Edukira joan

PP

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alderdi Popular» orritik birbideratua)
Alderdi Popularra
Partido Popular (PP)
LehendakariaAlberto Núñez Feijóo
BozeramaileaCuca Gamarra
Idazkari nagusiaCuca Gamarra
Sorrera1989
Egoitza nagusiaGenova kalea, Madril
Ideologia politikoaEskuin politikoa
kristau demokrazia
kontserbadurismoa
neoliberalismoa
espainiar nazionalismoa
Espainiar Unionismoa
Nazioarteko kidetzaDemokraten Nazioarteko Batasuna
Europako Alderdi Popularra
Kristau Demokraten Internazionala
Eserlekuak erakundeetanEspainiako Diputatuen Kongresuan
88 / 350

Espainiako Senatuan
104 / 208

Europar Legebiltzarrean
13 / 54

Zinegotziak Espainian
20.336 / 57.829

Batzar Nagusiak
11 / 151
www.pp.es

Alderdi Popularra[1] edo Partidu Popularra (gaztelaniaz: Partido Popular, PP) Espainiako alderdi politiko eskuindar nagusia da. Manuel Fraga Iribarnek eratu zuen, 1976. urtean, Alianza Popular izenarekin, baina 1989ko urtarrilean birsortu zen egungo izenaz.[2] Alderdiko gaur egungo burua Alberto Núñez Feijóo da, eta idazkari nagusia Cuca Gamarra.

Alderdi Popularraren ideologia eskuindarra da, gizarte balioetan kontserbadorea, eta agenda politiko nazionalista espainiar baten aldezlea, moderatuagoa edo sutsuagoa. Egoitza nagusia Madrilgo Genova kalean du. Legez kanpo finantzatzen delako, hainbat prozesu ireki dizkiote auzitegietan; nabarmenena, Gürtel afera deritzona; Gobernutik botatzea ekarri ziena.

Historia

Espainiako PP 1989an sortu zen, ordu arte Alianza Popular izandakoak bere IX. Kongresuan izen berria hartzea erabaki zuenean, alderdi bakar bilakaturik, eta ez ordu arte bezala, askoren federazioa. Irudi berria hartzeaz gain, zenbait posizio politiko ere aldatu zituen, tartean zela Gernikako Estatutuaren aldeko posizioa hartzea.

Manuel Fragak jarraitu zuen Alderdiko presidente izaten 1990eko apirilaren 1 arte, baina urte bereko otsailetik, Madrildik alde egin eta Galiziako hauteskundeak irabazi zituen PP berriarekin, baita Galiziako Xuntako presidente hautatu ere, legez kanpoko hauteskunde kanpaina finantzaketaz bada ere.[3] Hasieratik, alderdiko diruzainek posizio garrantzitsua bete dute: Rosendo Naseiro (1987-1993), Álvaro Lapuerta (1993-2008) eta Luis Bárcenas (2008-2009); guztiak ere ustelkeriagatik izan dira ikertuak.[4]

1995eko apirilaren 19an, ETAk bonba auto bat leherrarazi zuen Madrilen José María Aznar PPko Espainiako oposizio burua hiltzeko. Haatik, onik atera zen autoaren blindajeak bizitzari esker[5] eta, 1996tik 2004ra, Aznarrek Alderdi Popularra Espainiako Gobernua gidatu zuen. 2003ko abuztuan, Aznarrek Mariano Rajoy izendatu zuen alderdiko idazkari nagusi, zentro-eskuinera lerratutako erreferentziazko alderdia izatera begira. Aldiz, PP garaitua izan zen urte horretako Espainiako hauteskunde oso polemikoetan, bi egun lehenago, Espainiako inoizko eraso terrorista latzenean, Aznar eta Ángel Acebes ministroa haren egiletza ETAri leporatzen tematu zirenean, hipotesi horren kontrako informazioak agertu ahala. 2011tik 2018ra, Mariano Rajoy izan zen Espainiako gobernuburu.

Aldiz, bitarte horren azken aldian, alderdiaren ustelkeria eskandaluak ugaldu egin ziren,[6] eta indar bereziz PP alderdiaren Valentziako gobernuan, Gürtel auziaren inguruan, kontabilitate publikoa alderdiaren alde manipulatu zenean, besteak beste.[7] Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018ko maiatzean hala ebatzita, gutxienez 1999 eta 2005. urteen artean, PPn "ustelkeria instituzionalerako benetako sistema eraginkor bat eratu zen paraleloki, estatu zentral, autonomia erkidego eta toki mailako manipulazio mekanismoen bidez".[8] Eskandalu horren ondorioz, Mariano Rajoy gobernutik kanporatua izan zen 2018ko ekainaren 5eko zentsura mozioan. José Luis Peñak, PP alderdiaren Gürtel kasua PP barnetik azaleratu zuenak, "Europako alderdi ustelena" deitu zion alderdiari, eta legez kanporatzeko erreklamatu.[9]

Rajoyren gainbeherak Pablo Casadoren goraldia ekarri zuen alderdiaren barruan, urte horretako uztailaren 21ean idazkari nagusi berri aukeratuta, Soraya Saenz de Santamariaren kaltetan.[10] Casado, Jose Maria Aznarren gertukoa, PPren "jatorrizko printzipioak berreskuratzearen" aldeko agertu zen. PPren diskurtsoa nabarmen lerratu zen eskuinera. Galizia da PPk indar gehien izan duen Espainiako autonomia erkidegoa Madrilekin batera. 2021eko urriaren 3an, Valentzian egin ekitaldian, PPk Casadoren lidergoa berretsi zuen, aldi berean mezuetan espainiar muturreko nazionalismora lerratuz eta politika gaietan oldarkor agertuz.[11][12]

Aldiz, 2022ko otsailean, krisi bat piztu zen PPn, Madril erdigunean zuela: Casadok ez zituen ontzat jo Isabel Diaz Ayusoren anaiaren diru irabaziak, ustez legez kontrakoak, maskaren salerosketan.[13] Horren harira, otsailean, Casado babesik gabe geratu zen PPn[14] eta, ezohiko kongresuan, apirilean Alberto Nuñez Feijóo hautatu zuten PPko presidente.[15] Azken hamarkadetan, PPk etsaigoa agertu dio PSOEri Espainiako Gobernuan izatean, ETA erakunde armatuaren eta Euskal Herriko Ezker Abertzaleko aukera politikoen lagun delakoan, eta nabarmendu dute PSOEk ez duela gobernu zilegitasunik eta premia dagoela alderdi hori gobernutik berehala botatzeko.[16][17][18][19][20][21][22]

Euskara eta Espainiako hizkuntzak

Alderdi Popularrak gaztelania hartzen du funtsezko hizkuntzatzat Espainian eta estatu horretako autonomia erkidego guztietan. Estatuko hizkuntzak ofizialak diren tokietan, oro har, haien aldeko jarrera du, askotariko ñabardurak adierazi dituen arren. 2023ko irailean, Espainiako Kongresuko araubidea aldatu eta hizkuntza ofizialak parlamentu horretan baliatzeko eskubidea onartu zenean, Alderdi Popularra aukera horren kontra agertu zen, Voxekin batera.[23]

Alderdi Popularra Hego Euskal Herrian

Alderdi Popularra EAEn

Sakontzeko, irakurri: «Euskadiko Alderdi Popularra»

Euskal Autonomia Erkidegoan ere hasieratik dihardu PPk, eta 1990ko legebiltzarrerako hauteskundeetan hartu zuen lehenengoz parte izen horren pean. Lehen hauteskunde haietan botoen %8,23 baino ez zituen lortu Alderdi Popularrek, eta haiei esker 6 parlamentari eskuratu zituen. Nolanahi ere, asko hobetu zituen aurreko legebiltzarreko hauteskundeetan bere aurrekari Koalizio Popularrek lortutako emaitzak, CPk bi legebiltzarkide baino ez zituen eta. Orduz geroztik, gora egin zuen botoetan, EAEko eskuin espainolista bere inguruan bildu baitzuen PPk.

1993ko hauteskunde orokorretan botoen %15 lortu zituen, %18,6 1996koetan eta %28,8 2000. urtekoetan: Araban hiru senatari eta bi diputatu, Bizkaian senatari bat eta hiru diputatu, eta Gipuzkoan senatari bat eta bi diputatu eskuratu zituen. 2000. urteko hauteskunde orokorretan EAEko bigarren alderdia izan zen PP boto kopuruan, EAJren atzetik bi punturen aldez bakarrik.

Eusko Legebiltzarrean izan duen ordezkaritzari dagokionez, nahiz eta hauteskunde horietan orokorretan baino emaitza pobreagoak izan, etengabe igo da botoetan zein eserlekuetan: 1994koetan botoen %14,4 eta 11 legebiltzarkide lortu zituen, eta 1998koetan botoen %20 eta 16 legebiltzarkide. 1998ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere EAEko bigarren alderdi bilakatu zen PP botoen arabera, postu hori PSE-EEri kenduz. 1999. urtean egindako udal, batzar nagusi eta Europako parlamenturako hauteskundeetan ere emaitza aipagarriak lortu zituen PPk, goranzko joerari eutsiz. Bigarren postua berretsi zuen EAJ-EA alderdiek osatutako koalizioaren ondotik Europarako parlamenturako hauteskundeetan, eta udal eta batzar nagusietarakoei dagokienez, nabarmen egin zuen gora EAEko hiru lurraldeetan. Gorakadarik nabarmenena, ordea, Araban izan zuen, eta emaitza horiei esker eta sozialisten laguntzaz hainbat urtez EAJren esku egondako bi erakunde garrantzitsu Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko udala eskuratu zituen, horien buruan Ramón Rabanera eta Alfonso Alonso jarriz.

EAE mailako politikagintzari dagokionez, 1998ko hauteskundeen ondoren hasi zen legegintzaldian oposizio gogorra egin zion PPk EAJk eta EAk osatu zuten Jaurlaritzari, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela, hasieran EHren babes parlamentarioarekin. 2000. urteko urrian lehendakariaren aurkako zentsura mozioa ere aurkeztu zuen PPk baita PSE-EEk ere. Eusko Legebiltzarraren historian lehendakari baten aurka aurkeztutako lehena, Lehendakariak legegintzaldia bertan behera utzi eta hauteskundeak dei zitzala behin eta berriro eskatuz.

EAJ eta EA Lizarrako Akordioa sinatu ondoren EHrekin lerratuta egoteaz salatuz, PPk eta PSE-EEk euren arteko elkarlana indartu zuten, eta horren lekuko izan zen, besteak beste, alderdi biek 2000. urteko abenduan hilabeteko negoziazioaren ondoren estatu mailan sinatutako Acuerdo por las libertades y contra el terrorismo deituriko akordioa. ETAk gogor eraso zion PPri: 1995ean Gregorio Ordoñez Donostiako zinegotzia eta 1997ean Miguel Angel Blanco Ermukoa hil zituenez geroztik, beste hainbat PPko zinegotzi hil zituen Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, baita, 2001. urteko apirilean, Aragoiko PPren presidentea ere. Su-etenaren aurreko urtean, 1998an, lau zinegotzi eta haietako baten emaztea hil zituen, eta su-etena bertan behera utzi ondoren, beste lau 2000. urtean zehar. 2001. urteko hauteskundeetan lortu zuen boto kopuru handiena EAEko PPk. Hortik aurrera, botoen beherakada jasan zuen. Gaur egun, PP Eusko Legebiltzarreko hirugarren alderdia da eserlekuen kopuruarekiko, EAJ eta PSE-EEren atzetik. Guztira 3 udalerritako alkatetzak ditu, 2 Araban eta 1 Gipuzkoan.

2015eko urriaren 14an, Arantza Quirogak dimisioa eman zuen Euskal Autonomia Erkidegoko PP alderdiaren presidentetzan, EH Bildu ere kontuan hartuko zuen bizikidetza ponentzia bat aurrera ateratzen saiatu ondoren eta alderdiaren barnean horren kontrako jarrera aurkituta.[24] 2016ko autonomia erkidegoko hauteskundeetan, Euskal Autonomia Erkidegoko bosgarren indar politikoa da boto kopuruan, 107.771 guztira, botoen % 10,18, Eusko Legebiltzarrean 9 eserleku betez.[25] Alfonso Alonso da EAEko alderdiaren arduradun nagusia.

2019ko uztailaren 16an plazaratu zenez, Espainiako Alderdi Popularrak espediente bat ireki zion Juan Carlos Cano Gipuzkoako batzarkideari ("erratuta") Giza Eskubideen Batzordeko buru aritzeko EH Bilduren alde bozka egitearren. Borja Semper alderdikide donostiarrak astakeriatzat jo zuen espedientea irekitzea. Teodoro Perez Egea PPko idazkari nagusiak argi utzi nahi izan zuen Espainiako hedabideen aurrean ez zutela "ezer ikustekorik EH Bildurekin".[26][27]

Alderdi Popularra Nafarroan

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Alderdi Popularra» eta «Nafar Herriaren Batasuna»

Nafarroan Alderdi Popularra UPNren bidez aurkeztu da 1991tik 2008ra. Urte hartako urrian krisia izan zen PP eta UPNren arteko harremanetan. UPNk PSOEren Espainiako aurrekontu orokorren bozketan, Kongresuan, abstenitzea erabaki zuenean PPk UPNrekiko harremanak behin-behinean bertan behera utzi zituen. Urriaren 28an PPk UPNrekin zuen akordioa apurtutzat jo eta alderdia Nafarroara hedatuko zuela jakinarazi zuen.[28]

Alderdi Popularra Europan

Silvio Berlusconi eta Pablo Casado. Europako Alderdi Popularreko bi belaunaldi.
Gehiago jakiteko, irakurri: «Europako Alderdi Popularra»

Eskualde presidenteak

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
  2. (Gaztelaniaz) País, El. (1989-01-20). «Fraga se empleó a fondo para lograr que el congreso de AP cambie el nombre del partido» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  3. (Gaztelaniaz) Árbol, Antonio Ruiz del. (2015-05-07). «El PP gastó más del doble del límite legal en la campaña que hizo a Fraga presidente de Galicia» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-04).
  4. (Gaztelaniaz) Internet, Unidad Editorial. «Los ex tesoreros del PP, una caja de imputados» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  5. (Gaztelaniaz) «Cuando ETA intentó matar a Aznar con un coche bomba: radiografía del atentado que pudo cambiar la historia de España» www.lasexta.com 2023-06-04 (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  6. (Gaztelaniaz) «Estado español. 900 cargos del Partido Popular imputados por corrupción» Resumen Latinoamericano (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  7. (Frantsesez) «Rita Barberá, mort d'un symbole de l'affairisme à l'espagnole» Libération.fr 2016-11-23 (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  8. «C.G.P.J | Poder Judicial | Audiencia Nacional | Noticias Judiciales | La Audiencia Nacional condena a penas de hasta 51 años de prisión a 29 de los 37 acusados en el “caso Gürtel”» www.poderjudicial.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  9. (Gaztelaniaz) «José Luis Peñas: "¿Cuándo habrá un juez valiente que ilegalice el PP? Es una lacra para este país"» LaSexta 2018-10-31 (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  10. (Gaztelaniaz) «Pablo Casado, elegido nuevo presidente del PP. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
  11. (Gaztelaniaz) «La respuesta de Ayuso al papa tras pedir perdón por la conquista de América: "Nuestro legado fue llevar el catolicismo, la civilización y la libertad"» www.lasexta.com 2021-09-29 (Noiz kontsultatua: 2021-10-04).
  12. «Casado se proclama salvador de España ante el "trienio negro" provocado por el Gobierno» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-04).
  13. (Gaztelaniaz) «Cuando Casado acusó a Ayuso y le salió mal: un año de la crisis que dividió al PP» www.lasexta.com 2023-02-16 (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  14. «Babesik gabe, agur esango du» Berria 2022-02-24 (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  15. (Gaztelaniaz) DÍAS, CINCO. (2022-04-02). «Feijoo asume la presidencia del PP con el respaldo del 98,35% de la militancia» Cinco Días (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).
  16. (Gaztelaniaz) «"¡Que te vote Txapote!": intrahistoria del grito contra Sánchez que hasta Vox, Ayuso o Girauta han utilizado» El Plural 2023-01-26 (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
  17. (Gaztelaniaz) «De "un millón” contra Zapatero a “40.000 personas” contra Sánchez: el PP pierde fuelle en la calle» El Plural 2023-09-24 (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
  18. (Gaztelaniaz) «Esperanza Aguirre niega un escarnio en la sede del PSOE, a pesar del vídeo donde llama a cortar la calle» ElNacional.cat 2023-11-06 (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
  19. Press, Europa. (2006-10-23). «ETA.- El PP advierte a Zapatero de que el debate europeo supone dar "legitimidad" a la lucha por la independencia de ETA» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
  20. (Gaztelaniaz) GRANDE, ROCÍO GIL. (2021-10-19). «ETA, arma arrojadiza en la política diez años después» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
  21. (Gaztelaniaz) Monrosi, Irene Castro, José Enrique. (2022-11-25). «"El Gobierno ilegítimo": tres años de insultos de las derechas en el Congreso y bloqueo de las instituciones» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  22. (Gaztelaniaz) «Aznar tacha a Sánchez de "peligro para la democracia" y llama a actuar: "El que pueda hacer, que haga"» www.lasexta.com 2023-11-02 (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
  23. (Gaztelaniaz) País, El. (2023-09-19). «Vídeo | Cuatro idiomas en cinco momentos: así se han estrenado las lenguas cooficiales en el Congreso» El País (Noiz kontsultatua: 2023-09-28).
  24. (Gaztelaniaz) Guenaga, Aitor. «La presidenta del PP vasco dimite a dos meses de las generales» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
  25. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  26. (Gaztelaniaz) «El PP pide aclaraciones a Juan Carlos Cano por permitir que Bildu presida una comisión en Gipuzkoa» ELMUNDO 2019-07-15 (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  27. (Gaztelaniaz) «Sémper tacha de "despropósito"que el PP expediente a Juan Carlos Cano. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  28. PPk alderdia sortuko du Nafarroan[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2008ko urriaren 28a

Kanpo estekak