuena, eta Trentoko Kontzilioaren erreformetan, «musika erlijiosoaren salbatzailea» zela baieztatzen zuen kondaira indartu zuen[23]. Monografiak XIX. mendeko hagiografien ezaugarri bereizgarri asko ditu, gaur arte iraun duena. Hans Pfitzner-en Palestrina operak garai erromantikoetan hain berezkoa den jarrera hori erakusten du bere puntu gorenean[23][30]. Hala ere, gaur egun, eta Pizkundeko beste konpositore batzuen musika argitaragabearen zati handi baten aurkikuntzari eta argitalpenari esker, Palestrinaren figura eta obra bere testuinguru historikoan kokatu ahal izan dira[31]. Nahiz eta Palestrinak musika errenazentista berantiarra erakutsi, beste konpositore batzuk, hala nola Orlando di Lasso, bere hasierako ibilbidearen zati bat ere Italian garatu zuen konpositore franko-flandestarra, edo William Byrd oso moldakorrak ere izan ziren[31]. XX. eta XXI. mendeetako ikerketen arabera, Palestrina oso konpositore aipagarria eta fina izan zen; bere musikak perfekzio teknikoaren gailurra irudikatzen du[31], bere garaikide batzuek polifonia leunaren esparruan antzeko balioa izan zutela azpimarratuz. Horrela, Lasso, Byrd edo Tomás Luis de Victoria gisako konpositoreek beren ospea handitu dute azkenaldian.
Analisi garaikideak Palestrinaren konposizioen ezaugarri modernoak nabarmendu zituen kolorea eta sonoritatea ikertzea, eskala handiko agertoki batean soinu-multzoak erabiltzea, antolaketa bertikalean eta horizontalean interesa izatea, testuaren konfigurazioari arreta jartzea. Ezaugarri paregabe horiek, nekerik gabeko entregarekin eta definitu ezin den «bestetasunarekin» batera, Palestrinaren lanaren erakargarritasuna osatzen dute gaur egun arte[13].
Palestrinaren musika maiz interpretatzen eta grabatzen jarraitzen da, kontrapuntua aztertzeagatik ereduak ematen dituen aldetik. Palestrinaren lanaren bi edizio zehatz daude: batetik, 33 liburukiko bat, Breitkopf eta Härtel-ek 1862 eta 1894 artean Leipzig-en Franz Xaver Haberl-ek argitaratua. Bestetik, XX. mendearen erdialdean, Fratelli Scalerak Erroman argitaratutako 34 liburukiko bat, Raffaele Casimirik eta beste batzuen artean argitaratua.
Herri kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giovanni Pierluigi da Palestrina Pizkunde garaiko konpositore handienetako bat da. Horrela, Italiako hainbat hirik kaleak edo etorbideak eskaini dizkiote, Milan[32], Erroma[33], Florentzia, Cagliari eta Trieste barne. Era berean, Cagliariko kontserbatorioak Palestrinaren izena jasotzen du haren omenez. Gainera, Palestrina asteroidea (4850), Freimut Börngenek 1973ko urriaren 27an aurkitua[34], eta Palestrina glaziarrak ere, Antartikako Alexandro I.a uhartearen iparraldean, bere izena darama[35].
Hans Pfitznerrek Palestrina opera konposatu zuen; 1917an estreinatu zen Bruno Walterren zuzendaritzapean, Municheko Printze Erregentearen Antzokian, eta konpositorea eta hark Trentoko Kontzilioan izan zuen rola ditu hizpide[36]. 2009an, Giovanni Pierluigi da Palestrinaren bizitzari eta obrari buruzko film luze bat egin zen, Palestrina, musikaren printzea izenekoa, ZDF/Artek ekoitzia eta Georg Brintrupek zuzendua[37]. Gainera, bere musika 10 pelikula eta telebista saio baino gehiagotan erabili izan da[38].
Aukeratutako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Missa Papae Marcelli.
- Stabat Mater
- Missa Aeterna Christi Munera.
- Missa Assumpta est Maria.
- Sicut cervus.
- Peccentem me quotidie.
- Hodie Christus natus est.
- Missa sine nomine, Johann Sebastian Bach musikagilearen gustuko lana.
Balorazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Palestrina oso ospetsua izan zen bizirik zegoela, eta haren ospea eta eragina nabarmen hazi ziren hil ondoren. Johann Sebastian Bachek Palestrinaren Mezak lehen liburua ikasi, eta eskuz kopiatu zuen, eta, 1742an, Missa sine nomineren «Kyrie» eta «Gloria»ren moldaketa propioa idatzi zuen.[39] Felix Mendelssohnek musikari handienen panteoian jarri zuen.
Erromatar Eskolako musika kontserbadoreena bere erara konposatzen jarraitu zen (XVII. mendean, Prima praticoa izenez ezagutzen zen), bere dizipuluen eskutik: Asprilio Pacelli, Annibale Stabile, Giovanni Maria Nanino, Ruggiero Giovanelli, Alessandro Romano, Arcangelo Acribille, Teofilo Gargari, Francesco Soriano eta Gregorio Allegri.
1750eko hamarkadan ere, Palestrinaren estiloa erreferentzia zen oraindik motete forman lan egiten zuten musikagileentzat; hori Francesco Barsantiren Sei Antifones lanean ikus daiteke (c. 1750; Peter Welcker-ek c. 1762 argitaratua). Palestrinaren musika maiz interpretatzen eta grabatzen da, kontrapuntuaren estudioak modeloak ematen baititu.

Operan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hans Pfitznerrek Palestrina opera konposatu zuen; 1917an, Bruno Walterren zuzendaritzapean, Municheko Printze Erregeordearen Antzokian estreinatu zen. Operak, izan ere, konpositoreak Trentoko kontzilioaren testuinguruan bete zuen papera du hizpide.
Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2009: Palestrina - Princeps musicae, Georg Brintrupek zuzenduta. Gaia musikagilearen bizitza eta obra da.[40]
Palestrinaren omenez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Italiako hiri eta herri asko, haien kale baten izena eman diote musikagileari: Milan, Erroma, Florentzia, Cagliari, Trieste. Halaber, Cagliariko musika-kontserbatorioa ere haren izena darama.
- Espazioan, 1973ko urriaren 27an Freimut Börngenek aurkitu zuen asteroide batek Palestrina izena du.
- Antartidako Alexandro I.aren uhartean, Palestrina glaziarra dago.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Según Jeppesen, la línea es el punto de salida del estilo de Palestrina.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/
- ↑ Roche, Jerome (1970). Palestrina. Oxford University Press. ISBN 0-19-314117-5.
- ↑ Sadie, Stanley, ed. (1980). «Palestrina, Giovanni Pierluigi da». The New Grove Dictionary of Music and Musicians 20. Londres: Macmillan Publishers Ltd. ISBN 1-56159-174-2.
- ↑ https://www.newadvent.org/cathen/11421b.htm
- ↑ Marvin, Clara (2013). Giovanni Pierluigi Palestrina: A Research Guide. Hoboken: Taylor and Francis. ISBN 978-1-135-61754-7. OCLC 861081870. [1]
- ↑ Ferris, George T. (2007). Great Italian and French Composers. Dodo Press. 3.-4.or. ISBN 978-1-4065-2375-1.
- ↑ Bianchi 1994, 17 orr. .
- ↑ a b c d Bianchi 1994, 18 orr. .
- ↑ Bianchi 1994, 19 orr. .
- ↑ a b c Bianchi 1994, 21 orr. .
- ↑ a b c d e f Bianchi 1994, 20 orr. .
- ↑ Bianchi 1994, 38 orr. .
- ↑ a b c d Marvin 2013, 1-11 orr. .
- ↑ Lino Bianchi, Giovanni Pierluigi da Palestrina.
- ↑ Haar, James. (2014). European Music, 1520-1640. Boydell & Brewer Ltd, 68 or. ISBN 9781843838944..
- ↑ Kenyon, Nicholas. (2021). The Life of Music: New Adventures in the Western Classical Tradition. Yale UniversityPress, 74 or. ISBN 9780300223828..
- ↑ a b c Pyne 1922.
- ↑ Ferris, George T. (2007). Great Italian and French Composers. Dodo Press. 3.-4.or. ISBN 978-1-4065-2375-1.
- ↑ Roche, Jerome (1970). Palestrina. Oxford University Press. ISBN 0-19-314117-5.
- ↑ Brink; Polman, Bert. The Psalter Hymnal Handbook. . |data=1998 | fechaacceso=26 de enero de 2015 |hizkunza=en}}
- ↑ a b c d e Roche 1970.
- ↑ Wolff, Christoph. (1968). Der Stile Antico in der Musik Johann Sebastian Bachs: Studien zu Bachs Spätwerk. Wiesbaden: Franz Steiner Verlag, 224-225 or..
- ↑ a b c Garrat 2002.
- ↑ Jeppesen 1970.
- ↑ Georgiades, Thrasybulos. (1974). Music and Language The Rise of Western Music as Exemplified in Settings of the Mass. Cambridge University Press.
- ↑ Leaver, Robin A.. (25 de noviembre de 2016). The Routledge Research Companion to Johann Sebastian Bach. Taylor & Francis ISBN 978-1-315-45280-7..
- ↑ Zannos. The Life and Times of Felix Mendelssohn. , 40 or.. |izena=Susan |data=Marzo de 2004 |argitaletxea=Mitchell Lane Publishers, Inc. | isbn=978-1-61228-916-8 |hizkunza=en | fechaacceso=16 de mayo de 2021}}
- ↑ III SARPE, 1025 or. ISBN 84-7291-226-4..
- ↑ 56, 928 or. ISBN 84 239-4556-1..
- ↑ Bokina, John. (1997). Opera and Politics. Nueva York: Yale University Press, 129-131 or..
- ↑ a b c Roche 1971.
- ↑ Google Maps, ed. Vía Giovanni Pierluigi da Palestrina. .
- ↑ Google Maps, ed. Vía Pierluigi da Palestrina. .
- ↑ 4850 Palestrina. Jet Propulsion Laboratory.
- ↑ «Palestrina Glacier» U.S. Geological Survey.
- ↑ Scott, M.. (1977). The Record of Singing. Duckworth, Londres, 204-205 or..
- ↑ . Consultado el 16 de mayo de 2021.
- ↑ Txantiloi:Imdb Consultado el 16 de mayo de 2021.
- ↑ Leaver, Robin A. The Routledge Research Companion to Johann Sebastian Bach. Taylor & Francis. ISBN 978-1-315-45280-7. [2]
- ↑ https://www.imdb.com/title/tt1611965/
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sadie, Stanley. «Palestrina, Giovanni Pierluigi da» The New Grove Dictionary of Music and Musicians. . |liburukia=20 |lekua=Londres |argitaletxea=Macmillan Publishers Ltd. |data=1980 | isbn=1-56159-174-2 |hizkunza=en}}
- (Gaztelaniaz) «La música vocal en el Renacimiento» Música. La Enciclopedia del Estudiante. Santillana 2005 ISBN 84-9815-203-8..
- Benjamin, Thomas. (2005). The Craft of Modal Counterpoint. (2. edizioa. argitaraldia) Nova York: Routledge ISBN 0-415-97172-1..
- Coates, Henry. (1938). Palestrina. Londres: J. M. Dent & Sons. (Se combinan los datos biográficos con comentarios musicológicos).
- (Alemanez) Daniel, Thomas. (2002). Kontrapunkt, Eine Satzlehre zur Vokalpolyphonie des 16. Jahrhunderts. Verlag Dohr ISBN 3-925366-96-2..
- Della Sciucca, Marco. (2009). Giovanni Pierluigi da Palestrina. L’Epos ISBN 978-88-8302-387-3..
- Fux, Johann Joseph. (1965). The Study of Counterpoint (Gradus ad Parnassum). Nova York: W.W. Norton & Co. ISBN 0-393-00277-2..
- Garrat, James. (2002). Palestrina and the German Romantic Imagination. Nueva York: Cambridge University Press.
- Gauldin, Robert. (1995). A Practical Approach to Sixteenth-Century Counterpoint. Long Grove (Illinois): Waveland Press, Inc. ISBN 0-88133-852-4.. (Contiene una amplia y detallada bibliografía)
- Haigh, Andrew C.. (1957). «Modal Harmony in the Music of Palestrina» Essays on Music: In Honor of Archibald Thompson Davison. Harvard University Press, pàg. 111-120 or..
- Jeppesen, Knud. (1970). The Style of Palestrina and the Dissonance. (2. edizioa. argitaraldia) Londres: Dover Publications. (Un estudio exhaustivo de su técnica contrapuntística)
- Jeppesen, Knud. (1939). Counterpoint: the polyphonic vocal style of the sixteenth century. (1992a ed.. argitaraldia) Nova York: Dover Publications ISBN 0-486-27036-X..
- Marvin, Clara. (2013). Giovanni Pierluigi da Palestrina: A Research Guide. Hoboken: Taylor and Francis ISBN 978-1-135-61754-7. OCLC .861081870.
- Meier, Bernhard. (1988). The Modes of Classical Vocal Polyphony, Described According to the Sources. Broude Borthers Limited ISBN 0-8450-7025-8..
- Morris, R. O.. (1978). Contrapuntal Technique in the Sixteenth Century. Oxford University Press ISBN 0-19-321468-7..
- (Alemanez) Motte, Diether de la. (1981). Kontrapunkt: Ein Lese- und Arbeitsbuch. Kassel: Bärenreiter-Verlag ISBN 3-423-30146-5..
- Pyne, Zoë Kendrick. (1922). Giovanni Pierluigi di Palestrina: His Life and Times. Londres: Bodley Head.
- Reese, Gustave. (1954). Music in the Renaissance. Nueva York: W.W. Norton & Co. ISBN 0-393-09530-4..
- Roche, Jerome. (1970). Palestrina. Oxford University Press ISBN 0-19-314117-5..
- Stewart, Robert. (1994). An Introduction to Sixteenth-Century Counterpoint and Palestrina's Musical Style. Ardsley House, Publishers ISBN 1-880157-07-1..
- Stove, R. J.. (1990). Prince of Music: Palestrina and His World. Quakers Hill Press ISBN 0-7316-8792-2..
- Swindale, Owen. (1962.). Polyphonic Composition. Oxford University Press.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Palestrina Foundation (Italiakoa).
- Palestrina’s "Dum complerentur" YouTuben: 1971eko kontzertua, by Guildford Cathedral Choir, Barry Roseren zuzendaritzapean.
- Palestrinaren Sicut Cervus grabazioa Coro Nostro delakoak abestua, 2010-04-17.
- Zenbait abestiren audioa.
- Palestrina, princeps musicae – Film by Georg Brintrup (2009) (IMDb)